(De)formazio profesionala

Fernando Rey Escalera

Gutako askok ezin dugu ukatu itzultzaile eta zuzentzaile lana gaixotasun ere bihurtu zaigula, eta nekez itzaltzen dugula, lanaldia bukaturik ere, muineraino sartu zaigun buru-prozesu xelebre hau.

Paseatzera atera, eta, nahi gabe ere, ezinbestean erreparatzen diegu karteletan, errotuluetan eta mila paperetan ikusten ditugun akatsei, edo erdi txiste bilakatzen diren itzulpen kaskarrei, edo, autoan irratia piztuta goazela, kalko okerren zerrendan sartzeko modukoak iruditzen zaizkigun esapide bitxiei. Deformazio profesionala esaten diote. Ongi jarria du izena, formaziotik deformaziorako tartea laburra baita zenbaitetan.

Eta ikasi dugu, ez beti, isilik egoten, eta «isiltasunean sufritzen», gehientsuenetan hobe delako isiltzea eta deus ere ez esatea, lagunik gabe gelditu nahi ez badugu behinik behin, nahiz eta isildu behar horrek, batzuetan, ultzera berritu.

Bestela esanda, hobe dugu erlaxatu, eta ongi bereizi zein den eta zein ez den «zuzenketarako gunea». Lantokitik atera, eta «bizi» egin beharko dugu, eta ulertu, jakina, aditzen eta ikusten duguna euskararen normalizazio faltaren eta faktore askoren ondorioa dela, eta gutako inor ez dela ez salbatzailea ez bekatugabea.

Gauzak gaizki egiten direnean, normala da kritikak egitea eta kexatzea, baita beharrezkoa ere, ahaztu gabe, betiere, denok esan eta idatzi ditugula astakeriak (irakurriko banu nik neronek orain dela hogeita hamar urte idatzitakoa!). Baina hori bezain beharrezkoa da nabarmentzea hobera ere egin dugula gauza batzuetan, eta oso jende ona ere badagoela.

Bada, lehengoan, Arga ibaiaren bazterreko bidean paseoan nenbilela, tunel moduko zerbait pasatu behar nuenean, kartel hau ikusi nuen:

¡PRECAUCIÓN! Paso con visibilidad reducida.

Eta euskaraz:

KONTUZ! Gutxi ikusten da pasabidean.

Eta pentsatu nuen neure artean: «Zer ongi egina! Ez ikusgarritasun, ez murriztu, ez deus». Ahal bezain hurbil eta behar bezain urrun leloaren bigarren partea zein ongi betea.

Oso ongi egina itzulpen lana, behar bezala kontuan hartuta adierazi beharra, hartzailea, ordena, lexikoa…

Beharbada itzultzailea ere ez zen egilea. Burlatako euskara teknikaria?

Batek daki. Zorionak!

Gaizki egindakoari esker, zuzendutakoari esker, asko ikasten dugu. Ongi egindakoari esker ere asko ikasiko dugu, eta, gainera, ez gara hainbeste ozpinduko.