Iñigo Aranbarri
Ikusteke neukan idatzita. Eta esan behar dut aurreneko aldiz entzun nuenean makurra neure belarria zela pentsatu nuela: «txikito, ez duk ondo aditu». Bai nahi. Entzun, irratiz hasi bainintzen entzuten astea joan eta astea etorri harri eta makila uzten ninduen molde hura, izan «ikusteke dago nola bukatuko den partida Anoetan» zein «ikusteke dago zein izango den gaurko bileraren emaitza». Askotan, eta horrek zurtzen ninduen, euren lana jario zainduan egiten duten esatarien ahotan.
Ikusteke. Eta beti dago bat duela ondoan, gaztelerazko está por ver horren ordain. Alegia, etorkizuna begi puntan. Ikusteko ez esatearren beti. Kolore pixka bat emate aldera, zer arraio, aspergarria ere egiten da-eta beti-betiko erabilera etxekoa.
Bitxikeria, egosi nuen neure artean. Exotismoa gustatu eta erabiltzen hasi. Baina bide laburra du horrek, abixatuko diete, geldituko dute pitokeria. Bai zera.
Kontua da -teke okerra Pampako luma-landare horren gisara erraz hedatzen hasia dela eta ematen munduan fruitua. Eta hasieran irrati-esatarien molde berritzaile-nahi izan nahi zuenak, hartu dituela beste erredakzio batzuk, eta ikasgelak, eta irakasleenak, eta zer ez.
Orain ez da ikusteke soilik. Analogiak ondo funtzionatu izan du beti hizkuntzan, eta geroaldiaren bidean, egiteke ere ez zaigu gutxitan agertuko:
«PSOE asko egiteke». Halaxe eman zuen idatziz EITB.com-ek 2012ko abenduan ulertzen lanak dituen esaldia. Bideoa ikusten hasi eta ondo ulertzen da esatariarena: «Mucho PSOE por hacer». Politikan zeharo gustatu den moldea, nolanahi ere. Bila hasi, eta halaxe erabili izan baitu bai EAJk, bai EAk, bai Ezker Abertzaleak, bai Miserikordiko Madreak.
Eta egia bada ere kasu batzuetan egiteko dagoela diogunean egiteke dagoela ere adierazi nahi dugula, demagun automobil lantegian nahiz kopistegian:
— Zurea? Egiteko/Egiteke dago.
Gainontzean, ez zaigu erraz suertatuko alderantzizkoa, zerbait egiteke edo egin gabe esateko egiteko lasai erabili ahal izatea. Eta ezinezkoa egon aditza ez badu ondoan:
- Lo egiteko ezin da bizi
Gainerako aditzekin, zer esan. Agian asmatu dugula, Guadalcanaleko eraso hartan bezala, ostera ere gure mezuak deszifraezin bihurtzea munduko espioi guztien begi-belarrietara:
- Idatzia aprobatzeko ezin da ahozkoa egin
- Gosaltzeko joaten naiz lanera
- Lasai bizi daiteke hainbeste irabazteko
“Kontua da -teke okerra Pampako luma-landare horren gisara erraz hedatzen hasia dela eta ematen munduan fruitua. Eta hasieran irrati-esatarien molde berritzaile-nahi izan nahi zuenak, hartu dituela beste erredakzio batzuk, eta ikasgelak, eta irakasleenak, eta zer ez.”
Ez dakit goiko lerro horiek idaztean buruan izan duzun asmoa gaitzespen bat egitea izan ote den, edo beste zerbait sotilago. Baina demagun gaitzespena dela.
Demagun, adibidez, berriz ere euskalduna, euskaldun izatetik, zuzentzaile izatera igarotzen dela eta, hurrengo urratsa, zuzentzaile izatetik hizkuntza-polizia izatera. Eta, hurrengo urratsa, larderiari ekiten diola, munduko polizia askok (ez guztiek, naski) tamalez ohi duten bezala. Hots, euskaldunda, euskaldun izatetik, neurri errepresiboak eskatzen (eta gauzatzen) duen hizkuntza-polizia izatera igaro da. Berriz ere.
Ez dakit, benetan, hori izan ote den zure asmoa, baina orain eta hemen berdin dio. Demagun hala izan dela. Hipotesi gisa.
Eta, kasu horretan, nik neuk esan nahiko nuke oso-oso aspertuta nagoela, benetan oso-oso aspertuta, polizia-rolak hain alegeraki hartzen duten euskaldunekin. Jende funestoa iruditzen zait funtsean, hau da, funestoa euskararen garapenarentzat. “Heriotza bultzaka” izeneko artikulu bat idatzi zuen Joseba Intxaustik duela berrogeita hamar urteko JAKIN batean (orain ez dut erreferentzia zehatza bilatzeko gogorik, uste dut edonork erraz bilatuko lukeela nahi izanez gero, beraz, horretan utziko dut), bada, horixe uste dut neuk: nahi den borondate onenarekin ere, euskara heriotzera bultzaka ari dira beren jatorrismo eta garbizaletasunarekin.
Alegia, gaztelaniazko esamolde arrunt eta (berriki) oso erabili baten euskarazko ekibalente erraz bat agertu da. Agertu ezezik, ziztu bizian zabaltzen ari da, bera bakarrik, inongo ahalegin berezirik egin gabe. Poztu gaitezen denok, ezta?
Bada, ez, ez dugu poztu behar. Alderantziz, laster hasiko dira gaitzespenak, azterketa “zorrotzak”, XIV. mendeko eskolastikoen diskisizioak (zenbat aingeru dantzan jostarratz baten buruan, etab.) txiki utziko dituzten bereizketak. Oso burutsuak eta oso jatorrak. Tori hiztegi, corpus eta corpusondo. Eman egurra.
Gauza asko esan daiteke jarrera horri buruz. Bat baino ez dut esango: gaztelaniaren gainean Espainian hegemonikoa den jarrera menpekotasun osoz erreproduzitzen duela. Badakizue zertaz ari naizen: Lázaro Carreterren “El dardo en la palabra” eta halakoak. Jarrera hori nik neuk ez dut oso gustoko gaztelaniarentzat, baina tira, beste mundu bat da hori, beste gako batzuk dituena. Hori bai, euskarari begira funestoa da. Heriotzari bultzaka.
Beraz, edozer gauza euskaratzat onartu behar dugula predikatzen ari ote naiz ni? Ez, ez da hori. Badira onartu ezin direnak ere.
Baina, oro har, askoren purismoa eta estukeria insoportableak begitantzen zaizkit. Euskararen arazoa, gaur eta hemen, ez da haren jatortasunari eustea, haren existentziari atxikitzea baizik. Horra gure abiapuntua. Eta hortik hasita diskurtso propio bat landu behar dugu euskararentzat, morrontzak alde batera utzita, zeren gure egoera eta gaztelaniarena ez dira berdinak, ezta hurrik eman ere. Diskurtso propio bat, guk sortua guretzat, hori da behar duguna.
Mezu honetan nire asmo nagusia ez da izan kalko zehatz hau edo hura orain eta hemen aztertzea eta haren gainean iritzirik ematea (Bon, “-teke” horri, adibidez, ez diot inolako arazorik aurkitzen, baina ez da hori kontua, eta garbi dago mota horretako arazoen gainean dudan ezagutza teknikoa oso mugatua dela). Askoren jarrera da kezkagarria, goiko mezuan aldez edo moldez islatzen den jarrera.
Adin batekoek, apika, gogoratuko dute euskara “garbiaren” eta “mordoiloaren” arteko polemikak. Bada, hauxe da nire mezuaren muina:
Gora mordoiloa!
Zehaztapen bat: Joseba Intxaustiren artikuluaren izeburu zuzena hau da:
“Illobira bultzaka”, eta JAKIN aldizkariaren 9. zenbakian argitaratu zen, 1959. urtean.
Tamalez, ez dut sarean aurkitu.
Jontxo, Pruden. Esaten dituzun gauza batzuk zentzuzkoak dira, eta ados egon naiteke zurekin hainbat gairen inguruan, baina ez dakit ba… Eremu batzuetan behintzat beharko da ba kontrol pixka bat, hedabideetan adibidez, eta bereziki hedabide publikoetan, okerreko erabilerak zabal ez daitezen. Ez dut uste zu mordoiloa dokierki zabaltzearen aldekoa zarenik, edo bestela oso zeure buruaren aurka idazten duzu, alajaina!
Iñigo artikulua idaztera eraman duen sentimendua oso ondo ulertzen dut, oso neure sentitzen dut. Mina ematen dit Azkoitian urteetan horren ondo egin den bereizketa hain erraz suntstzen ikustea, eta hedabide publikoak izatea gainera hori hauspotzen dutenak, esatariei galga sakatzeko abisatuko dien ERTM, AFASA, OHAR edo antzeko ezeren arrasto txikienik gabe.
Bale, bale, nik utzi diot gaupasetan lagunen euskara zuzentzeari (gaupasak utzi ditut zuzenean, egia esan), baina, jontxo, Pruden, utziguzu, horretarako egokitzat ditugun plazetan bederen, hiztun gisa sentitzen duguna esaten.
Pruden,
heriotzari bultzaka, jatorkeria, hizkuntza-polizia, purismoa, estukeria, insoportablea… zergatik eta hedabide publikoetan hizkuntzaren erabilera normalizatu bat eskatzeagatik? (Bestalde, hedabideetako zuzentzaileak sobran daudela iradokitzea ez duk ideia txarra, seguru baten batek eskertuko diala ideia, areago sasoi honetan).
«PSOE asko egiteke» ez duk, nik dakidala, ez mordoilo ez “gaztelaniazko esamolde arrunt eta (berriki) oso erabili baten euskarazko ekibalente erraz bat”. Ez gaituk adierazkortasunaz ari. Ez duk kasua.
Benetan jatorkeria irizten diok “Ez gara jateko bizi” eta “ez gara jateke bizi” bereizteari?
Uste diat ez garela hizkuntza berarekin bizi.
Kaixo Juan Luis eta Iñigo.
Laburra izaten saiatuko naiz (ez dakit lortuko dudan).
Neuk argi xamar bereizi nahi nuke euskaldunen artean oso hedatua den jarrera orokor bat eta, gero, kasuak eta kasuak badirela. Baina, jakina, ez da beti erraza (niretzat, behintzat) orekari eustea.
Nire ustez jarrera orokor hori, goian deskribatzen saiatu naizena (ez dut errepikatuko) funestoa da eta, gainera, ni neu nire onetik ateratzen nau. Uste dut, gainera, beharrezkoa dela gure “artileria” guztia erabiltzea horren kontra, beldurrik gabe (heriotzari bultzaka, jatorkeria, hizkuntza-polizia, purismoa, estukeria, insoportablea… bai, beharrezkoa da).
Gero zehaztasunetan hasten gara: adibidez, ez da berdin lagunarteko afaria edo profesional baten (demagun, kazetaria) lana zuzentzeko saioak egitea, hala nola ez diren berdinak “DBH” telesaioan agertzen den euskarazko irakasle hiperpuristaren karikatura eta, baita ere grazia handiz, tarteka-tarteka Santi Leonék salatzen dituen euskara gaiztoko esamolde exajeratuak. Bide batez esanda, “DBH”ko hizkera niri primerakoa iruditzen zait, oso erreala, ulergarria, jatorra, etab. Hori da, nire uste apalean, gaur egun euskaraz ondo mintzatzen den euskaldun ertainaren hizketa-moldea, (baina laburra izango naizela esan dut, gauza bat gehituko dut bakarrik, Jaungoikoari eskerrak ez da ez “ereduzkoa” ez “eredugarria”, beharbada horregatik da ona, beste barik).
Baina, noski, hasiko banitz beti eta ororen buru oreka gorde guran… ez nuke ezer idatziko. Eta, hautatu beharrean jarrita, bada, gora mordoiloa. Eta garbi daukat hori dela bidea.
Beste hitz batzuekin esanda, ni mutikoa nintzela nire herrian (Oñatin) garbi bereizten zen euskara eta “euskal-gaiztoa” eta, baita ere, txiste ugari egiten zen Eibarko euskarari buruz (“solaren kaloria ona da trigua maduraitteko”, horra nire buruak gorde duen esaera proberbiala; esanda gero barre handiak egiten ziren ustezko eibartarren kontura). Gero, Juan San Martini esker, ikasi nuen Eibarko euskareren legenda hori kirtenkeria bat zela eta, hortaz gain, ondorioztatu nuen kirtenkeria hori oso galgarria izan zela euskararen garapenarentzat. Eta Eibarko euskara hura (erreala, ez karikaturakoa) zela euskarak inoiz izan duen aukerarik onena garapen urbano normal xamar bat izateko. Eta nire baitan esan nuen: gora eibartarrak! utikan jatorrak!
Baina, barkatu, galdu naiz, honez gero, Juan Luis eta Iñigo, ez dakit zuei erantzuten ote nabilen ala nire bizitza kontatzen. Eta nire bizitza ez da oso interesgarria.
Nik susmatzen dut kontu praktikoetan hasita gu hirurok (eta gure moduko beste milaka batzuk) oso arazo gutxi izango genituzkeela elkarren artean ados jartzeko. Susmo hutsa da, baina hor dago.
Baina, agian, ez gara ados jarriko purismoa salatzeko orduan. Ez dakit. Onartzen dut nire kritika orokorregia dela eta, beraz, zehazgabea. Hala ere uste dut beharrezkoa dela.
Ondo izan biok.
OHARRA : berrirakurri dut goiko erantzunak eta argibide bat: ez dut inola ere uste zuzentzaileak sobran daudenik ez ETBn ez inon. Areago, suposatzen dut munduko hedabide serio guztietan badirela, oso hizkuntza sendoetakoenetan bereziki (BBC etab.), agian beste izen bat badute ere eta, agian, funtzioak ez badira zehatz-mehatz berdinak.
Pruden, ba nire susmoa da, behin eta berriz zurea irakurrita, bi partetan azaldu duzun diskurtso hori aurrez ibili duzula kaskoan, gutako beste askok bezala, eta taupa bota duzula ondo neurtu gabe zeri erantzuten ari zinen, ez adibide hau egokia delako behintzat holako demostrazioetarako (beste era batera azaltzekotan egon naiz, baina eskatologikoegia honako).
Hedabideetako erabilerak eta zuzentzaileena, hori da nirean agertu nahi nuena hain juxtu. Umore pixka bat sartuta, baina tira.
Eta semiostikaz, inori polizia deitzea jatorra deitzea bezain alea da.
PS: zinikoago: zenbat euskara irakasle behar dira esatari batek zabarkeriaz fosilizatutakoa berdintzeko? Eta zenbat hiztun normal irakasle batek…
Iñigo, mundu guztian daude poliziak, ez dago gaur egun poliziarik gabeko gizarterik, ezta Amazoniaren bihotzean ere. Besteak beste, trafikoa antolatzeaz ere arduratzen dira. Zentzu horretan dago erabilita.
Sinesten dizut esaten didazunean zein zen zure asmoa artikulu horretan. Baina agian zeuk ere ez duzu “ondo neurtu” zer esaten ari zinen, ezta? Ala bai, zurea ur garbi eta gardena da?
Baina ez dut uste inoren asmoa izan denik eztabaida hau maila pertsonal batera pasatzea. Hala ere, bada kontu bat aipatu gabe utziko ez dudana: zu eta ni “hizkuntza berarekin bizi gara”, hori ebidentzia hutsa da. Bestelakoak dira gure desadostasunak.
Bueno, ikusten dut alferrikakoa dela segitzea.
-teke ez da gaztelaniazko “por hacer”, inolaz ere ez. “Está por hacer”-ek “no está hecho” dakarren bezala, “egiteko” egoteak “egiteke” egotea dakar. Baina ez dut uste inork-inon-inoiz biak erabat berdinduko dituenik. Bestela, gauza bera ote da “ez dut ikusi” eta “ikusiko dut”?