Luzerako bidaia San Juanera

Eneko Bidegain

Behin, Kortatuk Arrangoitzen eman zuen kontzertu batean, Fermin Muguruzak «Gabon Arcangues» oihu egin omen zuen. Anekdota horren berri hamabost urte geroago entzun nuen.

Anekdota horretatik harago, Ipar Euskal Herriko herrien izenak gaizki errateko joera nahiko zabala nabaritzen dut Hego Euskal Herriko hainbat jenderengan. Zenbat ez dira joaten Angletera erosketak egitera Angelura joateko ordez? Edo zenbat ez dira joaten egun pasa San Juan de Luzera? Behin euskarazko afixa batean ikusi nuen «San Juan de Luzerako ateraldia» lerrotik bururatu zait artikulu honen izenburua. Pentsatu nahi dut ateraldia aski luzea izan zela, gutxienez Donibane Lohizune ikasteko bezain luzea.

Bitxikeria gehiago ere entzuteko ohitura badaukagu: Urruñe, Bidart, Azkain… Eta zenbatek uste dute Lapurdiko hiriburu historikoa Ustaritz edo Ustaritze dela? Eta Laburdi erraten dutenak ere badira. Eta horrela idazten dutenen edo mintzo direnen artean, batzuk oso euskaltzaleak eta abertzaleak dira.

Are gehiago harritu ninduen beste bitxikeria bat entzun nuen behin, errepideko arazoen berri ematen zuen baten ahotik. Auto ilarak ba omen ziren Mugarren. Ez nuen ulertzen nondik etor zitekeen huts hori. Frantsesez Muguerre da. Google-en bila ibili eta ikusi dut gaztelerako hainbat testutan Mugarre agertzen dela. Hortik dator nahasmena?

Hasteko, ez dut uste nehori burutik pasatzen zaionik Saint-Sebastienera joatea pintxoak jatera, edo Fonterrabira afaltzera, Pampeluneko bestetera…

19 erantzun “Luzerako bidaia San Juanera” bidalketan

  1. Nago ez ote den “Azkain” herriaren izena, nahiz eta ainitzek “Azkaine” erraten dugun.
    Entzuna dut ere, eta maiz, “Hasparren” Hazparneren orde…
    Oroitzen naiz behin Uztaritzeko pestetan Sorkun “Gabon Ustaritz” eta “Gabon Ustaritz” ari zela, pesta komiteko norbait oholtzara igo arte eta hari zerbait belarrira erran arte!! Publikoa txaloka hasi zitzaion “Gabon Uztaritze” erran zuelarik!

  2. Badut honekin lotuta anekdota txiki bat, nire garai bateko ezjakintasunari zor. Iparraldean lehenego aldiz nire oinak jarri nituenean UBI bukatu berritan beste lau lagunekin, Hendaiako tren-geltokira joan, eta bertako txartel-saltzaileari eskatu genion: “Cinq billets pour Saint Jean de Lumière”. Eta bertako gizonak, gaztelania garbi-garbian: “Oye, chaval, que aunque en castellano se diga “San Juan de Luz”, en francés también se dice “Saint Jean de Luz”

  3. Eta zenbatek dio “bihar Frantziara noa”, non eta Baionara (eta are Hendaiara!!!) doala esan nahi duen… (eta Beterriko jendeaz ari naiz, ez Arabar Errioxakoez!).
    Gero kolonizazioaz hitz egitea anakronismoa irudituko zaio inori!

  4. Arratsalde on, Eneko
    Tristea da, baina arrazoi duzu. Kasu gehixeago eman beharko genuke herrien eta gainerako tokien izenekin, uste baitut gehienok egin dugula behin baino gehiagotan huts geure ingurukoa ez den lekuren bat aipatzean. Galdera bat egin nahi nizuke: Donibane Lohizuneren kasuan, izena osorik errateko ohitura duzue? Etxean (Bera aldean) beti “Donione” aditu dut: Donionera, Donionen, Donionetik, etab. Alegia, Lohizune gabe. Eta Donibane Garazi (honetaz ez dut hurbileko erreferentziarik)?

  5. Leku izenak aipatu dituzue, baina zer esan deiturei buruz? Euskal deiturak erdal grafiaz idazteko ohituraz ari naiz, naski, baita euskal testuetan ere.

    Eta arazoa (bai bestean zein bestean) ez da bakarrik (edo beti) zabarkeria; aitzitik, zenbaiten ustez erdal grafiak ukitu chic bat ematen dio izenari (edo testuari, edo batek daki zeri…).

    Baina ez hori bakarrik. Afera honetan ere jatorrismoaren gaitza ere agertzen da sarritan, hau da, euskal izenak eta deiturak gaztelaniazko/frantsesezko modu estandarrean ematen ez direnean, euskara hiperjatorrean ematen dira, fonetismo eta txokokeria guztiak barne, dozenaka aldakitan.

    Eta, bukatzeko, deiturei dagokionez, kontua ez da bakarrik nola idazten diren, nola ahoskatzen diren ere arazo da. Hau da, “Azkue” idatziko dugu (ez beti, noski), baina “Azkue” idazten duten askok gaztelaniazko zeta argi eta markatu batez ahoskatu dute, hots, gaztelaniaz bezala.

    Azentuaz zer esango dizuet, ea nor ausartzen den “Etxéberriá” ahoskatzera, boronotzat hartua izan nahi ez badu.

    Eta abar.

    Enfin, hau deprea!

  6. Eskertzen ditut zuen ekarpenak.
    Mikel, Lapurdin, Donibane Lohizune errateko, “Donibane” erabiltzen da (hizkirik jan gabe). Baxenabarren, aldiz, “Doniane” erraten zaio Donibane Garazi-ri. Ez da zuzen “Garazi” izena erabiltzea Donibane Garazi adierazteko, Garazi eskualdearen izena baita (Ezterenzubi, Izpura, Mendibe… herri horiek guztiak Garazin daude).
    Pruden, aipatzen duzun gaia biziki interesgarria da, eta badut asmoa noizbait gai horretaz ere aritzeko, bereziki nola ahoskatzen ditugun deiturak.
    Lapurtarra, Azkaine da Euskaltzaindiak onartua duen izena, nahiz eta Azkain ere euskara izan: kasu gehienetan, “gain” atzizkia duten herri izenetan “gaine” forma nagusitzen da; beste hainbeste “itz”-ekin: UztaritzE, ArrangoitzE…
    Aitor, “Saint-Jean-de-Lumière”-ena bikaina iruditu zait 😀 “Luz” hitza ez da existitzen frantsesez. “Lohizune”-k gune lohitsua erran nahi du; Lohizune-tik Luz hartu dute frantsesek. Beste hipotesi baten arabera “limus” hitzetik dator “luz”, eta “limus”-ek ere gune “lokaztia” erran nahi du.

    1. “Donapaule” erabilera zabaldu bezain okerrak bi azalpen ditu Jean-Baptiste Orpustanen arabera: edo “metatesia fonetiko arrunt” batek eragin du, edo Erdi Aroan Saint Paul-ek ordezkatu zuela “Saint Palais” edo “Saint Pélage” (edo San Pelaio).

  7. K. Mitxelenak eta A. Irigaraik (1955) “Done Pelaio” ikusten zuten “Donapaleu”ren atzean:

    La villa de, St-Palais, actualmente Donaphaleu (sul. Donaphalé(g)ü) es llamada Donapalaio por Axular (p. 6), y S. Pouv., añadiéndole por error el artículo, escribe Donapalayoa: ésta es, sin duda, una forma más reciente.

  8. Eneko, diozu Ipar Euskal Herrian inork ez duela esaten “Fonterrabira noa afaltzera, edo Pampeluneko bestetera…”. Hegoaldean, berriz, entzuten da “Fuenterrabiara” edo “Pamplonara” euskaraz mintzatzean. Beraz, nahiko zabalduta dago herrien izenak gazteleraz esatea, Iparraldekoak nahiz Hegoaldekoak izan.

    1. Iparraldean ere entzuten dira batzuk, euskaraz mintzo, eta Pamplona edo Fuenterrabia erraten, baina sekula ez Pampelune eta Fonterrabie. Erdarazko forma erabiltzekotan, ez da ohikoa frantsesezko formara jotzea.
      Bestetik, Hegoaldean hainbat herri (kasu nabarmenenak aipatu dituzue iruzkinetan) izendatzeko gaztelerako forma erabiltzeko joera baldin badago ere, Iparraldean ez dago tradiziorik, eta euskaraz ari den nehork ez du erabiltzen gaztelerako edo frantseseko formarik Donibane Lohizune edo Angelu izendatzeko.
      Bestalde, Ustaritze bezalako kasuak, euskarazko komunikabide erreferentzialetan entzun edo irakurri ditut.

  9. Arrazoia duzu eta ez dago aitzakiarik jarrera horiek izateko baina ez dut uste hau Ipar-Hegoa borroka batean kokatzen denik. Nafarroa Garaian arazo berdina aurkitzen dugu (Burguete Auritz ordez, Olite Erriberri ordez, Villaba Atarrabia ordez etabar). Horietako arrazoi bat bai Ipar EHn eta baita ere Nafarroa Garaian euskarak pairatzen duen ez-ofizialtasun egoera (errepidetako seinaleetan ondorioak dituena besteak beste).

    Gauza bera gertatzen da abizenen okerreko idazkerarekin. Euskal Herri osoan ematen bada ere are larriagoa da Ipar EHn eta Nafarroa Garaian.

    Anekdoten artean aipatzea Arrasateko lagunek Mondraue deitzen diotela bere herriari eta Bitorixa Gasteizi…atera kontu!

    1. Kasu guztiak ez dira berdinak. Bitoria (Biturie, Bittorija…) izen tradizionala da, eta halaxe esan izan zaio hiriari euskaraz zein gaztelaniaz, euskararako ‘Gasteiz’ toponimo zaharra bultzatu eta ofizialdu arte. Arrasateren kasuan ere, Mondragoe izenak tradizio luzea dauka, hiribildua XIII. mendean sortu zenetik honakoa. Antzera gertatzen da inguruko beste herri batekin: Legutio / Billerle. Beraz, ez dut uste gaitzestekoa denik lagunartean izenok erabiltzea.

      1. Bai, hala da. Hori anekdota besterik ez zen. Garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit aipatzen ditudan beste kontuak.

Utzi erantzuna