Kalkoa eta analogia: «artatu»-z arta hartuz

Beñat Oihartzabal

Aditz batek ematen dit egungo gaia: artatu aditzak, zehazkiago erranik, aditz horrek izan ditzakeen argumentu objektuen gaineko murrizketek. Solasa, bizkitartean, beste aditz batekin hasiko dut: sendatu-rekin.

Era iragankorrean erabilia denean, sendatu aditzak bi jokabide onartzen ditu objektuari dagokionaz. Alabaina, alde batetik, eriak ager daitezke haren objektu gisa, edo, orokorkiago erranik,  eritasun batek joak izaten ahal direnak, izan daitezen jendeak, animaliak edo gaitz-leku gerta daitezkeen hauen atributuak (arima, eskua, zauria, …), baita metaforaz gaixotzen ahal direnak ere (hizkuntzak, arteak, …).  Beste aldetik, eritasunak adierazten dituzten sintagmak ere izan daitezke sendatu aditzaren objektuak (gaitzak, sukarra, minak, …). OEHan bi aukerak elkarretarik garbiki bereiziak ez badira ere, argi da han ematen diren adibideetan, XVII. mendeaz geroztik bederen, bi objektu motekin erabilia izan dela sendatu. Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere adierak elkarretarik bereizik biltzen ditu bi aukerak. Hona zenbait adibide, XVII. eta XVIII. mendekoak:

Eriaren sendatzeko indazu iakitea (Etcheberri Ziburukoa)

Ea senda dezakedan eztakit erhasuna / Arima konfesionez senda zazu lehena (Etcheberri Ziburukoa)

Jinkoa othoi ezazu eta hark sendatuko zaitu (Tartas)

Hau da erhasun bat sendatzeko gaitza (Etcheberri Sarakoa)

Sendatuko dut zure aur elbarria (Mendiburu)

Sakramendu Saindu hau arimako eta gorphutzeko salbamendua da, eta gaitz ispiritual guzien erremedioa, hunek gure bizio gustiak sendatzen ditu.  (Arrambillaga)

Euskarak, badu bestalde, beste aditz bat, artatu, Hiztegi Batuak Iparraldekotzat ematen duena, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian zaindu aditzaren bidez definitua dena. Ikus hemen aditz horri dagokion sarrera:

artartu, arta/artatu, artatzen du. Ad.  Ipar. Zaindu. Azienda ongi artatuak. Eriak artatu. Nork bere burua artatu. Serorak ditu elizak artatzen.

OEHan ikus daitekeen bezala, artak hartzen ahal dituzten guziak izan daitezke artatu aditzaren objektuak:  jendeak, eta baita animalia edo landareak eta gauzak ere, ondoko adibideek erakusten duten bezala:

Eriak arthatzen zituen, hilak ehorzten. (Arbelbide)

Berak behar zuen bere burua arthatu. (Elissalde)

Osasuntsu naduka ni aize garbiak / artatzen ditudala behi ta ardiak. (Xalbador)

Gorphutz hau, hainbertze arthatzen eta lausengatzen dudana, ustelduko da. (Jauretche)

Nork ditu artatuko, aita-ama maiteak, / Zuen tonba-gainean nik eman loreak? (Elissamburu)

mahastia ongi artatua zuten (JB. Etxarren-Lohigorri)

Haatik, ez da adibiderik agertzen non artatu-ren objektuak artatzearen beharra sortzen duen gaitza, edo kausa, adierazten baitu. Euskaltzaindiaren Hiztegian ere ez da horrelakorik aipatzen (ikus gorago kopiatu sarrerako adibideak).

Iparraldeko XX. mendeko eta gaurko testuak biltzen dituzten corpusei behatuz gero, ordea, honelako adibideak agertzen dira:[1]

Begietarik sofritzen dutenak doazila beren gaitzaren arthatzerat, Miarritzen aurkhitzen den etxe berezirat (1912ko Almanako iragarkia)

paralesia baten artatzeak bide luzean sartzen ditu aitamak, eta xahubidean (J. Etchepare, medikua)

Hezurren antolatzen bezen trebe zen Baltatzar arrunteko gaitz batzuen artatzen (Elissalde)

medikuntzan espezialiszta berriak behar dira eritasun berri horren artatzeko (X. Arbelbide)

Nun ere baita oinhaze bat eztitzeko, eritasun bat artatzeko, …, han kausituko ditutzu Jondoni Bixintxok finkatu kongrega bereziko serorak (JB. Etcheberry)

elgarren arteko multxo batzu egiten dituzte girixtino ainitzek, arras ontsa badakitelarik zer irriskatzen duten: edo lanaren galtzea, edo preso joaitea, edo ospitale berezi batzuetan sartzea, beren buruko nahasduraren artatzeko (J. Hiriart-Urruty gaztea)

1918ko urtetik goiti, hetika edo bularreria artatzen hasten dira Kanbon eta dotzena bat erietxe sortuko dira bi gerlen artean (M. Itzaina)

Ezontsa horiek gaizki edo batere ez dira artatuko, ospitalean oherik aski ez delakotz edo farmazian erremediorik ez (G. Joannateguy)

Ez jin ondoko egunetan gure bila, zure errematismen artatzeko! (P. Larzabal)

Bi eritasun mota artatzen dira hor nagusiki: errumatismak eta hats-nekeak (Herria)

Hamar bat adibide, baxenabartar lapurterazko tradizioaren jarraikitzaile diren idazle batzuenganik hartuak. Erran ote daiteke, orduan, kontuak garbi direla, hots, artatu aditzak, objektu gisa, gaitzak edo eritasunak ere hartzen ahal dituela? Neurri batean, bai, kontuan izanik Etchepare medikua, Elissalde, Etcheberry, Larzabal edo Hirart-Urruty gaztea bezalakoen lekukotasunak agertzen direla horko zerrendan. Halere, artatu aditza agerraldi anitzeko aditza da corpusean, baina goragokoak bezalako adibideak, araberan, guti. Ez da dudarik, beraz, artatu aditzari dagokion objektua, normalean, beste erakoa dela. Horregatik zukeen erabilera hori isildu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Kasu honek, ene ustez, franko garbiki agertzen ditu aditzen erabilmoldea kanbiaraz dezaketen bi faktore mota, hizkuntzaren begiraleek modu desberdinetan ikusten ohi dituztenak: kalkoa eta analogia. Azal dezadan hori hobeki.

Euskarazko artatu aditzaren baliokidea frantsesez soigner da. Aditz honek berdin eriak edo eritasunak adierazten dituzten sintagmak har ditzake objektu gisa: soigner les malades / soigner une maladie. Artatu aditzak, aldiz, hastean bederen, osagarriko gaitzen testuinguruan erabilirik, eriak bakarrik agerrarazten ahal zituen objektu gisa, ez gaitzak. Erabilera berria, beraz, frantsesari egin egiturazko mailegu baten ondorioa izan daiteke, euskarazko ‘gaitz baten artatzea’ frantsesezko ‘soigner une maladie’  perpausaren kalkoa izanik.

Bestalde, eriez doalarik solasa, artatu eta sendatu auzo aditz dira (holakorik erran badaiteke). Ez elkarren baliokide beteak halere, lehenak aritzeari berari – arta emateari – behatzen baitio (artatzeak ez du sendatzea segurtatzen), eta bigarrenak, berriz, ondorioari (sendatzeak eritasuna desagertzea edo inplikatzen du). Pentsa daiteke, bizkitartean, batak dituen argumentu egiturako alternantzia jokoak analogiaz hartu dituela besteak.[2] Eta, ondorioz, eriak eta eritasunak sendatzen ahal diren bezala, orain eriak eta eritasunak arta daitezkeela. Ikuspegi horretan, erabilera berria, euskararen barneko bilakaera baten ondorioa da.

Erran gabe doa, bi azalpen horiek ez dutela, baitezpada, elkar kanporatzen, eta kalkoa eta analogia, biak, izan zitezkeela bilakaera horren eragileak.


[1] Mota horretako adibide gehientsuak XX. mendekoak dira. Halere, Hiribarrenen lanetan jadanik agertzen dira horrelako erabilerak. J. P. Arbelbideren liburuetan ere aurki daiteke bat edo beste.

[2] Analogiaren oinarrian den eredua garbitu aditzari dagokiona bide da. Holako aditzetan, kentzen den zerbait (locatum) eta kentzea gertatu den lekua (locus) bi moldetan agertzen dira alternantzia sistematiko batean: ura zikinkerietarik garbitu (objektua: locus) → zikinkeriak garbitu (objektua: locatum). Badaiteke, urrunago joanik, locative alternation deitua izan den alternantziarekin lotura izatea. Halere, kontua ez da guziz  garbia. Literatura zabala bada kontu honetaz, arras guti, haatik, oker ez banago, euskarazko datuetan oinarritzen denik.

4 erantzun “Kalkoa eta analogia: «artatu»-z arta hartuz” bidalketan

  1. Esango nuke egungo hedabideetan «artatu» aditzaren agerpenak erabilera zaharraren ildotik doazela: objektua istripuren batean zauritutako pertsona izaten da, edo medikuaren kontsultara doan gaixoa, edo egoitza batean zaintza berezia behar duen adinekoa…, eta, esanguraren aldetik, sendatzera zuzendutako aritzea adierazten du, edo gaitzaren mina eta pairamena arintzeko zaintza, edo gaixorik dagoenaren zaintza beste barik.

  2. Bi mailegu horien etorkiari buruz:
    Sendatu: cfr. latin bulgarrezko sedantare: sedans -antis (latin klasikoz sedare: ematu, aplakatu)
    Arta: cfr. artus -a -um: hertsi, estutu, mugatu; gaztelera zaharrez: artación “reducción quirúrgica de un orificio”

  3. “Erran gabe doa, bi azalpen horiek ez dutela, baitezpada, elkar kanporatzen, eta kalkoa eta analogia, biak, izan zitezkeela bilakaera horren eragileak.”

    Ondo ulertu badut, beraz, katu zuria, katu beltza, zer axola dio saguak atzemanez gero.

    Ez dudana ondo ulertu, ordea, da ea kasu zehatz bati buruz ari ote zaren, ala gaur egungo euskararen izaerari buruzko nolabaiteko axioma orokor baten gisan hartu behar ote dugun baieztapena.

    Zeren hori hala balitz, kalkoei buruz dugun uste orokorra berraztertu beharrean izango ginateke guztiok (edo baten batzuk behintzat).

  4. Esker mila oharrengatik.
    Prudenek egiten didan galdea den bezainbatean, erran dezadan ez dudala kalkoez eta analogiez dotrinarik, ez zabalik, ez hertsirik, aurkeztu nahi izan. Bai kalkoetan eta bai analolagiazko bilakaeretan, blogean aipatu bezalako alternantzia jokoak izan daitezkeela agerian eman nahi izan dut, besterik gabe. Holako lerratze edo zabaltzeak kontaktoak eragin ditzake, baina kalkoz abiatu aldaketek aitzinetik hizkuntzan den era bereko edo bertsuko alternantzia egitura batekin bat egiten badute, aiseago eginen dute bide. Horrela uste izan genezakeela niri iruditzen, bederen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude