Estilo jarraituaren alde

Jesus Maria Agirre Berezibar

Itzultzaile-oposizio bateko epaimahaian egotea tokatu zait. Oso delikatua eta desatsegina da inoren formulazioak epaitu beharra (erantzun beza bakoitzak bereez, eta kito), eta gainera azterketa-egoera ez da paradarik onena itzultzaile batek bere onena emateko. Hala ere, egokitu zaidan eginbeharra talaia moduko bat izan dut gaurko itzultzaile gazteen joera eta mania batzuk begiratzeko. Gaztelaniazko testu argumentatibo bat jarri zitzaien euskarara itzultzeko, txosten juridiko bat.

Erreparatu dudan lehen ezaugarria izan da itzultzaileek ia sistematikoki jo dutela gaztelaniazko esaldiak zatitzera, hari sintaktikoa etetera. Horretarako errekurtso bariatuak erabili dituzte: puntuazioa (ugariak izan dira puntuak, puntu eta komak, bi puntuak, parentesiak eta marra luzeak), koordinazioa (eta denen gainetik, hain zuzen eta holakoak ugari, hau da eta holakoak dexente, izan ere hainbat), eta anaforak (erakusleak, eta batez ere izen eta erakuslez osaturiko sintagma anaforiko astunak).

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Con fecha 12 de noviembre de 2008 y número de registro 14537, tuvo entrada en la Cámara el escrito de la Coordinadora de las Plataformas contra la Incineración de Gipuzkoa, constituida en comisión promotora, adjuntando la ‘proposición de ley de residuos’ en forma de iniciativa legislativa popular». Aurkeztutako 22 azterketarietatik, esaldi hori 2k bakarrik eman dute eten handirik eta anafora astunik gabe euskaraz.

Aurreko joera horrekin kontrastean, bigarren gauza erreparatu dudana izan da ezen itzulgaia oso testu formala zen arren oso gutxik erabili dituztela erlatibo postpositiboak.

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Este título competencial fue asimismo invocado por la Ley 3/1998, de 27 de febrero, General de Protección del Medio Ambiente del País Vasco, cuyo capítulo IV lleva por título ‘Residuos’». Esandako 22 azterketari horietatik, 4k bakarrik erabili dute zein erako erlatiboa esaldi horretan. Eta horren kontrastean, asko erabili dituzte erlatibo prepositiboak (-n…, -tako…).

Beste gauza batzuk ere nabarmendu daitezke, horien artean adibidez marka modalen erabilera urria (-ta, -ik, -z, -larik), jokoa ematen duten arren, nire ustez, lotura irekiak edo ez oso definituak egiteko, zirkunstantzia bat adierazten duten heinean.

Eta zein da nire inpresioa? Egia da testuak eta testuak daudela, egia da itzulgai bat modu batera baino gehiagotara itzuli daitekeela, baina jatorrizkoaren haria sistematikoki eteteko joera hori eta zein erlatiboaren autozentsurak erakusten duen jarraitutasun-falta hori sintoma arriskutsuak iruditzen zaizkit. Zerenak? Agian badabil gure artean kontsigna bat dioena ezen dena delakoagatik (egitura desberdinak, bi hizkuntzen egoera, gaztelaniaren gehiegikeriak) euskararako egokiena zatituta itzultzea dela, eta neurri batean nik neuk ere lagundu dut topiko hori zabaltzera Itzulpen-estrategiak liburuxkarekin. Eta agian badabil ere gure artean beste kontsigna bat dioena inporta duena ez dela estiloa, baizik eta edukia ondo ematea. Baina, kontsignak aparte, seguru nago gutako askok eten askorekin eta lotura gutxirekin itzultzen dugula euskararen baliabideak ez ditugulako behar adina menperatzen, itzultzeko orduan konfiantzarik ez daukagulako geure buruagan, euskaraz ez garelako konplexurik gabe lantzen eta finkatzen ari estilo formal bat, jarraitua baina aldi berean korritzen duena.

Behar dugu konturatu azala eta mamia batasun bat direla, behar dugu konturatu itzultzailea jatorrizkoari lotu behar zaiola azal eta mami. Hainbeste eten gordinekin eta anafora astunekin segituz, arriskua dugu euskara haurtzaro-estadioan mantentzeko, arriskua dugu itzultzaile-ofizioa debaluatzeko. Ez omen zuen ba Atxagak esan hizkera literarioa bat bera dela mundu guztian? Sentitu gaitezen libreago, jolastu dezagun hizkuntzarekin, praktikatu dezagun loturekin, kalkatu ditzagun behar adinean gure klasikoek bezala, euskaran estilo formal jarraitu hori lortze aldera.