Profezia bat argituz

Iñaki Segurola

Hemen bertan botea nago orain baino lehen neure uste, irudipen edo profezia bat, esanez hemendik 300 bat urtera penintsula gurean ingelesa hitzegingo dela ia erabat. Eta, bidenabar, gehitu nuen ez nuela uste euskara gureak iraungo zuenik, eta, bidenabar, gehitu nuen balitekeela katalanak irautea, erdi-bixirik bederen. (Usteak erdia ustela duela esan ohi da, baina esaten ez dena da beste erdia ona edo sanoa izan lezakeela.)

Eta eraman ninduen UEUk Eibarrera euskaldun hizkuntzalariek zer ikertu behar luketen esatera ­­–nik horretaz zerbait baneki bezala–, eta han ere bota nuen neure profezia: ingelesari buruzko profezia. Hori zen, eta da, neure esankizunaren espiritua, baina kulturmunduan eta beste mundutxo askotan ere jakina dago zer gertatzen den: letra gailentzen zaiola espirituari, eta are gehiago bestek bere gogara eta iritzira jartzen duen letra baldin bada; eta are gehiago letra horiek «letra haundiak» baldin badira, hots, izenburu, lerroburu edo titularrak. Eta orduan hor ikusi behar izan nituen neure esanak titularretan kuxkurturik eta bortxaturik: «euskara 300 urte barru desagertua egongo da». Eta hor ikusi behar izan nuen neure burua –ikusi, sentitu eta pairatu–  euskararen hileta-jole edo aitzin-ehorzleen samalda trixte azkengabean sartua. Ni ingelesari buruz ari nintzen berez, baina letrak euskararen heriotzaren profeta moduan agertarazi ninduen. (Ohar praktikoa letren tamainaz: letra txikia badaezpada irakurri behar omen den bezala, hobe genuke letra haundiari sekula begiratuko ez bagenio.)

Ez naiz heriotza aurreratu zale: nik sentitzen dut euskara gurea bazter eta eremu gehienetan ahultzen, eskasten eta itzaltzen (hizkuntza natural gisa, ez beharbada produktu kultural gisa), baina berdin senti nezake neure burua ahultzen, eskasten eta itzaltzen (gauza bizidun gisa, ez biografia gisa), baina halere biziak eskatzen digun aurreneko gauza da sekula hil behar ez  bagenu bezala bizitzea. Horixe eskatzen digu biziak, erlijioak edo gaurko espiritualtasun lausoak ez bezala.

Gatozen ingelesaren barruti harrora. Aurtengo udan jabetu naiz nere zorioneko profezia motz gelditu bide dela. Gaztelako jende jator-gaixto bat ezagutu dut, eta esan diet ze irudipen ditudan ingelesaren gailentzeari gainean, eta haien eta beste askotxoren iritzian 300 ez, baina 100 urte aski izango omen dira ingelesa (edo «beste erdara haundiren bat») penintsulan gailendurik jar dadin. Gero-eta gehiago omen dira Gaztela, Espainia edo dena delako aurkintza horietan hala uste dutenak. Eta sintomen artean beste bat gehitzen zuten: orain urte batzuk Espainiako gobernuko buru egiten zuen gizontxoak, Ameriketako botere-usainak zorabiaturik, ingelesezko ahoskerarekin hitzegin ohi zuela gaztelaniaz modu publiko eta agerikoan. Eta bai, neuk ere gogoan dut ikuskizun edo entzukizun harrigarri hura, eta edozein ohartzen da sintoma latza dela hori.

Hauexek profeziaz esateko nituenak. Geroak esango du: begi hauek ikusiko ez duten geroko gero batek.