Mintzagaiari deika (II)

Asier Larrinaga Larrazabal

Aurreko postean esan nuen esaldi batzuetan mintzagaia informaziogune bihurtuta aurkitzen dudala, eta informaziogunea, gehikuntza bihurtuta. Adibide gehiago agindu nituen post honetarako, eta hitza betetzera noa. Hona lehena:

(1a) Izan dezakezu dieta bat osasunerako ona dena eta ingurumenari ere kalte txikia egiten diona, baina hori bakarrik, bere horretan, niretzat ez da nahikoa esateko dieta osasungarria eta jasangarria denik.

Lehen adibide hori itzulpen bat da, oso gardena («puedes tener una dieta que sea…»), eta nik honela emango nuke:

(1b) Zure dieta, beharbada, ona izango da osasunerako, eta kalte txikia egingo dio ingurumenari, baina hori bakarrik…

Edozelan ere, ez dut uste subjektua mintzagai modura hanpatzeko beharrik dagoenik.

(1c) Beharbada, zure dieta ona izango da osasunerako, eta kalte txikia egingo dio ingurumenari, baina hori bakarrik…

Hurrengo adibidearen jatorria ohar ezagun bat da, datu pertsonalak eskatzen dizkigutenean orri-oinean jartzen dutena.

(2a) Zure datuak XXXk kudeaturiko datu-base batean jasoko dira, helburu komertzialekin. Zure datuak kontsulta ditzakezu, zuzendu, ezabatu edo erabilpen horietarako ukatu, azpiko helbidera mezu bat bidaliz.

 Bertsio asko daude, baina denetan sumatzen dut mintzagaia informaziogune bihurtuta. Horrelako bat nire eskuetara helduz gero, beti aldatzen dut. Alternatibak bat baino gehiago dira.

(2b) Zure datuak XXXk kudeaturiko datu-base batean jasoko dira, helburu komertzialekin. Zure datuak kontsultatzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edo erabilpen horietarako ukatzeko, mezu bat bidali behar duzu azpiko helbidera.
(2c) Zure datuak XXXk kudeaturiko datu-base batean jasoko dira, helburu komertzialekin. Zure datuak kontsultatu, zuzendu, ezabatu edo erabilpen horietarako ukatu nahi izanez gero, mezu bat bidali behar duzu azpiko helbidera.

Hurrengo adibide hauek ere itzulpenak dira; EiTBren estilo-liburuaren zirriborroko pasarte batzuk. Testua gaika dago antolatuta, baina paragrafo bakoitzak ideia independente bat biltzen du, gehienetan EiTBren jokabide ideala deskribatzen duen baieztapen gisa.

(3a) EiTB sare sozialetan dago erabiltzaileen leialtasuna lortzeko, markaren irudia sustatzeko eta Internetetik Taldera doan trafikoa bideratzeko, erabateko komunikazioa lantzen duen zerbitzu publikoa dela bide, lanbide eta bikaintasun irizpideetan oinarrituta.
(4a) EITBk bere misioa betetzen du telebista, irratia eta Interneteko kanalen bidez komunikazio-talde publiko gisa, eskaintza osatua eginez.
(5a) Erakundearen hedabide desberdinei haien iritzia eman edo adierazpenak egiten dizkieten pertsonei informatuko zaie horiei emango zaien erabilera, eta beren-beregi jakinaraziko zaie zein saiotan, egunetan eta ordutan emitituko diren.
(6a) Hauteskunde-gauean, emaitzak baloratzeko alderdi politikoen egoitzetatik egiten diren agerraldien jarraipena egingo da kronikaren edukia hauteskunde-giroaz kutsatu barik.
(7a) EiTBko kazetariek inkesta baten emaitzei doazkien irakurketa eta interpretazio egokia egingo dute inkesta egin duen enpresak edo inkesta eskatu duen erakundeak emandako titularrak kopiatu baino lehen. Horretarako, behar-beharrezkoa da kazetariak estatistika eta demoskopiaren inguruko oinarrizko jakintza edukitzea.

Testua EiTBtik kanpo euskaratu zen, eta, itzulpena jaso zenean, Zuzendaritzak goza nezala eskatu zidan, lehen irakurraldian ulertzeko moduan jar nezala. Goiko esaldiak honela moldatu nituen, nik mintzagaitzat jotzen nuena informaziogunetik atera eta mintzagai bihurtuta:

(3b) EiTB sare sozialetan egonda, erabiltzaileak fidelizatzea, marka-irudia promozionatzea, eta Internetetik Taldearen beste hedabideetara igarotzeko bidea erraztea lortu nahi da. Horretarako, komunikazio-zerbitzu publiko integrala, profesionala eta bikaina eskaini behar da.
(4b) Misio hori betetzeko, EiTBk hainbat kanal ekoizten ditu telebistan, irratian eta Interneten, komunikazio-talde publiko baten egitura hartuta, eta eskaintza osatua eginez.
(5b) Pertsona bati EiTBren hedabide baterako iritzia edo adierazpenak eskatzen bazaizkio, garbi azaldu beharko zaio bere hitzak zelan eta zertarako erabiliko diren, eta beren-beregi jakinaraziko zaio zein saiotan, egunetan eta ordutan emitituko diren.
(6b) Hauteskunde-gauean, alderdi bakoitzak bere egoitzan egiten duen balorazio-agerraldiaren jarraipenean, kronikak ez du hauteskunde-giroaz kutsatu behar.
(7b) Inkesten emaitzak direla eta, EiTBko kazetariak euren irakurketa eta interpretazioa egiten ahaleginduko dira, ikerketa egin duen enpresak edo hura eskatu duen erakundeak emandako titularrak erreproduzitu barik. Horretarako, behar-beharrezkoa da kazetariak oinarrizko prestakuntza izatea estatistikan eta demoskopian.

 Zalantzan egon naiz, baina, azkenean, jatorrizko testuak ere emango ditut, zerbait argituko dutelakoan.

(3c) La presencia de EiTB en las redes sociales busca fidelizar a la audiencia, contribuir a la imagen de marca y generar tráfico desde Internet hacia el grupo a través de un servicio público de comunicación integral y sujeto a criterios profesionales y de excelencia.
(4c) EiTB lleva a cabo su misión a través de sus canales de televisión, radio e Internet en forma de grupo público de comunicación, con una oferta completa.
(5c) Las personas que manifiesten su opinión o accedan a hacer declaraciones para los distintos medios del ente serán informadas del uso que se hará de las mismas, con indicación expresa del espacio, día y hora de emisión.
(6c) Durante la noche electoral, las comparecencias de valoración en la sede de cada formación política serán cubiertas sin que la crónica se contagie del ambiente electoral.
(7c) Las/los periodistas de EiTB tratarán de hacer una lectura e interpretación propias de los resultados de una encuesta, antes que reproducir los titulares que transmiten las empresas responsables de los sondeos o los organismos que se las encargan. Para ello, resulta imprescindible la formación básica en estadística y demoscopia.

Erantzun bat “Mintzagaiari deika (II)” bidalketan

  1. Gai hau giltzarria da testugintzan, eta ez dugu aski aztertzen. Itzulpengintzaren ikuspegitik, iruditzen zait bi arazo-mota izaten ditugula: lehena, informazio-egitura egiazki zein den identifikatzea (batzuetan ez da egoki harrapatzen); bigarrena, informazio-egitura hori esaldian islatzea, dagozkion baliabideekin (hurrenkera, lotura sintaktikoa, puntuazioa…).

    Uste dut gai honen ikuspegitik aztertzekoak direla dakartzadan bi adibideok ere. Bat itzulpena da, eta horrela dago webgune batean (ulertzen da zer esan nahi duen, baina…). Bestea, berriz, gaur goizean bertan entzun dut irrati batean:

    Trafiko eta eguraldi ona izanda ordutegi hauek beteko dira.
    Estos horarios serán posibles en circunstancias climatológicas y de tráfico normales.

    Bihar ipar-mendebaldeko haizea indar gutxirekin ibiliko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude