Oskar Arana Ibabe
Here and Now liburuan, J. M. Coetzee-k eta Paul Auster-ek 2008 eta 2011 artean elkarri igorritako gutunak eta e-mailak datoz argitaratuta. Australian ezagutu omen zuten elkar, literatur biltzar batean, 2008ko otsailean, eta Coetzeek gonbidapena eginik hasi omen ziren elkarri idazten, zernahiren gainean gogoeta eta solas egiteko asmoz. Bi idazleren arteko solas librea da, beraz, liburuak dakarrena, eta kritikariren batek esan duen moduan, hura irakurtzean, irudipena du batek kafetegi edo ostatu batean dagoela, bi idazleren arteko elkarrizketa entzuten, norbera isilik, honako eta harako gaiez hizketan haiek, ahots gorazko gogoetan, zigarroa eta kafea eta gainerako ohiko lagungarri eta osagarriak tartean.
Halako batean, Derridak ama-hizkuntzaz idatzitako liburu bat irakurtzen ibili delakoa aipatzen dio Coetzee-k Auster-i (Monolingualism of the Other, 1996), Derridak elebakartasun, elebitasun, ama-hizkuntza, lehen hizkuntza eta abarrez azaltzen dituenen haritik, gogoetari ekiten dio. Ez da oso gogoeta sakona, bai interesgarria, agian: hizkuntza handienetako batean idazten duten bi idazlek gaiaz zer duten esateko jakin ahal baitugu hartara, mendi tontorretik begira hirurehun eta hirurogei graduko ikuspegitik haran txiki bateko itzal-argiei erreparatzen dion mendizalearen behakoa.
J. M. Coetzee-k, Derrida-k bezala, ama-hizkuntza ez duen batean idazten du, ingelesez lehenak, frantsesez bigarrenak, eskolan ikasitako hizkuntzan. Coetzee-k dio:
«Derridaren baieztapen bat interesatzen zait, zera dioena, hain zuzen, nahiz eta bera frantses elebakarra izan (elebakarra, nolanahi ere, bere estandarren arabera, zeren eta ingelesa bikaina baitzuen, eta alemana ere bai, ziur naiz, eta zer esanik ez greziera), frantsesa ez zela, ordea, bere ama hizkuntza. Hori irakurri nuenean, harritu egin nintzen, zeren eta berdin idatz baitzezakeen hori nitaz eta nik ingelesarekin dudan harremanaz; eta, biharamunean, berriz, zera egin zitzaidan are eta harrigarriago, ez bera ez ni ez ginela bereziak, ezen hainbat eta hainbat idazlek eta intelektualek dutela hitz egiten eta idazten duten hizkuntzarekiko harreman urrutiko eta arroztua, eta, egiaz, norberak erabiltzen duen hizkuntzari “ama-hizkuntza” (langue maternelle) deitzea, esapide zaharkitua bihurtu dela nabarmenki.»
«Hala, Derridak dioenean ezen, nahiz eta frantses hizkuntza maite izan eta frantses zuzenaren aldeko amorratua izan, frantses hizkuntza ez dela bere jabetzakoa, ez dela “berea”, ingelesarekiko neure esperientzia gogorarazten dit, bereziki haurtzarokoa.»
(…)
«Derridak ohartarazten duen bezala, nola jo lezake inork hizkuntza bat norberaren hizkuntza dela? Izan liteke, azken batean, ingelesa ez izatea Ingalaterrako ingelesen jabetzakoa; gauza ziurra da, ordea, ez dela nire jabetzakoa. Hizkuntza beti da bestearen hizkuntza. Hizkuntza baten eremuetan barneratzea beti da inoren jabetzan baimenik gabe sartzea. Eta zenbat okerrago, gainera, ingelesean ona izatea, bolalumatik ateratzen zaizun esaldi bakoitzean lehenagoko erabileraren oihartzunak entzuteko bestean, zu baino lehenago esaldiaren jabe izan zenaren oroitzapenak entzuteko bestean!»
Eta, aurrerago, beste gutun batean, idazle horrek berak:
«Uste dut ez natorrela bat zurekin ama-hizkuntzaren kontu horretan (nahiz eta ohartu naizen joera duzula esapide sentimenduz bete samar hori saihestu eta “lehen hizkuntza” esapidea hobesteko). Bat nator, ordea, ezen norberaren weltanschauung delakoa norberak hobetoen hitz egiten eta idazten duen hizkuntzak –bai eta, hein batean, pentsaketarako darabilenak– eratzen duela. Dena den, ez hain errotik eraturik non ezin duen batek inolaz ere hizkuntzatik behar beste urrundu eta hura kritikatik ikertu (…). Horrexegatik diot posible dela lehen hizkuntza bat edukitzea eta hala ere ez sentitzea haren baitan etxean: hartara, nolabait esatearren, norberaren aurreneko hizkuntza izango litzateke, baina ez norberaren ama-hizkuntza.»
(…). Europan, esaterako, nazio-estatua iritsi eta nazio-hizkuntzak nagusitu baino lehen, latina zen, inoren ama-hizkuntza izan gabe, bizitza intelektualeko moneta. Berdin gertatzen da gaur egun Afrikan ingelesari buruz eta, neurri txikiagoan, frantsesari eta portugesari buruz.»
Urtebetean, bi aldiz ehizatu du nire adimenak “hizkuntza baten baitan etxean sentitzea” ideia, bi idazleren eskutik. Coetzeeren hitzon gainean gogoeta astiroago egiteko aukera izan dut hemen, eta, saiatu naiz, haren adimen zorrotzetik niretzat eta guretzat baliagarririk zer aurkituko, eta izpi batzuk aipatuko nituzke: tradizioaren garrantzia (geurea eta geureganatua, iraganekoa nahiz gaurkoa, tradizioa sortzeko ahalegin ohartutik egina), hizkuntza etxe eroso eta sendo bihurtzeko ahalegina, gu guztiona, eta, ahalegin horretan, blog honetan hainbatek zehaztasunez eta zorroztasunez seinalatu dituzten koskak berdintzeko eta leuntzeko eginkizun baitezpadakoa; eta, azkenik, ama-hizkuntza, lehen hizkuntza eta aurreneko hizkuntzen arteko igarobide erraz eta erosoa, haien arteko iragazkortasuna, behin haren baitan etxean sentitzeko bezalako hizkuntza bihurtuko dugunean euskara, guretzat euskararen eremuan sartu nahi duten guztientzat.