Iñaki Iñurrieta Labaien
«Ondo da» huts batez erantzun nion 31 Eskutiken emailari joan den astean, aurki post hau bidaltzea tokatzen zitzaidala gogorarazi zidanean. Errazegi. Errazegi erantzun nuen «ondo da», zertaz eta zer idatzi erabakita neukalakoan. Oihenarten olerki bateko «errekeitu gaixtoan» esamoldeaz jardun nahi nuen.
Errekeitu gaixtoan, halaxe ageri da poeta olerki batean, maiteminak jota maitearen erantzunaren bila, zain:
Gero zuzaz / zeinen luzaz / ukaturik nagoan, / eta halaz / hambat alaz! / errekeitu gaixtoan.
(«Gero ere zeinen luzaz nagoen zuk ukaturik, eta hala, ai!, honen harrera gaiztoan» dio orri barreneko oharrak Larresorok apailatutako 1971ko argitalpenean. Baita beste hau ere: «Errekeitu gaixtoan = mauvais traitement (Lafon) »).
Zoragarria iruditzen zitzaidan «errekeitu gaixtoan» hori. Etxepareren «amorez errekeritzia» olerkiko errekeritze hitzaren erro bereko jotzen nuen Oihenarten errekeitu, nahiz eta Larresorok ematen dion esanahiak, «honen harrera gaiztoan», eta Lafonenak, «mauvais traitement», beste interpretazioren baten zantzuak erakutsi. Hala, errekeitu gaixtoan, hots, maite eske, nahi zuena lortu ezinik, eskale mindu baten egoera eskasean imajinatzen nuen poeta, Margarita izeneko andre eder baten ukoa jasota.
Etxepareren hitz erdal kutsukotik Oihenarten esamolde jator adierazkorrerako jauzia iruditzen zitzaidan harrigarria. Argi ageri zen hor, egiten nuen, nolatan naturaldu daitekeen hitz edo esamolde bat, arrotz izatetik zaharrenek darabilten modismoa izateraino.
Oso esamolde adierazkorra iruditzen zitzaidan, bestalde, gaur egun eta poesiatik kanpo erabiltzeko ere. Errekeitu gaixtoan dabil nahi eta ezinean, zerbaitekin burutu ezinik dabilena.
Hori guztia azaltzeko asmotan jo nuen hiztegietara, errekeritu eta errekeitu hitzez zer dakarten ikusteko eta hango bermea eta adibideak hartzeko.
Alferrik bilatuko duzu errekeritu hitza Hiztegi Batuan, Elhuyarren, Senezen, Euskaltermen. Bai, ordea, Harluxet-en: (Ipar.) (zah.) 1. Hertsatuki eskatu. 2. ZUZ. Errekerimendua egin.
Orotarikoan badator, jakina. Etxeparegandik aurrera, XIX. mendearen hondarrera arte, iparraldeko hainbat eta hainbat idazlek erabili dute; hegoaldean, berriz, Lazarragak eta beste bakanen batek.
Nolatan hauta zezakeen Etxeparek errekeritu erdal kutsukoa, eskatu eta galdatu jatorragoak hor izanda?, Poesia-tradizioagatik, ziur asko. Mende batzuk lehenago, Okzitania osoan nagusitu zen trobadore proventzarren poesian hasten den sokan etorritako hitza dateke errekeritu. Harluxet-ek bereizten dion adiera tekniko juridikoak erakutsiko luke hori. Izan ere, XII.-XIII. mendeetan nagusitu zen hizkuntza poetikoa, proventzar trobadoreena, halako terminoz josita zegoen; feudalismoan jopuen eta jaunen arteko harremanak adierazteko erabiltzen zen lexikoa pasatu zen trobadorearen (jopuarena eginez) eta damaren (jaunaren) arteko maite-harremanak adieraztera. Eredu hori, Okzitania osora ez ezik, Italia, Katalunia, Gaztela eta hainbat lekutara hedatu zen. Eta ereduarekin, lexikoa ere bai noski. Requerimiento, requisitoria, requisitoire hitzek erabilera juridikoa dute gaur egun ere; hor ditugu, bestalde, recuesta (de amor, amorosa), eta haren pareko frantsesa, requête, idatzizko nahiz ahozko auzi eskea esan nahi duena.
Orotarikoan berme bila hasi nintzenean, ordea, dena pikutara. Errekeitu hitzari bi jatorri ematen dizkio OHEk, bi hitz desberdinetara bideratzen du: errekaitu eta errekeritu. Oso esanahi desberdinekoak; izena bat, aditza bigarrena. Nik errekeritu nahi eta hara jo nuen lehenik, baina ez nuen aurkitu Oihenarten errekeitu gaixtoaren aztarrenik. Bai, ordea, bestean, zeinak oso bestelako esanahia baitu: «cuidado, atención, remedio, medicina, provisión». Esanahi hori ematen dio Orotarikoak. Esanahi hori eman zioten, berandu ulertu nuen, Larresorok eta Lafonek ere, batak «harrera gaiztoa» eta besteak «mauvais traitement» itzuli zutenean.
Eta halaxe geratu nintzen, post hau idatzi behar eta esku hutsik bat-batean, Orotarikoan behaztopa eginik, errekeitu gaixtoan.