Bide barrijak (II)

Gotzon Egia Goienetxea

Itzulpengintzaren bide berrietan aurrera egiteko aukerak aipatu nituen izen bereko aurreko atal batean, itzultzaileak, hizkuntzalariak eta ingeniariak biltzen direnean itzulpengintzari bideak errazteko xedera.

Eztabaidara ekarri nahi nituzke, oraingoan, itzultzaileon eta teknologiaren arteko harreman terminologikoak eta, orobat, itzultzaileok horren aurrean erakusten ditugun jarrerak. Gauzak nola izendatzen diren garrantzizkoa dela ongi daki itzultzaileak, beste inork baino hobeto, agian; izendapenak arbitrarioak izaten baitira gehienetan, oso gutxitan neutroak.

Har dezagun itzulpen automatikoa. Izendapen horren barruan ulertu izan dugu, XX. mendearen erdiaz geroztik:

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=K-HfpsHPmvw?feature=player_embedded&w=640&h=360]

Definizio bat: «iturburu-hizkuntzako testu batetik abiatuta helburu-hizkuntzako testu (ia) baliokide bat lortzea makina bat erabilita», Wikipediak Itzulpengintza automatikoa sarreran ematen duena hitzez hitz hartuta. Artikulu landua da, esan nahi dut ez dela Wikipediaren labur beharrez horietako bat. Ez bakarrik da artikulu landu bat, baizik ere Wikipediako kategoria oso bat.

Izendapen labaingarria, itzulpen eta automatiko horrela, besterik gabe, lotzea. Iruditzen zait ilusio bat gizentzen duela, itzulpengintza balitz bezala mekanismo automatizagarri bat. Izan ere, itzulpen automatikoa baldin badago, itzulpenak (oraingoz, ez dio axola nolako itzulpenak diren) automatikoki egin badaitezke, baldintzatik derrigortasunera hurbil da urratsa: itzulpenak ez bakarrik egin daitezke, baizik egin behar dira automatikoki. Labur, itzulpenak automatikoki egiten dira, horrela, subjektu inpertsonal batez. Itzultzaile orok dakienean, aldiz, itzulpen eta automatiko direla oximoron handi bat: baldin bada itzulpen, ez da automatiko; eta, alderantziz, automatiko bada, ez da itzulpen.

Ingelesez begiratzen badugu Wikipediaren artikulua, Machine translation aurkitzen dugu. Makinak egindako itzulpena: lilura baten ispilua berriro, iraultza industrialetik zainetaraino errotua dugun miresmen bat, makinak ez baitu huts egiten. Behar da, bakarrik, makina ongi eratua eta doitua izatea. Hori lortuz gero, makinak ez du behin ere kale egiten; itzultzaileak bai, makinak ez.

Horrela, itzulpengintza lotzen badugu, ñabardura gabe, makinaren zehaztasun automatikoarekin, elikatzen ari gara jende gehienaren ezjakintasuna gure lanbideaz. Ekuazio errazei ematen diegu bide: gizakiak egindako itzulpengintza da lan astun, luze, garesti eta eztabaidagarri bat; makinak egindako itzulpen automatikoa da gauza arin, merke (doan!) eta berehalako bat, bere inperfekzio guztiekin bada ere. Dena zaku berean, Wikipediak egiten duen moduan, Itzulpengintza automatikoa kategoriaren azpian jarrita Itzulpen memoria artikulua (hau marka, OpenMT-2 wikiproiektuaren barnean gizakien partaidetzarik gabe itzulia!) edo OmegaT ordenagailuz lagundutako itzulpen sistema. Dena aska beretik jan dezagun, gizakiaren ukiturik gabeko itzulpengintza bezala, itzultzaileari laguntzeko sortutako tresna informatikoak.

Nahasbide horrek kalte besterik ez dio egiten itzulpengintzari, bere (g)izatasuna ezkutatzearekin batera, teknologia inkamikarien sorora lerratzen baitu. Esan dezagun argi: gauza bat dira itzulpengintzaren lagungarriak, garai bateko paperezko hiztegiak bezala, ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak; eta beste gauza bat, ordenagailuak sortutako itzulpenak. Horrela esatea hobe, @natalykelly-k aspaldi ez dela proposatzen zuen eran. Erraz ulertzen da; zehazki esaten da ordenagailu batek sortu duela itzulpena, ez gizakiak; ordenagailuak sortu egiten du, prozesu konplexu bat behar du, ez dago automatismorik. Oharpen itxura du esaldiak, esaten ariko bagina bezala: «erne, itzulpen hori ordenagailu batek sortu du, ez itzultzaile batek».

3 erantzun “Bide barrijak (II)” bidalketan

  1. Gotzon, estilo-aldaketa bat igarri dut zure aurreko postetatik oraingo honetara. Beharbada, debatea sustatzeko egingo zenuen. Hala delakoan, esango dizut niri oraingo hau irakurtzen nekezago egin zaidala.

    1. Ez hartu oso serio, msdz, probak besterik ez dira, jolasak, sintaxiaren ariketa gimnastikoak. Etxekoen artean ari naizenez, errazago ausartzen naiz halakoetara.

      Debatea piztekotan, nahiago nuke mamiaz izatea, azalaz baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude