Iñaki Iñurrieta Labaien
Aurreko postean, Lazarraga aipatu nuen, bere garaikide Etxepare eta Leizarragarekin batera. Banekien Pruden Gartziak idatzia zuela liburu bat hartaz. Maiatzaren 4an, larunbatarekin —nire idatzia hemen agertu zen egunean— heldu nion haren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz liburuari. Bi ekinalditan irakurri nuen, jakin-minaren jakin-minez, eta atera nuen lehen ondorioa izan zen nire post hartan esandakoetan ez nuela huts handirik egin, nik ere Lazarraga «gaztetxo burubero eta maitati bat» imajinatu nuenean. Baina, horrez gainera, hainbat gauza jakingarri eta interesgarri ikasi nituen:
Liburuaren ideia nagusia, batetik: Lazarragaren eskuizkribua zinezko mugarria dela euskal historian, eraldatu egin dezakeela orain artean euskaraz eta euskal literaturaz izan dugun ikuspegia, funtsean Mitxelenak ezarria: Euskal Herriko eliteek —Eliza izan ezik— albo batera utzitako kultura zela euskarazkoa; hemen euskara idatziak eliz kontuetan baino ez zuela garapenik izan Errenazimentuko eta Aro Modernoko lehen mende haietan.
Prudenen liburutxoan, ordea, beste ikusmira arras desberdin bat ageri zaigu. Lazarragaren poemetan ispilatzen dena paisaia errenazentista da: Gebarako gorteko (poetaren bizileku inguruko) dama eta jaun gazteak, amodio giroko poesia-jolasetan bildurik; noblezia txiki euskalduna, euskaraz naturaltasun osoz bizi zena, «Ataun bezain euskalduna izan zitekeen Larrea Arabakoan».
Azaltzen zaigu, halaber, nola Lazarraga lehenengoetakoa izan zen Europa osora zabaldu zen italiar Errenazimentuaren korrontean bere Dianea artzain-eleberriaz. Azpigenero hori Jaime de Montemayorrek inauguratu zuen Espainian, 1659an, La Diana argitaratu zuenean, eta haren bidez zabaldu zen Europara. Lazarragarena handik urte gutxira idatzia da, 1664-1667 artean; geroagokoak dira Cervantesen eta Lope de Vegaren lehen liburuak, azpigenero horretakoak hain zuzen ere —Galatea (1585) eta La Arcadia (1598), hurrenez hurren—; geroagokoak Ingalaterran agertutako lehen aleak ere, Sidneyrena (mende amaieran) eta ondorengoena, zeinetan oinarritu baitzituen Shakespearek berak bere antzerki-lan ezagun batzuk, The Winter’s Tale eta Two Gentlemen of Verona, besteak beste.
Historiografiaren ustelaz ere esaten zaigu zerbait Prudenen liburuan: nola historialari arabarrek ez ikusi egin dioten Arabako historiaz orain urte batzuk kaleratutako liburu batean —Arabaren historiaren bertsio kanonikoa izan nahi duen liburuan (hala diote egileek hasieran)— euskarak Araban izandako presentziari. Kapitulu bakar batean izan ezik, irudi luke ia ez dela euskararik izan Araban. «Guztiz harrigarria», dio Prudenek, «ustez goi-mailakoak diren ikerlarien eskutik. Zinez esplikaezina termino akademiko arruntetan». Esplikaezina? Onartezina, hainbat campuskidek, hasi Mitxelenarengandik eta ondorengoetara, gai horretaz argitara eman izan dituzten lanak ez ezagutzea; edo, ezagutuz gero, ez ikusi egitea.
Bide batez, kontatzen zaigu nola, Lazarragaren garaitsuan, Errenazimentu protestante baten hastapena izan zen Iparraldean, Joannes Leizarragarekin irekitako bidea, protestantismoaren hedapenarekin batera alfabetatzearen hedapena ekartzeko helburua zuena, Albreteko Joana erregina humanismoan ondo heziaren bultzadaz; nola 1572tik aurrera Frantziako erlijio-gerrek errotik moztu zuten, behin betiko, euskal letren loraldi eder izan zitekeena.
Liburuaren laugarren eta azken saiakeran, badira pasarte polit askoak Lazarragaren eta Cervantesen arteko harreman posibleez. Hasteko, hainbat paralelismo bien artean: urte berean eta agian hilabete berean jaioak ziren biak; biek idazten zituzten poemak 18-20 urte zituztela; 1567ko maiatzean, bi-biak zeuden Madrilen. Berez dator galdera: elkar ezagutu ote zuten? Bada hipotesi horren aldeko zantzurik. Kixotean (II. partea, 16. kap.) datorren pasarte hau, kasu:
(antzinako poeta guztiak) ez ziren atzerriko hizkuntzen bila joan; eta hau horrela izanik, arrazoizkoa litzateke ohitura hau nazio guztietan hedatuko balitz, eta aleman poeta ez gaitzestea bere hizkuntzan izkiriatzen duelako, ez gaztelaua, ez eta berean izkiriatzen duen bizkaitarra ere.
(Jakina denez, euskaldunoi vizcaíno esaten ziguten garai hartan). Harrigarria da hor euskara aipatzea gaztelaniaren edo alemanaren parean. Cervantesek Lazarraga bide zuen gogoan hitzok idatzi zituenean, iradokitzen digu Prudenek, eta nahikoa arrazoibide sendoak eta aintzat hartzekoak ematen ditu. Ez naiz luzatuko, nahi duenak hor du liburua.
Beste zantzu harrigarri bezain polit bat: XV. mendean, izan omen zen beste Joan Perez de Lazarraga bat, gure poeta gaztearen arbaso bat, ezagun egin zena Gasteizko kaleetan zaldi gainean lantzaz ibiltzeagatik, orroka eta zemaika: zaldun zoro bat, zaldi gainean lantzaz eta ezkutua eskuetan, bere irudimenean baino ez zeuden ustezko etsai batzuei oldarka. Hor ere berez dator galdera: benetako istorio horretan inspiratu ote zen Cervantes bere pertsonaia asmatzeko? Lazarragaren beraren edo ingurukoen bidez jakin ote zuen?
Irudimenaren bidetik ari da Pruden, eta galdezka. Eta arrazoiak emanez, kausak eta ondorioak modu zentzuzkoan lotuz. Lazarraga eta Garibai senideak ziren; Garibairen bigarren emaztea, berriz, Cervantesen senidea. Bi familiak elkarrekin joan omen ziren Valladolidera XVII. mende hasieran… Eta beste hainbat datu, Cervantesek Gasteizekin izandako harremanez.
Hasieran esan bezala, berehala irakurri nuen liburutxoa, galde-erantzunen katean loturik, ote-oteka luzatzen diren hipotesien haritik. Suspenseaz ere baliatzen baita egilea, eleberririk erakargarrienetan bezala: galdera edo hipotesi bat planteatzen dizu atal baten amaieran, eta ondotik «hurrengo atalean azalduko dut hori».
Beste hainbat gauza jakingarri dakartza liburutxoak, baina bat aipatuz amaituko dut: Prudenek egiten duen gomendioa, Gandiagaren Uda batez Madrilen liburuan Kixoteari eskainitako orrialdeak irakurtzeko (119-133 or.). Zinez harrigarri gertatzen dira han esaten direnak gaur egun ikusten, entzuten eta irakurtzen ditugunen argitan.
Eskertuko nizuke argibide gehiago ematea.
Patri Urkizuren Dianea & Koplak izan dut eskura, eta datei buruz, Patri Urkizuk berak, Xabier Kintanak, Pruden Gartziak darabiltzatenez fidatu naiz.
Ziur asko, ikerketek aurrera egin dute azken urteotan, eta ni enteratu ez, ez bainaiz espezialista.
Berriro diotsut, eskertuko nizuke argibide gehiago, bestela maisu txarrarena egingo baituzu: akatsa seinalatu, eta zuzen dena irakatsi ez.
Lazarragak ez zion bere artzain nobelari izenik jarri, baina bistan dago Montemayor-en lanaren ildoan koka daitekeela. Hori ikusita, Urkizuk broma txar bat egin zuen: Montemayor-en “Diana” izena hartu, eta mendebaldeko euskeran ohikoa den -ea gehitu: hortik “Dianea” izenburua (Urkizurena, ez Lazarragarena). Eta Urkizuk 2004ko edizioan egindako astakeria bakarra hori balitz, gaitzerdi.
Uste dut niri tokatzen zaidala gauza pare bat esatea. Horra.
Lehenengo eta behin, mila esker Iñaki, estimatuta dago.
Bigarrenik. Gaur egun liburu hori beharko banu (nahiko banu) idatzi, gauza gehienetan nahikoa antzera egingo nuke, baina badaude batzuk aldatu beharrekoak. Nire ustez ez dira oso garrantzitsuak neure liburuaren intentzioaren aldetik (Filologiaz landako helburu batzuk nituen gogoan), baina bai Lazarragari eta bere eskuizkribuari dagokionez. Alde horretatik, sinistuidazue, egundoko aurrerakada egin da. Bi hitzetan esateko, gaur egun badago edizio kritiko bat interneten, guztientzat eskuragarri, eta lehendik ez genekien gauza asko dakizkigu orain; hortaz gain, Lazarragaren bizitzaz ere lehen baino apur bat gehiago dakigu, baina horretaz bukeran esango dut zerbait.
Edizio kritikoa EHUko Letra Fakultateko sei ikerlarik egin dute, gure artean dauden filologo trebatuenetakoak, Monumenta Linguae Vasconum izeneko proiektuaren barruan. Hauek dira:
Gidor Bilbao
Ricardo Gómez
Joseba A. Lakarra
Julen Manterola
Céline Mounole
Blanca Urgell
Beste bi laguntzaile ere izan dituzte:
Ariane Ensunza
Urtzi Reguero
Bada, seikote/zortzikote hau hiruzpalau urte ibili da (edo gehiago, ez dakit zehazki), astero biltzen, eskuizkribua xehe-xehe aztertzen eta emaitzak “paperera” ekartzen. Serioki eta sistematikoki lanean, urtetan. Emaitza hori hemen irakurri daiteke:
http://www.ehu.es/monumenta/lazarraga/index.html
Ez da erraza niretzat egin duten lana eta landu dituzten ondorioak bi hitzetan laburtzea. Benetan, sartu zaitezte estekaren bidetik eta zeuen begiekin ikus. Baina eman dezadan printza batzuk:
1) Garrantzitsuena: testuak ulertu egiten dira, osorik ulertu ere. Horretarako beharrezkoa izan da jatorrizko eskuizkribuan kakanahaste izugarri batean agertzen dena poema eta testu koherentetan ordenatzea, eta lerroz lerro eta hitzez hitz transkribatzea eta azaltzea. Barka biezadate txinatarrek, baina txinoen lana deitzen genion horri umetan.
2) Egileak: “Lazarragaren eskuizkribua” deitu arren, ez du egile bakarra. Lazarragaz gain, badago beste bat (A eskua eta B eskua gisa sailkatu dituzte testuak). Agian badago hirugarren bat ere (C eskua).
3) Datak: hasierako data erreferentzial haiek (1564-1567), desagertu barik, erlatibizatu egin dira. Ez dakit interpretazio zuzena egiten ari naizen, baina esango nuke filologoek ematen diguten datuen arabera, ematen duela laupabost hamarkadatan ondutako poemak izan daitezkeela, une konkretu batean Lazarragak kuaderno batean “garbira pasatuak” eta gehituak (berak eta beste batek gutxienez). Lazarraga 1605ean hil zen. Azpimarratu nahi nuke ez nagoela ziur interpretazio zuzena egiten ari ote naizen.
4) Euskalkia: hasieratik esan bezala, Arabako euskara da (ez bizkaiera), baina orain askoz ere gehiago dakigu euskalki horri buruz partikularzki, eta XVI. mendeko euskarari buruz oro har.
Hemen utziko dut kontua. Barkatu matraka, gai honekin entusiasmatu egiten naiz eta honez gero ez dakit inor segitzen ari ote den.
Interesatuak badaki nora jo. Ez da damutuko.
Beldur naiz maisu txarraren irudiarekin geratuko naizela, gutxi baitut Prudenek idatzi duen iruzkinari gehitzeko, gure edizioari egin dion publizitate onagatik eskerrak ematea ez bada. Hor zegoen, hain zuzen, FiloBlogian idatzi nuen mezutxoaren arrazoia, Iñakiren goiko sarrera irakurtzean ohartu bainintzen, lehenagotik ere ohartuta ez banengoen, zabalkunde hobea egin beharko geniokeela gure edizio digitalari (bide batez, http://lazarraga.com helbide errazagotik ere irits daiteke); izan ere, bistan da euskaltzale askok eta Lazarragaren testuaz interesa izan dezaketen askok ez dutela ezagutzen eta hori, gehienbat, gure erruagatik da.
Prudenek ekarri dituen datu gehienak zuzenak dira, baina berak susmatzen duen bezala zenbait puntutan zehaztasun batzuk egin beharra dago (haren zenbakuntzari jarraitzen diot):
2) Guk A, B eta C deitu ditugun testuak ez dira zehazki “eskuak”, hots egile desberdinak, baizik eta gure ustez eskuizkribuak izan dituen idatzaldi(-sorta) desberdinak. A testua lehenengo idatzaldiari legokioke, ziurrenik oso-osorik Lazarragarena. B testuan sartu ditugu A-k utzitako zuriuneak baliatuz idatzi diren poemak (eta prosazko testu labur bat); hauetako gehienak ere Lazarragarenak dira, baina beste bi esku indentifikatu ditugu: Martin Lopez Bikuñakoa eta Filipe Ruiz Ibarretakoa. Azkenik, C testuak geratu diren zuriuneetan eta paperaren ertzetan idatzitako hitzak, esaldi solteak, sinadurak, monogramak, etab. biltzen ditu, hauek ere garai desberdinetan eta esku batek baino gehiagok eginak.
Zehaztu behar dut, orobat, interneteko edizioan oraingoz A testua baino ez dugula argitaratu, baina B eta C testuen edizioa amaiturik dugu eta sareratzeko lanak egiten ari gara. Laster argitaratuko ditugu, A testuaren bertsio zuzenduarekin batera.
3) Datei buruzko interpretazioa funtsean zuzena da. Dena dela, aurreko puntuan adierazitakoagatik, beharbada hobe litzateke “une konkretu batzuetan” esatea.
Bestalde, beste Iñaki batek esandakoari dagokionez, Dianea izenburua ez da (soilik) Urkizuren broma batetik sortu. Hitza eskuizkribuan agertu, agertzen da; baina ez, noski, artzain-liburuaren izenburu gisa eta ez da izen bat ere. Sasiolakoaren poema batean (gure edizioko B27) “ofrendara dianea[n]” eta “sagara gora dianean” ditugu; beraz, adizkia da eta ‘doanean’ esan nahi du. Edizioan adizki horren beste adibide batzuk ematen ditugu, ez baita ezezaguna gipuzkerazko testuetan.
Berriro ere eskerrik asko, Pruden, gure edizioaren zabaldunde lan bikainagatik. Eta barkatu, Iñaki, orain arte ez badut zure iruzkina irakurri eta, maisu on bati zegokiokeen bezala, nire arrazoiak lehenago azaldu.
Mila esker argibideongatik, Pruden eta Ricardo. Eta orain, niri ikasle onarena egitea tokatzen zait: edizio digital horretara jotzea. Gero eta interesanteagoa iruditzen zait Lazarragaren inguruko guztia.