Crowdfounding eta Fracking

Eneko Bidegain

Bi hitz hartu ditut, joera orokorrago baten adibide gisa, adierazgarriak direlako. Lehena, «Crowdfounding» hitza da, azkenaldian franko modan jarri dena. @txargain eta @edulartzanguren-en arteko elkarrizketak poza eman zidan, nire kezka adierazi zutelako.

Captura de pantalla 2013-06-19 a las 17.10.52

Euskal Herrian lehen ere diru bilketa franko antolatu izan da, «Crowdfunding» izenik eman gabe. Orain ingeles hiztunen artean dirua biltzeko ohitura hori deskubritu dutela-eta, zergatik jokatu behar dugu zerbait berri balitz bezala? Zergatik erabili behar dugu ingelesezko hitza? Ikastolak laguntzeko, Berria egunkaria sortzeko, Laborantza Ganbera altxatzeko edo Xora filma ekoizten laguntzeko diru bilketak egin dira. «Crowdfunding», ororen buru; baina ez dira balio gutxiagokoak izan, izen hori gabe ere.

Bigarren hitza (azkenaldian modan jartzen ari dena, hori ere), «fracking» da. Araban agertu da gaia, gasa lurretik ateratzeko egitasmo baten harira. Gas hori haustura hidrauliko bidez ateratzea da asmoa, eta haustura hidraulikoari erraten zaio «fracking»-a. Araban bezala, munduko beste toki anitzetan ere badago teknika horri buruzko eztabaida, azkenaldian anitz aipatzen ari diren energia iturriaren ustiatzeko proiektuen harira.

Begiratu dut Euskal Herriko prentsak zein hitz erabiltzen duen gehiago: «fracking» ala «haustura hidrauliko». Gauza bera egin dut Frantziako, Espainiako eta Italiako egunkari batzuekin. Frantzian salbu, beste guziek anitzez gehiago erabiltzen dute «fracking» hitza, eta anitzez gutxiago «haustura hidrauliko» (bakoitzak bere hizkuntzan, bistan da). Frantziaren erresistentzia ez da harrigarria, beti daukatelako ingelesarekiko lehia eta uzkurtasun hori.

Dena den, uste dut ez dugula deus irabaztekorik «fracking» eta «crowdfunding» bezalako hitzak hautatuz, oharkabean gisa horretako gero eta hitz gehiago sartzen ari baitzaizkigu, batere jakin gabe zer erran nahi duten. Aldiz, «haustura hidraulikoa», gutxi gora behera zer izan daitekeen uler dezakegu («fracking»-arekin baino argiago ulertzen dut nik bederen); eta beste hainbeste gertatzen da «crowdfunding»-ekin (esplikatu zidaten arte zer zen, ez nintzen ohartu zer deabru izan zitekeen).

4 erantzun “Crowdfounding eta Fracking” bidalketan

  1. Oso interesgarri deritzot Enekok mahai gainean jarri duen gaiari. Uste dut zaila dela aurre egitea ingelesetik datozkigun maileguei, hain zuzen ere, beriekin batera dakarten “modernitate” markagatik. Nolanahi ere, uste dut -ing bukaera izanagatik ere, apur bat desberdinak direla «crowdfunding» eta «fracking». Lehenengoa hitz elkartua da eta euskarara ortografikoki eta fonetikoki egokitzen zaila. Hartara, uste dut erraz samarra izan litekeela «diru-bilketa» edo halako hitz elkartu batek ingeleseko maileguari aurre egitea, hiztunek esanahiaren kontzientzia hartuz gero behintzat. Gainera, Enekok dioen bezala, adierazten duen kontzeptua ez da berria gure artean. «Fracking» vs «haustura hidrauliko» horien arteko lehian, aldiz, uste dut lehenengoak aukera gehiago dituela irauteko eta agian inoiz euskararen sistema ortografiko eta fonetikoari egokitzeko (frakin(a)), trinkoagoa baita. “Haustura hidrauliko” analitikoagoa da eta zailtasun gehiago izan litzake lexikalizatzeko, nahiz eta, nire iritziz, sinonimo modura hedatzea ona litzatekeen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude