Xabier Aristegieta Okiñena
Lehengo batean bururatu zitzaidan deigarria dela zeinen kontraesankor izan gaitezkeen pertsonak, gure bizitzako esparru ezberdinetan hartzen ditugun jarreretan.
Oro har, bizitzako eguneroko zailtasunei aurre egiteaz denaz bezainbatean, bipil eta duda-mudatan ibili gabe besarkatzen ditugu premiak modurik beteenean asetzen dizkiguten bitartekoak.
Euskara-kontuetan, ordea, ez, nire ustez.
Har dezagun etxegintzaren alorra, oso adibide argigarria da-eta. Gure gizartean ongizate-erakusgarritzat eta are bizileku eredugarritzat jotzen dira hirietan gaur egun diseinatzen diren auzune modernoetako etxebizitza argitsuak, espaloi zabaldun kale-lerro zuzenen alde bietara eraikiak, eta hain preziatuak diren modernotasun guztiez hornituak: zuzenean igogailuz iristekoak diren lur azpiko garajeak, instalazio domotikoak, satelite edo kable bidezko telebista… Auzoan zehar, han-hemenka, haurrentzako jolastokiak, berdeguneak, lurpean txukun ezkutaturiko zabor- eta birziklagai-edukiontzi ikusezinak, eta, oro har, gaur egungo hirigintzaren estandar, ratio eta koefiziente ustez onbera guztiak errespetaturik eraikitakoa den ingurune baten ohiko osagaiak.
Orain dela berrogeita hamar urteko auzune zementutsuek ez dute, ezta hurrik eman ere, gaur egungoen xarma harmoniatsu eta sozialki irrikatu hori. Hala ere, beren gristasun horretan, garaian-garaian eskuragarri izan ziren ekipamenduak ipini zitzaizkien: berokuntza zentrala, trastelekuak, igogailuak (ezkaratzerainokoak horiek, garajerik ez baita izaten), eta abar.
Iraganean sakonago murgiltzen bagara, gure herri eta hirietako alde zaharrak aipatu behar. Auzo horiek beste garai bateko bizi-baldintzen emaitza izaki, esan gabe doa haietan ez dela betetzen XXI. mendeko etxegintza-irizpide mordoxka bat: alde batetik, kaleak estuak eta berdegunerik gabeak dira, eta zenbait kasutan ez da behar adinako zabalerarik izaten aldi berean auto bat eta oinezkoak pasatzeko; bestetik, eta ezaugarri gutxi batzuk aipatzearren, etxeak egurrezkoak dira, igogailurik eta –noski– garajerik gabeak, eta haietako askok gaur egungo ikusmoldetik nahiko bitxi suertatzen diren gela leihogabeak, alcobak, izan ohi dituzte.
Esan nahi dudana da garai bakoitzean diruak eta teknologiak eman duten neurriaren araberako erantzuna bilatu zaiola, eta bilatu nahi izan zaiola, bizitoki-beharrizanari.
Orokorrago esanda: beharrizan bati erantzuteko, gizarteak praktikotasunez jokatu izan du.
Zer esanik ez, gure oharmenak antzeman eta aitortzen die gure herrietako alde zaharrei, bai, erosotasunaren aldetik bizileku bezala ematen ez dutenaren tamainako balio bat: nolabaiteko bertakotasun-kutsu jator baten arnasleku izatearena. Bestela esanda: hiri bakoitzeko toki tipikoena, jatorrena, peto-petoena, izatearena.
Baina hiria handitzen joan ahala, auzo berriak unean uneko moduan eraiki izan dira, unean uneko aurrerapenak aprobetxatuz eta, horrenbestez, garaian garaiko eraikuntza- eta hirigintza-estilo bat gorpuztuz.
Eta egia da bilakaera arkitektoniko hori gertatzen joan ahala, eraikinen itxura aldenduz joan dela jatorrizko estiloaren bereizgarrietatik, eta urrunagoko eraikinekiko antzekotasunak hartu dituela; edo, agian, estilo ezberdin guztiak nazioarteko estilo identifikagaitz zehaztugabe batean nahasi direla azkenean.
Ikuspegi horretatik, egia da Donostiako Alde Zaharreko Kale Nagusiaren estiloak askoz ere «donostiarragoa» dirudiela, adibidez, Amara auzoko Madrilgo hiribideko eraikinen itxura zeharo estandarrak baino. Eta, halaber, Iruñeko Alde Zaharreko edozein kale «iruindarrago» gertatzen dela Iturrama edo Donibane auzoetako beste edozein baino.
Baina inori ez zaio bururatuko Amara zilegitasun gutxiagoz denik Donostiaren parte, Alde Zaharra baino. Edo Iturrama eta Donibane Iruñeko parte, bertako Alde Zaharra baino.
Bestetik, alde zaharren estilo-berezkotasuna inork ukatzen ez duen bezalaxe, inork ere ez du gaur egun auzo berririk egiten orain dela berrehun urteko etxegintza-teknikak erabiliz. Gaur egungo teknikak erabiltzen dira, hobe beharrez; jakin arren horien emaitza, printzipioz, eraikin estandarrago eta bereizezinagoak agertzea izanen dela.
***
Maileguen erabilera dela-eta, pentsa liteke logika baten barruan dagoela hizkuntza baten edozein defendatzaileren haiekiko printzipiozko jarrera aurkakoa izatea. Elementu arrotzak baitira: baztertu beharrekoak, berezko hitz jator baten kaltetan ongietorri itsua ematen zaienean, eta helmuga-hizkuntzaren hutsune baten nabarmengarri, zuzen erabiliak direnean.
Bizitzako beharrizan guztiei modurik praktikoenean erantzutea zentzuduntasun-seinale baldin bada, praktikotasunaren irizpidea are gogotsuago aplikatu beharko genieke hizkuntza-kontuei, egia bada hizkuntzak lehenik eta behin komunikazioa bezain beharrizan oinarrizkoa asetzen duela.
Maileguen erabilera ekiditeko egin diren saio askok eta askok, nire ustez, kasurik onenetan praktikotasunaren ikuspegitik egin dute kale. Okerrenetan, itzulpenaren zuzentasunarenetik.
Maileguei toki handiagoa utzi beharko genieke.
Euskararen auzune berri asko maileguz osatuak baitira.
Konparazio egokia. Eta konklusioarekin ados, nahiz eta zehaztasun behar duen, nire ustez: maileguak jada asko erabiltzen ditugu, ahoz behintzat, eta haiek gabe nekez hitz egingo genuke. Baina, ai, adiskide, idatzizko euskararekin lan egiten dugunon/dutenen luman oraindik askori erre egiten dizkiete hatzak. Hor ere, gure kontraesana. Nolanahi, beti kamusten ibili beharrean, hobe genuke euskara aberasteko ardura handiagoa bagenu, dela mailegu, dela neologismo bidez, dela hitz zaharra eguneratuz, etab. Alegia, hizkuntza gaitasun handiago baten aldeko apustua (eta lana) egingo bagenu.