Barruko filologo-poliziaren marmarrak

Juan Luis Zabala Artetxe

Kontatuko banizue behin, duela hamabost bat urte, Tolosako Triangeluan, Kike Amunarrizek kaleko banku batean eserita harrapatu ninduela, zertan eta Euskaldunon Egunkaria arretaz irakurtzen eta boligrafo gorri batez akatsak markatzen, sinetsiko zenidakete?

Bada egia da. Nik gogoan daukat; eta akaso Kikek ere bai.

Bolada batean halaxe irakurtzen nuen euskarazko egunkaria, boligrafo gorria eskuetan, nahiz eta gero harekin egindako oharrak inori ez erakutsi.

Barruan filologo-polizia marmartia duten horietakoa bainaiz, aitortzeak harrotzen ez banau ere. Baina herabea naiz —zorionez esan beharko, kasu honetan—, eta gehienetan barruan itotzen dira filologo-polizia horren marmarrak, azalera irten gabe.

Blog honek ematen didan aukera ezin baliatu gabe utzi, ordea, marmar batzuei irtenbidea emateko. Bi baino ez dira izango:

  1. «Leirerekin egon nintzen atzo, eta esaten zidan…». Alegia, «esan zidan» behar zuen lekuan, gaztelaniazko joera seguru asko oker bat kalkatuz, «esaten zidan» erabiltzea. Oharkabean sartzen ari da erabilera hori, eta neure burua ere harrapatu dut zatarkeria horren atzaparretan gozoro eroria.
  2. «Leirek ez zidak esan non egin behar diken lo». Alegia, adituek hitanoaren hiper erabilera edo hiper hitanoa deitzen dutena (1). Bereziki amorragarria egiten zait, normalean hika hitz egiten duena jario oneko euskalduna edo/eta euskaldun ikasia izaten baita. Nola liteke, hortaz, hain kontu sinple eta oinarrizkoaren berri ez izatea —dela belarriaren sen hutsez, dela ikasketaren bidez— hika hitz egiten duten hamar gaztetik zazpik?

Orain, barrua pixka bat lasaituta, ea filologo-polizia lotan geratzen zaidan eta ea barruan izan ditzakedan beste pertsonaia batzuk jartzen ditudan martxan, atseginagoak, alaiagoak, eraginkorragoak. Kike Amunarrizen antz pittin bat duen bakarren bat harrapatuko banu!


[1] Iñaki Iturainek Argian Orioko hitanoaz esanak (http://www.argia.com/argia-astekaria/2091/berorrek-nahi-baduzu-egingo-yau/inprimatu) balio du beste herri askotarako ere: «[Orion] hitanoaren hiper erabilera dago; hau da, hika menpeko esaldietan erabiltzen dute eta hori ezin da; aditza, esaldiaren barruan, nagusia denean soilik erabil daiteke hika. Esaterako, joaten gaitukenean, etorri naukelako, ikusi diagun pelikulan… eta horrelakoak maiz entzuten dira. Gazte gehienen artean hika bizi-bizi dabil baina modu horretan erabiltzen dute. Hitanoak bere mugak ditu bere morfologian, bere baitan, ezin da erabili nonahi, noiznahi, nolanahi eta nornahirekin».

24 erantzun “Barruko filologo-poliziaren marmarrak” bidalketan

  1. Gaurko BERRIAn (paperezko edizioa, 19. orr.):
    “Libanon gero eta sakonagoagoa da SiriaKO eragina.”
    Beste polizia bat nire baitan?

  2. “Nola liteke, hortaz, hain kontu sinple eta oinarrizkoaren berri ez izatea —dela belarriaren sen hutsez, dela ikasketaren bidez— hika hitz egiten duten hamar gaztetik zazpik?”
    Tal vez sí conocen la norma pero les parece demasiado “policial” 😉
    Supongo que en algún momento a lo largo de la historia (cuando aun no existía la forma zu) el hika se ha utilizado en todos los contextos, p.ej. en la interrogación, es así?

  3. Utzi bakean gazteei hika nahi/ahal duten moduan egiten!
    Bi arrazoi:
    a) Euskaltzaindiak ez du ezer esan. Taulak eman ditu, besterik ez.
    b) Komunikabideetatik hasi behar da. Hori da eskola. Halaxe izan da estandar guztietan. Egunkariak, literatura, irratia, telebista (Goenkalen oso ondo ari dira, baina umeentzako saioetan ez da batere entzuten, esate baterako, marrazki bizidunetan.)
    Utzi gazteei euskaraz lasai hitz egiten. Beste guztia ez da komeni. Euskarari ez zaio komeni.

  4. Hitanoa erabiltzen den marrazki bizidunetako serie bakanetako batean (Doraemon) atentzioa ematen dit hika egiten duen pertsonaia bakarra (Erraldoi delako bat) astopotro galanta dela, ipurterre eta sesiozale askoa: hark ume “txintxoei” hika beti, eta horiek otzan neutroan erantzun.

    Bestela ere, dotore egiten dute hitanoz Txirri eta Mirri pailazoek. Zer dela eta dakidan hori guztia? Aitatasunaren ajeak…

  5. Ni ere nahiko “polizia” naiz, baina, hizkuntzak aldatzen direla ere badakit. Gaztelaniak eragindako aldaketak gaitzestea (saihestea zailagoa da) gauza bat da, eta beste bat, oso bestelakoa, euskararen barneko aldaketak gutxiestea.

    “Nola liteke, hortaz, hain kontu sinple eta oinarrizkoaren berri ez izatea —dela belarriaren sen hutsez, dela ikasketaren bidez— hika hitz egiten duten hamar gaztetik zazpik?”. Galdera horrek berak ez du zentzurik, eta agerian uzten du “poliziaren” gehiegikeria, hain zuzen ere euskara jator eta bizi-bizian mintzo diren gazteek ere egiten badute “akats” hori. Ikasketek ezer gutxi eragingo diote hitanoaren erabilerari (zuzen zein okerrari), eskolan ez baita hitanoa erabiltzen. Gainera, “hain kontu sinple” dela esan daiteke? “Mendeko perpaus” bat ere zer den nekez asmatuko du jende gehienak, eta hitanoa ederki erabiltzen dutenek ere ez dakite egiazki hitanoaren funtsa zertan datzan; horiek kontu akademiko-zientifikoak dira.

    Pep-i erantzunez, ez, lehen ez zen gehiago erabiltzen. Edo hobeto esanda, “hi haiz” bai, baina ez “ni nauk”. Izan ere, noizbait hasi ziren euskaldunak “hi haiz” eta “ni naiz” esan beharrean “hi haiz” eta “ni nauk” sistematikoki esaten, hots, hiketa alokutiboa arauzko bihurtzen; muga morfosintaktiko batzuen barruan lehen, hainbarik orain.

    Telebista saioei dagokienez, gogoratzen dudanez Dragoi Bolan sarri entzuten zen hitanoa, egoki nire ustez. Aldiz, Goenkalek hartu duen “hitanoranzko” bidea, geroz eta gehiago entzuten baita, txalotzekoa izan arren, ez da formalki eredugarria. Hiper-hitanoa baino okerragoa da nire ustez ETB1-en “hik egin unan” bezalako zerbait entzutea. Ez dakit “gipuzkoarzentrismoagatik” gertatzen den (ez baitakit halakoak euskara giputzean bakarrik erabiltzen diren), baina euskara batuan, eta berez, “huen” da (sexu bereizketarik gabe). Erraz uler daiteke zergatik sortu diren “uan/unan” bezalakoak hizkera batzuetan, hiper-hitano delakoa bezalaxe. Azken batean, eredu estandarra erabili behar denean ez dira egokiak, baina kaleko hizkerari dagokionez ez dut uste, ez bata eta ez bestea, inolaz ere kezkatzeko motibo direnik.

  6. Hitanoari dagokionez, uste dut badela aukera zentzuzko bat. Bi hitzetan:

    1) Maila idatzian, hitano estandarra eta gramatikala erabili (Euskaltzaindiaren taulak etab.), beti ere erabilera literario markatu batzuetan. Hau da, aldeak alde gutxi gorabehera ingelesez egiten den bezala.

    2) Ahozkoan, ez nuke absolutuki ezer arautuko. Informaltasun eta familiartasun totala.

    OHARRA: Interesgarria da ingelesezko “Thou”-ren berri izatea, euskararekiko puntu komunak eta diferentziak ikusteko (bietatik baita). Puntu komunen artean, idatzizko erabilera markatua (berezia); diferentzien artean, ahoz ia guztiz galdu dela, Iparraldeko zenbait dialektotan salbu (eta hor ere, jakina, adineko jendearen artean). Adibidez:

    “In the 17th century, thou fell into disuse in the standard language but persisted, sometimes in altered form, in regional dialects of England and Scotland,[3] as well as in the language of such religious groups as the Society of Friends. Early English translations of the Bible used thou and never you as the singular second-person pronoun, with the double effect of maintaining thou in usage and also imbuing it with an air of religious solemnity that is antithetical to its former sense of familiarity or disrespect.[2] The use of the pronoun was also common in poetry.” (“Thou”, Wikipedia)

  7. Bale, bale, utziko diegu gazteei nahi duten bezala hitz egiten, gordeko ditugu gomazko pilotak eta borrak armairuan. Baina ez dut ulertzen gauza bat: zergatik utziko diegu “ez zakiat zer nahi diken horrek” lasai-lasai esaten, eta ez, adibidez, “goizean autobusera igotzen ikusi dizut” (edo hori ere bai). Eta zergatik ez diegu azalduko eskolan, lasai eta zigorrik gabe adiskide giroan, hika eta hitanoa nola erabili ohi dituzten hikari eta hitanoari ondoen eusten diotenek?

    1. Hizkuntza formak zigorrez sartzen ez gara hasiko noski, baina behintzat eredu zuzenak edo bultzatu beharko dira, higadura gehiago handitu ez dadin.
      Nik ez dut hika hitz egiten, baina nire gurasoen eta aitona-amonen belaunaldikoak hika aditu ditudanean, hika “klasikoan” aditu ditut, bai gizonezkoen formak bai emakumezkoenak erabiliz, nahiz eta mendeko perpausak zer diren ez jakin.
      Hizkuntzak gustagarria ere izan behar du…

  8. Orain jabetu naiz Borjak aipatutako puntu bati ez diodala erantzun. Borjak dio: “Gaztelaniak eragindako aldaketak gaitzestea (saihestea zailagoa da) gauza bat da, eta beste bat, oso bestelakoa, euskararen barneko aldaketak gutxiestea”. Horrela begiratuta, ez dira maila berekoak “ez zakiat non lo egin diken” eta “goizean autobusean ikusi dizut”. Ados horretan, Borja.

    Baina “ez zakiat non lo egin diken”, baldin eta “euskararen barneko aldaketa” izan badaiteke ere (ba ote da?), transmisio eten larri baten ondoriozko endekapen baten aztarna nabarmena da, nire ustez, hika eta hitanoa nolabaiteko “naturaltasunez” (barka hitz linguistikoki desegokia erabiltzea, ez zait une honetan egokiagorik bururatzen) entzun eta erabili dituen edonorentzat. Horrenbestez, gaitzetsita eta, ahal bada, zuzenduta, hobe. Edo ez?

    1. Zehaztapen batzuk egingo nizkizuke, Juan Luis, baina oso luze joko luke eta ez dakit merezi duen. Horren ordez nahiago nuke beste ideia bat azpimarratu, hauxe:

      Euskaltzaleen artean, batzuen artean behintzat, tarteka-tarteka somatu izan dut, nola esan inor mindu gabe, “hitanoaren mistika” moduko bat. Badakizu, euskara bene-benetan menperatzen duen euskalduna izan nahi baduzu, hitz egin hika! (edo horrelako zerbait). Zer esanik ez, planteamendu hori erabat okerra da: hika hitz egitea oso beharrezkoa da euskaldun oso izateko Azpeitian edo Oñatin (bertako hitanoa, noski, eta guztiz desberdina dute!), baina inola ere ez Ondarroan edo Donostian; eta jakina, inola ere ez Gasteizen edo Portugaleten. Eta abar eta abar.

      Esan nahi dut, hitanoaren arazoari termino praktikoetan heldu beharko geniokeela, ez mistikoetan (ze pena galtzen ari den gure hiperberezitasun hori, eta abar; hara, Ondarroan aspaldi galdu zen eta euskara ezinhobean mintzatzen dira, nonbait). Ahozko hitanoa euskara batuarekin nahastea errakuntza bat da, nire ustez (ñabardurak ñabardura). Luze joko luke hau azaltzeak ere, baina tira, uste dut ulertuko didazuela oro har (ados izan ala ez).

      Jakina, ez dut inolako mistikarik ikusten zure oharretan, Juan Luis, baina nire ustez beharrezkoa da abiapuntua garbi ikustea. Hortik aurrera ziur aski nahikoa erraz jarriko ginateke ados zer erakutsi behar den, non, nori eta zertarakori buruz.

  9. Jakina, Juan Luis, nik ere nahiago nuke jendeak “ondo” hitz egingo balu. Baliteke hein batean zuk diozun eten horren ondorio izatea euskarak jasan dituen aldaketa batzuk edo asko, baina ez dakit nola “konpon” litekeen kontua. Ados nago eskolan eredu egokiak, nolabait esan tradizioari atxikiagoak, aurkeztearekin, jakitun izan daitezen/gaitezen, baina era berean Prudenek aipatzen duen “mistika” horretan erori gabe.
    Noizbait, nonbait irakurri dut, beharbada hitano ez-alokutiboa gutxienez irakatsi behar litzatekeela eskolan, aurreko mezuan aipatu nuenaren modukoa: ni naiz, hi haiz, hura da… Hartara, zuka eta hika bereiziko lirateke, lagunarteko erregistroa indartuz eta abar, baina mendeko esaldiak bortxatu gabe. Hortik aurrera, nork bere interesaren, gaitasunaren edota beharraren arabera, ni nauk, hura duk eta horrelako forma alokutiboak ikasiko lituzke. Hitanoaren esentzia galtzea irudituko zaio jende askori, baina, esan nuen bezala, zaude ziur hori ere noizbait gazte jendearen hitz egiteko modu berexia izan zela, azkenean normalizatu zena, eta ez euskal aditz paradigma hiper-aberatsaren betiereko eta muin-muineko ezaugarria. Izan ere, gerta litekeen okerrena “hi” izenordaina bera ere galtzea da.
    Bide batez, “atzo ikusi nizun” bezalakoak, leku batzuetan behintzat, aspaldidanik erabili dira, transmisio etenik gabe ere. Gaztelaniaren eragina izan liteke, akaso, baina hizkuntza askotan gertatzen den fenomenoa da. Ez duzu sekula entzungo “atzo zure kotxeari ikusi nion”; hor bada arau bat, beraz, trankil egon gaitezke.

  10. Interesgarriak dira zuen ekarpenak, Pruden eta Borja, ematen dute zer pentsatua. Zuekin ados nago mistikaren arriskuak aipatzen dituzuenean. Baina hitanoaren inguruko mistika ez ote da, hain zuzen ere, hitanoa eskolatik kanpo geratu izanaren ondorio, euskalkien inguruko mistika, neurri handi batean, eskolatik kanpo geratu izanaren ondorio den bezala? Euskalkia eta hitanoa eskolan neurri egokian barneratuko balira (eta badakit “neurri egokia” esatea ezer ez esatea dela, baina tira, hau ez da txosten bat), ez al lukete galduko gaur egun gazte askoren artean daukaten ukitu mistiko hori? Nik maite ditut euskalkiak eta maite dut hitanoa, baina ez zait gustatzen biak gazte “guai”-en ikur izatea eta batua, aldiz, “puretena”. Horrek amorrarazi egiten nau.

  11. Juan Luis, eta hitanoa, zure ustean, nola sartu beharko litzateke eskoletan? Irakasleak ikasleei ohiko jardunean? Eta ikasleek irakasleari ere bai? Egungo giza harreman moldeak bestelakotu direnez, hizkuntz erabilerari ere eragin beharko lioke horrek, tradizioaren kontra bada ere? Berdin familia barruan: zentzuzkoa ote da gaur egun gurasoek seme-alabei alokutiboan egin bai, baina horiek gurasoei ez? Eta, bestetik, non? Barakaldon eta Gasteizen, Ordizian eta Ondarroan bezala? Xalo galdetzen dut, neuk ere zalantza horiek ditut eta, baina erantzun garbirik ez.

  12. Hitanoa eskolan erakutsi behar den ala ez uste dut ez dela eztabaidagai: imajinaezina zait inork defenditzea ez dela irakatsi behar, besteak beste nola ulertuko dute bestela gure ikasleek euskal testu klasiko pila bat? Edo nola ulertuko dute milaka eta milaka euskaldunen mintzaera? Beraz, arazoa da euskarararen irakaskuntza bere osotasunean, ezinezkoa baita euskara irakastea eskolan hitanoa zer den esplikatu gabe (ezta Ondarroan ere, noski). Zentzu horretan euskara eta hitanoa bereizezinak dira. Eta horretan utziko nuke gaia.

    Besterik da, Joxemarik planteatzen duen bidetik, ea irakaskuntzak hitanoaren ahozko erabilera sustatu behar ote duen. Nire erantzuna da, argi eta garbi, ez. Euskararen erabilera sustatu behar da, baina hitanoaren erabilera ez. Jakina, ezta debekatu ere, baina sustatzeari buruz ari gara.

    Azken puntada: nork norekin erabili behar du hitanoa? Gorago esan dudan bezala, hitanoarena, nire ustez, informaltasun eta familiartasunaren esparrua da, beraz, ahozkoari dagokionez liberalismo absolutua (edo desregulazio absolutua, nahiago baduzue): utzi diezaiogun “esku ikusezinari” ohiturak finkatzen. Zinez, hizkuntza kontuetan ere gauza batzuk bai, baina ez dago den-dena arautzen tematu beharrik.

    Ez dakit erantzun dizudan, Juan Luis. Dena den, Borjari bezala bereziki gustatu zait zure azken iruzkina.

  13. Ez zait burutik pasatu ere egiten inor inorekin hika mintzatzera behartzea, ez eskolan eta ez beste inon. Eskolan sartzeari buruz ari naizenean eskolan irakatsi eta lantzeaz ari naiz, ez besterik. Eta hika hitz egiten duenari —ez dakienari bezala— hikari buruz ez dakiena azaltzeaz, egiten duenean egiten duena jakinaren gainean egin dezan.

    Nork norekin eta non erabili beharko lukeen ez dakit. Baina guztiz zentzuzkoa iruditzen zait, gaur egun ere, zuk zalantzan jartzen duzun hori: “gurasoek seme-alabei alokutiboan egin bai, baina horiek gurasoei ez”. Zergatik ez? Makina bat etxetan egin izan da —eta egiten da— horrela, Urola bailaran bederen.

    Hortik aurrera, nik, zu bezain xalo, galdetu egin dezaket erantzun baino gegiago.

  14. Oharra: nire aurreko mezu hori Joxemari Sarasuari zuzenduta idatzi dut, Pruden Gartziarena irakurri baino lehen. Prudenek dioenarekin, berriz, nahiko ados nago. Prudenek dio ez litzatekeela hitanoaren erabilera sustatu behar, eta nik horretaz zalantzak ditut. Baina gainerakoan bai, ados Prudenekin.

  15. Juan Luis, guztiz ados: ezin inor hika egitera behartu, ez eskolan ez inon. Baina sustatzea eta behartzea ez da gauza bera. Hori esanda, hitanoa irakatsi ez ezik, sustatu ere behar ote da eskolan? Bada nik ez dakit. Dakidana da, ordea, helburua sustatzea baldin balitz (hots, “erabilera bultzatzea”), ezer gutxi dela hitanoa elementu kurrikular huts gisa irakastea: hori eta kaka-plasta, nire ustean, gauza bera.

    Beharbada txarto azaldu dut: guztiz naturala iruditzen zait guraso eta seme-alaben arteko hitanoaren erabilera simetrikoa. Guk gerok hala egiten dugu etxean. Ados horretan Prudenekin askatasuna aipatzen duenean.

  16. Kaixo, ohar sinple batzuk, polemika asmorik gabeak.

    Juan Luisek: «Leirek ez zidak esan non egin behar diken lo». Alegia, adituek hitanoaren hiper erabilera edo hiper hitanoa deitzen dutena (1).

    Nik: Hau ez da hiperhitanoaren erabilera, alokutiboa menpeko aditzetan erabiltzea besterik ez da. Eta bat nator Juan Luisek erabilera hau arbuiatzeko arrazoiarekin. Euskaltzaindiak aholku moduan adierazi zuen saihestekoa dela.

    Borjak: Hiper-hitanoa baino okerragoa da nire ustez ETB1-en “hik egin unan” bezalako zerbait entzutea. Ez dakit “gipuzkoarzentrismoagatik” gertatzen den (ez baitakit halakoak euskara giputzean bakarrik erabiltzen diren), baina euskara batuan, eta berez, “huen” da (sexu bereizketarik gabe). Erraz uler daiteke zergatik sortu diren “uan/unan” bezalakoak hizkera batzuetan, hiper-hitano delakoa bezalaxe.

    Nik: “hik egin hunan” da, hain zuzen ere, hiperhitanoa, hau da, hitano marka baten gainean berez beharrezkoa ez den beste bat eranstea, generoa bereizteko asmoz. Eta hiper hiperhitanoa, berriz, generoa bereizita dagoen arren (“horixe entzun ninan”), hainbat kasutan erabili ohi den “horixe entzun ninenan” erabiltzea. Edo “gero egongo gaitunan” kasuaren modukoak. Eta bizkaieraz ere oso ohikoa da, beste molde batzuetan.

    Nire ikuspegi apalean, kaleko erabilerak bide bat hartu du (honetan ere Juan Luisekin erabat ados), baina hitano estandarraren erabilera literatur lanetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan (marrazki bizidunak, filmak, telesailak) ari da bidea egiten. Eta askotan editoreen eta zuzentzaileen esku egon ohi da erabilera-eredua.

Utzi erantzuna