Juan Garzia Garmendia
Aurreko nire aleari emandako erantzun batean, zuzen-zuzenean eskatu zidaten neure iritzia emateko noiznahi galdegaia ―ahozkoan aukerako izaten den bezala― idatzian ere esaldiaren amaieran kokatzeko kontuaz. Hurrengo ale batean horri helduko niola esan, eta hona.
Agindua zor omen, baina aitor dezadan deseroso samar natorrela zor hori kitatzera. Batez ere, baina ez bakarrik, horrenbestez neure gain hartzen dudalako «eredu alternatibo» horren aldezleek egiten ez duten lana. Horixe egitera behartzen bainaiz, lehenaz gainera; alegia, idatziaren kodean horrek zer dakarren aztertzera, ea abantailarik duen oraingoz estandarra denarekiko. Izan ere, balioespen horren faltan, arinkeria zoroz eginak izan daitezke halako «proposamenak», edo harrikada hutsak izan (norbere buruan jotako harria besteenetara berjaurti nahian noski).
Hala, bada, irudikatuko dut ez naizela ari bere «alternatiba» horretan hil edo bizi gotorturik dagoenari burubidea aldarazteko ahalegin alferrikakoan, baizik eta zintzo eta xalo idatzian galdegai-arau estandarra areago ez malgutzeko arrazoiak ikusten ez eta norbaitek berariaz azaltzea nahi lukeenarentzat. Has nadin, bada.
Lehenengo eta behin ―askotan esana dut, baina gehiagotan errepikatu beharko dut―, bi kode desberdin dira ahozko mintzoa eta idatzia. Hobeki esanda: idatzia mintzo naturalaren estilizazio artifizial bat da. Hizkuntza, izatez, mintzatua da, eta mintzamena sen bat da, ñabarduraz betea; idazketa, berriz, ahozkoaren proiekzio murriztu bat, ezinbestean sinplifikatua. Idazkuntza, bestela esanda, teknika landu bat da, eta ez sen espontaneo bat. Hizkuntza guztietan nabari dira alde esanguratsuak mintzatuaren eta idatziaren artean; areago, historikoki begiratzen bazaie. Hizkuntza bat ahozkotasunetik idazkuntzara iragaten denean, aldatzen hasiko da ezinbestean, bi kodeen arteko dialektikaz, elkarri eragingo baitiote baina ezingo baitute inoiz guztiz berdindu bien arteko desberdintasun oinarri-oinarrizkoa. Bereziki azpimarratu beharra dago hori, gaizki-ulertzeak saihestu nahi badira, ahozkotasun txirotik irten berri den eta idatziaren formaltasunean finkatzeko oraindik ere lanak dituen hizkuntza batean, horretan baitago gurea.
Horrenbestez, garbi utzi nahi dut ahozkoan egiten den oro ez dela egiten (eta are, inoiz, ezin dela egin) idatzian. Milaka dira adibideak, baina aski da ikustea zenbat hiztun trebe dabilen gure artean idatzian ―batere idazten duen kasuan― motz eta are trakets gertatzen denik. Kontrakoa ere badugu, bakanago bada ere: ederki idatzi baina hizketan moldakaitz denik.
Hori horrela, geratzen zaigu ikustea ea galdegaia amaieraratzeko aukera estandarrera ekartzeko modurik denetz, eta, hala bada, nola eta zer ondoriorekin.
Eragozpenik handiena arbitrariotasuna da, kodeen etsai zuzena izaki. Izan ere, gauza bat litzateke kodea guztiz aldatzea («galdegaia beti esaldi-amaieran»), eta beste bat, oso bestelakoa, dena berdin libre uztea («batzuetan aditzaren aurrean eta bestetan atzean»). Ez noski izatez txarra delako beti libretasuna, baizik eta testugilearen askatasun arbitrario hori irakurlearen zalantzabide sistematiko bihurtu ohi delako[1]. Kodea kentzea da hori, eta ez kodea aldatzea, eta kodea da informazio-trukearen bermea.
Hala, bada, non eta «proposatzen» dena kodea irauli eta beste bat ezartzea ez den, arbitrariotasunak eragindako irakurketa-eta interpretazio-zalantza etengabea da eragozpenik handiena libretasun bridagabean. Estandarrean ere badira galdegaia aditzaren aurrekoa ez dela markatzen duten joskera batzuk, baina testuinguru gramatikal jakin batzuk jakinarazten diote irakurleari hala dela. Nabarmenenak aipatzearren: batetik, perpaus osagarria eskatzen duten adierazpen-aditzez eraturiko esaldiak, eta, bestetik, aditzaren segidan bi puntu datozenekoak:
Neskatoak esan dit berandu datorrela.
[galdegaia: -la perpausa, eta ez neskatoak]
Mutilak erantzun zuen: …
[galdegaia: erantzuna, eta ez mutilak]
Halakoetan, bada, irakurleak arazorik gabe deskodetzen du informazio egokia, kodeturik baitaude kodearen salbuespen horiek ere.
Behin baino gehiagotan aipatu dudan moduan, definizio eta gisakoetan dago une honetan estandarraren barneko ezbaia, egitura sintaktikoak ez baitu halakoetan (oso) garbi uzten salbuespenei dagokien azpikodea aplikatu behar denetz, hots, galdegaia aditzaren aurrekoa izan beharrean atzekoa denetz hor. Izan ere, (azpi)kode alternatiboa[2] aplikatu behar dela adierazten duen seinale bakarra ahozkoan halakoetan baliatzen den intonazio alternatiboa da, eta, idatzian seinale bakar hori galtzen denez, irakurleak, defektuz, kode arrunta aplikatuko du noski, eta ez salbuespenei dagokiena. Edo deserosotasuna eragingo dio, behintzat, irakurketa-zalantzak. Ikusi, esate baterako, segidako pare hau, egunotan irakurria:
Ilustrazioa da gizakiak berak eragindako heldugabetasunetik irtetea. Heldugabetasuna da beste norbaiten laguntzarik gabe bakoitza bere ulermena erabiltzeko gai ez izatea[3].
Horietan ados (samar) egonez gero, kontu tekniko batera iritsita gaude: arazoa intonazio berezi hori markatu gabe geratzea bada, zergatik ez dugu seinale berezi batez markatzen, eta kito?
Horrek ere badu bere historia, ez baikara oraingoak lehenak auzi horri heltzen. Nik neuk, horretaraino, ez nuke inolako eragozpenik, eta proposatu ere proposatu izan dut halako seinalizazio bat bide horretatik jo nahi lukeenarentzat. Aski litzateke, esate baterako, apostrofo bat [‘] eranstea aditzaren aurreko hitzari (edo, hobe, aditzari berari, aurrean), hala seinalatzeko sintagma hori ez dela galdegai mintzagai baizik, eta galdegaia, beraz, aditzaren ostean doala[4].
Beste bide bat, aspaldi –baina bakan– erabilia, eta berriki EIMAren estilo-liburukiak —definizioetarako bakarrik— beste hamaikaren arteko aukera gisa proposatua, zera da: beste testuinguru batzuetan salbuespena kodetzen duen marka bera baliatzea horretarako ere; bi puntu, alegia:
Astrofisika [zera/hau] da:…
Jakina, oso kontserbadore gara ikur grafikoen maila horretan; auzo-erdaretan ez denik ez dugu nahi izaten gurean, hain hizkuntza desberdinak ditugula harro asko aitorturik ere. Itsusi ez ezik, arbitrario ere ba omen litzateke halakoez baliatzea[5]…
Tira. Badirudi galbahe desberdina erabiltzen dugula maila bakoitzerako. Fonetikan, ahoskera zaindu delakoan, arauturik bide dago geologia hitza, esate baterako, inongo usadiotako inolako euskaldunek sekula ahoskatu gabeko modu sasi-grekoan ahoskatzea, eta men egin bide diogu hizkuntza-ingeniaritzako asmazio gordin horri, baina anatema deklaratu edo dugu, besteak beste, iraganeko adizki -n menderagailudunak eta gabeak bereizteko tilde berezia [`], nahiz eta horrek egoki konponduko lukeen sintaxi oparo samarra darabilen orok izaten duen arazo hori, hala nola bi hauek bereizteko:
Ehiztariak hil zuen oreina.
ehiztariak hil zuèn oreina
Halakoen aurrean dugun joera ikusita, guztiz sinesgogor naiz halako proposamenek gure artean izan dezaketen arrakastari buruz. Izan ere, halako berezitasun (itsuskeria?) grafikoetara jo baino, nahiago dugu disimuluan jarraitu euskal prosaren arazoak konpontzeke (zertarako konpondu, gainera, agrafoak dira-eta noski ia euskaldun guztiak).
Eta ez da tilde, apostrofo eta abarren kontua bakarrik. Beste konponbide are beharrezkoago batzuk ere baztertuak ditugu de facto: nahiago dugu erlatibozko aposizio ustelez endredatzen jarraitu, zeina erako erlatiboez baliatu baino[6], eta halaxe doakigu. Gero, hori bai, eskura ditugun egoki askoak arbuiatu arren, hizkuntza-ingeniaritzazko edozein asmazio amesten dugu errezeta magikotzat.
Amaitzeko, hor goian ahaztuta gera daitekeen zerbaitetara itzuli nahi dut. Nire azken hitzetatik, irudi luke neu ari naizela eskatzen bide grafikoren bat onartzea kode orokorrarekiko desbideratzeak markatzeko. Ez da hala, ordea.
Esana dut desbideratze horiek salbuespen ez baizik bide arrunt bilakatu nahi lituzketenen lana egiten ari naizela –haiek lan hori egin zain asperturik, eta inork hala propio eskatuta–, baina nik ez diot ikusten abantaila garbirik ate hori guztiz zabaltzeari. Horretarako arrazoia teknikoa da, baina horrek ez du esan nahi praktikarekin guztiz lotuta ez dagoenik, alderantziz baizik. Azkenean aditzez amaituriko euskarazko inolako esaldirik geratuko ez balitzaigu, eta galdegai-enfasi guztiak amaieran emango bagenitu, oso ondo etorriko litzaieke hori (esperientziaz diotsuet) muntaia elebidunak egiten dituzten antzezleei, erdarazko eta euskarazko esaldi guztiek intonazio-soslai bera bailukete, eta horrenbestez amaituko bailirateke orain arteko euskarako aditzaurreko galdegai gogaikarriok, baina euskarak berak ―euskal hiztunek, alegia― beste urrats bat emango luke… galbiderantz. Izan ere, joera horrek areagotu egingo luke dagoeneko aski sustraiturik dagoen gaitza, hots, aurreko nire alearen izenburuak iradokitzen duenaren beste muturrekoa: aditza (beti) hasieran?
Izan ere, dagoeneko, hainbat hiztun bestela natural-naturalek lanak dituzte aditzaren kokapenak berregokitzeko esaldia mendeko perpaus bihurtu behar dutenean, hala nola, nabarmenenik, ezezkoetan:
Ikasle horrek ez du ekartzen liburua eskolara. >
?ikasle hori ez duena ekartzen liburua eskolara[7]
Alegia, kostatzen zaiola hainbati, dagoeneko, aditzez amaituriko joskerara etortzea, ezinbestekoa izanik hori halako mendeko perpausa antolatzeko:
liburua eskolara ekartzen ez duen ikasle hori
Hori, esaldirik sinpleenean ere. Beraz, kontrako joera bultzatzea bezain galgarri gerta dakiguke esaldietan aditza ia inoiz amaieran ez kokatzeko joera bultzatzea, hiztunari higatuz joango baitzaio, lehenaz gainera, perpausak modu batera zein bestera antolatzeko malgutasun hori.
Izan ere, hizkuntzak gehiago daki, eta zuhurrago jokatzen du, gutariko bakoitzak baino. Zabaldu eta malgutzea ongi hartzen du, baina ez noski bortxaz nolanahikatzea.
[1] Adibide erreal bat, bertso-txapelketen transkripzioetatik: Uztapideren ondoren kantatuko du Xalbadorrek. Kode finkorik gabe, irakurleak asmatu behar luke zein den hor galdegaia (eta, haren arabera, informazioa). Ahozkoak garbi utziko luke; kasu horretan, Xalbadorrek.
[2] Mintzatzean ere ez da noski, hiztunak hiztun, aukera bakarra, ezta gutxiagorik ere.
[3] Bestelako arazorik ere eragiten digute definizioek, hala nola, ale berean, eta gai berean: Ilustrazioa gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik.
[4] Egoki puntuatuz gero, subjektuekin bakarrik genuke halako kontua, gainerako mintzagaiek koma eramango dute eta. Hala ere, aditzaren baietza interpretatzen da galdegaitzat komaren ostean aditza datorrenean: Uztapideren ondoren, kantatuko du [bai] Xalbadorrek. Horregatik litzateke argien aditza bera seinalatzea: Uztapideren ondoren, ‘kantatuko du Xalbadorrek.
[5] Hala ere, pozarren ikusi dut Iñaki Segurolak behintzat badarabilela ahozkoa onik idatziratzeko baliabide hori (eta ez noski EIMAri men egitearren!): Zer den literatura neretzat? Zer den nekez baizik irakurtzen ez dudan zera hori? Da: hizkuntza geza, gauzaeza, ezindua.
[6] Edo, sakonago, erdarazko halako aposizioak bestela egokitu baino.
[7] *Ez duen ekarri liburua eta gisakoak ere entzuten dira, gaitzak aurrera egin ahala.