Iñigo Aranbarri
Kolorin-kolorau, hala esan zidan alabak lehengoan utzi zizkiola azazkalak lagunari. Ulertu nion, eta esango nuke ikusi ere ikusten nuela laguntxo hori, Erromako zubia atzamarretan, pozez oihu batean, begira zer egin didan Laidak. Hala esan zion biktimaren amak, kolorin-kolorauak utzi dizkiozu eta!, eta halaxe ikasi besteak. Orain dena utzi nahi du kolorin-kolorau, eta ez da erraza edozer monokromora ekartzea gurean.
Ez zen astebete pasako, ordea, eta koloreen eskolak huts. Afaltzen ari ginen, eta gelakide bat aitatu nion, nola ikusi nuen kalean amarekin eta txakur gorri batekin eta…
–Laika ez da gorria, marroia da.
Hasi gaituk, pentsatu nuen neure artean. Jai ederra zaukaagu, eta pedagogietarako aski indarrik gabe, berehala etsi nuen. Beharbada gure aititarekin akordatu nintzelako benaz akordatu gabe, 40ko hamarkadako halako beste afari batean alabak mahai bueltan zuzentzen, ez zela laranja esaten, naranja baizik, naranja aita, eta esan gabe pentsatuta, ezjakina zer da ba gure hau! Edo arrazoi sinpleagoren bat izan zen, jakizu, beharbada Laida bera ez, baina ni leher eginda nengoelako eta asto zurira igotzeko amorratzen nengoelako. Kontua da hurrengo baterako utzi nuela abelgorriena, gorringoarena eta Patziku Perurenaren eta Joseba Sarrionandiaren armamentu atomikoa, nola da, koloreen ibiliarena euskal usadioan (burutik pasatzea ere! ume bat da!).
2009ko Sanferminak. Zezenak gizona hil du entzierroan Telefonika pare horretan. Hildakoak X du izena, eta hiltzaileak Y. Albistea ETB1eko albistegian eman zuenak nola duen ez dio ardura, urteak daramatza ofizioan. Herdoilik gabe ateratzen zaio hizkuntza kamera aurrean, egoki mintzo ohi da. Eta hara:
— …Y izeneko zezen koloredun batek harrapatu duenean.
Nola ez dakidala gas teknikoren baten arima penitentea jabetu zen nitaz. Eta hala, hondamendi gunetik atzeranzko bidea egitea deliberatu nuen. Barkatu nion esplikerrari (esan dut, hiztun ona da, ez zukeen halakorik egundo idatziko), sartu nintzen erredakzioan (uda, oporrak, bekario-esklabuak, asmaezak), aurkitu nuen jatorria ustez (nola ez, erdarazko testua atzean: un toro colorado de nombre Y), eta pentsatu nuen albistea ulertzeko gaztelera dezente jakin beharra zegoela, ezin dela bestela euskaraz animalia bat koloreduna izan, ez bada alabak eta bere lagunek margotu dutelako azazkalak egitekoarekin, baina era berean gure umeak Laika txakurra marroia ikustea gorria beharrean ez dela gure begi-gaitza soilik, auzoan ere denboralea dela, antza, colorado hitzari batzuek gorri guztia kendu diotela kolorin-kolorauren bihotz eta muin izateko.
Ez dakit zer idatzi nion gas konpainiari txosten teknikoan, seguru asko colorado «koloredun» itzuli zuenak euskaraz itxuragabe, baina gazteleraz ere ez zekiela ondoegi. Baina tira, ohituta behar genukeela gure ditxozozko hizkuntza honetan, zertara datozen espantu hauek, sortzaileak huts, kontrolekoak kale, hizketan ari dena konturatu ez, eta ohartzerako halako pieza politak heltzea etxeetara, berriz ere hemen ditugun sanfermin sargoritsu eta zezen gorrizaleen gozagarri.