Lazarragaz eta Euskal Errenazimentuaz

Iñaki Iñurrieta Labaien

Aurreko postean, Lazarraga aipatu nuen, bere garaikide Etxepare eta Leizarragarekin batera. Banekien Pruden Gartziak idatzia zuela liburu bat hartaz. Maiatzaren 4an, larunbatarekin —nire idatzia hemen agertu zen egunean— heldu nion haren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz liburuari. Bi ekinalditan irakurri nuen, jakin-minaren jakin-minez, eta atera nuen lehen ondorioa izan zen nire post hartan esandakoetan ez nuela huts handirik egin, nik ere Lazarraga «gaztetxo burubero eta maitati bat» imajinatu nuenean. Baina, horrez gainera, hainbat gauza jakingarri eta interesgarri ikasi nituen:

Liburuaren ideia nagusia, batetik: Lazarragaren eskuizkribua zinezko mugarria dela euskal historian, eraldatu egin dezakeela orain artean euskaraz eta euskal literaturaz izan dugun ikuspegia, funtsean Mitxelenak ezarria: Euskal Herriko eliteek —Eliza izan ezik— albo batera utzitako kultura zela euskarazkoa; hemen euskara idatziak eliz kontuetan baino ez zuela garapenik izan Errenazimentuko eta Aro Modernoko lehen mende haietan.

Prudenen liburutxoan, ordea, beste ikusmira arras desberdin bat ageri zaigu. Lazarragaren poemetan ispilatzen dena paisaia errenazentista da: Gebarako gorteko (poetaren bizileku inguruko) dama eta jaun gazteak, amodio giroko poesia-jolasetan bildurik; noblezia txiki euskalduna, euskaraz naturaltasun osoz bizi zena, «Ataun bezain euskalduna izan zitekeen Larrea Arabakoan».

Azaltzen zaigu, halaber, nola Lazarraga lehenengoetakoa izan zen Europa osora zabaldu zen italiar Errenazimentuaren korrontean bere Dianea artzain-eleberriaz. Azpigenero hori Jaime de Montemayorrek inauguratu zuen Espainian, 1659an, La Diana argitaratu zuenean, eta haren bidez zabaldu zen Europara. Lazarragarena handik urte gutxira idatzia da, 1664-1667 artean; geroagokoak dira Cervantesen eta Lope de Vegaren lehen liburuak, azpigenero horretakoak hain zuzen ere —Galatea (1585) eta La Arcadia (1598), hurrenez hurren—; geroagokoak Ingalaterran agertutako lehen aleak ere, Sidneyrena (mende amaieran) eta ondorengoena, zeinetan oinarritu baitzituen Shakespearek berak bere antzerki-lan ezagun batzuk, The Winter’s Tale eta Two Gentlemen of Verona, besteak beste.

Historiografiaren ustelaz ere esaten zaigu zerbait Prudenen liburuan: nola historialari arabarrek ez ikusi egin dioten Arabako historiaz orain urte batzuk kaleratutako liburu batean —Arabaren historiaren bertsio kanonikoa izan nahi duen liburuan (hala diote egileek hasieran)— euskarak Araban izandako presentziari. Kapitulu bakar batean izan ezik, irudi luke ia ez dela euskararik izan Araban. «Guztiz harrigarria», dio Prudenek, «ustez goi-mailakoak diren ikerlarien eskutik. Zinez esplikaezina termino akademiko arruntetan». Esplikaezina? Onartezina, hainbat campuskidek, hasi Mitxelenarengandik eta ondorengoetara, gai horretaz argitara eman izan dituzten lanak ez ezagutzea; edo, ezagutuz gero, ez ikusi egitea.

Bide batez, kontatzen zaigu nola, Lazarragaren garaitsuan, Errenazimentu protestante baten hastapena izan zen Iparraldean, Joannes Leizarragarekin irekitako bidea, protestantismoaren hedapenarekin batera alfabetatzearen hedapena ekartzeko helburua zuena, Albreteko Joana erregina humanismoan ondo heziaren bultzadaz; nola 1572tik aurrera Frantziako erlijio-gerrek errotik moztu zuten, behin betiko, euskal letren loraldi eder izan zitekeena.

Liburuaren laugarren eta azken saiakeran, badira pasarte polit askoak Lazarragaren eta Cervantesen arteko harreman posibleez. Hasteko, hainbat paralelismo bien artean: urte berean eta agian hilabete berean jaioak ziren biak; biek idazten zituzten poemak 18-20 urte zituztela; 1567ko maiatzean, bi-biak zeuden Madrilen. Berez dator galdera: elkar ezagutu ote zuten? Bada hipotesi horren aldeko zantzurik. Kixotean (II. partea, 16. kap.) datorren pasarte hau, kasu:

(antzinako poeta guztiak) ez ziren atzerriko hizkuntzen bila joan; eta hau horrela izanik, arrazoizkoa litzateke ohitura hau nazio guztietan hedatuko balitz, eta aleman poeta ez gaitzestea bere hizkuntzan izkiriatzen duelako, ez gaztelaua, ez eta berean izkiriatzen duen bizkaitarra ere.

(Jakina denez, euskaldunoi vizcaíno esaten ziguten garai hartan). Harrigarria da hor euskara aipatzea gaztelaniaren edo alemanaren parean. Cervantesek Lazarraga bide zuen gogoan hitzok idatzi zituenean, iradokitzen digu Prudenek, eta nahikoa arrazoibide sendoak eta aintzat hartzekoak ematen ditu. Ez naiz luzatuko, nahi duenak hor du liburua.

Beste zantzu harrigarri bezain polit bat: XV. mendean, izan omen zen beste Joan Perez de Lazarraga bat, gure poeta gaztearen arbaso bat, ezagun egin zena Gasteizko kaleetan zaldi gainean lantzaz ibiltzeagatik, orroka eta zemaika: zaldun zoro bat, zaldi gainean lantzaz eta ezkutua eskuetan, bere irudimenean baino ez zeuden ustezko etsai batzuei oldarka. Hor ere berez dator galdera: benetako istorio horretan inspiratu ote zen Cervantes bere pertsonaia asmatzeko? Lazarragaren beraren edo ingurukoen bidez jakin ote zuen?

Irudimenaren bidetik ari da Pruden, eta galdezka. Eta arrazoiak emanez, kausak eta ondorioak modu zentzuzkoan lotuz. Lazarraga eta Garibai senideak ziren; Garibairen bigarren emaztea, berriz, Cervantesen senidea. Bi familiak elkarrekin joan omen ziren Valladolidera XVII. mende hasieran… Eta beste hainbat datu, Cervantesek Gasteizekin izandako harremanez.

Hasieran esan bezala, berehala irakurri nuen liburutxoa, galde-erantzunen katean loturik, ote-oteka luzatzen diren hipotesien haritik. Suspenseaz ere baliatzen baita egilea, eleberririk erakargarrienetan bezala: galdera edo hipotesi bat planteatzen dizu atal baten amaieran, eta ondotik «hurrengo atalean azalduko dut hori».

Beste hainbat gauza jakingarri dakartza liburutxoak, baina bat aipatuz amaituko dut: Prudenek egiten duen gomendioa, Gandiagaren Uda batez Madrilen liburuan Kixoteari eskainitako orrialdeak irakurtzeko (119-133 or.). Zinez harrigarri gertatzen dira han esaten direnak gaur egun ikusten, entzuten eta irakurtzen ditugunen argitan.