Juan Luis Zabala Artetxe
Kontatuko banizue behin, duela hamabost bat urte, Tolosako Triangeluan, Kike Amunarrizek kaleko banku batean eserita harrapatu ninduela, zertan eta Euskaldunon Egunkaria arretaz irakurtzen eta boligrafo gorri batez akatsak markatzen, sinetsiko zenidakete?
Bada egia da. Nik gogoan daukat; eta akaso Kikek ere bai.
Bolada batean halaxe irakurtzen nuen euskarazko egunkaria, boligrafo gorria eskuetan, nahiz eta gero harekin egindako oharrak inori ez erakutsi.
Barruan filologo-polizia marmartia duten horietakoa bainaiz, aitortzeak harrotzen ez banau ere. Baina herabea naiz —zorionez esan beharko, kasu honetan—, eta gehienetan barruan itotzen dira filologo-polizia horren marmarrak, azalera irten gabe.
Blog honek ematen didan aukera ezin baliatu gabe utzi, ordea, marmar batzuei irtenbidea emateko. Bi baino ez dira izango:
- «Leirerekin egon nintzen atzo, eta esaten zidan…». Alegia, «esan zidan» behar zuen lekuan, gaztelaniazko joera seguru asko oker bat kalkatuz, «esaten zidan» erabiltzea. Oharkabean sartzen ari da erabilera hori, eta neure burua ere harrapatu dut zatarkeria horren atzaparretan gozoro eroria.
- «Leirek ez zidak esan non egin behar diken lo». Alegia, adituek hitanoaren hiper erabilera edo hiper hitanoa deitzen dutena (1). Bereziki amorragarria egiten zait, normalean hika hitz egiten duena jario oneko euskalduna edo/eta euskaldun ikasia izaten baita. Nola liteke, hortaz, hain kontu sinple eta oinarrizkoaren berri ez izatea —dela belarriaren sen hutsez, dela ikasketaren bidez— hika hitz egiten duten hamar gaztetik zazpik?
Orain, barrua pixka bat lasaituta, ea filologo-polizia lotan geratzen zaidan eta ea barruan izan ditzakedan beste pertsonaia batzuk jartzen ditudan martxan, atseginagoak, alaiagoak, eraginkorragoak. Kike Amunarrizen antz pittin bat duen bakarren bat harrapatuko banu!
[1] Iñaki Iturainek Argian Orioko hitanoaz esanak (http://www.argia.com/argia-astekaria/2091/berorrek-nahi-baduzu-egingo-yau/inprimatu) balio du beste herri askotarako ere: «[Orion] hitanoaren hiper erabilera dago; hau da, hika menpeko esaldietan erabiltzen dute eta hori ezin da; aditza, esaldiaren barruan, nagusia denean soilik erabil daiteke hika. Esaterako, joaten gaitukenean, etorri naukelako, ikusi diagun pelikulan… eta horrelakoak maiz entzuten dira. Gazte gehienen artean hika bizi-bizi dabil baina modu horretan erabiltzen dute. Hitanoak bere mugak ditu bere morfologian, bere baitan, ezin da erabili nonahi, noiznahi, nolanahi eta nornahirekin».