Toponimiarekin lotutako hainbat bitxikeria

Koro Garmendia Iartza

Geografian zertxobait sakonduz gero, bitxikeria politak topa ditzakegu toponimiari dagokionez, hala urrutiko lurretan nola atarian bertan. Izendapenen nondik norakoan murgiltzean, berezitasun askoren erroa hizkuntza batetik besterako jauzia egitean dagoela ikus genezake. Bidaia dezagun, apur batean, munduan zehar.

Goazen, lehenik eta behin, Hornos lurmuturrera. Pentsatu al duzue inoiz zergatik jaso zuen eremuak halako izena? Labeekin edo beroarekin nolabaiteko zerikusia duelako, beharbada? Harrigarri samarra, ordea, duen kokapenari erreparatuz gero, Txile hegoaldean baitago. Bero handirik ez, beraz, inguru hartan. Nolatan, orduan, Hornos hori? Bada, Willem Cornelis Schouten esploratzaile holandarrak, 1616an, lurmuturra aurkitu berri zuenean, jaioterriaren izenaz bataiatzea erabaki zuen: Hoorn, alegia. Gerora, bukaerako bokaletako bat galdu, eta Horn bihurtu zen. Ingelesez, Cape Horn; frantsesez, Cap Horn; italieraz, Capo Horn; gaztelaniaz, Cabo de Hornos; euskaraz, Hornos lurmuturra.

Mugi gaitezen, orain, Yucatán penintsulara. Ba al zenekiten izenak gaizki-ulertu batean duela jatorria? Bertsioetako batek dioenez, esploratzaile hispaniar bat indigena bati zuzendu zitzaion, eskualdea nola deitzen zen galdezka, eta Ma’anaatik ka t’ann jaso zuen erantzun modura; hots, maia hizkuntzan, «ez dut ulertzen». Hitz horietatik, Yucatán moduko zerbait harrapatu zuen, nonbait, hispaniarrak, eta horrela finkatu zuten lurraldearen izen berria.

Honuntzago etorrita, nahasgarria izan daiteke, halaber, Mantxako kanalaren izena. Zer-nolako lotura ote du Mantxa eskualdearekin? Toponimian arakatu behar da kasu horretan ere, benetako zentzuaz jabetzeko. Frantsesek La Manche izendatu zuten. Manche hitzak, frantsesez, besteak beste mahuka adierazten du, eta halakoa da, hain zuzen ere, kanala: luzea eta estua. Manche hori Mancha modura itzuli zuten gaztelaniara, eta Mantxa euskarara. Jatorrizko zentzuari begiratuz gero, nolanahi ere, egokiagoak izango ziren Canal de la Manga eta Mahukaren kanala.

Hurbilera etorrita, Nafarroan, Irurtzun aldean den pasabideak, Bi haizpe du euskara izena; gaztelaniaz, berriz, Paso de las Dos Hermanas. Gaztelaniazko izendapena euskarazko izenaren gaizki-ulertuaren ondorioz sortu zen, bi haitz beharrean, bi ahizpa ulertuta. Ez da aldrebeskeria handiegia gaztelaniaz duen izena, haitz biak elkarren ondoan baitaude, eta zinez baitira elkarren antzeko; hala ere, ez da, inondik ere, euskaraz duen izendapenaren baliokidea.

Buka dezagun Donostian; zehazki, itsasertzeko Loretopean. Gaztelaniaz, Pico del Loro deitzen dute, nahiz eta lororik behintzat ez den han inoiz izan; bai, ordea, Loretoko Ama Birjinari eskainitako ermitatxo bat, gaur egun Miramar jauregia denaren lorategian. Horregatik, Loretopea izena zuen bi hondartzak bereizten dituen harkaitzak. Pentsa zer ulertzen zuten euskara ez zekitenek gaztelaniaz halako izena emateko…

8 erantzun “Toponimiarekin lotutako hainbat bitxikeria” bidalketan

  1. Kasu ezaguna da oso. Euskaldun askoren Far Westean hor da Larraineta, gramatikak tentatutako idazkari hark La Reineta bihurtu zuena…

    1. Gramatika baskongadoa zuen, berriz, Koldo Izagirrek gogora ekarri zigun beste idazkariak, Altzako “Arriya Berri” eta “Arriya Zar” baserriak lurrarekin berdindu eta etxeak egin zituztenean. Euskaldun iletratuoi mesede egin zigun, inor baino lehenago erreparatuta “harri” hitzak ez duela, jakina, -a berezkorik. Horrela deitzen dira etxe multzook, geroztik, “Harri Berri” eta “Harri Zahar” absurdo batez.

      Altzako baserritar haiek ez zuten idazten jakingo, baina bazekiten, noski, zer esaten ari ziren. “Arriya Zar”, bai, ezin -a kendu, harri bakarra ez baizik harriaga zen lekuan.

  2. “San Martín del Zar” bihurtu zuen norbaitek “San Martin Zar” Trebiñuko herri ttipia. Autoestimua fuerte xamar izango zuen egun horretan.

  3. Eta Iruñeko Dinda txikia zaharra “calle de Lindachiquía” da gaur egun gaztelaniaz.

  4. Nire ustez, gaztelaniari diogun gehiegizko atxikimendua arintzeko, on litzateke horrelako izenak berreuskaratzea. Esaterako, honela:

    – Mahuka(ko) kanal, Ingeles kanal
    – Hoorn lurmutur/kabu

  5. Gai aberatsa da honako hau, ekarpen ugariz bete daitekeena, eta, inondik ere, gogoetarako bideak zabaltzen dituena.
    Beste kasu bat aipatuko dizuet. Nafarroako Muru Artederretak gaztelaniaz jaso zuen izena: Muruarte de Reta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude