Iñaki Segurola
Ez dakit ohartu zareten, baina dena da orain fest. Gure eskualde urola-kostatar honetatik irten gabe, urte batzuk badaramatza Zarautzen «Udaberri fest» izenekoak. Zestoan «Patana fest» asmatu dute orain. Azpeitian «Triku festie» egiten zen lehen; gaztetxekoek ere zerbeza festie jarri dute oraintsu. Baina joera ez da hori. Joera da fest han eta fest hemen. «Larrabetzu fest» ere ikusi dut; Donostian egin duten Aniztasunaren aldeko ekitaldi koloretsu batean ere gauza ez da anitz aldatu: hura ere fest, eta dena holaxe, gezur-aniztasun ederrenean.
Eta nik uste nuen gure euskara ñañotu honek bazuela festa-girorako adur berezi bat; gainezka zituela hitzak edo hitz-zatiak besteri emateko ere: gaupasa, bestondo, marijaia, tobera, jazzaldi… eta beste.
Fest hori behar dugu gaur nahitaez ahoak eta begiak betetzeko. Nere irudipena da ingelesez ere ez dela hainbeste ikusten fest hori, eta festival bera dela gehiago erabiltzen nonahi. Alemanetik ez dut uste sartu zaigunik, eta beraz pentsatu beharko dut anglo-jendeak baino anglo-itxura haundiagoa eman arteko onik ez dugula. Euskara hutsa horixe baita: hutsa, putza eta motza. Erdara hutsa ez bezala; zenbait erdara haundi ez bezala.
Ingelesa ari da gailentzen hemen ezin esanezko martxan. Musika izan zen aurrena; gero anglo-izenak jartzea etorri zen, kastillanoen aldetik gehienbat: Jonathan, Christian, Starlight eta holakoak. (Sudakerrian areagokoak dira, eta ikara emateko moduko izenez bataiatzen dituzte haurtxo errugabeak: Onedollar, Usarmy eta holako! Patxamamak barkatuko ahal die!). Euskaldun jendea ere hasia dago nere inguruan umeei Lian eta horrelakoak jartzen.
Orain hizkuntza bera da sartzen hasi dena: hezkuntzatik, denda eta taberna berrien izenetatik eta abar. Eta ez dira izenak bakarrik: ikusiak gaude, oraingoz hiriburuetan bakarrik, den-dena, ordutegia barne, ingelesez jarria daukaten dendak.
Sintomak gero-eta argiagoak dira, eta hemen dator nere gaurko profezia, zinez, bihotzez eta bihozminez botea: hemendik 300 bat urtera Penintsula gurean ingelesa hitzegingo da erabat. (Hexagonoaz deus esaten ez naiz ausartzen oraingoz.)
Euskarak ez dut uste iraungo duenik, baina gaztelaniak eta portugesak ere ez. Eta kontuz: hau ez da boutade bat; hau bene-benetan diot.
Katalanarekin ditut dudak: eutsi-behar horretan zailduagoak daude katalan asko eta asko; katalan elebakarrak izan nahi dutenak ere ezagutu ditut bat baino gehiago. Eta bai: badakit elebakar izan nahi hori oso gaizki ikusia dagoela jende ongi heziaren artean, baina ni ez naiz ari ez onesten eta ez gaitzesten; gauzak nola diren esaten ari naiz, zer bide daramaten, eta nolatsu bukatuko duten, nere ustez, hiru menderen buruan.
(Halaz guztiz, aitor dezadan: euskarazko elebakartasun irreal bat praktikatzeko grinak harrapatzen nau tarteka, beste grina irreal batzuek ere harrapatzen nauten bezala, besteipe edo gehixauko barik.)
Bukatzeko, gertakari bat, benetakoa, «jazorikua», Kirikiñok esan ohi zuen moduan. Banoa Donostiako Bulebarrean barrena eta horra non suertatu zaizkidan parean sindikatu bateko kideak sinadura eske. Etorri zait haietako bat, eta esaten dit, hitzez hitz: «¿sabes algo de castellano?» (Donostiako berri ez dakienarentzat: turistak ibiltzen dira asko hiritxo horretan; nere berri ez dakienarentzat: ez omen daukat «hemengotar» itxura haundirik.) «¿Sabes algo de castellano?», beraz («kastillanoz pixkat ba al dakik?») «Una miqueta», erantzungo niokeen gustura, edo «xeoxe bazekiñet», edo «algo ya sabo», edo… zerbait irreala, baina ez: baietz erantzun nion («sí»), zintzoki eta errealistaki. Hemendik pare bat mendetara «a little» erantzungo du jende askok sasi-profeta honen ustez.
Azken oharra: profezia bat uste bat da, eta usteak erdia ustela izan ohi du, baina kontuz: beste erdia ez.
Bueno, en Catalunya no sé, pero en la ciudad conocida como city of fashionland (antes Barcelona) un festival puede ser un festival pero un festival de guitarra es un Guitar Festival BCN (http://guia.bcn.cat/paco-de-lucia-posa-punt-final-al-24-guitar-festival-bcn_99400311195_ca.html)
PD. Starlight izena existitzen al da? reaaally?
PD 2 una vez controlada tu foto en Google, confirmo que puedes pasar por guiri
.
Really, Pep: nere lagun batek ezagutu zuen Zumarragan behin Starlight Caballero izeneko nexka bat. Hamabost bat urte izango dira. Google-n badira izen-abizen horiek dituzten bat baino gehiago. Orduan asko harritu gintuen izen horrek. Gaur ez gaitu ezerk harritzen.
Nik Usnabi bat ezautu nian (U.S Navy barkue ikusten amak egunero badakik). Dana dala, ta hire anglofobi hori pixket baretzeko Iñaki, suzedido bat kontaukoiat: taberna batien kartie espainolez ta inglesez. Vino de la casa kastillanoz, ta inglesez? Tal cual ta eztek broma: He/she came from home. 300 urte, 600 akaso 😉