Itzulpenaren gizartea

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Aspaldi esana dago gaur egungo mundu globalizatuan «itzulpenaren gizartea» delakoan bizi garela, hiztunek jasotzen ditugun informazio asko eta askoren iturrian itzulpena dagoelako; eta hori, gure kasuan, hala da bai gaztelaniari, bai euskarari ere bagagozkie. Aldea, seguru aski, proportzioan dagoke: euskararen kasuan –aspaldi esana dago hau ere–, proportzio handiagoan jasotzen ditugu hizkuntz-input itzuliak, hainbesteraino ere non –hau ere lehendik esana dago, barka originaltasunik eza– itzulpena baita euskararen normalizazioaren zutabe nagusienetako bat, nahiz eta ez, inola ere, aitortuenetakoa.

Hori berez ona ote den, txarra ote den, iritzi asko daude, baina esango nuke itzultzaileok, harrokeriaz agian, garbi dugula euskarazko itzulpen asko jatorrizko euskarazko (eta erdarazko) testu asko baino hobeak direla eta hobeto idatzita daudela; eta garrantzitsua iruditzen zait argudio hori ondo-ondo azpimarratzea hain zuzen ere gure gizarte euskaldunean, oraindik itzulpenak ospe txarra duelako askorentzat, bigarren mailako «euskara»tzat edo hartzen delako, eta «Mihiluzeok» oso ondo pasatzen dugulako itzulpen akatsak ehizatzen. Euskal idazleen zenbat akats-antologia ez ote litezkeen egin ahalko, horretara ere jarriz gero, ordea!

Egia da itzultzaileok (ere) akatsak egiten ditugula, akatsen kontrako borroka etengabea dela gurea, eta itzultzailerik onenetan onena ere ez dela zaurigabe irteten borrokaldi horietako bakoitzetik. Beste edonor bere alorrean bezala, ordea. Horregatik, nire ekarpen honetan ez dut itzulpen akatsei buruzko topiko erraz horretara makurtu nahi. Baina bai egin nahi dut itzulpen-akatsekin zerikusia duen aipamen bat, azterketaren objektiboa apurtxo bat zabalduz eta izenburuko euskarazko itzulpenaren gizartearen arriskuetara apuntatuz.

Izan ere, itzulpena informazio-iturri hain garrantzitsu duen gure gizarte euskaldun honetan, kezkagarriagoa iruditzen zait ez jakitea itzulitako testu mota batzuen gaineko kanpoko kontrolak ahulak ala indartsuak ote diren. Irakaskuntzaz ari naiz, bereziki, eta, ohi bezala, adibide soil batez irudiztatuko dut nire kezka hau, jakin gabe, noski, zenbateraino zabalgarri edo orokorgarri den adibide hori. Batxilergoko historia ikas-liburu batetik aterata dago; ikus dezagun adibide horretako erdarazko jatorrizkoa eta euskarazko itzulpena:

Este tipo humano fue un ancestro del neandertal (Homo sapiens neandertalensis), mucho más extendido por la Península –Cova Negra (Játiva), Bañolas (Girona), Gibraltar, El Sidrón (Asturias), etc.– y que habitó en ella entre el 230000 y el 20000 a.C. aproximadamente.

Gizaki mota hori [Homo heidelbergensis delakoaz ari da] Neanderthal gizakiaren (Homo sapiens neandertalensis) arbasoa zen. K.a. 230000. urtetik 20000. urtera bizi izan zen, gutxi gorabehera, penintsulako hainbat tokitan –Cova Negra (Játiva), Banyoles (Girona), Gibraltar, Sidrón (Asturias), etab.

Ulermena oso herdoilduta ez badaukat, esango nuke, euskarazko testuko bigarren esaldiari begiratuta, K.a. 230000. urtetik 20000. urtera bizi izan zena aurreko esaldiko subjektua («gizaki mota hori») dela, Homo heidelbergensis delakoa, alegia; eta erdarazko testuan, aldiz, neandertala izan zela, haren ondorengoa. Akatsa, aurreko blog sarrera batean Jesus Mari Agirrek zioen bezala, jatorrizko testu jarraitua euskaraz eteteagatik gertatu da; zehazkiago, jatorrizko mendeko perpaus erlatiboa itzulpenean ezabatu eta alborakuntzan jartzeagatik, subjektuak nahastuz. Ondorioa, itzulpen akatsa ez ezik, historiari edo testu-liburu hau erabiltzen duen zientziari dagokion akatsa ere bada, informazio zientifiko okerra ematen baitie liburuaren erabiltzaile diren ikasle-irakasleei.

Nire kezka da ea liburu horren euskarazko bertsioa erabili duten irakasleek ba ote duten behar diren jakintza, argitasuna eta oharmen-zorroztasuna akats horretaz konturatzeko eta, ematen dituzten eskoletan, zuzentzeko. Beldur naiz ezkorra izateko arrazoi gehiegi daudela. Eta erruaren zama itzultzaileei bakarrik ez egoztearren, beldur naiz euskaraz idatzitako testu-liburua izan balitz akats horren antzekorik ere ez ote litzatekeen berdin-berdin egongo.

Atera ahal eta nahi dudan ondorio bakarra ez da ondorio, beldur hori baizik. Literatura itzulpen bateko akatsek axola erlatiboa dutela esango nuke, kalte txikitzat hartuko nuke horiek egiten dutena: irakaskuntzarako baliatzen diren testu itzulietako akatsak larritasun handiagokoak iruditzen zaizkit, zientziaren eta didaktikaren ikuspegitik. Eta esango nuke gure gizarte euskaldun txikia ez dagoela behar bezain ondo babestuta akats horiek egin dezaketen kaltearen aurrean.

Edo, agian, adibide zoro bat baino ez da, ez da hainbesterako, azken batean dena da erlatiboa, eta nori axola dio irakaskuntzak edo zientziak gaur egun. Horra kalteetan handiena. Ez?