Idazle elebidunen pagotxa

Isabel Etxeberria Ramírez

Pasa den astean, uztailaren 22tik 24ra, literatur itzulpenaz gogoeta egin ahal izan genuen EHUren Uda Ikastaroetan, EIZIEk antolaturiko ikastaro batean: «Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak». Asko eta askotarikoak entzun genituen han: iritziak, esperientziak, adostasunak eta desadostasunak, balorazioak, proposamenak… Ez da hau lekua han esandakoak laburbiltzeko, baina hiru egun haietako gogoeta izpiren bat behintzat ekarri nahi dugu hona. Informazio xeheagoa lortu nahi duenak elearazi blogaren eskutik lortu ahal izango du. Eskerrik asko, berriro ere, Danele eta Garazi.

Azken eguneko azken hitzaldian, Harkaitz Canok autoitzulpenaz eta berridazteko tentazioaz hitz egin zigun. Pantailaratu zizkigun lehen bi aipuek argi laburbildu zuten hitzaldiaren abiapuntua: alde handia dago idazleak idatzi uste duenaren eta benetan idatzi duenaren artean, eta itzulpenak alde hori argitara ekartzen du askotan. Aipuetako batean, Italo Calvinok ohikoa zuen ironiaz deskribatzen zuen egoera:

Cuando veo que no me han robado bien y que no han descubierto lo que había de secreto, me siento desilusionado. (…) es posible que el secreto no existiera si no se encontró.

Anjel Lertxundik, euskalduna baita, ohikoa dugun arrazoiaz esplikatzen du egoera:

En las lenguas en situación diglósica —y, lo que es peor, sucede también con sus escritores—, se produce a menudo un desfase cada vez mayor entre lo que se pretende decir y lo que en realidad se dice. Ello es debido al influjo que la lengua de contacto más poderosa esparce por los más recónditos rincones del débil.

Canok, jarraian, bere autoitzulpenen hainbat pasarte ekarri zizkigun adibide. Itzulpen eraldatuak, denak; jatorrizkoari zerbait gehitzen ziotenak, asko eta asko. Hasierako bi aipuetan iragarritakoaren froga gisa, striptease erabatekoan. Eta halako jokaerek zer efektu izaten duten ondorioztatu zuen segidan: inoiz autoitzulpena egin duen idazleak (eta, oro har, itzulia izango dela dakien orok, ziur aski) ez du harrezkero berdin idazten; idazten ari den testuak itzulpenean nola emango duen gogoan du une oro, eta alerta-egoera horrek eragina du haren idazkeran. Jakina, idazle elebakarrari ez zaio halakorik gertatzen. Akuilu hori falta du bere idazkera hobetzeko. Diglosia eta guzti, horra hor elebitasunaren beste abantaila bat.

Ikastaroko lehen egunean, euskaratu den eta euskaratu beharko litzatekeen kanonaz eztabaidan ari ginela, literatur itzulpenaren zereginetariko bat gogorarazi zigun, entzuleen artetik, Juan Garziak: ereduak ekartzea gurera. Kanpoan erabili diren moldeak, estiloak, baliabideak eta abar euskaraz ematea, gure idazkera eredu berriz hornitzeko. Zirkulua itxita uzten zuen, beraz, Harkaitz Canok. Euskarara itzultzeak gure idazkera aberasten laguntzen du; euskaratik itzultzeak, beste arrazoi eta bide batzuk direla medio, ere bai.

Barkatuko didazue, baina ezin diot tentazioari eutsi. Gaindimentsiona dezagun (pixka bat gehiago, posible bada) itzultzaileen egitekoa: gora itzulpena!, gora diglosia!

Erantzun bat “Idazle elebidunen pagotxa” bidalketan

  1. DIozunaz, Isabel Etcheberria, nago acorduz ezen ona dela itzultzea, aritzea itzulpenguintzan eta ere ona izan ahal dela situatione diglossicoa baldin badaquigu ongui valiatzen.

    Halan nahi dut ekarri gogora ezen zein mesede handia eguin duen eta eguiten duen oraino Leizarraga Bescoizcoaren lan ederrac zeina da basicoqui eta ia osoqui lan itzulia. Baita esan zein mesede handia jaso zuen latinac noiz copiatu bait zuen eta ere calcatu tik grecoa an calco lexicalac, syntacticoac, … etc. Ordu hartan zen latina respectuz grecoa hizcuntza diglossicoa baina jaquin zueten valiatzen situationea.

    Bestalde. Bai, Anjel (Angel) Lertchundi-c, euscalduna bait da, du explicatzen egoerea ohicoa dugun arrazoiaz: ezen (… a menudo un desfase cada vez mayor entre lo que se pretende decir y lo que en realidad se dice.)

    Nic dut atchemaiten hori explicationea maingu, erren edo cocho, h. d., guti (edo deusez) arrazoitua. Behar luque horrec phenomenoac -hor aiphatuac- izan hobequi eta ere barnago analyzatua. Non Angel Lertchundic du, nire ustez, lar cargatzen, albocargatzen arazoa soilic gain on problematica diglossicoa zeinac ere duda baric ba du -ez soil duque- bere importantzia handi-tchiquia.

    Dudalaric galdetzen ezen othe da analysi hau (on Angel Lertchundi) asqui valecoa ala al da soil airera emanico eretchia zeinac ere ba du -zeina bait du- bere valioa?

    Tik Patras hiria, Grezia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude