Zaparradapean

Iratxe Goikoetxea Langarika

Aurreko post batean, Bego Montoriok harridura agertu zuen El País egunkariko irakurlearen defendatzaileak itzulpenaz jardun zuelako. Hedabideetan, itzulpena eguneroko kontua da, eta are gehiago euskaraz diharduten kazetarien lanean. Albistegietan, era guztietako itzulpenak egin behar izaten dira, sarritan di-da, eta beste hainbatetan hausnartuta; batzuetan kontzeptuak euskaratu behar ditugu, esaldi osoak noizbehinka.

Zuzentzaileok galdera zaparrada batez bonbardatzen gaituzte: Nola esaten dugu «agencia inmobiliaria»? Zelan da «aportaciones financieras subordinadas de Eroski»? Eta «preferentista»? Rubalcabak esan du kupoa «revisable» izan daitekeela; nola esango dugu hori? Hirietarako «más habitable» kontzeptua, zelan da? Eta «discapacidad motora»? Eta «puño americano»?

Aspaldi honetan itaundu dizkiguten kontzeptuetako batzuk dira. Adjektibodunak asko.

Har dezagun lehenengoa, «agencia inmobiliaria». Arazorik ez: etxebizitza agentzia. Antzeko hautua egin dute nolaerran hiztegian, «immobilier» hitzaren ordainetan etxe- proposatuta: etxe agentzia, etxeen merkatuaHigiezin aukera ere jasota dago, zuzenbide arlorako.

Bigarrena: Eroskiren menpeko finantza ekarpenak? Barkatu, Eroskiren mendeko finantza ekarpenak? Baina ekarpenok ez daude Eroskiren edo dena delako enpresaren mende. «Subordinado» hori kategoriari ei dagokio[1]. Beraz, hiztegiei ez ikusi egin, eta finantza ekarpen subordinatu esaten dugu. Bide batez, ez ote zaio eremu zabalegia eman mendekotasun hitzari? Dependentzia ere ageri da Hiztegi Batuan.

Hirugarrenean, luzera da arazo: lehentasunezko akzioak edo lehentasunezko partaidetza esaten dugu. Eta akzioen jabeak akziodunak dira. Baina lehentasunezko akziodunak esanda, akziodunek eurek dutela lehentasuna ematen da aditzera. Idatzietan lekuz estu gabiltzanean, zilegi ote da preferentista erabiltzea, mileurista darabilgun bezala?

Laugarren galdera: «revisable». Rubalcabak kupoaz adierazitakoa erraz konpontzekoa da kupoa berrikusi daitekeela esanda. Gaitzagoa da ordaina ematea termino baten parte denean, PPk proposatutako «cadena perpetua revisable» kontzeptuan legez. Berrikusgarria esan liteke, baina -garri atzizkidun adjektiboek arazoa sortzen digute askotan, beste adiera batzuk nagusitu direlako. Hor dago ikusgarri (=ikustekoa, miresgarria), eta hor dago bizigarri[2] (=bizia ematen duena, pizgarria). Eta hor dago urteetako eztabaida ere: istripu hilgarri erabiltzekoa da?


[1] Deuda subordinada ere esaten zaio, eta berdin ingelesez. Esanahia argi adierazita dago onelook hiztegian.

[2] Hiztun arruntontzat arrunta ez bada ere, bizigarritasun kontzeptua errotuta dago arkitektura eta urbanismoari lotuta.

5 erantzun “Zaparradapean” bidalketan

  1. Oso ondo ulertzen dizut, Iratxe. Zaparradapean ari zarete (ari gara). Hala ere, ezin eguraldiaz gehiegi kexatu; zaparradarik gabe, agorra.
    Azken esaldiak eman dit atentzioa:
    //Eta hor dago urteetako eztabaida ere:” istripu hilgarri” erabiltzekoa da?//
    Ez nuen eztabaida horren berri. Garbi dago gauza materialak hilgarriak izan daitezkeela. Hor ez dago eztabaidarik: geziak, kolpeak, perretxikoak, edariak, pozoiak, espetxeak, gasak… hilgarriak izan daitezke. Eta ez-materialak ere bai, ezta?: bekatu hilgarriak, amodio hilgarria, hotz hilgarria, barruko kezka hilgarria, burla hilgarria, “maite zaitut” hilgarria, gaizki esan hilgarria…
    Bestalde, istripuak (materialtasuna alde batera utzita) zerbaiten eragile izan daitezkeela ere ez dut uste zalantzagarria denik:
    “Zerk joanen gitu eritasunak ala ixtripu batek?” (Othoizlari 1962)
    “Bere sortzearen ixtripu batek Elizaren gorphutzaz kanpo eman dituelakotz” (Lap 356 (V 163))
    “Istripu batek libratu ninduen putzu hartan erortzeaz” (Koro Navarro)
    “Istripuek uxatu egiten dituzte bezeroak ostatuetatik” (Koldo Izagirre).
    Horrenbestez, hil ere egin lezakete, ezta?
    “Ez ninduan gaitzak edo istripuak jota hil; hitaz kezkaturik hil ninduan, Ulises” (Juan Kruz Igerabide)
    “Istripuz hil zen” esaten dugu, baina “hegazkin-istripu batek hiru hildako utzi ditu Shanghain” gisakoak ere arruntak dira.
    Horrenbestez, istripuek hiltzeko ahalmena badute, istripuak hilgarri direla esateko ezinik ez dut ikusten.

    1. Nik ere ez daukat zalantzarik istripuek hil dezaketela, perretxikoek bezala. Baina, normalean, ‘istripu hilgarri’ esaten denean, gaztelaniazko ‘accidente mortal’-en pare erabiltzen da. Hau da, ‘accidente con resultado de muerte’. Sarritan, errepideetako edo lan ezbeharretako estatistikak ematean: “Lan istripu hilgarriak %48 murriztu dira, larriak %22 eta arinak %3,5.” “30 lagun hil dira aurten 28 istripu hilgarritan.”

      Hiztegigileek ere ikusi diote zertxoren bat horretarako ‘hilgarri’ erabiltzeari, bestelako aukerak ematen dituzte eta. ZEHAZKI: accidente mortal, hildakoak izan diren istripua. ELHUYAR: • Esta noche ha habido un accidente mortal: bart istripu bat izan da hildako eta guzti. • El torero sufrió heridas mortales en aquella cogida: toreatzailea zezenak eragindako zauri larrien ondorioz hil zen. • Mientras escalaba sufrió una caída mortal: eskalatzen ari zela jasandako erorketa larriaren ondorioz hil zen. NOLA ERRAN: coup mortel hiltzeko/heriozko kolpe.

      Hain zuzen ere, ‘accidente mortal’ kontzeptua berri samarra da euskaraz. Baina sarri erabili dira “heriozko zauri”, “heriozko gaitz” “herio kolpe” eta halakoak, dena delakoaren ondorioa heriotza denean. Ezbeharretarako ere erabili izan da inoiz “heriozko” hori, baina ez du bide handirik egin. “Heriotza-istripuak”, ostera, milaka agertzen dira Googlen.

  2. Nazioarteko lexikoak ere hainbat aukera eskaintzen dizkigu:

    mortal, letal, fatal

    Horietarik lehena Hiztegi Batuan jasota dago, eta gure idazle zaharrek ondo ezagutzen zuten:

    gauza mortala
    pozoi mortalez betea
    kolpe mortala
    plazer mortala
    ikara mortala
    bekatu hilgarri edo mortal

  3. “Istripu hilgarri” esaten denean, gaztelaniazko “accidente mortal”en pare erabiltzen da, bai. Egia da, baina baita frantsesezko “accident mortel”en pare, edo ingelesezko “fatal accident”en pare. Alegia, ez da, nahitaez, gaztelaniatik kalkatutako zerbait.
    Ez daukat ezer “herio(-)kolpe, heriozko kolpe” modukoen aurka, baina “kolpe hilgarri” modukoei ere ez diet orbanik ikusten. Hiztegiak aipatu behar badira, Euskaltzaindiaren hiztegiak berak, adibidez, “heriozko kolpea” adibidea dakarren bezala, badakar adibide hau ere: “Ikusten du herioa bere dardo zorrotzarekin kolpe hilgarria ematera doakiola”.
    Bestalde, zehaztapen txiki bat: Googlek “heriotza(-)istripuak” milaka ematen dituenean, “beroarena kendu” behar zaio Googleri, gehien-gehienak errepikapenak baitira. Googlek berak, 3. orrialdetik aurrera, esaten digu, 28 agerraldi erakutsi ondoren, gainerakoak “very similar” direla (errepikapenak, ia guztiak). Eta 28 horietatik, 8 ez dira “heriotza(-)istripuak” izen-sintagmari dagozkionak, baizik “heriotza, istripuak,…” segidaren gisakoak.
    Azkenik, bada tradizioan “heriogarri” ere, baina hitz hori, gaur egun, “old-fashioned” dago, jakina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude