Iñaki Iñurrieta Labaien
Diodan bertatik, badaezpada: izenburu hori ez da nik asmatua. Arestiri hartu diot. Hauxe idatzi zuen bilbotar poetak 1972ko «gau erdiren batean», Hiztegi Tipiaren sarrerarako: Zinki eta finki esperatzen dugu (akaso euskara unibertsitateen paret-artean murgilduko denean), etorkizuneko jenerazioek derrigor itzuli beharko dutela «back to Leizarraga». Ortografiaz eta hiztegi-kontuez ari zen, baina sintaxi-kontuez ere badugu zer ikasia Beskoitzeko apaizarengandik.
Jesus Maria Agirrek estilo jarraituaz jardun zuen bere azken sarreran, eta iruzkin segida interesgarria etorri zen ondotik. Prosa lotuaren beharraz, sinplea/erraza bitasunaz, plain language edo hizkera argiaren aldeko joeraz… Bat egiten dut han esandako hainbat gauzarekin. Askotariko estiloak behar ditugu, luzean zein laburrean jokatzeko, noranahi iristeko modukoak.
Egia da hizkera espezializatuen konplexutasunak estilo sintaktikoki konplexua eskatzen duela askotan. Bestetik, plain language delakoa, hizkera argia, ez da euskararen ezaugarri sintaktikoek halabeharrez ekarritako zerbait; beste hizkuntza batzuetatik iritsi zaigun kontzeptua eta xedea da; azken buruan, kalitate demokratikoarekin du zerikusia. Bestalde, testu jarraitua eta aldi berean korritzen duena idaztea ez da erraza, baina ezta sinpletasun betea lortzea ere. Orain, dena den, badirudi luzean egiten dugula batez ere herren.
Ez da kontu berria, Villasantek ere idatzi zuen gaiaz orain 25 urte. Europako hizkuntza garatuen kultur prosa aldarrikatzen zuen euskararentzat ere, eta horretarako euskaran bertan genuela eredua. Gure prosista zaharrak aztertu behar genituzke, zioen, ahazturik dugun gure tradizio zaharra berraurkitzeko[1]. Badira hogeita bost urte frantziskotarrak hori idatzi zuela, eta urteotan asko landu da euskal prosa, asko itzuli da, baina oraindik ere hortxe ari gara gai berari bueltaka.
XVI. mendean hasten da gure tradizioa. Garai hartan, Europako hizkuntzak latinari ari zitzaizkion nagusitzen; nola, eta latinaren ereduari jarraituz. Besteak beste, latinak grekoari hartutako periodoak eta klausula periodikoak moldatzen ikasiz (periodoa: perpaus nagusi bat eta haren bueltan zenbait mendeko; klausula periodikoa: batez ere koordinazioz lotutako perpausek osatutako esaldia[2]). Pentsamendua horrela antolatzeko eredu hori, hain bistakoa iruditzen zaiguna, hain naturala, grekoek hasi eta latindarrek segida eman eta garatua da. Europako hizkuntzek eredu horri jarraitu zioten. Baita euskarak ere; ezinbestean, hots, ez zuelako besterik.
Leizarragaren testuetan[3] nabari-nabari ageri zaizkigu esaldi periodiko horiek. Hemen adibide bat:
Guk dugu sinhesten,
ezen fedean Espiritu sainduaren grazia sekretuz iluminatzen garela,
halako maneraz non hura baita jainkoak plazer dienei emaiten drauen dohain graziazko bat eta partikular bat;
hala non fidelek ezpaitute zertzaz glorifika ditezen,
baina dirade obligatuagoak,
zeren bertzetarik abantail preferitu izan diraden;
eta etzaie elejituei fedea emaiten behin bide onean ezartzeko solament,
baina finerano hartan kontinua eraziteko ere bai;
ezen hatsea bezala akabatzea ere Jainkoari apertenitzen zaio.
Pasarte hori dena segidan dator jatorrizkoan, baina nik esaldi periodikoa osatzen duten perpausen arabera zatitu dut, errazago ikus dadin nola dagoen artikulatua eta bildua prosa molde hori, jarraitua eta korritzen duena aldi berean; errazago suma dadin darion erritmoa, zeinean zerikusi handia baitute lerro bakoitzaren hasieran beltzez jarri ditudan bide-seinaleok: testuari koherentzia eta kohesioa emateko erabili diren lokailuak, sintaxia egituratzen duten juntagailuak, izenordain erlatiboak.
Bide-seinaleak: testu irakurgarriak egiteko ezinbesteko gakoetako bat, atzerakarga ezinezkoetatik babesten gaituztenak; ezinbestekoak, irakurketan abiatzen garenean, estropezu eta atzera-aurrerarik gabe jomugara iristeko.
Herenegun bertan zioen Igone Zabalak bere sarreran, sintaxi-kateak prozesatzeko erraztasun-maila zuzenki proportzionala da sintagmen buruetara heltzeko prozesatu behar den hitz-kopuruarekin; horrek azaltzen du zergatik SOV tipologiako hizkuntzetako hiztunek ere —besteak beste, euskaldunok— nahiago dituzten (ditugun) aditzak eta mendeko perpausen konplementatzaileak aurreratuta dituzten esaldiak, subjektuaren eta aditzaren artean tartekatutako osagai askoko kate luzea gertatzen denean.
Lan horretan, pausaleku zaizkigun eta nora goazen jakiten laguntzen diguten bide-seinaleak behar ditugu. Denoi pasatu zaigu, askotan, Asier Larrinagak Igonerenak iruzkinduz kontatzen zuena ere: abiatu gara testu bat irakurtzen, eta bidean aurrera samar, ohartu gara oker irakurtzen ari ginela testua, eta atzera-martxa sartu behar izan dugu. Bide-seinale egokien faltaz gertatu zaigu hori, noski.
Trebatu beharra dugu geure testuetan eraikitzen ditugun bideak seinale egokiz hornitzen, bertatik ibiliko direnak ahalik errazen bidaia dezaten, proposatzen zaien paisaiaz ondo jabetuz, arreta osoa gida-lan nekosoan jarri beharrik gabe. Eta horretarako, komeni zaigu back to Leizarraga eta beste idazle zaharretara itzultzea.
Esan ze arras gogo onez dudala iracurri Iñurrieta-rena eta nire aldetic zorionac zeren dut concordatzen dioenaz eta zeren bait da bide egoquiac aurkitzea iracurleen mesedeco eta iracurlearen ere zuzena zor zaiona, zor duguna berari.
Guehitu ere nire aldetic ze on eta egoqui -eta ere justu- litzatequeela aiphuac ematea camuflaia baric, ezen eman textua iracurleari nola eguiazki da realqui, batez ere sistut an honelaco contextua baina nire ustez generalean ere bethi.
Eskerrik asko, Erramun.
Bigarren paragrafoa ez dut ondo ulertu. Zer aiphuren camuflaiaz ari zara?
Esan nahi nuen ze aiphua ez dela eguiazcoa zeren dago orthographiaz cambiatua (edo esan ohi den lez orain gaurcora egoquitua). Behintzat honaco foro edo plazatan, ez luque izan behar permititua holaco “camuflaiaric”, casu hontan “camuflaia orthographicoa”. Horiche da antza ondo explicatu ez dudana. Orain ulertu duquezu.
Galdetu dizut, badaezpada, testuan zeharka aipatzen baititut Aita Villasanteren, Igone Zabalaren eta Asier Larrinagaren hitzak.
Oin-oharrean adierazi dut nondik hartu ditudan Leizarragaren hitzak. Letraz letra aldatu dut 1970.eko argitalpenetik.
Ondo dago Iñaki esatea nondic duzun hartua aiphu hori on Leizarraga edo hobeto esanic reesatea. Baina horrec du adierazten ze tzat haimbat iracurle nahi luquetenac iracurri eta ere guero acaso eman iracurriaren aiphamena eta referentzia dela asqui gaitz edo gutienic zail ekartzea publicora aiphu originala.
Edozelan ere dut nahi arra-esan ze (behintzat honelaco plazetan) behar liratequela eman holaco aiphuac “originalean” baina hori eguitea da asqui asco zail nola guertatu zaizu zuri ere. Eta berez egonic gauzac edo aukera escuragarriac nola bait dagoz dela sobera difficultoso atchemaitea -nahi izanic ere- origina’ non ascotan emaiten da aditzera ze originala -hainac izquiriatua- dela hartacotzat “saltzen” edo publicoan dena ezen productu camuflatua camaleonicoqui (non ahal dira iracurri esateraco barruan on ostaia camuflatua nola honacoa ithurri, draut,… eta ez iturri, deraut, … baina aitzitic hitzac nola eguiteco dira aguertzen egiteko).
Principalqui baina orain amaitu baino lehen gogoratu ze diozuna buruz anaphoricoac edo bide-seinalec zeintzu gaituzten avisatzen aurretiaz gueroago dathorquenaz nagoela affaira hortan symphonia handian edo totalean zurequin.
Oro har ados…
Lehenbiziko hiru esaldietan, ordea, doktrina katolikoaz zerbait jakin ezean (interpretazio pragmatikoa?), zaila da “hura” izenordaina zeri dagokion jakitea. Fedeari, Espiritu Sainduari, graziari…? erdaraz bezala, azken erreferenteari beti? Eta, hartara, errepikapenak, substantiboa bera izeordainaren ordez errepikatzeak, zenbat laguntzen duen kasu askotan, euskaraz ari garela..
Arrazoi duzu, arazo hori hor dago. Bide-seinaleak aipatzean, ez neuzkan gogoan anaforikoak, baina egia da horiek ondo erabiltzea nahitaezkoa dela etenik gabe irakurtzeko. Nik neuk ere, itzulpenetan, askotan jo ohi dut izena errepikatzera, nahiz eta sorburuko testuan errepikapenik ez izan. Oso lagungarria ez ezik, beharrezkoa iruditzen zait. Genero-bereizketarik ez izateak behartzen gaitu horretara, besteak beste; hura besterik ez izateak, alegia, gaztelaniak el/ella/ello edo ingelesak he/she/it oposizio hirukoitzak dituzten lekuan.
Back to Leizarraga liburua iracurri berri dut, Haguiz ona iruditu çait. Beharrezcoa.