Beñat Oihartzabal
Guti, arras guti, izan dira luzaz euskaratik erdarara itzuliak izan diren idazlanak. Are gutiago, ezinbestez, euskaratik frantsesera bihurtu direnak, bereziki literatura lanak. Hauen artean, lehenbizikoa Kresala dateke, 1958an P. Arburu izeneko edo, menturaz, izengoitiko norbaitek itzuli zuena.
Baionako bigarren eskuko liburuen saltegietan noiz behinka erosgai aurkitzen den liburuxka da, in-16 neurrikoa eta 126 orrialdekoa. Sarean ere aise atzeman daiteke.[1]
Liburuak, frantsesez ere, Kresala du izenburua, nahiz azaleko orrialdean, azpititulu gisa, parentesien artean La Brume salée ere agertzen den, euskarazko izenaren adieraren azaltzeko. Orrialdearen gaineko aldean egilearen izena emana da, Domingo Aguirre, eta beheko aldean, itzultzailearena, Traduit du basque par P. Arburu.[2] Badirudi gainera, hau, itzultzaile izateaz gainera, argitaratzailea ere izan zela (agerikoa bederen), barneko titulu orrialdeak baitio: Editeur: P. Arburu.
Liburuko paratestuetan, itzultzaileak ez digu deus erraten. Ez nor den, ez zergatik edo nork galdeginik edo akuilaturik lotu zitzaion holako lan bati. Liburuak, bizkitartean, badu aitzinsolasa, Aita Onaindia karmeldarrak idatzi zuena, eta 1954ko azaroaren 15eko data dakarrena.[3] Lerro hauek itzulpena plazaratu baino lau urte lehenago idatziak izan ziren beraz, eta, gauzak diren bezala agerturik, ez behar bezain landuak. Oso aurkezpen testu laburra da, eleberriaz beraz deusik erraten ez duena, eta ez anitzez gehiago egileaz. Honela zioen Santi Onaindiak, euskarari buruz zenbait informazio orokor eman ondoan, liburuaren egilearen aurkezteko:[4]
L’abbé Azkue dit de l’auteur de Kresala:
“C’était un camarade et un ami, il était simple, observateur, accueillant, doux calmé (sic). Il est mort prématurément le 5 avril 1920, à la cinquantaine. Sa devise: Dieu et le Pays Basque.”
Il a écrit avec talent: Aunemendiko, Lorea (sic), Kresala, Garo, Kitolis. (sic)
Lisez le livre lentement, attentivement à la gloire de Dieu et pour le bien de la langue basque.
Doi bat harrigarri bada ere, Iparraldeko euskalgintza garai hartan biziarazten zuen mundutik kanpo argitaratu zen liburua.[5] Hain segur, Hegoaldeko jelzaleen giroko jende batzuek bultzaturik. Hala ulertzen dut nik, aitzinsolasa Santi Onaindia batek egina izatea, eta hartan Jaungoiko eta lege zaharrak ikurburuaren egokitzapen batez (Dieu et le Pays Basque) baliatzea.
Zer erran itzulpenaz beraz? Lehenik azpimarra dezagun Kresala bezalako eleberri baten frantsesera itzultzea, literaturaren aldetik gauzak molde egokian paraturik, ez dela batere lan erraza. Bi hizkuntzen ongi jakitea baino gehiago eskatzen baitu horrelako lanak, xede hizkuntzaren literatura baliabideen, eta genero jakin bati dagokion estiloaren jabe izatea, bereziki. Ordea, irudipena dut, Arburuk frantsesa ongi menderatzen zuenagatik, ez zirela osoki bete orduan desafio horren altxatzeko behar ziren baldintzak.
Arburuk eleberriko bizkaiera ulertzen zuen, dudarik ez da. Halere, franko maiz, ez du osoki itzultzen jatorrizko testua. Agirrek egin zuen hitzaurrearen itzulpenean, erdia edo itzuli gabe utzi bazuen, hartan euskararen barneko kontuak erabiltzen zirelako izan zela pentsa daiteke. Baina testuan ere badira frantseseratu gabeko pasarteak. Beha, adibidez, ondoko pasarteari, non letra lodiz idatziak ez baitira agertzen frantsesezko testuan (ondotik emana):
Jatorrizko testua:[6]
Anjelek, oñeko miñak iraun eutsan arte guztian, beste indar-galduko gizon da indar-gurako umeakaz batera, euren etxe azpiko upalategian egiten eban lana.
Langille danak lurrean zabal zabal jarri ta, lau aldietatik bardiñak diran otzaratxo zapalak ankartean arturik, antxoba, sardin edo lantzoi zatia amoan ipiñi ta erreskada zuzenean otzaretan tolostu, edo aurreragoko egunean itxasotik ekarririko mokoloiak askatu, arildu ta urkuletan sartzen ebezan, euskal eresi batzuk esaten zituen bitartean.
Iñoiz bein, gazteak eresian aspertuta gero, gizon zarrak, antxiñetako ipuiñen bat edo euren gaztegunetako gertaerak esan eroiezan.
Frantsesezko itzulpena:[7]
Angel, tant que dura son mal au pied, travailla dans la tonnellerie qui se trouvait au-dessous de son habitation, en compagnie des uns et des autres; les jeunes entonnaient de temps à autre quelque vieille mélodie basque, et les anciens, à leur tour racontaient quelque histoire du passé.
Ez dakit nor zen P. Arburu delako hori, eta nehon ez dut atzeman hartaz xehetasun mikorik, ez segurik bederen. Irakurtzaileen artean, nehork hartaz informazio zehatzik balu, on litzateke jakinaraz dezan, euskal itzulpengintzaren historia biltzen duten idazlanetan, nik ikusi ditudanetan bederen, ez baita haren izena agertzen. Oker ez banago, geroztik egin diren Kresalaren euskarazko argitalpenetan ere ez da aipatzen.[8] Alta, ez da merezimendurik gabekoa 1950eko hamarkada hartan, Kresala bezalako eleberri bat euskaratik frantseseratu zuena.
[1] Azalaren argazkia <le-livre.com> helbidetik ateraia da. Beste leku batzuetan ere aurki daiteke liburua.
[2] Liburuak ez dakar argitalpen urterik. Hondar aldean, haatik, zein moldiztegitan, eta noiz, inprimatu zen zehazten du halere: Cino del Duca moldiztegian, Miarritzen, 1958an.
[3] Santi Onaindia izan zen Kuliska Sortan urte hartan berean egin zen Kresalaren argitaraldiaren (3.a zen) arduraduna, eta aitzinsolasaren egilea.
[4] Aipuan diren huts nabarmenak uzten ditut, hain zuzen argitalpena egina izan zen baldintzez zerbait adieraz dezaketelako. Ez dut ulertzen nola gertatu diren holako hutsak, Auñemendiko lorea eleberriaren izenburuaren kasuan inprimategiko hutsa gertatu izan zela pentsa badaiteke, nekez holako azalpenik eman daiteke Kitolisen kasuan. Aitzinsolasaren arabera, Kitolis Agirrek idatzi eleberri baten izenburua da, Garoa edo Kresala bezala. Ez da hala. Kresalako marinel zahar baten izena da, eleberriaren kapitulu famatu bati izenburua ematen diona.
[5] Oro har, ez da batere argi norentzat egina izan zen liburua. Miarritzen argitaratua, zabalbide arruntetarik kanpo, pentsa daiteke Iparraldeko irakurleak gogoan izanik, egin zela. Baina, bestalde, deusetan ez zaie irakurle horiei keinurik egiten, non ez den molde horretan hartzen azaleko orrialdean agertzen den ezkutua, Zazpiak Bat izeneko goiburuari dagokiona.
[6] Armiarmako Klasikoen Gordailua, Josu Lavinek eginikako bertsio elektronikoa dakarrena.
[7] P. Arbururen itzulpena, 52. orr.
[8] Adierazgarria da Villasantek Kresalaren ondoko argitaraldian (1967koa, Arantzazun) egin zuen aitzinsolasean hitzik ez baitzuen erran bederatzi urte lehenago egin zen itzulpen hartaz. Hain segur, haren berri ez zuelako.
Aita Onaindiak «Euskal literatura II» lanean aipu labur bat baizik ez dio egiten itzulpenari:
Eta pratsesez, P. Arburu’k itzulia, Biarritz’en azaldu zuten, 1958’an.
«Euzko gogoa» aldizkariak, berriz, datu gehiago zekartzan 1957ko orril-garagarrileko zenbakian.
«Le Soir de Bayonne» deritzan egunerokoak Agirre Txomin’en «Kresala» prantzesera itzulita argitarazten asia da. Atalka ematen dute. Itzultzailea P. Arburu dugu. Ageri danez, euskal-eleberriak Prantzian ere aintzat artzen dituzte. Non eta Prantzian. Emen inon baino eleberri geiago argitarazten den errialde ontan euskal-eleberriak itzultzeak asko esan nai du. Zorionak P. ARBURU idazle ederrari.
Agidanez, itzulpena lehenbizi atalka plazaratu zuen «Le Soir de Bayonne» egunkariak. Euskaratzaileari buruz, ordea, lehen bezain argi gutxi dugu. Aieru ausart bat, beharbada: apaiza ote zen (père Arburu)? Horrek azalduko luke, orobat, hitzaurrea Onaindiak egitea.
Milesker berri horiek emanik. Pista bat irekitzen du itzulpena lehenik ‘Le soir de Bayonne’ delakoan argitaratua izan zela jakiteak. Argitalpen horren berria ‘Euzko gogoa’ aldizkariak ematea ere jakingarria da, ez baitut uste Iparraldean ‘Gure Herriak’ egin zuen (datu hau, halere, ez dut oraino behar bezala segurtatu ahal izan).
Itzultzailea apeza izan ote zen (‘P.’ hori ‘Père’ gisa interpretaturik zuk diozun bezala) ? Ez da horretan deus ezinezkorik, alderantziz baizik. Orduan, haatik, Charritton bezalako norbaitek haren berri jakin behar luke, nire ustez. Ez da hala. Charrittoni galdatu diodalarik, segurtamenik gabe erran dit, haren iduriko, Jean Elissalde ‘Zerbitzari’ euskaltzainaren gazte denborako laguna zela Arburu. Azkaindarra. Ez du hartaz beste xehetasunik gogoan atxiki, eta hau ere usteka mintzaturik eman dit.
Berriz ere, milesker.
Xarlex Videgainek seinalatzen dit ‘Azkaine gure sorterria’ liburuxkan (Elkar, 1985) Arburu izeneko azkaindar bat aipatzen dela, bere denboran franko famatua izan zatekeena. Liburuxka horretan Zerbitzariren artikuluak bilduak baitira, haietako batean hauxe dio (108-109. orr.):
“Euskal-Herrian nork ez du ezagutzen J.P. Arburu polizako gizona? bere kargua utzirik ixil-xila bizi da itsas-egiko hiri eder batean. Ez da egundaino Azkainen gizon famatuagorik sortu. Eskola handienak egin-eta, gerla ondoan Bordeleko poliza-nausian sartu zen. Euskara ederki baitaki, bere urrats eta balentriez liburu bat sekulan egiten balu, Euskaldunek zer irakur-geia luketen supazterrean neguko hotzetan: Bertzeak bertze, nola ez harri eta xora, Espainian barna Alemaniarentzat espiungoan ari zen jauntto baten bere saretarat biltzeko egin zituen urrats eta jukutriez, Aberriarengatik, irriskuari behatu gabe?
Ixtorio ederra orobat, Aiharran beti tratulant bat hil-eta, arrobatu zuen Bastidar tzarraren preso altxatzea, botoin ttipi batetarik hura zela hobenduna frogaturik? Eta guziz zer begiak zabaldurik ez lezakete orok irakur J.P.A. nola Frantzia barnerat igorri zuten eiherazain baten hiltzalearen ondotik, eta nola hiltzale hori preso hartu zuen bere esposetako bazkarian! Bai eiki! Eiherazaina jaun esposak hila zuen bi egun lehenago, bere emaztegeiaren laguntzarekin!!! Eta hori gure Azkaindar adixkideak laster xilatu… eihera aintzinean ikusi zituen espalakoin hatz batzuetan ihizin abiaturik! Usna gaitzeko poliza-gizona zen J.P.A. Erran gabe doa galerak atxeman zituztela bi espos pollitek!!! Etzuten gutiago merezi.”
Aitzineko mezuan aipatu Charrittonen erranak lerro horietan zuketen iturburua. Elizaldek dio Arburu polizia aitzindari hark euskara ederki bazekiela, eta euskaldunek gogotik irakurriko zituzketela haren oroitzapenak, bere balentriak kontaturik liburu bat egin izan balu. Itxura guzien arabera, ez zuen holakorik egin, ez eta, ene ustez, Kresala frantsesera itzuli.
Ea noizbait zilatzen dugun nor zen itzultzaile bide-urratzaile hura.
Itzultzailearen misterioa zulatu artean, ohargarria suertatzen da, beti ere, “espalakoin” lapurtar metatesiko hori, hagitz aproposa euskal elukubrazio sasietimologiko tipiko bati lotzeko, “ezpal”etik abiatuta.
Hemen beti “eskalapuin” aditu izan dugu, Lakoizketa botanikoaren arabera eskalerako puntan uzten zirelako. Baina menturaz erdal “escarpín”etik heldu delako, gazteleraz zola eta jostura bakarreko zapata izanik.