Euskara batua Iparraldetik (eta II)

Xabier Elosegi Aldasoro

Maiatzaren 26an argitaratutako testuaren bigarren partea da hau.

Plural hurbila

Gaur egun Hegoaldean gero eta gehiago erabiltzen dira horrelakoak: «muinook osatzen dute», «haizeok oso bortitzak dira», «honako aziendok hazten dira», eta pluralak ez direnak ere «asteon», «uneon» eta abar (noizko astearteon eta horrelakoak?): guzti horiek zailtasunak dira Iparraldeko probintzietako euskaldunentzat, ez baita gehiago erabiltzen o hori, nahiz literatura klasikoan agertzen den.

Hau idazterakoan duela 40/60 urteetako liburu batzuk hartu ditut eskuartean eta harriturik naiz plural hurbilaren erabileraren «azelerazioaz», gipuzkeran bederen. Duela mende erdia doi-doia «jaun-andreok» eta horrelakoak entzuten genituen. Orain, aldiz, zenbaiten testuak ikusirik iduri luke «o» horietan finkatzen dela euskararen funtsa, arrazoia, eta esentzia; anartean ez dute batere kasurik egiten bizkaieraren tradizioari, hori izanik urteetan hobekienik gorde dena. Arazoa da neurrian erabiltzea eta gogoan hartzea ere Ipar Euskalerritarrentzat gaur egun oztopo larria dela ulermenaren aldetik.

Ergatiboa nahitaez?

Nolazpait esateko «ergatibitis» (Mitxelena XVI.aren pozerako) izenda daitekeen eritasuna. Iduri luke esaldi bat ez dela zuzena aditz trantsitiborik gabe: eta berdin du objekturik gabekoa baldin bada ere; eta horrela «Josek metro eta laurogei neurtzen du» eta «Josek mahaina neurtzen du», biak berdin onargarri bailitzan.

Estilo liburuak aski garbi esan zuen: «pasiboa baino hobe aktiboa». Eta berez, ez da dudarik aktiboa euskararena izanki gorde beharra dela… baina pasiboa ere geurea da. Arestiko aholkua «pasiboa baino hobe aktiboa» behar litzake osatu, betiere ulermena kontuan hartuz edo horrelako zerbait gehituz… baina gurean badira beti soldadoak…

Gure kazetalariek, hasteko, soldado fin eta leial gisa, agindu zorrotzat hartu bide dute delako kontseilua eta gure euskal kazeta bakarrean gogor ari dira nahitaez, izenburutan, ergatiboa agerrarazten. Jakinik kazetaritzan titulua erakargarria izan behar litzakeela, iduriz xedea ez dute beti betetzen. Horra adibide batzuk:

  • «argazki on bat ateratzeko, zoritxarren batek gertatu behar du»
  • «Greziaren erreskateak airean segitzen du»
  • «hildakoen kopuruak gora egiten ari da»
  • «eraso eta enfrentamenduek segi egiten dute»

Eta kazetariez kanpo, esatariek ere horrelakoek esaten dizkigute:

  • «autobusek ezin dute pasatu»
  • «horrek preokupatzen nau»
  • «erlijioari jarraitzeak tradizioan du babes handi»
  • «Harane errekak beste hiru kilometroz segitzen du»
  • «tenperaturak fresko dirau»
  • «gizonak eritetxeraturik darrai»

Herria astekarian (Berria kazeta bezainbat euskara batuaren erabiltzailea den kazeta), gauza ageria denez, aktibo diren izenburuak agertzen dira behar direlarik, baina zergatik ote maiztasun anitzez tipiagoan?

IEHko hiru probintzietako irakurleek, deblauki (bat-batean) ez dituzte Berria kazetako izenburu asko ulertzen. Zergatik ote? Ez ote, parte batean bederen, «ergatibitis» honen ondorioz? (Egia erran, azken hilabetetan, izenburuak anitzez hobetu dira.)

Zenbait kasutan aktibotasunari eransten zaio datiboaren erabilpen zinez interesgarria, baina zoritxarrez iparretiarrentzat zailagoa (ez da dudarik erabilgarria dela baina ez behar bada izenburutan).

  • «Olazabalgo elizak parrokia izateari utzi zion»
  • «Gerraren bidez Estatuak bere adarrak luzatzeari ekin zion»
  • «duela mende hiru laurden utzi zitzaion ereiteari»
  • «Marokok eta Polisarioak zortzigarrenez ekin diete elkarrizketei»
  • «bakarrik sartzeari uko egin zion zinegotziak»
  • «inoiz ez dio lehen indarra izateari utzi»

Ariketa sinplea da: edozein formulazio aktibo pasiboan eman eta ulergarriagoa denetz galdetzea, bai Hego bai Iparraldekoentzat…

Bitxikeriak eta modak

Hemen, nahas-mahas, denetarik.

  • Jardun eta ari izan. Bata eta bestea euskararenak baina bigarrena anitzez ulergarriagoa lehena baino Iparraldeko euskaldunentzat: «dihardu» ezarri testu batean eta ezin ulertua sortu da.
  • Papera/rola.  Ene ustez rola hitza mugaren bi aldetan ulertzen da. Papera hitza IEHn ez.
  • Pelikula/filma. Filma bietan, Pelikula soilik HEHn
  • gainean/…z (ekonomiaren gainean/ekonomiaz).
  • Baxua, kaxa eta horrelakoen modazko erabiltze zentzugabea (Iparraldekoentzat… eta funtsean denentzat)
  • Bueltan: «22/23 graduren bueltan»… horrelakoak gero eta gehiago irratian
  • ...tik atzizkiaren erabiltze gaiztoa: «eguna freskotik hasieratik»…, «ezegonkortasunetik izango dugu ere»…, «belaunetik operatu dute»…, «goizaldea bustitik hasiko da»…
  • ...kin atzizkiaren erabiltze okerra: «mobilizazioarekin jarraituko dutela iragarri du»…, «giro nahasiarekin esnatuko gara»…, «indarkeriarekin amaitzea eskatu du»…, «eskopetarekin itxi den gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak»…, «dispertsioarekin amaitu»…

***

Horrelakoez beteak dira egunero entzuten ditugun irrati eta telebista nazionaletako solasak eta batzuetan, gutiagotan  halere, Berria kazetaren orriak. Iduri luke lehenesten duten gauza bakarra dela ezagutzen dute euskara erabiltzea. Eta lapurtarrak, baxenabartarrak eta zuberotarrak ez ote  dira euskaldunak? Hedabide nazionaletako arduradunek jakin beharko lukete zer den ulergarria IEHan eta, batez ere, zer ez den ulertzen IEHan.

Orain arte aipatutako edozein hitz edo esaldi ulergarri (Hego eta Ipar Euskalerritarrentzat) bilakaraztea ez da, zinez, lan handia. Borondatea da falta; borondatea eta ere euskalkien ezagutza.

Erranaldiak

Erranaldiak dira, dudarik gabe, gure ahuleziaren seinalerik nabarmenenak. Kopiatzen ditugu auzo hizkuntzen erranaldiak, esaldiak, esamoldeak. Askoz larriagoa da «eskua bota diot» (le he echado una mano) esatea «bi herrien juntan den mugarria hautsi dute» baino. Lehenean esaldi osoa da espainierazkoa, nahiz euskal hitzak erabili; bigarrenean junta hitza izan daiteke Hegoaldekoentzat baztergarria (nahiz hitz hori aspaldidanik errotua den Ipar Euskal Herrian), baina funtsa euskararena da.

Hona adibide batzuk:

  • «Patxi Lopez Mariano Rajoyrekin gelditu da»
  • «aurretik dena eramanez»
  • pena merezi
  • atentzioa deitu
  • tokatu

Espainierazko «tomar el pelo», «meter la pata», «dar la lata», «no pegar ojo» esaldi euskaratuak (?) ez dira ulergarriak Iparraldetik. Eta horrelakoak zenbat eta zenbat!

BOTA

«ezin zaio beti errua gaixoari bota» – «faltan bota nuen» – «pelikula bota» – «siesta bota» – «eskua bota» eta abar, eta abar. Guztiak Iparraldekoentzat ulertezinak espainiera jakin ezean.

JARRAITU/JARRAIKI

Jarraitu aditzaren erabilera asko aldatu da azken urtetan.

Iparraldeko euskalkietan, bai literaturan nola herritarren ezpainetan, jarraiki aditza pasiboa izan da beti. Hego Euskal Herrian eta bereziki Bizkaian izan da literatura tradizioan aktibo erabilera «jarraitu eban bere bidetik». Duela 50/60 urte  giputzentzat aski zailak ziren «urten eban etxetik», «jarraitu eban lanean» eta horrelako esaldiak. Gaur egun besterik da: jarraitu aditza, hala beharrez, aktibo gisan erabili behar da beti.

Baina ez da hori aski. Espainieraren adiera «seguir = continuar» (eta ez da hori gertatzen frantses hizkuntzan), kopiatu beharra da nahitaez. Horrela gero eta gehiago erabiltzen dira Iparraldekoentzat ulertezinak diren esaldiak: «bik oraindik ihes eginda jarraitzen dute» – «gurean berria izaten jarraitzen du» – «funtzionatzen jarraitzen du» – «Lolik zinegotzi izaten jarraitzen du» – «ezegonkortasunak gurekin jarraituko du» – «gora egiten jarraitu du hildakoen kopuruak» – «gehienek kontrabandoan jarraitzen dute» – «atxilotuak eritetxeraturik jarraitzen du» – «istripurik gabe jarraitzen dugu» – «guda erasoekin jarraitzen du Israeleko armadak Gazan» – «Gorritxoek azken tokian egoten jarraitzen dute» – «Gazan ez dute etenik Israeleko armadak egiten dituen bonbardaketek»

Horrelakoak konta ezinak dira bai esatarien ezpainetan baita prentsan ere…

***

Esaldi arrotz batek, eta espainiera arrotza da, ezinezkoa egiten du ulermena.

Kontuan hartu behar da Iparraldean gero eta gutiago ikasten dela espainiera. Are gutiago frantsesa Hegoaldean. Hiru hizkuntzak ongi dakitenen kopurua beheititzen ari da egunetik egunera eta egoera hori ez da aldatuko, epe laburrean bederen. Hegoaldekoek indarra egin behar dute Iparraldekoei buruz eta alderantziz. Ez da onargarria Iparraldeko bertsolarien artean hainbeste espainierazko hitzak erabiltzea (1998ko finalean: «suabe», «patilla», «por ahi», «kabida», «tinbrea», «treta», «aldaba»… eta abar).

Gauza ageria da gaur egun «euskara batua» bezala sakatua den hori gipuzkera ertsi eta idorra baizik ez dela, eta Davant jaunak dioen bezala espainierari tolestua.

1996an, Jakin aldizkarian, Gotzon Garateren «Bizkaiera eta gipuzkera» saiakeraren azken hitzak: «Arrisku handi bat dago – Euskaltzaindian giputzok gara jaun eta jabe. Idazleok ere gehienok Gipuzkoako gara. Poliki poliki, ezjakintasunez, bizkaieraren eta beste euskalkien aberastasunak baztertu eta geure gipuzkera txepel eta maxkala (egituraz denaz bezainbatean) eredu bakartzat ezartzen ari gara».

Gotzon, hemen, gipuzkeraren nagusitasunak egin kalteez ari da, arrazoi osoz, baina, ene ustez oraino larriagoa da espainieraren nagusitasuna. Zeren izenean behartuko ditugu Ipar Euskalerritarrak espainiera ikastera?

Xarles Bidegaini egin zion Euskaltzaindiaren harrera-hitzaldia Beñat Oihartzabalek aditza zuka alokutibo moldean erabiliz;  Hegoaldeko entzule asko eta asko harritutik ziren uste baitzuten indefinidoa zuka moldea zela. Alta gauza bizia da hori Ipar Euskal Herriko eskualde zabal batean (zenbait tokitan xuka). Zoritxarrez iduri luke betirako ahantzia duela gai hori Euskaltzaindiak. Alabaina horra zer erraten zuen hikako moldea arautu zuelarik 1994ean: «Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino».

Euskara «batuaren» onerako Iparraldeko euskaldunek galdu behar ote dituzte beren aberastasunak ? (hiztegiaz eta zukako alokutiboaz bestalde, hainbat eta hainbat berezitasun?). Eta «batuaren» aldarearen aurrean men eginez ikasi behar ote dute espainiera ?

Ala espainieraren (eta IEHan frantsesaren) pleguetarik ateratzen saiatzen gara, egiazki eta gaur berean hasirik. Indar hori eginez gero HEHko eta IEHko batuak elkarrengandik, zinez, hurbilagoak izango lirateke!

Gauza ageria da IEHkoen zailtasunaz ari garelarik bi motakoak direla: batzuek dira HEHko hitz eta formulazio arras zuzenak, besteak, aldiz espainieraren kalko hutsak. Bigarren horiek dira, ene ustez, baitezpada zuzendu beharrak, batua nazionala bilakatzea nahi badugu behintzat. Eta zinez ez da gauza erraza, maiz ez baikara konturatzen ere. (Berrikitan entzun dut esatari bikaina den bat «meter la pata» eta «quedamos para mañana» esaldien kalkoak egiten).

«Marra gorriak» hain modakoak direnean, hedabide nazionaletako arduradunen gain egon beharko luke espainieraren «kutsadura» baztertzeko erantzukizuna, marra gorri horiek ez pasatzeko gisan. Horretarako borondatea behar bada eta, ene ustez, bada.

Eraikuntza nazionalaren denboretan omen gara. Has gaitezen hizkuntza nazionaletik!

Ezjakintasunetik besteen jakintasunera urratsak egin behar ditugu.

Oharra: Lan honetako aipamen gehien-gehienak hedabide nazionaletatik hartuak dira. Bakar batzuek, aldiz, bizpahiru liburuetatik.