miel a. elustondo
Polizia patruila-autora itzuli zen, eta hark eta bere laguntzaileak alde egin zuten. Royk agur egin zien irribarrez, eta autora sartu zen. Kontuz, keinuka minez, zigarroa piztu zen. Gero, azkeneko gonbitoa ere bota zuela konbentziturik, burukoaren kontra bermatzeko ahalegina egin zuen.
Los Angeleseko auzo batean zegoen, hiriarekin bat egiteari kontra egiten zion horietarik bat, nahiz eta hiriarekiko dependentzia izan, eta mugarik ez izan. Hogeita hamar bat milia zegoen handik hiriraino, hogeita hamar milia benetan luzeak eguneko garai hartan. Sasoi hobean egon behar zuen, atseden hartu tarte batean, arratseko trafiko uholde trinko hartan murgildu baino lehen. Are inportanteago, hondarreko hondamendiaren xehetasunak berregin beharra zuen, gogoan zituen bitartean.
Begiak hetsi zituen une batez. Berriz ireki zituen, inguruko trafikoaren argietan iltzatzeko. Eta orduan, autotik batere mugitu gabe, fisikoki bertatik mugitu gabe, denda barruan zen berriz. Trago bat ur egiten, ingurua nahi gabe bezala aztertzen zuen bitartean.
Los Angeleseko ehunka denda txikiak bezalakoa zen, barruan urontzia, pare bat erakusleiho zigarroz, puruz eta gozokiz beterik, eta aldizkariz, nobela merkez eta zorion-txartelez beteriko apalak zituzten dendak. Ekialdean, kiosko edo gozoki-denda izena ematen zieten denda haiei. Hemen, konfite dendak edo «iturriak» ziren besterik gabe.
Toki hartan bezero bakarra zen Dillon. Beste pertsona dendaria zen, ergel itxurako gazte handikote bat, hemeretzi, hogei bat urtekoa. Edaria bukatu bitartean, gazteari begiratzen zion honek izozkailu ertzeko izotza kentzen zuen bitartean, noiz arduratsu noiz arduragabe lanean. Zehatz zekien zer egin behar zuen, halaxe salatzen zuen haren aurpegierak, eta pentsatu ere ez egin behar zena baino gehiago egitea. Nagusiaren semea, erabaki zuen Dillonek, edalontzia utziz eta aulkitik jaikiz. Diru-kutxaraino hurbildu zen polliki, eta gazteak utzi egin zuen ordu arte lanean erabilitako makila. Ondoren, eskuak aurreko mantalean lehortu eta kutxara hurbildu zen bera ere.
–Hamar zentabo –esan zuen.
–Eta pakete bat gozoki horietarik.
–Hogei zentabo.