Koro Garmendia Iartza
Ez da lan samurra izaten beste hizkuntza batzuetan sortutako ekoizpenak gurera ekartzean pertsonaien izenarekin asmatzea. Marrazki bizidunen kasuan, adibidez. Kontuan izan behar da atalez atal euskaraz mintzatuko direla, gehienbat haurrak izango dituztela ikus-entzule, eta, pixkanaka, «ezagun» bihurtuko direla haien artean.
Materiala eskuetara iristen zaionean, besteak beste pertsonaiak izendatzeko pausoa eman beharra dauka itzultzaileak. Batzuetan, arazo handirik gabe egingo du hori ‒Nobita eta Sizuka hizkuntza guztietan dira Nobita eta Sizuka, kasu‒; beste batzuetan, ordea, zelula grisak gehiago nekatu behar…
Adibide bat jarriko dizuet. Esanguratsua eta aipatzeko modukoa iruditzen zaidalako. Little Bear hartza, marrazki biziduna, aski ezaguna da gaztetxoen artean. Kanadan du sorterria, eta herrialde ugaritara zabaldu da handik. Euskal Herrira, esaterako. Hemen, Hartz Txiki du izena. Lagun asko ditu; animaliak dira gehientsuenak, baina gizakirik ere bada tartean. Bereziki, aurrenekoen izenak dira hemen nabarmendu nahi ditudanak. Hartzaren lagunik onenek hauek dituzte jatorrizko izen: Duck, Hen, Cat eta Owl.
Euskaratzeko orduan, nahikoa zuen itzultzaileak, buruhausteetan murgildu beharrik gabe, besterik gabe euskaraz ematea: Ahate, Oilo, Katu eta Hontz. Horixe egin zuten, adibidez, portugesez: Pata, Galinha, Gato eta Coruja izendatu. Guztiz zuzenak dira. Eta ezin zuzenagoak izango ziren aipatutako euskarazkoak ere. Haatik, beste pauso bat eman zuen itzultzaileak; nolabait esatearren, bertoko kutsua emateko ahalegina egin zuen: ahateak Pattal du izena, oiloak Mokollo, katuak Zapi eta hontzak Gautxori. Ez al dira politak? Lan txukuna, benetan.
Ildo beretik joan ziren Frantzian ere. Izen aski politak hautatu zituzten pertsonaiak «etxekotzeko»: Cancane la cane, Picotti la poule, Chaminou le chat eta Ti-bou le hibou.
Askotan, itzalean gelditzen dira itzultzailearen ahalegina, ekarpena eta borondatea. Baina, batzuetan, eguzki-izpiren batek argi egiten du itzal horretan, eta iluntasuna argitzen: «Bai, merezi zuen».