Isabel Etxeberria Ramírez
Uste dut ez nabilela oker esaten badut irakasleek oro har ez dutela maite beren eskoletan lekukoak izatea. Ikasgela irakaslearen eta ikasleen arteko eremu pribatua da, eta han gertatzen dena han geratzea nahi izaten dute irakasle gehienek. Ni behintzat deseroso sentitu izan naiz beste lankideren batekin ikasleen aurrera agertu behar izan dudanetan; erdi bana eman beharreko ikasgai baten lehen aurkezpen egunean, adibidez, edo azterketa baten zaintzan argibideak ematean. Adi-adi aztertu izan dut nire lankidearen jarrera, posea, ahots-tonua… eta zalantzati ebaluatu nirea. Zer-nolakoa da nire tonua ikasleei hitz egitean? Autoritarioegia? Nagusikeriaz jokatzen al dut? Edo, aitzitik, lotsagabeki aritzen naiz berariaz, haien adiskidetasuna irabazi nahian?
Bada beste egoera bat irakasleok, eta bereziki Itzulpengintzako irakasleok, urduri jartzen gaituena. Demagun: hiruzpalau irakasle elkartu dira, hurrengo ikasturteko Itzulpen Praktikak ikasgaien arteko mailakatzeaz, landu beharreko testu motez eta abarrez hitz egiteko. Haietako batek, gazteena delako beharbada, edo ausartena delako bestela, han bota du, apal samar, lotsati: «Eta ebaluazioa zer? Zuek zer irizpideri jarraitzen diozue ikasleek itzulitako testuak ebaluatzean?». Begirada iheslarien, eztulen eta erantzun lausoen txanda izaten da orduan.
Gutxi idatzi da oraingoz itzulpenaren didaktikaz eta are gutxiago ebaluazioaz. Han eta hemen arakatuta, gogoeta eta proposamen interesgarriak aurkitu ditut ebaluazioaz[1]. Baina irudipena dut ezen, ebaluazioak ikasle bakoitzaren progresioa balioetsi behar duela aldarrikatzearen aitzakian, izkin egiten diotela gehienek ebaluazioa kuantifikatzearen (nota jartzearen) auziari. Eta notak jarri behar dira. Enpresa pribatu batean langile bat kontratatzeko azterketa egiten denean, nahikoa izaten da hautagaien artean enpresarentzat onuragarriena suertatuko dena (edo lehen hiruzpalauak, badaezpada) identifikatzea. Lehiaketa publiko batean, ordea, hautagaiak zerrenda ordenatu batean antolatu behar dira, eta lortutako postuaren arabera hilabete gehiago edo gutxiago pasatuko ditu hautagaiak lanerako deiaren zain, adibidez. Lizentziatura edo gradu batean ugari dira ikasgaiak, baina, hamarrenez hamarren, puntu baten gorabeherak eragina izan dezake beka bat eskatzeko orduan, edo master batean matrikula egitean. Barkatuko ahal didazue materialismoa.
Gai honetaz ingurukoekin hitz egin dudan apurretan, eta lausotasunak lausotasun (nirea barne), zera ondorioztatu ahal izan dut: gehienok bi muturren artean oreka bilatu nahian ibiltzen garela. Akatsak edo hutsak seinalatzen eta kuantifikatzen ditugu, batetik, eta inpresio orokor izeneko beste zer bat zifra bihurtzen saiatzen gara, bestetik. Zer-nolako akatsak? Eta zer da inpresio orokor delako hori? Bada, apal-apal eta iradokizun-zuzenkizun-osagarriak jasotzeko gogoz, hemen duzue nik erabili ohi ditudan ebaluazio-irizpideen eskema xume bat. Nire ikasgelara sartzeko gonbita duzue hau.
Funtsean hiru alderdiri erreparatzen diet:
- Fideltasuna edo, Leizarragak esan bezala, jatorrizko testuari deus ez edekitzea ez eratxekitzea. Hau da, Xabier Montoiaren Jean Etxegoien pertsonaiaren gelako errezel gorrimin astunek escarlata (edo carmesí, edo bermellón…) eta pesadas izaten jarraitzea, eta ez galtzea bidean bi ezaugarrietako bat. (Bide batez, harrigarria da zenbatetan gertatzen den testu batean esanahi unitate bera itzuli gabe ahaztuta uztea bi eta hiru ikaslek baino gehiagok; Basque Center of Cognition, Brain and Language zentroarentzat aztergai bat dago hor). Edo, era berean, deus ez aldatzea, eta, beraz, Jon Bilbaoren pertsonaia batek auzokoez ni siquiera corren las cortinas esaten badu, euskaraz aritzean itxi aditza erabil dezala eta ez ireki, auzokoek egiten ari direna erakusteko lotsarik ez dutela adierazi nahi baitu.
- Xede-hizkuntzaren zuzentasuna: tipografiari dagozkionak, ortografia, ortotipografia, morfosintaxia…
- Jatorrizko testuaren espiritua ondo jaso den. Hau da, erregistroa, tonua, estiloa, erritmoa, kadentzia (literatur itzulpenetan, bereziki)… ondo gordetzen den. Aurreko batean Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobelaren hasiera itzultzen saiatu ginen: «Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria». Ariketa egin zuten bost ikasleetatik bostek juntagailuz, menderagailuz eta aditz lagungarriz osatu zuten gaztelerazko testua.
Bistan denez, lehen bi atalak errazak dira kuantifikatzen. Nola jokatu hirugarrenarekin, ordea? Gehienok modu guztiz subjektiboan jokatzen dugulakoan nago. Intuizio hutsez. Bururatzen zait aingura halako batzuk seinala litezkeela testuan (sintaxia aldatzeko tentazioa sor lezakeen pasarte bat hemen, zehaztasun lexikoa eskatzen duen hitz bat han, erregistro mailako aldaera egokiena hautatu beharra beste hartan…), eta, aingura horiek lagin modura ebaluatuta, testu osoaren espirituaren adierazletzat hartu. Eta hala ere, jarraitzen dut pentsatzen balorazio zintzoagoak egingo genituzkeela senari kasu eginez.
Eta amaitzeko, azken gogoeta bat. Nik neuk, azken aldi honetan, inpresio orokor delako hari akats kuantifikagarri bakoitzeko puntuak (edo puntu hamarrenak, hain gaiztoa ere ez naiz!) kenduz nota kalkulatzeko saioa egin dut, baina emaitzak ez nau asetzen. Akatsetako batzuk (ez, noski, gramatika-zuzentasunari dagozkionak, baina bai lexiko-hautaketari edo erregistroari dagozkionak, adibidez, edo are esanahiaren interpretazioari dagozkion batzuk ere) ausardiari eta, zergatik ez, itzultzaile-intuizioari zor zaizkio, eta nolabait adierazten dute itzulpen hori egin duen pertsonak gogoeta egin duela erabaki horretara iristeko. Nago ebaluazio-sistema horrek batzuetan zigortu egiten dituela ausart jokatu duten itzultzaileak (gogoan izan ikasketa-prozesuko ebaluazioaz ari naizela, eta ez lan-munduan egiten diren ebaluazioez) eta leku egoki samarrean uzten dituela akats kuantifikagarri gutxi egin baina nola-halako inpresio orokorra baino eragin ez duten itzultzaileak.
[1] Adibidez, hemen: Kelly, D. (2005) A handbook for translator trainers, St. Jerome Publishing, Manchester.