Eneko Bidegain
Behin, Kortatuk Arrangoitzen eman zuen kontzertu batean, Fermin Muguruzak «Gabon Arcangues» oihu egin omen zuen. Anekdota horren berri hamabost urte geroago entzun nuen.
Anekdota horretatik harago, Ipar Euskal Herriko herrien izenak gaizki errateko joera nahiko zabala nabaritzen dut Hego Euskal Herriko hainbat jenderengan. Zenbat ez dira joaten Angletera erosketak egitera Angelura joateko ordez? Edo zenbat ez dira joaten egun pasa San Juan de Luzera? Behin euskarazko afixa batean ikusi nuen «San Juan de Luzerako ateraldia» lerrotik bururatu zait artikulu honen izenburua. Pentsatu nahi dut ateraldia aski luzea izan zela, gutxienez Donibane Lohizune ikasteko bezain luzea.
Bitxikeria gehiago ere entzuteko ohitura badaukagu: Urruñe, Bidart, Azkain… Eta zenbatek uste dute Lapurdiko hiriburu historikoa Ustaritz edo Ustaritze dela? Eta Laburdi erraten dutenak ere badira. Eta horrela idazten dutenen edo mintzo direnen artean, batzuk oso euskaltzaleak eta abertzaleak dira.
Are gehiago harritu ninduen beste bitxikeria bat entzun nuen behin, errepideko arazoen berri ematen zuen baten ahotik. Auto ilarak ba omen ziren Mugarren. Ez nuen ulertzen nondik etor zitekeen huts hori. Frantsesez Muguerre da. Google-en bila ibili eta ikusi dut gaztelerako hainbat testutan Mugarre agertzen dela. Hortik dator nahasmena?
Hasteko, ez dut uste nehori burutik pasatzen zaionik Saint-Sebastienera joatea pintxoak jatera, edo Fonterrabira afaltzera, Pampeluneko bestetera…