“Sud Pays Basque” nola da euskaraz?

Eneko Bidegain

Euskara hizkuntza ofiziala ez den lekuetan sortzen diren erakunde berri edo programei eman ohi zaien izena erdaraz izaten da. Ipar Euskal Herriaren kasuan, frantsesez. Erakunde edo programa horiek, maiz, siglak dakartzate berekin, gainera. Kontua da, gehienetan albiste iturri direla, publikoki aurkezten diren unetik aitzina. Euskarazko hedabideetan lanean ari diren kazetarientzat ez da buruhauste ttipia izaten. Nola itzul halako erakundea? Nola jarri euskaraz? Erabaki bat har daiteke, bakoitzak har dezake berea, baina nola adostu biharamuneko Berria-n, Euskal Irratietako albistegietan eta Kazeta.info webgunean izen bera erabiltzea?

Erabakia egunean berean hartu behar dute kazetari horiek, presaka, eta bakoitzak bere ordenagailuaren aurrean, elkarrekin adosturik edo elkarrekin aipatu gabe. Aski erraza denean, normalena da denek itzulpen bera proposatzea. Ez da beti hala, ordea. Dena den, ez dago astirik kazetari horien gainetik, erakunde horren euskarazko izena erabaki behar duten autoritateek erabakitzeko. Kasu honetan, Euskaltzaindia beti ibiliko da kazetarien gibeletik, Jean Haritxelharrek, euskaltzainburu zela, Egunkaria itxi ondoan eskaini zuen elkarrizketa batzuetan aitortu zuen bezala. Horregatik, kazetarien erantzukizuna biziki handia da.

Ados jartzea oraino ez da begi bistakoa. Berriaren estilo liburuak argi azaltzen du “Conseil Général” euskaraz “Kontseilu Nagusia” dela, eta ez “Kontseilu Orokorra”, Ipar Euskal Herrian oraindik hedabide eta jende anitzek erabiltzen duten bezala.

Arazoa sortu izan didan erakundeetariko bat da, Lapurdi Hegoaldeko hainbat herri biltzen dituen herri elkargoaren izena: Sud Pays Basque! Izendatze horrek berak, hautatu behar genuen itzulpenak bezala, izaera politiko agerikoa du. “Hego Euskal Herria”, frantsesez, “Pays Basque Sud” da. Ez ziren ausartu herri elkargo hori horrela bataiatzera, baina emaitza berdintsua da. Nola itzuli “Sud Pays Basque”? “Euskal Herri Hegoa”? “Euskal Herri Hegoaldea”?

“Sud Pays Basque” izena absurdua iruditzen zitzaigunez, beste bide bat hautatu genuen: “Hego Lapurdiko herri elkargoa”. Argi da ez dela hori erakundea sortu zutenen asmo politikoa, baina euskaraz “Hego Euskal Herria” edo “Euskal Herri Hegoa” deitzea ezinezkoa iruditzen zitzaigun. Joan den astean etxera heldu zitzaigun herri elkargo horren berripapera, bi hizkuntzetan. Eta hara non euskarazko izena ere baduen, orain, erakunde horrek. Ezetz asmatu zein izen eman dioten? Erantzuna klik honetan.

4 erantzun ““Sud Pays Basque” nola da euskaraz?” bidalketan

  1. Aupa.
    Egia da bapatekotasunak sortzen duela itzulpenaren arazoa, adibidez Hego Lapurdiko Herri elkargoaren kasuan, baina batzuetan pentsatzeko denbora hartzen denean ere ez da hobeki gertatzen.
    Preseski aipatzen dituzun bi kasu hauetarik lehenari buruz badira anekdota tipiak. Garai batez txostenak idazten genituelarik Kontseilu Nagusira igortzeko, hango arduradun batek ikasgaia eman zigun: egitura horren baitan ba omen zen erabaki bat, euskarazko izena ere finkatu zuena, batez ere ez zelako nahi jendeak, langile nahiz erabiltzaile, nahasketa izan zezan edo duda izen bat edo bestea zela. Eta erabaki omen zen Kontseilu Orokorra deitzea. Hortik galdegin ziguten zuzentzea txosten eta dokumentazio guzia, Kontseilu Orokorra jartzeko, gure iniziatibaz ezarri Kontseilu Nagusia kenduz.
    Geroztik, denbora pasatu da eta iduriz erabakia ere aldatu. Gaurko egunean atarian baitarama ‘Kontseilu Nagusia’.
    Orain, usaiak aldatzea izanen zaigu zailena.

    Hego Lapurdiko elkargoaren kasuan, aipatzeko doia: frantsesezko izena ez dute aldatu, alta, honek ere ez du zentzu handirik. Baina hori…

    Izan ontsa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude