Hitz moztuen bidea

(Hikmet, Aresti, Salom eta beste piztia batzuk)

Iñigo Aranbarri

Beti izan dira, hizkuntzak hizkuntza, artazien bazka izan diren hitzak.

Itzulpen ezagun batekin aplikatu zitzaidan orain hurrena. Nazim Hikmeten Autobiografia poemarekin nenbilen. Aurrez ez dakit zenbat bider irakurria nuen, Arestiri, nori bada (Lau gartzela, Lur, 1971). Gazteleraz, berriz, Visor-eko edizio zahar baten berrinpresioa da apalategian dudana, 1970ean Soliman Salom-ek turkieratik itzulia. Bertan aurkituko duzu egun ere Hikmet gizonaz hainbesteko informazioa ematen duen poema hori, Berlin Ekialdean sinatua 1961ean (Otobiyografi jatorrizkoan, turkieraz).

Kontua da Hikmeten poema batzuen bildumatxoa prestatzen hasia nintzela. Arestiren edizioa eta Soliman Salom-ena nituen eskueran. Frantsesekoa ere atoan ekarri zidaten. Hasi poema horrekin konparazioak egiten, eta hara. Baziren frantses bertsio hartan ez euskarazkoan ez gaztelerazkoan agertzen ez ziren bertso-lerroak. Ingelesekora jo nuen, ez zitzaidan zaila egin. Orduan hasi nintzen ulertzen, ez poema, ezpada zer gertatu zen. Ohartu nintzen banuela Hikmeten antologia bat turkieraz, lagun bati halaxe, fetitxismo hutsez orain dela hogeita bost bat urte eskatua eta adiskideak zintzo ekarria. Ez dakit turkierarik, baina Pamukkaleko kreta baino argiago ageri ziren poemotan ez Arestik eta ez Salom-ek ematen ez zituzten ahapaldiak:

Hala ere, hogei eta bat urte kunplitu nituenetik,/asko joaten diren lekuetara/ez naiz joaten,/baina kafearen hondakinetan/etorkizuna irakur-erazten dut

irakur daiteke Arestirenean. Halatsu dator Visor-en edizioan ere gazteleraz. Baina hara non frantsesez…

Mais là où vont la plupart des gens, je n’y suis pas allé/ depuis 1921:/ à la mosquée, à l’église, à la sinagogue, / au temple, chez le sorcier/ mais j’ai lu quelquefois dans le marc de café

Eta jatorrizkoan?

çoğunluğun gittiği kimi yerlere de ben gitmedim 21den beri/camiye kiliseye tapınağa havraya büyücüye/ama kahve falıma baktırdığım oldu

Bistan da, bi dira ageriko desberdintasunak. Arestirenean 21 urte ditu Nazim Hikmeten ni poetikoak. Ber maneran, «Desde los 21 años» dio Salom-en gaztelerazkoak. Frantsesekoan, ostera, 1921etik atzerako garaiaz ari da.

Bestalde, edizio guztietan «1902an jaio nintzen» ageri da aurreneko aurkezpen lerroan; «1920an jaio nintzen», aldiz, Arestirenean. Akats tipografikoa da, Hikmet 18 urtez gaztetu ziona euskal irakurleari. Hutsa, nolanahi ere, dataren ostean datorrenaren aldean. Non sartu dira euskarazkoan jatorrizkoan zein frantsesekoan ageri diren «meskitak», «elizak», «sinagogak» eta «sorginzuloak»?

Susmoa ez da susmo, baina. Artazi da. Guraize. Aihotz. Motosega.

Hona beste txatal bat:

Hogei eta hemeretzirekin hemezortzi ordu tardatu nituen/ Prahatik Habanara hegaldatzeko./ 1,951.n, itsaso batean, lagun on baten konpainia onean, heriotzaren gainean ibili nintzen.

Halatsu gazteleraz ere Soliman Salom-ek:

A los cincuenta y nueve, en diez y ocho horas volé/desde Praga a La Habana./ En 1951, en un mar, en compañía de un amigo,/anduve sobre la muerte.

 Baina frantsesez:

Dans ma cinquante-neuvième anné j’ai volé/ de Prague à La Havane en dix-huit heures./ Je n’ai pas vu Lénine, mais j’ai monté la garde/près de son catafalque en 1924/ En 1961 le mausolée que je visite, ce son ses livres/On s’est efforcé de me detacher de mon parti/ça n’a pas marché/ et je n’ai pas été ecrasé sous les idoles qui tombent. En 1951 sur un mer, en compagnie d’un camarade,/ j’ai marché vers la mort.

Eta jatorrizkoan?:

elli dokuzumda on sekiz saatta uçtum Pırağ’dan Havana’ya/ Lenin’i görmedim nöbet tuttum tabutunun başında 924de/ 961de ziyaret ettiğim anıtkabri kitaplarıdır/ partimden koparmağa yeltendiler beni/ sökmedi/ yıkılan putların altında da ezilmedim/ 951de bir denizde genç bir arkadaşla yürüdüm üstüne ölümün

Arestian meskitak, elizak eta gainerako erlijio biltze-leku ukatuak bezala, non sartu da halako zerbait liokeen trontzo hau?:

ez dut Lenin ikusi baina beila egin nuen/ haren katabutaren aurrean 1924an/ 1961ean bisitatu nuen mausoleoa haren liburuak dira/ alderdia utz nezan ahalegindu ziren/ baina ez zen atera/ eta ez nintzen hautsi eroritako idoloen menpean”

Ez dira ments ditugun txatal bakarrak.

Arestik:

Hiru urterekin, Halep-en, Patxa baten ilobaren ofizioaz jan nuen,/ eta hemeretzirekin, Mozkauko unibertsitatean/ estudiantearenaz.

Dagoeneko irakurle tuerrak ikasi du zer falta den:

on dokuzumda Moskova’da komünist Üniversite öğrenciliği

Jakina, abizena du Moskuko Unibertsitateak,  «komunista» da.

Eta hurrengo lerroan:

Berrogei eta bederatzirekin berriz ere gertatu naiz Mozkaun,/ eta hamaluatatik olerkiak idazten ditut.

Baina Moskun bada euskara bidean galdu den zerbait, Tseka-Parti, Komite Zentrala:

kırk dokuzumda yine Moskova’da Tseka-Parti konukluğu.

Susmoa ebidentzia da. Zalantzarik gabe esan daiteke itzulpen zentsuratuarekin ibili dela orain arte irakurle euskalduna. Seguru asko, Arestik berak askorik jakin gabe ibili ere.

Bestela ere artaziak zer ziren ondo zekien Gabriel Arestik itzulpenerako erabili zuen gaztelerazko edizioa da moztuta zegoena. Gaitzak gaitza dakar. Horregatik datoz baten etenak bestean, horregatik falta dira izen eta adjektibo berberak batean zein bestean: Leninen aipua, eliza santu apostolikoaren ukazioa, komunista adjektiboa… nabarmena da zentsura frankistaren hitz maiteen zerrenda.

Soliman Salom izan zen erakutsi ziona espainiar irakurleari zein zen Nazim Hikmet. 1969an, Adonais bilduman, Poetas turcos contemporaneos eman zuen argitara Salom-ek. Hurrengo urtean kaleratu zuen Visor-en, edo nahi bada orduko Alberto Corazón editor-en, urteetan espainieraz ezagutu den Hikmeten antologia bakarra. Lepoa joka liteke, galtzeko ikararik gabe, hau erabili zuela Gabriel Arestik euskaldunari Lau gartzela hura emateko. Ez dakit etxeko liburutegian zuen.

Clara Janes-i esker dakigu Madrilen bizi izan zela Soliman Salom, turkiar sefardia. Frantsesez zein gazteleraz idazten zituen bere poemak, antza. Hikmeten biografia bat ere prestatu zuen, EPESAn 1970ean argitara eman zena. Gizonak burdindegia zuen Rios Rosas kalean, eta hantxe, denda atzean zuen idazmakina batean jotzen omen zituen mundua edertzen zioten poemak…