Euskara batua Iparraldetik (I)

Xabier Elosegi Aldasoro

Gotzon Garate zenari entzun nion behin gertakari hau: Elgoibarko baserri batera joana zen, bertan egonaldi bat egitera. Lehen aldia omen zen. Kaleko euskara zuen berak eta baserrikoa ezagutu nahi. Bazkaldu ondoren etxekoei esan zien «banoa siesta bat botatzera», eta etxeko mutiko batek galdetu zion «nondik bota behar dozu siesta?». Berehala ohartu zen Gotzon siesta bota «echar una siesta» esaldiaren kopia edo kalko bat baizik ez zela.

Zergatik eta zertako duzue iparraldeko batu hori? Erantzuna sinple zait: zuek hegoaldeko batu bat erabiltzen duzuelako, hiztegian guretzat aski urruna, ez errateko arrotza, gainera maiz erranaldietan gazteleraren pleguetara tolestua. Hortik euskara batuaren izenean saltzen zaiguna, frankotan gipuzkera osatua da, hots gipuzkera gehi H letra, eta det aditz formaren ordez dut, izkirioz bederen. Haatik aho-mihiz hori ere ez: H ez duzue ahoskatzen gutiz gehienek, eta det hara, det honara zabiltzate, adibidez euskalki ezberdinetako bertsolari saioetan ere, hainbestetaraino non iparraldeko euskaltzale askok uste duen hori dela batukoa. Euskara batuagoa zerabilten Mattin, Xalbador eta Xanpun zenek…

(Jean Louis Davant euskaltzainaren aipua)

Erdarakadaz betea den ustezko batu nahasi eta hotza bazter dezagun eta gure ahozko harremanak aberats ditzagun Mattini esker.

(Franck Dolosorren artikulua Mattin bertsolariaz).

Ez da batere dudarik 2013. urtean, mugaz bi aldeetako euskaldunek duela mende bat baino zailagoa dugula elkar ulertzea. (Oroit Odriozolaren artikulua Berrian). Batzuen eta besteen euskara erdaldundurik (espainoldurik eta frantsesturik) elkar ulermena, zoritxarrez, ahuldu egin zaigu.

Eta, noski, elkar ulermena lortzeko batak bestearen ezagutza behar-beharrekoa da. Eta, hain zuzen, iduri luke horretarako behar den borondatea dela eskas: norbera bereari so baitago.

Eta aitzinera egin aurretik ikus dezagun gaur egungo euskaldunak nondik hartzen duen, gehienbat, euskara. Ez da euskara idatzitik, jendarteak guti irakurtzen baitu: libururik ia bat ere ez, eta kazeta-aldizkarietatik tituluetatik harat arras guti. Euskara entzunetik hartzen du, batez ere, gaurko euskaldunak bere hizkuntza.

Lehen-lehenik etxeko euskara du bere iturburua eta horretan gutiengo bat baizik ez da euskaldun zaharren euskalkian edaten duena.

Gehienen etxeko euskara «batua» edo dena-delakoa da. Eta batez ere, irrati eta telebistako euskara «batua» edo dena-delakoa.

Eta hedabide horietaz arduratu naiz, baztertu gabe halere gure egunkari bakarra, Berria. Ez dut azterketarik egin Hitza eta tokiko kazetei buruz.

Eta zein dira Lapurdi, Baxe-Nabarre eta Zuberoako euskaldunen zailtasunak hegotiarren euskara ulertzeko ?

Ondoren zenbait ataletan aipatuko ditut, ene ustez, zeintzuk diren «batua» omen delakoaren zailtasunik handienak Ipar Euskal Herritarrentzat. Kakotxen artean eman aipamen guztiak hedabidetakoak dira. Ez da dudarik badirela beste arazoak. Horiek dira, alabaina, gehienbat aipatuak izan zaizkidanak.

Gauza ageria da aihertar batek «hodei baxuak» esaldia entzuten duelarik ez duela ulertzen, espainierazko bajo/bajak zer erran nahi duen ez baitaki. Baina «baxua» eguneroko euskaran ez zen erabiltzen duela 20/30 urte. Azken urteetako «moda» da hori… Bi lorpen (!) baditu erabilera horrek: espainierazko hitz bat sartzea, eta Ipar eta Hegoaldekoen arteko ulermena gutitzea. Eta onurarik ba ote ?

Hiztegia

Davant jaunari jarraiki: «Hiztegian ditugu diferentziarik handienak, Euskaltzaindiko Hiztegi Batua ez dugulako erabiltzen… Hor agertzen dira euskalki guzietako hitz klasikoak, literaturan aski bizi direnak. Beharbada euskaltzainek gure pedagogian huts bat egin dugu: hitz batzuen ondotik, iturriko euskalkiaren aipatzea. Adibidez: «prefosta Zub.». Ondorioz hegoaldeko askok, eta iparraldeko batzuek ere uste dute hitz horiek batuan ez direla baliatu behar. Beraz bazter uzten dituzte Zub., Lap., Naf., Ip. marka daukaten hitz guziak».

Hiztegia arazoa da gaur egun. Batetik euskalkitik euskalkira badirelako desberdinak, osoki desberdinak, diren hitzak eta ere berdin ahoskatu eta idazten diren hitzak, baina esanahi desberdinekoak (batzuetan kontrajarriak).

Etsenplu bat. «Joanes arotzak lan azkarra egin zuen. Ama eri zuen eta pentsatu ere pentsatu zuen: agian hilko da laster». Esaldi honen azpeitiar baten irakurketa: «Joanes zurginak presazko lana egin zuen. Ama eri zuen eta pentsatu zuen: beharbada hilko da laster». Esaldi bera hazpandar batek horrela ulertzen du: «Joanes burdin-langileak lan gotorra (indartsua, solidoa) egin zuen. Ama eri zuen eta pentsatu zuen: nahi nuke laster hiltzea».

Hemen aipatu arotza, azkarra, agian hitzak, guztiak dira euskara batuarenak, nahiz mugaren bi aldeetan ez duten gauza bera adierazten: gaur egun ez da arotza = zurgina, arotza = burdin-langilea baino «euskarago» edo «batuago». Eta, noski, ezin zaio gaur egun amorotar bati eskatu arotza burdin-langile gisa erabiltzea. Bai aldiz edozein hegotiar bati Ipar Euskal Herrian hitzaldi bat ematerakoan, kasu pixka bat egitea eta bertakoek hego aldeko euskararen aitzinean dituzten arazoak, hein batean bederen, gutitzen saiatzea.

Ez hain aspaldian Heletan gertatua: Antzerki-besta joko batean eta egoera bat girotzeko, artista bikaina den batek esan zuen: «rotonda batean zaude eta peto horia jantzia…». Hegoaldekoak ez badaki rotonda eta peto hitzak ez direla ulertzen IEHan, ekin aditza ez dela erabiltzen, azkarra hitzaren esanahia ez dela HEHan duena, eta abar… arrunt mugatua egongo da bertako euskaldunekin harreman onuragarriak egiteko unean.

Norberak berea ezagutzea eta maitatzea gauza naturala da, eta ezin zaio besterik eskatu: ezagut dezala berea eta erabil dezala, den bezala. Baina besterik da leaburuar batek nahi izatea bere euskara, den bezala, Larresoron ulertua izatea. Zarauztar batek, azkaindar batek eta ligiar batek ez dute euskara bera erabiltzen eta elgar-ulermena erdiesteko, ez-jakintasunatik abiaturik besteen euskararen ezagutzera egin behar da.

Duela bizpahiru urte ikusi nituen gipuzkoar bat eta bizkaitar bat Santa Graziko emazte batekin solasa egin nahian: bizkaitarra aiseago ari zen, batere dudarik gabe, gipuzkera baitzekien, eta ipar aldeko forma asko eta asko ere; gipuzkoarra aldiz bere euskara baizik ez zekien, eta esaldiak errepikatzen ba zituen ere, etziren ulergarriagoak. Lehenak nolazpait ez-jakintasuna gainditua zuen, bigarrenak, aldiz, ez.

Hiztegiaren arazoa ez da konpontzen batzuena arbuiatuz eta gipuzkerarena (edo espainierazko hitzak) soilik baliatuz (nahiz hitz horiek jadanik Ipar Euskal Herrian onartuak direlakoan (?) euskaltzain ezagun bat arrunt kontent egon), norberak bestearen hitzak ikasiz eta erabiliz baizik.

Funtsean hiztegiarena ez da gaindiezina den arazoa, ezjakintasunaren arazoa baizik. Konponbidea, maila pertsonalean bederen, erraza da: ikasi.

Hedabideak direla-eta, gauza ageria da, nolazpait errateko, badirela tokiko hedabideak eta hedabide orokorrak, nazionalak. Azken horietan nahitaezkoa da jende ikasia ematea eta ez euskalki bakarrean soilik dakitenak, edo IEHaren egoera eta espainiera/frantsesa ongi ezagutzen duten arduradunak ematea.

Eta hedabideetaz ari garelarik  ez da dudarik gauza bertsuak esango genituzkela hedabide nazionalak Ipar Euskal Herrikoak balira eta horiek bertako herriak erabiltzen dituen moldeak bere egingo balitu: «Badoa?», «esku-kolpe bat emanen deiat», «lekiak ustu zituen» eta abar. Baina, dakigunez, hedabide nazionalak HEHan dira.

Erantzun bat “Euskara batua Iparraldetik (I)” bidalketan

Utzi erantzuna