Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten?

Juan Luis Zabala Artetxe

Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten
euskara berarentzat «un puto engorro» dela,
traba petral nazkagarri bat;
nahiago lukeela
erosotasunagatik eta bakeagatik,
denon mesederako,
hala arazo praktikoz nola kulturalez

hiztun bizien mingainetatik,
hedabideetatik eta jardun akademiko orotatik
guztiz desagertua balego,
iraganeko erlikia aztergarri eta miresgarri
izatera murriztua behin eta betiko,
bizitza sozialetik erabat kanpo,
latinaren pare?

Zergatik esaten dute
zergatik esaten didate
pena handia dutela euskaraz ez jakiteagatik,
edo erdaraz hobeto moldatzen direlako?
Nola sinetsarazten diete
beren buruei begien bistako gezur hori?
Ez da logikoa pena hori,
ez da ulergarria, ez da sinesgarria.
Logikoa nazka da.
Enpatia pixka batez begiratu ingurura
eta berehala jabetzen naiz horretaz.
Nire hizkuntza «un puto engorro» da
inguruko gehienentzat,
eta, ondorioz, neuretzat ere bai
gero eta neurri handiagoan.

25 erantzun “Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten?” bidalketan

  1. Juan Luis, gehienak ez dabiltza gezurretan.
    Benetan ematen die pena handia euskara un puto engorro izateak.
    Katalanak balira, erraz moldatuko lirateke katalanez.
    Baina un puto engorro zaie lehen begikolpean un puto engorro esaterik itxuraz ez duen hizkuntzan saiatu behar izatea.
    Lan handiegia, euskaratik bizi ez bazara.
    Independentziak bertan behera utziko ez duen deserzio garaia hasi da euskararentzat.
    Desertore gehienek nahiago balute ere, zu bezain ongi mintzatu.
    Baina lan handiegia eskatzen die.
    Ez dago besterik.
    Barre egin dezakezue, helburua euskaldunizazio pasiboa dela diogunen bizkar.
    Hizkuntza estetika gisa hartuta, euskarak marketin subliminala behar duela diogunen bizkar.
    Baina ez dago besterik.
    Webgune honetan aritzen zaretenok erakusten duzuen jakinduria gorena ezjakinen alde jartzea baino… eta ez alderantziz.

  2. Ba nire irudipena da, Fermin, askok gezurra esaten dietela beren buruei, eta arnasa lasai eta sakon hartuko luketela, arinduta, “euskalgintzak” edo dena delakoak behingoz —erabaki historiko batean— amore eman eta euskara galdutzat emango balu. Ez naiz soilik erdaldunei buruz ari; “euskaldunzahar” abertzale askoren kasua ere hori dela uste dut, nabarmen. Eta batzuetan pentsatzen dut neuk ere ez nukeela lasaitu txikia hartuko (ikus azken lerroa).

    Aitortuko dizut, bestalde, oso humanoa iruditzen zaidala nork bere buruari gezurrak esateko joera hori, eta uste dudala neure buruari ere gisa horretako gezurrak esaten dizkiodala —oharkabean eta ez guztiz oharkabean—, ezkerreko balioak ere, euskara bezala, “un puto engorro” izateko ohitura petrala dutelako (“Zinegotzia” nobelan ederki eta abilki erakutsi duzun moduan, bide batez esanda). Beraz, izenburuko galdera (“Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten?”) erretorikoa da.

    Amaitzeko, pare bat galdera:

    1) Hizkuntza estetika gisa hartuta marketin subliminala egitea oso ondo dago, jakina. Uste dut jende asko ari dela aspaldidanik horretan; batzuk bikain, beste batzuk aspergarri samar seguru asko; batzuk emaitza bikainak lortuz, beste batzuk jendea erakarri beharrean uxatuz. Baina egun eta hemengo egoera diglosikoan hori nahikoa izan daiteke, erabaki politiko laguntzailerik gabe, euskara gizartean duen ahuldadetik eta bazterrekotasunetik ateratzeko?

    2) Noiz, zertan eta nola darabilgu webgune honetan ari garenok gure “jakinduria gorena” “ezjakinen” aurka, alderantziz erabili beharrean, eta zer egin beharko genuke haien alde jokatzeko?

  3. Gabon, Juan Luis.
    Adierazkortasun linguistiko partekatua da arazo nagusia; pertsona batzuk oso adierazkorrak zarete euskaraz, baita zenbait kolektibo txiki ere –zuk bereziki maite duzun Errezilgoa-, baina zoritxarrez euskaldunon arteko adierazkortasun partekatua mehetu egiten da kolektiboa zabaltzen doan heinean, erdaldunon artekoa –denok gara erdaldun- ez bezala, eta euskarazko adierazkortasun partekatu eta “masibo” horretatik momentuz kanpo gelditzen da, batez ere, errejistro kolokiala, baina baita adjetibazio oparo bat ere, eta aditzekin, ba zer nahi duzu esatea, konparaketak oso gorrotagarriak direnez adibide bakarra jarriko dizut: os vimos; ikusi zintuztegun.
    Eta os veríamos?
    Borroka latza gurea, beraz. Ez baitaukagu adierazkortasun linguistiko partekatu eta masiboa lortzera gure gabezietatik abiatzen den hizkuntzalarien kolektiborik lanean -ez hedabideetan ezta administrazioan-, baizik eta oso bestelako koktel bat, non eta atxikimendu identitarioa motorra ei den hiztunak beregana ditzan gure hizkuntzaren baliabide guztiak; kolokialak eta jasoak, slang-a eta lapurtera klasikoa.
    Eta ez du funtzionatzen, noski. Lortu dugu hizkuntzaren estetika partekatu bat honen moduko webguneetan eta Berrian eta Euskadi Irratian… nahiz hiztun potentzialen marraren oso oso behetik, izan ere penetrazio ahalmen handia duen euskarazako hedabide bakarra, alde handiz, Euskadi Gaztea da, bere hizkuntza melange ostia horrekin, zeinaren guztiz alde bainago, bide batez esanda.
    Guztiz alde nengokeen bezala zuri, Juan Luis, bururatzen zaizkizun neurri politiko guztiekin, oraingoz zehaztuta inon ikusi ez baditut ere, eta zehaztapena denoi eskatu behar zaigunez, to nirea marketin subliminalari dagokionez: Hizkuntza Sailean lanean banenbil, bai Jaurlaritzak bai Aldundiek zabaltzen dituzten mezu publiko guztien gainean egongo nintzateke, mezu horien aitzakian adjetibo jakin batzuk zabaltzeko, edo esamolde kolokial zenbait, edota gure alde jokatuko duen aditz-sistema trinkoago bat, etc.
    Baina seguru nago webgune honetan aritzen zaretenok askoz egokiagoak zaretela langintza horretarako.

    Eskegi zuk!

  4. Bai, eskegitzea izango da egokiena, Fermin. Nik nire inguruaren behaketan oinarritutako apunte txiki bat baino ez dut egin, eta zuk gaia beste bide batzuetatik paseatzera atera duzu. Interesgarriak dira bide horiek, jakina, eta benetan esaten dizut, ironiarik gabe (gauza jakina da ironiaren aurka inor gutxi nabarmendu dela euskal letretan ni adina), nahiago nukeela Hizkuntza Sailean lan egingo bazenu, eta ardurak bazenitu. Baina beste norbaitek jarraitu beharko luke, jarraitu behar izatekotan, solasaldi hau. Hori bai, eskegi aurretik, ohar bat: nik ez dut bereziki maite Errezilgo inongo kolektiborik; ezagutu ere, errezildar bakarra ezagutzen dut, eta oraindik “Errezildarren ateraldiak” irakurri gabea naiz.

    Segi bizkor.

  5. Ze antzekotasun dago euskara eta gaztelaniaren artean? Zenbat denbora eta diru behar du gaztelaniarrez hitz egiten duen erdaldun elebakar batek, euskaraz “ongi” hitz egiten ikasteko? Gauzak (legeak, euskara eskakizunak, euskararekiko giroa, euskaldunen giroa, ekonomi egoera) dauden bezela egonda, zer “irabaziko” du erdaldunak euskara ikasiz gero eta zer “galduko” du ez badu ikasten? Zenbateko indarra edo ahalegina egin beharko ditu euskara ikasi eta “frexko” mantentzeko bere inguruaren arabera? Zein erraza den pena edo elkartasuna edo nazka expresatuz ezer egin gabe bizitzea

  6. Kaixo, iker.
    Ados nago ekarri duzun artikulu horrekin; izan ere, euskaldunok bestelako neurriak hartu beharko genituzke euskararen eta Euskal Herria beraren biziraupena ziurtatzeko, argi dagoelako orain arte egindakoak ez digula ia ezertarako balio izan. Jentea, “inposizio“ hitza entzun orduko, aztoratu egiten da, baina hizkuntzek boterea (inposizio horrekin lotuta dagoena ezinbestean) eduki behar dute atzetik epe luzera bizirauteko, eta, are gehiago, gutxituek. Eztabaidarako gai mamitsua, gero¡

  7. Kaixo Juan Luis eta Fermin

    Banator inoren ortuan eskua sartzera, baina Twitterren esan dut (*) biokin nagoela ados eta iruditzen zait argitu behar dudala.
    Juan Luisek aipatzen duen sentimendu horrekin ados egon ala ez, egon badago; helduen euskalduntzean nabil hogeita hamar urtez eta ez gutxitan somatu dut nik korronte subterraneo bat bailitzan. Badakizue, “pentsatu eta esaten ez diren gauzak”.
    Eta ez bakarrik inguru ez euskaldun hutsetik datozenengan, ez horixe: demagun zortzi euskaldun zahar eta berriz eta erdaldun bakarrez osatutako kuadrilla: ez gutxitan somatu dut nik arintze moduko bat erdalduna agertzean, euskaraz egiteko “derrigorra” desagertzean.
    Gero eta komentzituago nago euskara desagertzen denean, euskaldunon ardura(eza)z izango dela.

    “Un puto engorro” nola esaten den neuk ere ez dakit, baina esamolde hori eta beste mila ederto esango dizkizute, esaterako, Lekeition, Fermin. Errezildarrik ez dut ezagutzen.
    Aditzen kontura neuk ere jarriko ditut adibideak neure alde: podríamos haber ido/habríamos podido ir = joan gintezkeen. Eta adibide erreal bat: Larogeitaka urteko andre euskalduna -euskaraz alfabetatu gabea- okindegian: -Itxikotzut hamen poltsea gorde daistazun eta Miren datorrenean emon daiotzezun. Suibjuntiboa zaila dela? Alde aitera!

    Estetika partekatuarena kontu garrantzitsua da, zinez, eta ni ere sano alde nago EGaztearen “hizkera melenga hostia” erabili eta hedatu dezaten; euskara larrekoa ezezik, euskara poligoneroa ere nahi nuke nik. Horrekin lotuta, nahiz eta seguruenik “oso minoria minoritario batek”, hizkuntzaren estetika partekatu moduko bat lortu dugu non eta Twitterren (daitort, datsegit, horihalada…)

    Amaitzeko, -Juan Luis, Fermin- eskerrik asko zuen arretagatik eta badaitort “Neurona eta Zeurona” irakurtzen besteko plazerra hartu nuela Juan Luisen poemekin.

    Segi fin, segi ondo. Eskerrik asko.

    (*): https://twitter.com/jozulin/status/362249688365277185

  8. Gabon, Jozulin.
    Ados diozun guztiarekin.
    Neu ere konturatuta nago bizkaieraren subjuntiboaren balio, nola esan, superiorraz: “dieza” hasi beharrean “dai” hasten diren aditz formak; eta plurala “z” sinple batez; diezazkidazun versus daistazuzen; askoz sinpleago eta zuzenago bizkaieraz.
    Baina bizkaierak ez zuen irabazi.
    Eta ez nenbilen ongi galbiltzan arloez, baizik eta kontrakoaz: “os ví”, “ikusi zintuztedan”. Nor-nork erabiltzean 10etik 9k jotzen du españolera. Eta nor-nork kondizionala baldin bada -“os veríamos”- agian plenoa.
    Badaude, egongo dira beste modu batzuk, jatorragoak eta sinpleagoak, “os veríamos” esateko espainolaren kalkoa egin gabe, noski, baina horretan nahi dut nik lanean ikusi gure hizkuntzalarien kolektibo handia: konponbide errazak modu subliminalean sozializatzen, eta ez alderantziz (konponbide zailak agindu modura zabaltzen).
    Xabier; “eskegi suk” esaten da, hain zuzen, Lekeition… eta Oñatin, eta Mondraguen, Bergaran, Elorrixon etc. Ez da zure ahoskera, baina bada gurea.
    Gabon lagunok, plazera da zuekin mintzatzea.

  9. Biçiqui interesgarrie, benetan! 31 eskutik Hezkuntza-HP-Kultura sail mardulean irakurriko duen agintaririk ba ote?

  10. Erabat ados Josulinekin, eta baita Ferminekin ere, bereziki honetan: “Badaude, egongo dira beste modu batzuk, jatorragoak eta sinpleagoak, “os veríamos” esateko espainolaren kalkoa egin gabe, noski, baina horretan nahi dut nik lanean ikusi gure hizkuntzalarien kolektibo handia: konponbide errazak modu subliminalean sozializatzen, eta ez alderantziz (konponbide zailak agindu modura zabaltzen)”. Apuntatzeko modukoa.

  11. Bihoa aurretik esanda, hemengo iruzkinak oro haintzat hartzeko egokiak direla uste izanik idatziko dudala, nahiz eta suster ez onetik hartuak direla eritzi eta bide okerretik joateko arriskua ikusi.

    Hemen Axularrek idatzi zuena ekarri behar dugu gogora, gaur-egungoa bailitzan: “Zeren halatan ez lizateke euskara hain labur, eskas ez hertsi, nola munduak uste baitu, eta baitaduka dela. Orai badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, ez dela jendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe (…) eta euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak”. Oraintxe bertan esana balego!

    Xalbadorren odolaren mintzoa ere ekarri beharko genuke gogora, herria eta hizkuntza nigarra begietan aipatzen dituenean: “frantses edo español sortu banintz hobe / gaur ez nuen izanen hoinbertze nahigabe”. Ondikoz, euskaldun gehienek, zahar-gazte, ez dute irakurri ez “Gero” ez “Odolaren Mintzoa”, euskararen ala Euskal Herriaren egoera hitsa ulertu ahal dezaten.

    Eta hauxe euskaldunen lehenbiziko akats, gaitz edo makurra: jakin-minik eza, ikas-nahi urria, azkenean ezjakinkeriara garamatzana. “¿La generación más preparada de nuestra historia?” Horra hor Erretegi, Arretxe…pilotari gazte historian diren Eratsungo Erretegitarren eta Luzaideko Arretxetarren lehenbiziko erdaldun hutsak. Sakanan nik dut ezagutzen, orain XXI. mendean! bere leinuan euskaraz ez dakien lehen semea -etxeko guztiak euskaraz mintzo diren arren- gaztelaniaz ere hinkili-hankala egiten duen gaztea. Zer eritzi behar diogu, bada, “Fraking ez” oihuka erdara hutsean bala-bala-bala ari zen jende gazteari, lehengo egunean Gorbeiako tontorrean? Euskal Herriari kalterik latzen egin diezaiokeen “fraking” sarkorrena horixe: erdara. Desertoreak?

    Abertzalerik ez dago, ez zahar ez gazte, euskaltzale ez bada, euskaltzalerik ez euskaraz jakin eta egiten ez badu. Beste zerbait dateke; baina Jaungoikoa sinesten ez duen kristaurik ez.

    “Un puto engorro”. Ongi bizi – bitsetan edo esne-mamitan – nahi duenarentzat dena da oztopo, arazo, poxelu, mataratzu, zoztor, tranko, ipura, peira, murtzi, arazgarri eta eragozgarri. Eta zergatik “puto”, euskarak gaztelaniatik hizkera mordoilo zikin lizun guztia hartu behar ote du, bada? Nik ezagutu nituen gazteleraz halako birao, arao eta hitz zantarrik behar ez zituzten euskotarrak; gaur, ordea, muinetaraino sartu zaizkigu ( sartu dizkigute) hitz lohi horiek: espainiartu gaituzten zantzua.(Aspaldi dela Arabako Batzar Nagusiek De Miguel soziologo españolista kontratatu zuten euskararen egoera aztertzeko. Euskaldunak zenbateraino erdaldunduak gengozen jakiteko “en que idioma dice juramentos” galdetzen zuen) Ahemen, beraz, arazoa: espainiol zein frantses bihurrarazi gaituztela. Eta Atxagak esan omen zuenez bi hizkuntza pedanteren artean bizi gara. Eta gu ere pedante, snob, pijo, friki… bilakatu (Behin Lakarrin maskarada ikusten, gazte euskaldun mordo bat – Oihartzungo ikastolakoak edo – erdara hutsean – nexkaxkilak batez ere – madrildarren hizkera zozoaz Zuberoara gaztelania “esportatuz” jasan behar izan nituen, nazkagarriak ziren, hizkera nahiz jarrera. Haientzat euskara “engorro”? Ez, haiek ziren “fashion victims”, ezjakinkeriaz jota modaren morroi eta jopu.)

    Badut, lagunartean, neska funtzionariogai bat, frantsesa Frantzian ongi ikasitakoa (“gavacho” guztiak – bera peineta baino españolagoa baita abizenak oro euskarakoa dituen arren – gorroto dituena, hala ere) “puto euskara” esan zidana, zergatik eta azterketa bat gainditzeko orduak eta orduak eman behar izan dituelako euskara (gorroto duen hizkuntza) ikasteko. Arazoa euskarak du? Ez, “problema” neska horrek du, euskara “baserrritarren” hizkuntzatzat izan duelako, inoiz ere ikaasi nahi izan ez duelako, bere kultura guztia “Holan” ikasten duelako, sinetsi ezin dudan neurriko pijoa delako (frikia hizkeraz eta pentsamenduz), hitz batez endofobia gaitzak jota dagoelako. Ezagunak ditugu, bai, lanpostu baten atzetik euskarara hurbildu direnak (bestela ez zuten ardurarik hartuko; inglesa eskatzen dutenean ez da “inposizioa”!) eta gero seme-alabei euskaraz tutik egiten ez dietenak. Euskaldun izena merezi ote dute, ala euskotar ala euskal herritar?

    Euskara zaila? Euskaraz ere gure “jerga” behar dugula uste dut (Amonarriz, Urmeneta, Alkain…ekin eta ekin lanari!) baina euskañola behar dugu? (gure Iparraldeko “gabatxoak” españolizatzeko ote? Euskarak beste inguruko hizkuntzek bezala hitz berriak sortzeko, asmatzeko, eskubidea du ala ez? “Atzo goizean te ví Bilbon” esaten hasi behar dugu, treintaiseisean bezala?

    Ez. Euskara ere zenbat eta erabiliago orduan eta errazago, zenbat eta jatorrago orduan eta erakargarriago, maitagarriago, nahietsiago.

    1. Kaixo, Bidekurtze.
      Arrazoia izateari “zuzen egon” esaten diogu euskaraz, nahiz, nire ustez, oso posible izan arrazoi osoa edukitzea eta batere zuzen ez egotea.
      Zure iritziei dagokienez, seguru naiz arrazoi osoa duzula, eta zuzen egoteari dagokionez, ba horretarako daude honen moduko webguneak, ezta?, norberaren arrazoiak halamoduzko lerro zuzen baterantz ekartzeko.
      No tenemos toda la razón, esan zuen Anoetan Arnaldok, eta onartu egin zitzaion, esango nuke, “ez gaude guztiz zuzen” esan izan balu ez bezala, iruditzen zait.
      Hizkuntzen arteko gerra honetan, ordea, gauza bera alderantziz esan beharko genuke: arrazoi osoa daukagu… Bidekurtze sentitzen den moduan sentitzeko… baina ez gaude guztiz zuzen egiten ari garenarekin.
      Gure soziolinguistikak zabaltzen duen mezu nagusia bi ideiatan oinarritzen baita:
      1Euskararen bikaintasun mugagabea.
      2Erdaldunek eta erdaldunduek euskarari dioten gorroto edo autogorroto mugagabea.
      Eta bi ideia horretatik aldentzen dena akonplejatu bat da.
      Ba ez, jaun-andreok, agian akonplejatuak besteak dira, euskarari dagokionez mendeetan zehar euskaldunei barneratu arazi zaien inferioridade konpleju batetik, kolpez, superioridade konpleju batera pasatu direnak
      Oraindik euskara ez baita gauza espainolari eta frantsesari aurre egiteko, eta hau esaten duenak ez du derrigor euskara gorrotatzen, mesedez.
      Ez da gauza aurre egiteko… edo euskararen sozializazio modernoa berandu hasi da, ez daukagu apenas hedabiderik, batuaren eta euskalkien arteko tentsioak oraindik ez dira baretu… Hamaika modu eufemistiko erabili behar izaten ditugu Bidekurtze bezalakoak ez mintzeko, egiatan ez baitute entzuterik merezi “euskara ez dela gauza”.
      Beste batzuok, ordea, ez dugu inongo barne arazorik zera onartzeko: bai espainola bai frantsesa super-tresna linguistikoak direla, euskararen aldean. Eta bi hizkuntza horiek edozein arlotan erakusten duten garapenak txiki uzten duela guk erakuts dezakegun ia beste ezer.
      Ba tira; gure soziolinguistikak ez du arestikoa ikusten, edo ez du ikusi nahi… gorago aipatutako bai euskararen bikaintasun bai erdaldunen gorroto eta erdaldunduen autogorroto mugagabeak baizik ez dituelako abiapuntu gisa hartzen.
      Ondorioz, jaun-andreok, gure soziolinguistikak niri ez dit ezertxo ere konpontzen, ezertxo ere ez. Euskal hiztun modura ditudan arazoak eta mugak ez dizkit inolaz ere konpontzen. Gure soziolinguistikak, itxuraz, ez duelako lan hori hartu nahi, nonbait lan hori “nire lana” delako, gure soziolinguistikaren arabera. Eta argitaratzen dituen txosten marduletan aurki daitezkeen konklusioek ere… ez didate ezertan ere laguntzen; euskara “familia barruan” egin behar dela jakiteak; euskaraz egiteko “motibazioa” behar dela jakiteak… Edo ihes egiten didan sakonera batekoak dira, edo begibistako ebidentziak baino ez. Zertarako, eta, konklusio nagusi modura, tautologiarik gorenetara ailegatzeko: euskaraz hitz egiteko, euskaraz hitz egin behar dela; euskaraz bizitzeko, euskaraz bizi behar dela.
      A love supreme.
      Horretarako nahiago dut politikaz hitz egin; hau da, inposaketaz. Zehaztu dezagun non eta nori zer inposatu. Inposaketaz hitz egiten dutenak zehazteko prest baldin badaude, beti ere. Iruditzen zait-eta, lehen aipatutako bi ideietatik abiatuz gero, askorentzat inposaketa maila berbera ezarri beharko litzatekeela Ikaztegietan eta Bernedon, Larragan eta Izpazterren… gure hizkuntza bikaina delako edonon, eta honelakorik onartzen ez duena gorrototik edo autogorrototik abiatzen delako, baita edonon ere.
      Tira, zein desberdin ikusten ditugun gauzak batzuk eta besteok.
      Gure seme-alaben artean, Bilbon, esamolde bat zabaldu da, bere buruaren dohainak mugagabetzat jotzen dituena –demagun futbolean edo ligatzean- definitzeko:
      -Tipo hori da… “motibau” bat!
      Bai ba; jarrai dezala gure soziolinguistikak, gure hizkuntzalari guztiek ahots bakar batez zera baino ez zabaltzen: euskara bikaina dela eta bikaintasun horrekin bat ez datorrena gorrotoz edo autogorrotoz dabilela. Bai ba; bikainetan bikainena, la-hostia… eta horrela jarraituz gero, laster… la-hostia-en-bertso ez beste inon, tamalez.

  12. Kosk Etxegoien:
    Ez zen inola ere nire asmoa inor mintzea, noski; eztabaida zudugarri honi su-pindarño bat gehiago emaitea baizik. Honegatixe jaitsi nintzen, jaitsi, adibide xehe, arrunt, xakar batzuetara, ene eritziaren lagungarri.
    Razón : argumento en apoyo de un razonamiento. Eritzi: opinión / Erizki: “arrazoi”. Zer daritzazu?
    Ulertzaile ona izaitea. Arrazoitzen edo autreatzen jakitea antzeetan jasoena zen; dagoeneko ez da nahikoa: orain igarri egin behar da, eta etsigarri gerta litezkeen arazoetan batik bat. Ulertzaile ona ez dena ulertua izan ezin daiteke. Bihotzaren igarleak badira eta asmoen asmatzaileak ere bai. Axolagarrien zaizkigun egiak beti erdi-esaka etorri ohi dira. Zuhurrak ulertzen jakin behar du: bere aldeko gaietan sineskortasuna geldiarazten du eta bere kaltekoetan ernarazten du.
    Zuzena izaitea. Beti zuzenkoia izan behar da, zuzenaren aldekoa beti, nola eta ez lagunabarren grinak ez bortxakeriaren indarrak arrazoiaren marra zapaltzera eragin ez dezaten bezala. Baina nor dateke zuzentasun honen fenixa? Zuzentasunak behin-betiko jarraitzaile guti du. Askok goraipatzen du baina ez bere etxen. Beste batzuk arrisku arteraino darraizkio: bertan gezurtzuriak ukatzen du, politikariak gordestaltzen. Nor denak, zuzenkoia denak, adiskideari aurre egiten dio, ahaltsuari ere bai eta are haren bere egokierari ere egiten dio gogor, mukertzen zaio : ez du orduan ezagutzen. Maltzurrak badaki zuzentasuna ez gaizkitzeko bereizpenak egiten zoliki, bai goi-mailako zioakatik bai Estatu arrazoiengatik. Hala ere, beti-bateko gizonak itxurak egitea amarrukeriatzat jaiten du, eta euskortasuna ohartasuna baino hobestenago du; egiaren aldean dago eta besteengandik alderatzen bada ez da bera aldabera edo zuzika delako, besteek lehenago egia alde bat utzia dutelako baizik.

    Euskara ez da, noski, bikaina. Ba ote dea hizkuntza bikainik inon? “Superioritate-konpleju batera pasatu direnOk”? Ez, ez, honetantxe oker zagoz oker. (Complejo -lat. Complexus- : asociación de sentimientos inconscientes : usteki (OEH) Gutiago-ustekirik ere ez, eh.
    *Eh, callad no hableis más esa gerigonza propia sola de salvages…Gure seme kanpoetan genduena bart etorri zaiku…guziz jakinduria aundiakikoa. Aztu zaio bada euskera guzi-guzia, ez du itztxo bat bakarra ere ez esaten, ez endeglatzen edo konprenditzen… Iztuetak idatzia, seme intelektual berri baten ama-aita euskaldun huts batzuei entzuna nonbait. Ez da atzo goizeko eztula gurea.
    Euskarak badu zer hobetu, zer berritu, zer asmatu, zer sortu…eta zein hizkuntzak ez? Gure idazle-hizkuntzalariek, baina, antza denez, sortzeari, asmatzeari…uko egin bide-diote, kopiatzeari buru-belarri ekiteko, gazteleratik zernahi hurrup eta klik egiteko. Euskara errazaren atxakian edo txutxuan hainbat “mesanotxe”, “karrerista”, “konklusio”… hedatzen dute, hainbat “manifa”, “konzentrazio”, eszenatóki” eta abarretan.
    “Bai espainola bai frantsesa super-tresna linguistikoak direla” esatea ere gero! Egungo (edo gaurko) gazteek esaten dituzten txorakeriak esateko euskara nahikoa eta lar dugu, gain-tresna ez ezik goi-tresna ere bai. Euskara pitxi-pitxi (“guay”) egin behar badugu ere. “Garapena” hauxe bai, guk ere behar duguna. Eta nola egin? Eginez, noski.
    Hitzez beste eginda, azkenik, “inposaketa” hitza euskarari buruz esana guztiz onartezina dela esanen nizuke, garrazkeriarik bage. (Imponer -lat. In + ponere : poner sobre. Poner una carga u obligación. Atribuir falsamente. Infundir miedo o respeto. Etc.) Euskara “berrezarri” behar dugu, bai Larragan, bai Bernedon bai Berorizen… inor behartzeke, ororen gogo-bihotzak bilduz baizik.

  13. Gabon, Bidekurtze.
    Euskara ezin adierazkorrago baten jabe zaitugu. Zure ahoan euskara da super-tresna linguistiko bikaina.
    Egungo hiztunen artean zabaltzeko modukoa ote? Beharko… Baina zoritxarrez, horretan aise irabazten digute erdara biek, eta horregatik deitu diet, lehen, super-tresna linguistiko.
    Agian “makinaria” deitu behar nien, tresna baino. Erdara bien adierazkortasuna erraz zabaltzen delako gu guztion artean, euskararena ez bezala.
    Eta ezintasun horren inguruan idatzi ditut iruzkinok: nola partekatu adierazkortasuna.
    Ulertzen dut hau guztia, zuretzat, bizi dugun gainbeheraren zantzu ezin garbiagoa izatea. Euskaraz adierazkortasunik apenas erakusten duen norbaitek –nik neuk- zer, eta, besteak beste, erdara biei nolabaiteko gorazarre egitea, hain zuzen, euskararen adierazkortasunaren onbeharrez.
    Mundua alderantziz, Bidekurtze.
    Zinez eskertzen dizut zure arreta.

  14. Aupa Etxegoien:

    (non dagoz besteak?)

    Hortxe jo duzu itua (hito): “makinaria”. Frantsesak zein gaztelaniak ESTATUaren (leterri: lege + herri) makinaria dute, guk ez duguna eta behar duguna. Independentziak ez ditu desertzioak ekidinen, baina estatuaren indarra du behar euskarak, eta euskaraz dakigunon indarra batik bat (hizkuntza bat ez baita galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek egiten ez dutelako baizik.)
    Goazen xehe-xehe:
    “Urrutizkina” aspaldian bazterturik. orain denok “mobila” dadukagu (Zuberoakoek “portablea”); zertarako eta “twittertzeko” edo. (twitter: piar. Gorjeo, Inquietud. Temblor nervioso. Risa entre dientes) (Pio: txio, txinta, txorrotxio, txiruliru. Gorjear: txiokatu, txintatu…)
    Ad.- Zertan ari da? Txioketan: “twitterreando”. “Jo, tío, esta birra está de puta madre” : Ou, txo, “gardo” hau onona dago / latz ona dago / Kriston odola baino hobea.
    Orain Madrileko “pijoek” esaldia amaitu eta “vale?” esan ohi dute. Izurria guregana ere heldu(ko) da. Bizkaieraz, hori egiteko era polita erabili izan da “betidanik”: gaur xiri-miria dagi, bai? eta ez goaz mendira; mendira ez joan arren bazkari ona egingo dugu , bai? eta …
    Baina txarrena ez dugu hori. Lehengo egun batean, euskotarrik baizen ez zen konpainia onean negoela, maiz, sarri eta usu “puta madre” esamolde espainola entzun behar izan nuen. Aitak esana dakit haren garaian tabernan “que hijoputa eres” Euskadiratu berri espainiarrek maitekiro euskotar bati esan eta berehala borroka pizten zela. Euskaldunek txartzat hartzen baitzuten andaluziarrentzat esaera arrunta eta gaiztorik ez zena. Orain denerako erabiltzen du(gu)te: hauxe gaitzaren zantzua, gaisotasun-aierua (gr. Symptôma: pródromo, indicio, presagio. Fenómeno que revela un trastorno o una lesión)
    Euskaratu behar ote dugu, bada, gaztelera zantar hori?
    Goazen bada:
    “Putada”: putakeria (zital, giton, zirtzilu, kixkil…baztertuko ditugu, bai?
    “Hijo de puta” (bere errozko zentzuan) : putakume. Adibidez: FMIkoak (NTFkoak) putakume hutsak dira. Amak emagaldu ote? Ez. Lagarde, e.a. zitalak, txatxarrak, gizatxarrak direla.
    “Hijoputa” amoltsuki esana!! “Es de puta madre” on-ona esateko!! “Es una puta porquería” txar-txar-txarra adiarazteko !! “Que se vaya a su puta casa” ona? txarra? !!
    “Mecagüen…” hau ere euskaratu behar? Ostera! Aladzipo! Brrrrtxo!
    “Este tipo es cojonudo” euskaraz “txotxo hau potroduna da”? “Txo hau jatorra da”? “Muttiko hau ontzarra da”?
    “No me ralles, tía” “eman/k bakia, ño/txo” esan dezakegu (diokegu?)
    “O, ño, oñoña zagoz” euskaratik gaztelera “joder, tía, que buena estás” izan liteke.
    Nik frantsesez “pas q’un petit peu” baino gutiago dakidanez, ez dakit “frantximentak” zertan ari diren gure Iparraldean. Behin Lapurdiko basetxe batean nengoela, txekorrak kamioira sartu nahi ez eta “laborariak” : sar zite “kagüendios”! oihuka. Non ikasia zuen “eskuara” mota hori galdetu nion eta “bakizu, nafarrekin eta…” azaldu zidan.
    Bide honetarean aitzina jo behar dugua? Aupa gazteak!
    Oro har, bakoitzak ez du egiten bera dena legez, behar duena legez baizik. Nahinork gaitzaz oharraraz dezake, gaitza erraz baita sinesteko, sarri sineskaitza izan arren. Dugunetik gehiena, eta zatirik onena, gure besteekiko harremanetatik datorkigu. Zeinbaitek nahikoa du zuzen egoitea, arrazoia bere aldeko izaitea, baina ez da aski: ahaleginaz lagundu behar zaio. Maiz, errazegi izaiten du beste inoren nahia bereganatzea, eta baliotsua da: eginenak hitzez erosi doaz. Etxe handia den munduan errediza bat ere ez dago urtean behin erabili behar ez den bezain purtzilik. Ezer gutitarako bada ere, beharrezkoa izan daiteke oso. Bakoitzak bere senaz hitz egiten du gaietaz.

  15. Arrazoia du Etxegoienek, eta zuzen dabil:

    1, Euskara ez da, jakina, beste edozein hizkuntza baino bikainagoa, eta balitz ere ez genuke ezer onik aterako hori jakitetik, are gutxiago hori harro aldarrikatzetik.

    2. Erdaldunek eta erdaldunduek euskarari dioten gorrotoa edo autogorrotoa ez da mugagabea.

    Baina…

    Nik uste dut euskararen inguruko ezinikusia eta gorrotoa hedatzen ari dela poliki-poliki populazioaren sektore zabal batean, hain poliki non askotan interesatua bera ere ez den enteratzen, harik eta halako batean euskarak… zas! puñeta bat egiten dion arte (semearen suspenso bat, alabaren lan aukeren murrizketa, aldamenean bizi den umearekin komunikatu ezina, jarduneko presidente gisa deitu behar duen bebarruko bilera iragartzeko karteltxoa bi hizkuntzetan egin beharra… nik zer dakit!). Eta nire irudipena da hori zabaltzen eta zabaltzen ari den semtimendu bat dela, bai behintzat ni bizi naizen inguruan (Donostiako auzorik erdaldudenetako bat), oraindik oso isila, baina jende askoren barruan gero eta errotuagoa. Eta horrek ez gintuzke harritu behar, oso mekanismo logikoei erantzuten baitie, oso mekanismo humano eta ulergarriei.

    Oraindik inor ez da argi eta garbi azaltzen euskararen aurka, baina nik uste dut jende asko euskararen gero eta aurkago dagoela (askotan norbera konturatu gabe ere), eta hori dena lehertu eta agertzen hasiko dela egun batean.

    Horren aurrean, zer? Euskararen aurkako gorrotoaren zabalkunde hori euskara gorrotatzen dutenen arazoa da soilik? Edo ustez behintzat gorrotatzen ez dugunoi ere badagokigu? Nola jokatu behar dugu? Ez dakit. Ez dut uste asko hitz egiten denik horretaz Etxegoienek apatzen dituen txosten soziolinguistikoetan, baina niri kezkagarria iruditzen zait.

  16. Aupa, Zabala:

    Goazen beste bidetik.
    Euskara bikaina ez dela…harro(egi) ez egoteko…; Europako hizkuntzarik zaharren(etako) bat, munduan (ia) inoren antzik ez duena, erromarren inperiotik bizirik atera zen bakarr(etako) bat, Francoren eta beste batzuen diktaduratik eta Frantziako Iraultza genozidatik onik jalgi zena, toka-noka, aditz irregularrik ez, ergatiboa…dituena…zer gehiago behar dugu euskaldunek, zer erdaldun ikasiek gure hizkuntza hau bizi dadila nahi izan dezagun? Bikaina ez dela, eta -berriro galdezka ni- zein hizkuntza da bikaina munduan?
    ¿Erdaldunek -batzuek- euskarari diotela gorrotoa? Berria al da hau, ba? Cervantesek berak ere “ez dadila gutietsia izan olerkari alemaniarra bere hizkuntzan egiten duelako, ez era berean gaztelarra, ez eta euskalduna bera ere, bere hizkeraz idazten duela eta” idatzi zuenez, gutiespenak orduan ere pil-pil zirakien. Euskarari gorroto gaztelarrek?…eta katalanari, galizierari, “gavachoari”… Euskara “zaila” dela eta… eta Galizian galizieraren aurkako erasoak galiziera “zaila” delako? Eta Katalunian zenbat andaluzek ez du ikasi katalana berrogei urtean? “Zaila” ote, ez “bikaina” ote? Ez: Xenofobia, inperiokoikeria.
    Euskaldunek autogorroto? Ez dut berriro Iztueta hona ekarriko, ez Iturengo gurasoen idazkia bere seme-alabei euskaraz ez egiteko, ez “se prohibe decir ‘agur’ eta abar…”Muera Euskari” erdaraz besterik ez zekien goizuetar batena ez dut aipatu nahi. Euskarari, eta “eusko” den edozeri gorroto duen euskaldunik neuk ere badut ezagun (botoa EAJri emaiten diona!) Baina gaisotasun hau endofobia da (aspaldian “etxekalte” esaten zioten. Patxiko Txerren eleberria ere hor duzu. Arturo Campionenak ere irakur…) Guk Araban UA izan genuen horren bidegile politiko, Nafarroan UPN duten ber, besteetan PP dugu (PSOEren aldizkari zaharra irakurtzea ere argigarri liteke -edo ilungarri-.) Eta Donostian “ñoñostiarrak” atzo goizeko haur jaioberriak al dira (Erentxun, Montero, Benegas…ad.) euskarari muzin egin izan diotenak? Eta zuberotarra izanik Espilondo Angeluko auzapez antieuskaldunaren gaisotasuna zein da? Endofobia; erreakzionario hutsak dira, sakerreak batzuk errenbesak bertzeak. “Euskara itotzea hartu du gogoan/ ezagutza gabeen urgulu zoroan” esan zuen Xalbadorrek eta zuzen errana: ez-jakinkeria, harrokeria, zorokeria.
    Eta etorkinei gorroto dieten erdal-euskaldunak zer dira? Onartzen ote ditugu etorkinen aurkako erasoak -hitzezkoak nahiz eginezkoak- ontzat emaiten, ala, zeharo alderantziz, gorrototia gorrotatzen dugu, gaiztotzat hartzen dugu? Eta homosexualei gorroto dietenak errudunak ote dira ala ote dira errudunak homosexualak? Homofobia gero eta handiagoa dela diotenak badira, eta zer egin? Emakumezkoen kalteko erasoak ere ugariagoak, emakumeek errua al (ote) dute, ala??
    Semea suspenditu duelako euskarak du errua! Eta matematikak ez du errurik? Alabak lanpostua lortu ez eta euskarak du errua! Eta ingelesa eskatzen badiote ontzat eman behar da, noski!? Eta umea etorkina bada erdaraz -gaztelaniaz- egin behar zaio, ez euskaraz! (Catalunyan arazoak izan dira “sudaca” (barka) batzuekin ez baitute hauek ulertzen zer dela eta ikasi behar duten katalana gazteleraz jakin eta… “sudaca” hitz gaitzesle hau merezi duten hauek ez dute ulertzen zergatik quechua, guaraní…bizirik nahi ditugun)
    Ni ez naiz bizi Donostiako auzo erdaldunean, ni Arabako herri erdaldun batean bizi naiz (%24 euskaraz dakiena) eta ez dut ikusten gero eta handiago, ugariago, hedatuago dagoenik euskararen aurkako “konplejua” edo ustekia. Baina, arazoa egon hor dagoela emanik, zer egin?
    Zer egin?

  17. Ba ni, Bidekurtze, futitzen naiz euskararen bikaintasunaz, eta are gehiago euskararen bikaintasunaz harrotzeaz. Harrotasun hori euskararen ikuspegi museistiko eta antropologiko antzu batekin lotzen dut. Lasai, nire inkontzienteak sortutako aurrejuzkuak baino ez dira izango seguru asko,

    Eta bide batez, ahaztu baino lehen, badago “puto engorro” esateko modu bat euskara “freskoan”: “lata putie”.

    Baten batek esango zuen honezkero: “Lata putie, zuek ematen ari zaretena”.

  18. Ieup, Juan Luis…
    Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten… jarri zenion zuk idatzitakoari, eta ari garelagoan nago.
    Poliki gabiltzan honetan, goazen gezurrak esatera… zioen gure haurtzaroko erdal kanta batek, eskola nazionaletan irakatsi zigutena. Eta bai; elkarrizketa honetan, batek dioena besteak gezurtzat jotzen du, nahiz ez osoki… Beraz, ez gabiltza hain txarto.
    Nire ustea da, adibidez, gure soziolinguistika euskararen legitimismotik abiatzen dela, eta Bidekurtze bera jotzen dut euskararen legitimismoaren ordezkari legitimo edo zilegia.
    Ez naiz ni, era berean, legitimismoa legitimoa ez denik esango duena edo duenik, edozein legitismismo, izaeraz, legitimoa da eta, bestela ez bailitzateke legitimista izango, erlatibista baizik.
    Baina Euskal Herrian badira, noski, gutxienez beste bi legitimismo linguistiko oso sendo: españolarena eta frantsesarena.
    Eta legitimismoen arteko gerra honetan, euskararena ez dut garaile ikusten. Ez orain, ez eta independentzia noizbait lortuko bagenu ere.
    Ongi diozun moduan, legitimismotik gorrotora erraz pasa baitaiteke, aspaldian zeu sumatzen ari zarena, espainolaren legitimismoa aldarrikatzen dutenen aldetik, izan horiek erdaldun españolistak ala erdaldun abertzaleak.
    Tira, horietariko asko, gainera, agian ez dira ezta erdaldun hutsak ere, neurri baterainoko euskaldunak baizik.
    Ia denok bezala.
    Bidekurtze ez, ordea; Bidekurtze euskaldun “mugagabea” da, idatzi dituen iruzkinetan ederki erakutsi digun moduan. Ondorioz, besteoi esfortzu mugagabea eskatuko liguke Bidekurtze bezalako euskaldunak bilakatzeak.
    Horregatik, nire ustez ez da komenigarria gure soziolinguistika euskararen legitimismoan oinarritzea, abiaputu modura hartuta bai euskararen bikaintasun mugagabea bai erdaldunen eta erdaldunduen gorroto eta autogorroto mugagabeak. Partida eremu horretara eramanez gero erdara biek erraz irabazten digutelako hizkuntzen arteko gerra-jokua, gero eta errazago, eta errazen… independentzia lortzen dugun egunaren biharamunean gertatuko zaie.
    Sikologikoki, askatasun politiko kolektiboak zera ekarriko duelako: linguistikoki, norbera dagoen bezala gelditzeko erabaki pertsonala.
    Lojikoa da: askatasuna ez da eskuratzen, segidan, sekulako lanari ekin behar izateko, baizik eta kontrakorako: “egina dago!”, esateko.
    Zer egin, galdetzen du Bidekurtzek.
    Gure soziolinguistikari dagokionez, bai orain eta bai estatua lortu ostean, españolaren eta frantsesaren “nagusitasuna” linguistikoki –ez bakarrik politikoki- aztertu, eta euskararen aldeko esfortzu mugagabea egiteko prest –gehiengoa- ez direnen gabezietatik abiatu, hizkuntzaren zabalkundea antolatzerakoan. Xinplea da, xinple behar du.

  19. Agur jaunok:

    Legitimismoa gora eta behera hasi garen honetan – ez dakit berriro Isabel eta Carlosen arteko borroka “linguistiko” batera sartu behar ote dugun – bidean galdu egin naizelakoa dut, edo Xalbadorrek ongi bai ongi erran zuen bezala “lainopean bezala galdurik gabiltza”.
    Sorterriaren akatsei itzurtzea. Urak’ iragaiten den errekaren nolakotasunak, onak ala txarrak, hartzen ditu, eta gizakiak ere jaio den lekuko kutsua du. Batzuk besteak bainoago beren sorterriekin zorretan dagoz, zeren, bertan zeru hobeaz gozatzea ukan baitzuten. Ezein aberririk ez da akatsik bagea, jakin-landuena ere ez, eta akats hori da auzo-herrikoek, maltzurtasunez ez bada euren pozbidez, maiseatzen dutena. Akatson zuzentzea, edo txurizkatzea bederen, garaipena da; honela askoren artean bakarra izaitearen sinesgarritasuna lortzen da, zeren, beti hobetsi ohi baita usterik gutien dena.
    Euskara “jatorrean” zuk aipatu “vaya engorro” honela esaten da:
    Frantsesa, hori mokordo zaharra!
    Ingelesa ikasi beharra, egundoko matraka!
    Orain Gibraltar berriz ere, gogaikarri latza!
    Espainia guretzat bai Kriston mukurra!
    Guk darabilgun ele-mele ttutta!

    Zer egin? Hasteko ez mezu ezkorrik euskararentzat, are guttiago inolako susterrik edo funtsik ez badu. “Inposaketa” eta antzeko hitzik ez inoiz euskarari egotz, hori ongi egiten etsaiek dakite. Euskarari (eta Euskadiri, Euskal Herriari, ikurrinari…) gorroto edota autogorroto (xenofobia edota endofobia) diotenen aurrean (aurka, aitzi) tinko jartzea etorkinen etsaiei egiten diegun bezala, homofoboei jarkitzen gatzaizkien eran, pederasten aurka jartzen garen bezala…
    “Bidekurtze euskaldun “mugagabea” da” idatzi duzuen eta ez: hementxe nire muga.
    Apaizak azken hitza bere, eta hemen azken hitza zuen.
    Agur t’erdi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude