Zabarkeria

Paskual Rekalde Irigoien

Berriki ezagun batek kartel bat igo du sare sozial bateko hormara. Bilboko Errekaldeko Lanegia langile elkartea aurkezteko besta iragartzen da.

Kartel horretan besta egun horretako programa ageri da eta behealdean besta lagundu duten merkataritza-guneak, merkatariak, tabernariak, banketxeak, auzo elkartea, jai batzordea eta abar. Programa ele biz, ezkerraldean euskaraz eta eskuinaldean gaztelaniaz. Harritzekoa deus ere ez, ez bada gaztelaniazko testuaren txukuntasuna eta euskarazkoaren zabartasuna.

Kartelaren hasmentan berean deigarri egin zitzaidan gaztelaniazko «fiesta presentación» emateko ageri den «aurkezketa jaia»[1]. Testuan barneratuz gero mota anitzetako hanka sartzeak eta bitxikeriak daude; bertzeak bertze, ondoko hauek:

Gazteuak, margo tailerak eta jokoak. Ainbeste gauza

Hinchables y taller de pinturas. Juegos varios

Etxekit ekarritako tortila txapelketa eta Errekaldeko Plazan picnik bat

Concurso de tortillas “caseras” Picnic en la plaza Rekalde ¡Sorpresa!.

Erosketako karroen sosketa produak BM eta Simpligatik emondak

Sorteo carro de la compra Productos donados: Simply y BM.

Alde batera utziko ditugu akats mekanografikoak –eta testuan badira gehiago eta batzuk kartela egin duenaren zabarkeria hutsak–.

Lehena «aurkezketa» dugu. Bila ibili eta ez dut inongo hiztegitan aurkitu, ezta lehen hiztegi elebidunetan ere. Googlen galdetu eta 58 emaitza inguru daudela dio (horietako anitz errepikatuak). Gehienak administrazioko testu zaharretan ageri badira ere –1980 inguruko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian–, berriagoak ere badira, erraterako, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketari buruzko 2012ko testu batekoak. Auñamendi entziklopedian ere bildu dute[2]. Dena dela, ez zait iruditzen gure itzultzaileak testu horiek irakurri ondoren erabili duela aurkezketa. Jakina da -keta oso atzizki emankorra dela euskaraz eta azken urte hauetan zernahi hazi dela erabilera: argitaraketa, baloraketa, desagerketa, erabilketa, errepikaketa, ebaluaketa, lapurketa, liseriketa… Gero eta gutiago erabiltzen badira ere, oraino han-hemenka ikusten dira. Horien kopia ote aurkezketa?

Segidan dugu gaztelaniazko «hinchables» hori (seguruenik «castillos hinchables» dena). Euskaraz «gazteuak» hori «gazteluak» direla konprenitu ondoren, «hinchables» dugu. Gaztelaniatik euskararako hiztegietan ez dut hinchable aurkitu; bai, ordea, inflable eta haren ordaina puzgarri. Hori ote arrazoia puzgarri hitza testuan ez erabiltzeko?

Bertzalde, bitxia egin zait zer ordain eman dion euskaraz gure itzultzaileak «concurso de tortillas “caseras”» esaldiari: «etxekit (sic) ekarritako tortila txapelketa». Hau da: gaztelaniaz komatxoen artean idatzi duten casero berdin etxetik ekarritako. Gaztelaniazko casero adjektiboaren euskal ordaintzat ematen ahal ditugu, bertzeak bertze, etxe- (etxe-ogia), etxeko, etxean egindako (etxeko ogia), baserriko (baserriko ogia), edo etxetiar (txakur etxetiarra), etxezale, etxekoi[3]… Ez dakit zer-nola antolatu zuten txapelketa hori, baina normalean tortillak tokiaren gainean egiten dira horretarako osagaiak eman ondoren. Gaztelaniazko testua irakurri eta, gutxiago edo gehiago, usteko dugu etxean egiten diren moduko tortillak egitea zela asmoa eta euskarazkoan, aldiz, erraten digute tortillak etxetik ekarritakoak direla eta haiekin txapelketa egin dela. Norbaitek argitu beharko digu, baina susmoa dut testuaren euskaratzaileak ez duela jakin gaztelaniazko casero horren euskal ordain zuzena ematen[4]. Goian aipatutakoetatik soilik balioko liguke etxe-k edo etxeko erara egindako tortilla…-k. Lehena ez da argia eta bigarrena luzeegia edo zailegia euskaraz hain trakets idazten duenarendako.

Har dezagun orain «Erosketako karroen sosketa produak BM eta Simpligatik emondak» esaldi multzoa. Hemen ere denetarik dugu: ahozko forma (ezin eskatu «erosketako karro»-aren ordez Euskaltermek proposatzen duen erosketa-orga erabiltzea); ortografia kontuak –z erabili beharrean s erabiltzea– (*sosketa / zozketa); egiletasuna adierazteko motibatiboa erabiltzea eta «emanak» erabili beharrean «emandak» traketsa erabiltzea, baina bizkaierari egindako keinuarekin («*BM eta Simpligatik emondak» / «BMk eta Symplik emanak»).

Beraz, noizbait beharko dugu, behar ere, oinarrizko euskararen bilduma zabala, halako kartelak eta antzeko idazkiak egin behar dituenak lagungarri gertatuko zaizkion esaldi eginak erraz aurkitzeko modukoa. Eguneroko beharrei lotutako hitz eta esaldi zerrendak behar ditugu ahalik eta lasterren, baina atzendu gabe, kasu honetan, bestaren antolatzaileak eta laguntzaileek ere badutela erantzukizuna hizkuntzaren kalitatearen gainean, ez baita aski, nire ustez, besta antolatzeko dirua edo laguntza eman eta horren berri emateko erabili kartel eta halakoei ez erreparatzea. Nolanahi ere, ez dezagun kasatu (hil) testua euskaratzen ezinean ibili den gaizoa.


[1] Zertako ukatu! Hiztegi Batura eta gainerako hiztegietara jo nuen ea nonbait ageri zen.
[2] PRESENTACIÓN. Acción y efecto de mostrar, presentar o presentarse, azaldaketa (B), aurkezte, aurkezpen (B, G, L, M), agerpen, agerketa (AN, B, G), agertze (ANest-ar, B, G), agermen (Añib. 41, F. Seg.), azaldurea (Izt. Cond. p. 415), aurkezkunde, aurkezketa (EKIN).
[3] Halakoak eta antzekoak ageri dira hiztegi elebidunetan.
[4] Euskaraz larri dabilen edo euskara ikasten ari den bati eroriko zitzaion azken unean kartela euskaratzeko lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude