Igone Zabala Unzalu
Edozein hizkuntzak dituen baliabideak neurri handian hizkuntza horren hiztunek mendeetan egindako erabileren emaitza dira. Ezaguna da euskararen atzizki eratorleen sistema oso aberatsa dela. Adibidez, aditzetik ekintza-izenak sortzen (edo sortu) dituzten hamabitik gora atzizki ditugu (-t(z)e, -era, -men/-pen, -mendu/-mendi, -zio, -keta, -kuntza, -dura, -kunde, -tza, -ada, -antza/-antzia eta Ø). Gaztelaniak, aldiz, sei ditu zero-atzizkia kontuan hartuta (-ado/-ido, -aje, -ción, -dura, -miento eta Ø). Horrek zer pentsatua eman beharko liguke ekintza-izenen erabilera gehiegizkoa eta inguruko hizkuntzen eraginaren ondorio delako baieztapenaren aurrean. Baina aditzetiko izenen eta nominalizazioaren gaia beste baterako (edo batzuetarako) utziko dugu eta adjektiboak sortzen dituzten atzizkiei begiratuko diegu oraingoan.
Euskarak baditu izenetik eta aditzetik adjektiboak sortzen dituzten atzizki ugari: -ti, -tsu, -bera, -koi, -kari, -kin, -tiar/-liar, -kor, -garri, -tzaile, -kizun, -dun, -ko eta -(t)ar. Nolanahi ere, atzizki horiek nolakotasunezko adjektiboak (kalifikatiboak) ematen dituzte nagusiki: -(t)ar atzizkia da erreferentziazko adjektiboak (erlazionalak) eman ditzakeen bakarra. Gaztelaniak, aldiz, erreferentziazko adjektiboak sortzen dituzten lau atzizki ditu (-al, -ar, -ario eta -ico). Euskarak erreferentziazko adjektiboak sortzeko atzizkietan duen urritasun hori era horretako adjektiboek euskal sintaxian dituzten zeregin murritzen ondorioa dela agerian uzten saiatuko naiz artikulu honetan.
Zer eratako oinarriei lotzen zaie -(t)ar atzizkia? Zer eratako adjektiboak sortzen ditu? Batez ere izen propio edo arruntei lotuta aurkituko dugu eta jatorri edo kokapen esanahia gaineratuko die izen horiei (europar, bilbotar, kanpotar, itsastar, gautar, …). Beste batzuetan, pertsona- edo erakunde-izenei lotuta aurkituko dugu, eta ‘jarraitzaile’ edo ‘zale’ esanahia gaineratuko die horiei (luterotar, eliztar, darwindar …). Azken hamarkadetan ohiko eraketa-arauetatik urrundu diren zenbait adjektibo sortu eta hedatu dira erabileran: hamartar, bitar, nepertar, kartesiar… Adjektibo eratorri horiek guztiak izenekin uztartu behar dira diskurtsoan eta zenbait baldintza sintaktiko bete behar dituzte horretarako. Hartara, ezin dute edozein motatako harreman sintaktikoa ezarri edozein motatako izenekin. Ikus ditzagun zenbait adibide:
(1)
animalia itsastarra
* hondo itsastarra(2)
mugimendu newtondarra
* lege newtondarrak
Murriztapen horiek lotuta daude euskaraz adjektiboen bitartez eman daitezkeen harreman sintaktikoekin. Aspaldiko artikulu batean aztertu nituen harreman horiek[1], Bosque[2] eta Picallo[3] hizkuntzalariek zenbait lanetan egindako azterketa eta sailkapenari jarraiki. Hizkuntzalari horiek erreferentziazko adjektibo tematikoak eta sailkatzaileak bereizten dituzte.
Adjektibo tematikoek argumentu-harremana dute laguntzen duten izenarekin eta sailkatzaileek, aldiz, adjuntu-harremana. Bi harreman horien arteko bereizketa funtsezkoa da sintaxian. Izan ere, argumentuak ezinbestez gauzatu behar dira eta behin bakarrik gauza daitezke eta adjuntuak, aldiz, ez dira ezinbestekoak. Bestalde, bi mota horietako elementuek kokagune desberdinak dituzte sintagma-egituran. Argumentu-harremantzat har daitezke gertaera baten eta horren subjektuaren edota objektuaren artekoak, bai eta jabego inalienable deritzen osoa-zatia harremanetakoak, edo magnitude baten eta horrek neurtzen duen objektuaren artekoa ere. Hona hemen zenbait adibide:
(3)
- infección vírica “birusek egiten duten infekzioa” (subjektua)
- transporte electrónico “elektroiak garraiatzen dira” (objektua)
- membrana celular “zelularen osagaia den mintza” (zatia-osoa)
- radio terrestre “Lurraren zentrotik azalerara doan distantzia” (magnitudea-objektua)
Adjektibo sailkatzaileek, aldiz, sailkatu egiten dituzte modifikatzen dituzten izenak. Sailkapen horren azpian dauden harreman semantikoak askotarikoak izan daitezke (xedea, kausa, baliabidea, kokapena…):
(4)
- hilo dental
- discriminación racial
- animal marino
- material quirúrgico
- demostración matemática
Euskaraz funtsezkoa da aipatutako harreman bi horien arteko bereizketa sintaxian. Izan ere, argumentu-harremana dagoenean -(r)en atzizkia erabiltzen dugu eta ez -ko, eta, bestalde, argumentu-harremanak ezin eman daitezke adjektiboen bidez baina, sailkapen-harremanak, aldiz, bai adieraz daitezke adjektiboen bidez, nahiz eta askotan beste modu batzuetara ere adierazten diren (izen elkartuak edo izenlagunak).
(5)
- itsasoko animaliak / animalia itsastarrak / itsas animaliak (sailkatzailea: “kokapena”)
- itsasoaren hondoa / itsas hondoa / *itsasoko hondoa / *hondo itsastarra (tematikoa: “osoa-zatia”)
- itsasoaren sakonera / *itsasoko sakonera / *sakonera itsastarra (tematikoa: “objektua-magnitudea”)
(6)
- mugimendu newtondarra / *Newtonen mugimendua (sailkatzailea)
- Newtonen legeak / *lege newtondarrak (tematikoa: “egilea”)
Oso maiz mailegatzen ditugu erreferentziazko adjektiboak, baina adjektibo mailegatuak erabiltzen ditugunean ere, kontuan hartu behar ditugu euskal sintaxiak ezartzen dizkigun murriztapenak:
(7)
- zentral nuklear (sailkatzailea)
- *erradio nuklear / nukleo-erradio / nukleoaren erradio (tematikoa)
- *apurketa nuklear / nukleoaren apurketa (tematikoa)
(8)
- mikroskopio elektroniko (sailkatzailea)
- *garraio elektroniko / elektroi-garraio / elektroien garraio (tematikoa)
(9)
- *mintz zelular / zelula-mintz / zelularen mintza (tematikoa: osoa-zatia)
- *heriotza zelular / zelula-heriotza / zelularen heriotza (tematikoa: subjektua)
Zer esanik ere ez dago agramatikaltasunaren asteriskoarekin markatu ditudan segida horietako asko oso maiz erabiltzen direla eta corpusetan ere presentzia handia dutela. Hiztegietan eta Euskaltermen ere jasotzen dira eta maiz erabat zuzenak diren segiden sinonimo modura ematen dira (zelula-mintz, mintz zelular). Nire iritziz, hiztegigileek eta erakunde normalizatzaileek ez diete ezikusia egin behar etengabe erabiltzen diren segidei. Jaso eta deskribatu behar dituzte erabilera horiek, baina uste dut normalizazio-ekimenen helburua izan beharko litzatekeela erabileran dagoen aldakortasuna ponderazio-marken bitartez, edota bestelako iruzkinen bitartez harmonizatzea, erabilera okerrak berbideratzen joateari begira.
Aipatu ditugun kasuetan, euskararen eratorpen-arauen bitartez sortutako adjektiboek eta mailegatutako adjektiboek konbinazio zuzenak eta okerrak ematen dituzte, baina muturreko kasutzat hartuko nituzke sorreratik bertatik zalantza gehiago sortzen dituzten adjektiboak. Ikasleen lanetan maiz aurkitu ditut esne amatarra eta populazio mikrobiarra bezalakoak, nire iritziz euskal sintaxia nabariki bortxatzen dutenak. ETC corpusean amatar adjektiboak ez du inolako agerraldirik, baina mikrobiar adjektiboaren 170 agerraldi aurkitu ditut: gene mikrobiar, egonkortasun mikrobiar, purutasun mikrobiar, habitat mikrobiar, transformazio mikrobiar… Web-corpusen atarian 4 agerraldi ditu amatar adjektiboak, baina nolakotasunezko erabileratzat har daitezkeela iruditzen zait: Eta semea amatar naski./ Usu mutikoa amatar. / argitaletxeek ematen zizuten babes amatarra / nere jauregian ezin arki detan poz amatar billa. Mikrobiar adjektiboak, aldiz, 12 agerraldi ditu: biomasa mikrobiar, flora mikrobiar, kutsatzaile mikrobiar, bizitza mikrobiar, deskonposizio mikrobiar eta kutsatzaile mikrobiar.
[1] ZABALA, I. (1997) “Argumentu-harremana / eremu-harremana: izenondo erreferentzialen euskal ordainen bila”. Nazioarteko Terminologia Biltzarra. Donostia: UZEI.
[2] BOSQUE, I. (1993) “Sobre las diferencias entre los adjetivos relacionales y los calificativos” Revista Argentina de Lingüística 9: 9-48
[3] BOSQUE, I. eta PICALLO, C. (1996) “Postnominal adjectives in Spanish DPs” Journal of Linguistics 32: 349-385