Idazleak, itzultzaileak eta hizkuntza kanonak

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Idazletza eta itzulpengintzari buruzko gogoetatxo batzuk ekarri nahi ditut oraingoan, Manu Lopez Gaseniren Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan[i] deritzan lanean oinarrituta, batak eta besteak duten harreraren ikuspegitik, nolabait esanda, bete-betean uste baitut oso harrera desberdina izaten dutela gure artean, zentzu batean behintzat: itzulpenaren aurrean, bai itzultzaileen aldetik bai itzulpenaren hartzaileen aldetik ere, dagoen zorroztasuna kamustuago ageri dela literatura idazletzaren kasuan, nire ustez.

Manu Lopezek autoitzulpena ikertzen du lan horretan, nahiko ugaria baita euskaratik erdararako itzulpenen kasuan; eta, zehazki, idazle autoitzultzaileek beren lanean egiten duten «manipulazioa» aztertzen du, esanez «literatura periferikoetako itzulpenetan ohi baino `manipulazio’ gehiago gertatzen direla»[ii]. Manipulazio hori, labur esanda, testuak berridaztean datza, horretarako jatorrizko laneko hainbat pasarte aldatuz, kenduz edo zabalduz, sintaxia, lexikoa eta estiloa bera ere aldatzeraino.

Itzultzaileon baitan badirudi autoitzulpena ez dagoela oso begi onez ikusita, nolabait guk hartu ezineko pribilegio bat balitz bezala, ukitu ezineko fruitua; kopeta zimurtuz (ala bekaitzez eta ondamuz?) ikusten ditugu idazleek beren lanak itzultzerakoan hartzen dituzten «askatasunak», itzultzaileon deontologian horrelakoak ez baitira onargarri, berehala leporatzen dizutelako ditxosozko «traditore» topiko zarpaila.

Ekarpen honetan, ordea, ez zait interesatzen borrokaleku hori; bai, aldiz, gure idazle autoitzultzaileek erabiltzen dituzten (bego esana, zilegizko) teknikak ikusirik, alde horren ifrentzura nahi nuke joan; alegia, kritikatzera nolako eskuzabaltasuna iruditzen zaidan dagoela «jatorrizko» euskarazko literaturako hainbat fenomenorekiko, bai idazleen beraien aldetik beren buruarekiko, eta baita hartzaileen aldetik ere.

Har dezagun, adibidez, autozentsuraren fenomenoa; konpara ditzagun ondoko testuak, euskarazko jatorrizkoa eta haren autoitzulpena, Lopez Gaseniren lanean jasoak, M. A. Landaren Nire eskua zurean liburutik:

Txao! entzuten diodan bakoitzean ostiko bat emango nioke, ostiko bat barrabiletan. Baina gaur ez.

Cada vez que se lo oigo le pisaría un callo, pero hoy no.

Adibideak adibide besterik ez dira eta inork ez dezala pentsa bereziki autore honen kontra edo, orokortuz, euskal idazleen kontra ari naizenik hemen (minberatasunaren atalasea oso behean izaten dute askok, izan ere): itzulpenari eta idazletzari buruzko gogoeta besterik ez zait interesatzen; eta kasu honetan gogoetagaia galdera batean laburbiltzen da: zergatik idazleari bere lana erdaraz jartzean gaizki iruditu zaiona ez zaio gaizki iruditu euskaraz? Zentsura edo autozentsura kasu ergel samar honek nolabait erakusten digu neurri edo sentiberatasun desberdinak dituztela idazle autoitzultzaile horiek hizkuntza batean eta bestean eta, oro har, badirudi euskarazko testuekiko dutena dexente laxagoa dela.

Eta, itxura batean, gauza bera gertatzen zaigu euskal irakurleoi ere, Manu Lopezen arabera. Alegia, Manuk Touryren liburu batetik[iii] ateratako «onargarritasun» kontzeptua harturik eta haren liburuko ondorioetara etorrita, badirudi neurri desberdina onartu duela gure literatura sistemak, onargarritasunari dagokionez, jatorrizko euskarazko testuentzat eta euskaratutako testuentzat. Bi kanon, hala nahiago baduzue.

Eta hor kezkagarri iruditzen zaidana ez da itzulpenerako neurri hori zorrotzegia izatea, ezpada laxaegia izatea jatorrizko euskarazko testuentzat, bai hartzaileen aldetik eta baita idazleen beren aldetik ere (hori «zilegi» izan arren, jada esan dudan bezala). Ez baitut uste, zilegia zilegi, seinale ona denik gure hizkuntzaren eta gure literaturaren «osasuna»ren ikuspegitik.


[i] Utriusque Vasconiae, 2005.

[ii] íb., 10. orria.

[iii] In Search of a Theory of Translation, 1980.

Erantzun bat “Idazleak, itzultzaileak eta hizkuntza kanonak” bidalketan

  1. Guztiz ados. Dena den, zure artikuluan zeraren falta sumatu dut, euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean agertzen diren alde nabarmenen konstatazio hutsetik eta horri buruzko kezkaren adierazpenetik harago joatea. Alegia, juxtu-juxtu artikuluko azken esalditik abiatuz, esatea zergatik iruditzen zaizun, nire ustez arrazoi osoz, alde horiek ez direla seinale on gure hizkuntzaren eta gure literaturaren “osasun”aren ikuspegitik, zuk diozun bezala. Zergatik onargarria den, antza, euskarazko testu batean “ostiko bat barrabiletan” esatea, baina ez, ordea, hori bera gaztelaniaz jartzea. Nire iritziz, arrazoia aski argi dago, eta zerikusi zuzena du (kontu beraren agerpen ezberdinak dira) euskaraz eufemismoak erabiltzearen aurka ohartuki edo oharkabeki sustatu ohi den jarrerarekin. Baina ez diot orain gaiari helduko, lehenago ere adierazi izan baitut horri buruz pentsatzen dudana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude