Engendrotxoak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Hizkuntzek berezkoa dute aldatzea eta bilakatzea. Ahoskera, doinua, hitzen adiera eta erabilera, joskera… Arinago edo astiroago, denak aldatzen dira. Aldaketa horietako asko ahoz aho zabaltzen dira gero, han-hor entzunak imitatuz. Baina ez duzue irudipena “okerrak” errazago barreiatzen direla “zuzenak” baino[1]? Esaterako, berba mutanteak, halamoduz eta akastun sortuak. Iraun eta iraun egiten dute, azkena emateko ahaleginak gorabehera.

Diska. 1993an eman zion zartakoa Euskaltzaindiak, baturako disko forma erabakitzean. Baina gogorra da, eta noiznahi jotzen dizkigu erasoak.

Filme. Batez ere zinemaldietatik elikatzen da piztiatxo hau, orain hamasei urte ‘film’ formaren alde egin zenetik.

Ekipaia, erreportaia, makilaia, sabotaia, tatuaia eta konpainia. Hiztegi Batu oinarridunak honela dio: “-aia/-aje: irizpide gisa, ez da -aia moduan egokituko mailegu berririk, tradiziokoak bere hartan utzirik, noski.” Tradizioko multzoan, ekialdeko euskaran aspaldi errotutako bidaia, bisaia, domaia, kuraia, muntaia, pasaia, pertsonaia, usaia eta xantaia ditugu erabilienak. Baina -aje > -aia bide emankorra izan da munstroak sortzeko eta ugaltzeko. Masaia-k masailari munduratu zuen (eta ez masailetan masajeak ematen dituena aipatzeko), eta mundualdi laburreko metraia-k bi kume itxurabako izan zituen, zein baino zein ibiltariagoak: luzemetraia eta laburmetraia. Luzemetrai eta laburmetrai, lagunentzat[2].

Ingelera. Errimea, orain gizaldi bat berarekin bateratsu jaio zen prantzera mengelaren aldean. Bizi da bizi ingelera, eta ez nonahi: irakasleen ahotan eta eskola umeen notetan ageri da sarritan.

Suposatu. Berba mamua. OEHk jasota dauka, 1733ko katixima baten adibidea ekarrita. Ez ikusi egin diote, ordea, gainerako hiztegi orokorrek. Kalkoen behatokiak adiera bat salatu dio (ekarri edo eragin-en lekua hartzen duenekoa), baina hor dabil suposatu, hormak nahi bezala zeharkatzen[3].

Sukaldatu. Aurrekoa mamua bada, hau mamu eta erdi. Hiztegi batek ere ez dakar, baina kate hotsean dabil hara eta hona, kozinatu “erdaldunari” janari lapurren. 178 agerpen ETCn; lehenengoa, 2001ekoa.

Eta atzena, baina ez hutsena, husna. Zenbakiekiko mimetismoz ez-zenbaki baten gainean sortua. Orain dela hogeitaka urte Euskaltzaindiak ETBri egindako oharretan egin zen akabatzeko lehenengo saioa. Beste hainbat etorri dira gerora. Alferrik.

Badira gehiago ere. Egunotan inguratu zaizkidanak baino ez ditut ekarri hona.

 


[1] Okerra eta zuzena zer den, oso erlatiboa da (Euskaltzaindia izena bera okerra da sorkuntzaz), baina oro har euskarazainen eta preskriptoreen iritzia hartzen dugu horretarako irizpide.

[2] Munstro guztiok badute alter ego formalagoa: masaje, masajista, film labur eta film luze.

[3] Nola Erran hiztegiak badakar, Iparraldean forma arrunta den seinale.

8 erantzun “Engendrotxoak” bidalketan

  1. Noski, ‘seguru eta jakina’ren adieran; usantza klasikoan, ‘dakidan bezainbat’ baten balioa izan duenean.
    Jatorriz, ‘nago’ adberbializatu eta sinkopatu bat da; alegia, nago + ski. Horrek esplikatzen du ‘naski’ eta ‘noski’ bi formen perdurantza.

  2. «Masai» horren kontura aspaldi zabaldu zuten Sustatu albistegian atal oso bat, «masai-ikastaroa» izenekoa, euskarazko xelebrekerien bilduma:
    http://sustatu.com/artxiboa/masai-ikastaroa

    Google-en begiratu bat ematen badiozu, hor ikusiko dituzu, bizi-bizirik, «haur masai ikastaroak» eta gisakoak. Twitter-en ere erabilia da #masai-ikastaroa traola, euskaraz egindako aldrebeskeriak aipatzeko.

    Eskola mundua joria da «ingelera» eta gisakoen asmamen horretan, arrazoi duzu. Beste ale bat zerrendarako: «tutoritza». Gaztelaniazko «tutoría» eta «-tza» euskal zigilu eztabaidaezina fusionatzen duen mutantea.

  3. Bikoitz dobleren partez erabiltzea. Hemen, purismoa eta maileguaren beldurra badabiltza tartean. Adibidez, pilotari batek 22-11 irabazten duenean eta komentalariak tanteoan bikoiztu egin duela dioenean. Punta bikoitza bi puntaduna errateko ongi da, edo balio bikoitza bi balio errateko, baina kopuru doblea delarik eta bikoitza erraten denean kalko makur bat da.

  4. Bai, Iratxe, -aia ugari bazterrotan (zenbat “engranaia” makinetan!). Bada bat adibideetan aipatu ez duzuna, baina zure lan-inguruan egunerokoa, eta are ordurokoa, zena: “editaia”. ETBko langile euskaldun guztiek “editaia egiten zuten editaia-geletan” nik Miramonen lan egin nuenean. Azken boladan ez naiz han ibili, dena den. Hitza bazterreratzea lortu duzue zuzentzaile saiatuok?
    Bestalde, “suposatu” aditzarena bazterreratzea zailagoa da. Ez, jakina, aukerarik edo ordain jatorrik ez dagoelako, baizik eta “eragin, ekarri” ez den beste adiera batean aski erabilia delako euskaraz (“Suposatu zuen Susanak San Juan lo egongo zela” gisakoetan); Ereduzko Prosan begiratzea besterik ez dago ikusteko oso erabilia dela testu zainduetan ere. Eta hor dago problema: adiera batean bai, erabil daiteke, baina beste batean ez. Eta behin atea irekita, ardi txuriari pasatzen utzi ondoren, ez da hain erraza haren atzetik datorren ardi beltzari pasatzen ez uztea.

  5. Aitortu behar dut blog honek tarteka-tarteka harritu egiten nauela, non-ea ez nauen sulfuratzen. Kasu honetan, dena den, harritze-fasean geratu naiz edo, agian zehatzago, txunditze-fasean.

    Lehen oharra: bizidun oro, gu geu guztiok, besteak besteak, gure bizitzaren aldi batean engendroak izanak gara, eta ondo ederrak atera gara (tira, dira, zehatzago esanda) batzuk, hala eta guztiz ere. Beraz, zertan oinarritzen gara ezein hitz (metaforikoki, zehatzago esanda) engendrotzat jotzeko?

    Eta bai, badakit, ez zaitezte zuek ere neu bezain azkar eta erraz sulfuratu. Badakit irakurtzen ari zareten asko eta asko orduak eta orduak daramazuela hegan (urte asko batzuen kasuan, zehatzago esanda), eta denbora asko, benetan asko, dedikatu diozuela kontu hauetaz hausnartzeari (neuk ez bezala, zehatzago esanda). Baina hala eta guztiz ere, ez al zaizue iruditzen “engendroen zerrendak” ateratzeari ekitea, ez dakit nola esan, ez dela serioa?

    Hola, bat-batean esanda, zehaztasunik gabe.

    Edo har dezagun adibide zehatz bat: “suposatu”. Gaur egun, barka hala esatea, kristo guztiak erabiltzen duen hitza, inolako arazo berezirik gabe. Gainera (dirudienez, ez dut begiratu) OEHn ere agertzen da (tori!). Zer daukazue horren kontra? Ez, mesedez, ez egidazue esplikatu, ez da hori kontua.

    Zeren neuk, egia esanda, kontrako zerrendak egitea proposatuko nuke, hau da, arrakasta itzela izan duten “engendro ” berri eta dokumentatuen zerrenda. “Kafesne”, adibidez, “akeita” bezain engendro bere hastapenean (horrela izan zela suposatu behar dugu), baina “hitz ederra”-ren estatus dudaezina berehala lortu zuena, besteak ez bezala. Edo “telebista”. Eta abar.

    “Garatu” hitzaren sorreraz esplikazio benetan xelebreak entzunda nago ni, eta gaur egun esango nuke inork ez duela zalantzan jartzen. Zergatik? Hori da benetan jakin nahi nukeena nik neuk. Baliagarriago litzateke denontzat, gainera. Zeren gure hizkuntza eder hau oraingoz engendro asko eta askoren premia larrian dago. Urjenteki, sarritan.

    OHARRA: barkatu, Iratxe, mezu honen xedea da fokua beste aldeari begira jartzea, ez inoren ekarpena zapuztea. Ekarpena bera, bere horretan, oso interesgarria delako. Gaiari heltzeko ikuspuntua da kritikatu nahi izan dudana.

  6. Jabetuta nago ez dudala oso izenburu egokia aukeratu, eta konturatuta nago ‘suposatu’ ezlekuan dagoela berba “akastunon” artean. Okerren zerrenda bat egin baino gehiago, neure harridura erakutsi gura izan dut aspaldi gaitzetsitako hainbat berbak oraindik daukaten indarragatik, hiztun onen artean ere. Beste adibide bat gertatu zitzaidan atzo bertan. Barakaldoko musika talde bat atera zen Gaur Egun albistegian, bigarren lana kaleratu duela eta. 17-20 urte bitarteko mutilak dira, eta zer eta ‘diska’ esaten zuten. Albistea egin zuen bekadunari ere zuzendu behar izan nion. Eurak jaio orduko gaitzetsi zen ‘diska’ Hiztegi Batuan.
    Oso bestelakoa da ‘suposatu’ aditzaren kasua. Mamua dela esan dut testuan: erabili erabiltzen da, usu gainera, baina hiztegiek ez diote lekurik egin nahi izan. Ez dago aitortuta, eta horrek harritzen nau. Alfontsok azalpen bat eman du horretarako: behin ate bat zabalduta, erabilera okerrak ere ate beretik sartuko ote diren erreparoa. Nahikoa arrazoi ote da hori bazterrean uzteko? Dena den, arrazoi horrek ez du balio ‘probestu’ nafarraren kasuan, eta aditz hori ere ez da aintzat hartu hiztegi gehienetan. Oraintxe ikusi dudanez, 5000 hiztegiak bai jaso ditu bai ‘probestu’ eta bai ‘suposatu’.
    Alfontsori erantzunez, ‘editai gelak’ Iurretan gelditu ziren, eta haiekin batera, hitza. Ordenagailuan bertan egiten dira editajeak orain. Dena dela, ‘editai gela’ beste sasoi bateko berba da. Hiztegi Batuaren eta 1994ko Leioako Biltzarraren aurretik, “solorik solo” ibiltzen ginen denok, nondik jo ez genekiela. Orduantxe hasi ginen hitzen forma-eta apur bat finkatzen, ‘anbulategiak’ eta ‘monastegiak’ baztertzen, ‘parlamentari’ eta ‘parlamentario’ eta abar.
    Eskerrik asko erantzunengatik!

  7. “Barakaldoko musika talde bat atera zen Gaur Egun albistegian, bigarren lana kaleratu duela eta. 17-20 urte bitarteko mutilak dira, eta zer eta ‘diska’ esaten zuten.”

    Azalpen horrexekin eman duzu ‘diska’ hitzaren “arrakastaren” funtsa: gazteek erabiltzen dute musika-lanak izendatzeko. Beraz, erabilera-esparru zehatza du –argota– eta oso baliagarria eta aberasgarria da, Euskaltzaindiaren gaitzespena gorabehera.

Utzi erantzuna