Hamaika itzultzeko jaioak gara (2)

Fernando Rey Escalera

Personas infantiles / Personas de categoría infantil

Lehengoan esan nuen bezala, Iruñerriko udal batean dudan adiskide batek maiz deitzen dit aholkua eskatzeko, edo euskaratzen duenari begiratu bat emateko. Euskara teknikaria da, eta euskara teknikariek maiz egin behar izaten dituzte itzulpen lanak, eta, egia esan, logikoa iruditzen zait zalantzak sortzen zaizkionean deitzea. Trebea da itzulpenean, eta sen ona du, eta ederki daki behar adina urruntzen jatorrizko testutik euskarazko testu egokiak sortzeko, baina ongi dakigu denok itzultzaile bakartiaren sindromea zein gogorra den, eta zer ondorio latzak izan ditzakeen.

Lehengoan, mezu-truke hau izan genuen:

Kaixo, Fernando:

Mezu hau ez diat bidaltzen zuzenketaren bat eskatzeko, perlatxo bat erakusteko baizik. Horrelako perlen zerrenda bat bildu eta liburu bat argitaratuko dudala uste diat.

Orain berriro, aipatu genian ba, gaztelaniazko aldrebeskeriaren bat? Gogoratzen haiz? Ba… Esaldi pare bat bidali zidatek itzultzeko, eta, hasi naizenean, begira zerk egin didan salto begietara, atzapar eta guzti: «Las personas infantiles no vecinas…». Polita, e? (Emaiok hori itzultzaile automatiko bati eta… Hori masakre linguistikoa!)

Kontua hauxe omen zen: igerilekuetarako tarifak finkatu ditu udalak, eta igerilekuetarako udako abonuaren prezio desberdinak daude, pertsona heldua edo haurra izan, herrikoa izan edo herritik kanpokoa izan.

Irri ederrak egin genituen, eta, jakina, euskaraz, «haurrak» jarri zuen nire lagunak. Baina, iruditu zitzaigun ona zela gaztelaniazkoa ere aldatzea, barregarri geldi ez zedin.

Ander Irizar lankide eta adiskideak txiste polita ere egin zuen horren kontura:

–Oye, tú te casaste, ¿verdad?
–Sí.
–¿Y tienes alguna persona infantil?
–Sí, tengo dos personas infantiles: un niño de 9 y una niña de 7.

Itzulpenaren eskatzaileari gaztelaniazko testuaren desegokitasunaz ohartarazten saiatu zen nire laguna, baina, egia esan, oso emaitza onik gabe. Zeren, handik laster, beste mezu hau bidali zidan:

Kiroldegitik bidali zidatek eta ez diat aguantatu, eta deitu egin zioat. Esan zioat: una persona infantil no es un niño/a (generalmente es un/a imbécil; hori ez zioat esan). «Niños/as» ez omen zian jarri nahi, eta, «personas infantiles» desegokia zela esan eta gero, «personas de categoría infantil» jarri ditek, kiroletako sailkapena erabilita (beste katastrofe bat). «No vecinas del pueblo» beste kategoria bat bezala zeukatek kiroldegian. Euskaraz «herriko bizilagunak ez diren haurrak» jarriko diat, eta esan diezadala horiek ez direla kiroldegiko kategoriak. Bueltan nokierokoren bat adituko dik. Hori, ez gaztelaniaz eta ez euskaraz, ez dela hizkuntza, ezta hitz egiteko modua ere; ez haurrei eta ez helduei (kar, kar).

Eta Anderrek bigarren txistea sortu zuen:

Ez zekiat zer den okerragoa…
Hala ere, itzulpenean «haurrak» jarriko zian, ezta?
Y Jesús les dijo: «Dejad que las personas de categoría infantil se acerquen a mí».

Ez dut hizkera sexista saihesteko proposamenei buruzko eztabaidarik piztu nahi.

Besterik gabe, denok ederki dakigun zerbait nabarmendu nahi dut: problema, maiz, jatorrizko testuan izaten dugu, eta, itzulpena ez ezik, jatorrizkoaren zuzenketa lana ere egitea izaten da gure eginkizunetako bat.

Azkenaldi honetan, adibidez, pertsona hitza bultzatu behar dela diote batzuek. Euskaraz, jakina, gehienetan, ez da beharrezkoa. Erdaraz zer jarri nahi duten eta zergatik beste kontu bat da, nahiz eta niri, askotan, min pixka bat ematen didan begian eta belarrian.

Lehengoan ohartu ginen, esaterako, Nafarroan argitaratu behar genuen lege batean «pertsona jabeak» genuela idatzita. Zergatik? Erdaraz «personas propietarias» zegoelako. Bistan da non dagoen jatorria: «propietarios»etik «propietarios/as»era egin zuten salto lehenbizi. Hurrena, hori saihesteko, «personas propietarias»en alde egin dute. Eta norbaitek (edo guk), azkenean, amua irentsi. Oraingoan, garaiz ohartu, eta zuzentzeko modua izan dugu.

10 erantzun “Hamaika itzultzeko jaioak gara (2)” bidalketan

  1. Bideo-joko baten antza hartzen diot, gero eta gehiago, gaztelaniazko testu bat euskaratzeari. Tranpaz beteriko eremuan aurrera egin beharra, poliki eta erne, euskara azken lerroraino bizirik helduko bada…

  2. Ez du zerikusi zuzenik gaiarekin, baina “pertsona” hitzaren erabilera aipatu denez burura etorri zait zalantza bat. Niri ez zait zuzena iruditzen esaldi hau, tarteka antzekoak entzuten eta irakurtzen diren arren: “Lagun bat hil da Artiedan izandako auto isptripuan”. Bi balira hildakoak, egoki legoke “Bi lagun hil daira Artidedan izandako auto isptripuan”; baina bakarrarekin ez al genuke “pertsona”, “gizonezko”, “emakume” edo antzeko zerbait erabil behar, hildakoa “lagunik gabe” hil denez, bakar-bakarrik?

    1. Juan Luis, errespeto eta prudentziaz esan behar dira honelakoak, baina nik esango nuke gurean oso ohikoa dala “lagun bat” esatea, lagunik gabe bada ere. “Hara, han doa lagun bat” esango genuke, esaterako, mendian urrunean ikusten dugun pertsona bategatik. Beste barik.

  3. Errespetuz eta prudetziaz esanda, Juanjo, oso ohikoa da “aurreratu dizut” edo “ikusi dizut” esatea ere; “aurreratu zaitut” edo “ikusi zaitut” baino askoz ohikoagoa, inguru askotan behintzat. Baina ni behintzat ez nago oraindik hori ontzat emateko prestatua (ikastaro bat beharko dut horelakoetara ohitzeko). Ohikoa ez ezik, zuzena ere bada “Lagun bat hil da Artiedan izandako auto istripuan” esaldia? Hori da nire galdera. Eta kontrako erantzunik jaso artean nik ezekoan jarraituko dut, ohiturak ohitura.

    1. Konforme, ez dut ondo esplikatu. “Ohikoa” esatean huts egin dut, ameneko. Gainera, gaur egungo erabilerari erreparatuta, adiera horretan “pertsona” izango delako nagusi, seguruenik. Gazteek ez dute ia “lagun” erabiltzen adiera horretan, gure inguru erdaldunduan behinik behin.
      Halandaze, ohikotasuna ez da nahikoa oinarri nik adierazi nahi nuena argitzeko. Gure herriko euskaldun ia elebakarren ahotik entzuten dela “lagun bat” hori, hori esan nahi nuen. Euren bizimodua kasik euskara hutsean egin duten horiek hartzen ditugu askotan zuzentasunaren neurritzat, edo euskara onaren erreferentziatzat, edo dena delakotzat. Nik ere neurri horretan oinarritu nahi izan dut “lagun bat” zuzentzat hartzea. Badakit euskaldun kasik elebakar berak esaten duela askotan “ikusi dautsut” “ikusi zaitut”en lekuan gurean, eta badakit hori ez dela zuzena, eta abar, baina senak esaten dit ez daudela parean “lagun bat” eta “ikusiotsut”.
      Zure galderari erantzunez, “Lagun bat hil da Artiedan izandako auto istripuan” zuzena da nire iritzian. Zuzena, nire iritzian. Nik ez nioke erabilera horri aterik itxiko.

      1. Lagun hitzak, besteak beste, ‘pertsona’ adiera du eta inoiz ‘animalia’ (edo ‘patari’, ‘piztia’…) adierari kontrajartzea agindu dezake testuinguruak. Antzeko zerbait gertatzen da ‘kristau’ hitzarekin ‘pertsona’adiera duenean eta ‘animalia’ adierari kontrajartzen zaionean. Horrelakoetan, ohikoa eta, nire ustez, zuzena da singularrean edo ‘bat’ lagun duela erabiltzea.
        Nabarnizen, Juanjok aipatu duenaren antzeko testuinguru batean jaso nuen lagun hitzaren erabilera-adibide hori: «Gauaz, ikusten ez baduzu eta zarata entzuten baduzu, (esaten da) “Hori laguna ez da izan, patariren bat izan da”».
        OEHn eta Mokoroarenean ere badago adibide bat edo beste:
        – [Txalupa] lagun bat eta auntz bat besterik artzeko ez zan gauza. “Una persona”. Berron Kijote 222.
        – (Bi lagun datoz an…) -Ez, lagun bat bakarra da: mandoa da bestea (N.B. Para el léxico, = persona) ARGIA (semanario).
        Testuinguru horretan, beraz, badu funtzio bat, aurrez aurre jartzen ditu kontzeptu bi, pertsona eta pataria (auto istripuaren adibidea desberdina izan daiteke).
        Alberto Mtz. de la Cuadra

      2. Mila esker, Juanjo, orain oso argi adierazi duzu zure ikuspuntua. Nik, nolanahi ere, esango nuke ez diedala sekula entzun nire herriko zaharrei “lagun bat” horrela erabiltzen. Baina ez nuke lepoa jarriko. Zalantzarekin jarrituko dut beraz.

  4. Benetan gogoangarria aipatu duzun adibidea, Fernando. Egia da itzultzaileoi maiz suertatzen zaigula sorburuko hizkuntzak markatzen duen haizearen norabideari aurka eginez nabigatzea, bai eta, batzuetan eta zuk esan bezala, jatorrizkoa bera ere alda dadin proposatzea, eta zenbait hizkera artifizialen aurrean jatortasuna aldarrikatzea. Laburbilduz, guztiz ados nago zuk adierazitako iritziarekin.
    Dena den, uste dut komeni zaigula argi eta erne ibiltzea, ez dadin gerta (eta gertatzen ari da, nire ustez) jatortasunaren aldeko gomendio errepikatuak azken batean zer eta itzultzaileok jatorkeriarantz bultzatuko gaituen haizete bihurtzea. Niri, orokorrean, gaur egun kezkagarriagoa iruditzen zait jatorkeriarako joera, zure artikuluan azaldutako artifizialkeriarakoa baino.
    Koxka datza bi keria horien artetik onik irteteko oreka aurkitzean, eta horretarako itzultzaileari haztapen-lan arretatsua egitea beste aukerarik gelditzen ez zaiolakoan nago.
    Zeren eta hortxe dituzu “ASORNA-Asociación de Personas Sordas de Navarra” bezalako adibideak. Haiek beren elkarteari “asociación de personas sordas” izena ematea erabaki badute, ziur egon gaitezke “sordos y sordas” jartzea saihesteko egin dutela? Ala agian “asociación de sordos /sordas” zakar samarra gera daitekeelakoan? Alegia, “persona sorda” “sordo/a”ren eufemismo gisa harturik?
    Hala balitz, izen horren itzultzaileak gogoeta egin beharko luke ea euskaraz zilegi eta egoki den “Nafarroako Pertsona Gorren Elkartea” izena erabiltzea (horixe du euskarazko izena –nire ustez egokia da–, bere webgunean ikus daitekeenez) ala “Nafarroako Gorren Elkartea” jarri beharko lukeen.
    Kontu horrek, dena den, jadanik zahartxoa den beste bat ukitzera eramaten gaitu; hots, euskaraz eufemismoen erabilerak pairatzen duen atrofiarena, eta atrofia hori ona edo txarra izateari buruzko eztabaidara. Ez dut horretan orain sartu nahi; nolanahi ere, jadanik adierazia dut (2009ko SENEZ aldizkarian) atrofia hori negatiboa iruditzen zaidala. Horrela, eta jadanik aipaturiko adibide bat erabiliz, ingelesez “colo(u)red/people” edo gaztelaniaz “personas de color” eufemismoa erabiltzen bada, euskaraz ere eufemismo hori eman beharra dagoelakoan nago.
    Kontu mamitsua da, eta ziur nago gehiagotan ere agertuko zaigula horretaz mintzatzeko aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude