Anabasaren erdian

Iratxe Goikoetxea Langarika

Batzuetan holaxe ikusten dut bai neure burua bai euskarazko testugintza: anabasan galduta.

Kasurako, San Telmo Museoak erakusketa bat zabaldu du oraintsu “Harrijasotzaile: harriaren indarra” izenpean. Esaldia gorabehera, ez diote erreparatu arauzko forma harri(-)jasotzaile dela. Baina alfabetatuta egon arren, zenbatek ote dakite harri jasotzaile berba bitan idazten dela? Zenbatek jakin min aparte dela eta jakingura batera?

Hitz elkarketako marraren erabilera nasaiaz jardun dute aurrekoetan blogkide batzuek. Baina erabiltzaileontzat are lausoagoak dira berbak lotuta edo bereiz idazteko irizpideak. Ikasi dugu aditzoinez hasten diren hitz elkarteak batera idazten direla (ikuspuntu, jomuga, ikasliburu…), eta bigarren osagaitzat berba jakin batzuk dituztenak ere lotuta idaztera ohitu gara (atzealde, legealdi, dirubide, mahaiburu, plazagizon, berdegune, bizikide, alkateorde, kalekume, ganaduzale, atezain…)[1]. Hortik gora, zer?

Arrainontzi eta baleontzi batera idatzi behar dira, eta arrantza-ontzi banatuta. Berben luze-laburrak ba ote du eraginik lotuta ala bereiz idazteko? Ez nahitaez, antza.

elur-jausi vs elurbildu (kategoria berdinak eta esanahi bera)
esku-argi vs eskuliburu

Hori ikusita, beharbada tradizioa da batera ala banatuta idazteko irizpidea? Ez nahitaez. Berba berri batzuk lotuta idazten dira, eta tradizio luzeagoko beste batzuk, banatuta:

eskubaloi vs esku-pilota[2]
zikloturismo vs ziklo-kros
etxetresna
vs etxe-abere

Pentsa liteke pare-pareko hitzak berdin idatzi beharko genituzkeela. Baina ez beti:

etxekoandre vs etxeko jaun

Hitzen adierazia edo mamia ote da batera edo bereiz idazteko giltza? Kafesnea nahasketa homogeneoa delako idazten da lotuta, eta arroz-esnea heterogeneoa delako bereizita? Arrautzesnea ez dator hiztegi batuan; zelan idatzi? Homogeneoa denez lotuta, ala Elhuyarri jaramon egin, eta berba bitan idatzi?

Izan ere, hiztegi batuan dagoen saltsaz gainera, beste arazo bat ere badugu: berba asko jaso barik daude. Arrautzesnea gutxitan da albiste, eta tira. Baina dirulaguntzak egunero aipatzen ditugu. Zelan idatzi? Zehazki-k lotuta dakar; Elhuyar eta Labayru-k, marrarekin.

Hori gutxi ez, eta urteotan elementu gehiago batu zaizkigu anabasa orto(tipo)grafikora: ingeleseko mailegu asko eta horiek deklinatzeko zalantzak (iPhonearekin? iPhone-arekin?), berbak mugagabean-edo azpimarratzeko moda tipografikoa (BERTSO EGUNA Urtarrilaren 26an Donostian…) Ez zarete konturatu? Azken moda da, ba.


[1] Euskaltzaindiaren 25. arauan zehazten den zerrenda baino luzetxoagoa da hau. Oro har, horrela jokatzen da izenokin, baina ez beti: gerra-gizon, euri-bide, barra-aldi, natura-gune (Elhuyar).

[2] Beste hizkuntzen eragina da beharbada eskubaloi eta saskibaloi batera idaztea. Baina askok idazten dute eskupelota edo eskupilota.

3 erantzun “Anabasaren erdian” bidalketan

  1. Ez dut orain astik artikulua zehatz-mehatz irakurtzeko. Eta ez nuke Euskaltziandiaren (eta are gutxiago haren erabakien) defentatzaile (it)suhar gisa azaldu nahi. Bi arazo ikusten dut hemen nahaska:

    Gauza bat da hiztegian sartzen ez diren baina edozein hiztun/idazlek sor ditzakeen hitz konposatu-eratorrien gaineko arauak ematea, beste bat hiztegian sartzen diren hitzen forma zehaztea. Bigarrren horrek ez du zertan berdina izan kasu guztietan, “buruz” (ez beti “gogoz”) ikasten dira halakoak. Eztabaida liteke “harrijasotzaile” komenigarriagoa litzatekeen ala ez, baina ezin da arau orokor bat eman, lexikoa baita, ez morfosintaxia.
    Baina, hala ere, kasu batzuetarako azalpena badagoela esango nuke:
    Zergatik eskubaloi eta aldiz esku-pilota? Bada, agian, “pilota” bera jokoaren izena delako, eta “esku” hor “eskuz(ko)”-ren ordez dagoelako: “eskuz jokatzen den pilota(-jokoa)”. Aldiz, “baloi” ez da ezein jokoren izena euskaraz eta, beraz, ezin da hitz elkartu arruntzat hartu. Kalko (oker) bat besterik ez da (saskibaloi bezala).

    Baina horiek, esan bezala, hiztegi kontuak dira eta banan-banan begiratu beharrekoak. Nahasgarria? Baliteke, baina ez dut uste “harrijasotzaile” edo “eskupilota” idazteagatik inor gurutziltzatuko dutenik, erabilerak erabakiko du.

  2. Interpretazioaren aldetik gauzak ez dira askorik aldatzen lotuta edota marrarekin idatzita ere.

    Segida sintaktikoak eta segida lexikoak (edo lexikalizatuak) bereizteko balio diguna da bereiz idaztea (SINTAKTIKOA) vs lotuta edota marrarekin idaztea(LEXIKOA):

    Etxe honetako andrea Miren da. / Etxeko andrea Miren da. / Miren etxekoandrea da. (lexikalizatua)
    Etxeko gizon segida, aldiz, ez dago lexikalizatuta, kontzeptua orain arte ez delako izan ohikoa. Nolanahi ere, seguru naiz norbaitek erabili duela ‘etxekogizon’ edo, norbaitek ‘etxekoandre’ kontzeptuaren baliokide modura erabili nahiko balu, berehala ulertuko genukeela denok lexikalizatzen ari dela eta ulertuko genukeela baita haren helburu komunikatiboa.

    Kasu batzuetan kategoria-aldaketa ere gertatzen da lexikalizazioarekin batera: batez besteko balioak vs balioen batezbestekoa; zelula bakarra du vs bizidun zelulabakarra da…

    Molekula hartzaile vs molekula-hartzaile bezalako bereizketak ere, egitura sintaktiko baten (I + adj.) eta egitura lexiko baten ( [I-I]) arteko bereizketa egiten laguntzen digu.

    Marra / lotuta aukera edo continuuma lotuta dago hainbat faktorerekin, azken batean lexikalizazio mailarekin ere zerikusia dutenak: segidak azentu bakarra hartzea, esanahi konposizionala galtzea, elementuak laburrak izatea, osagaietako batek hitz elkartu ugari ematea eta “atzizki antzekoa bihurtzen joatea”, hitz elkartua oso erabilia izatea, hiztunek osagaien kontzientzia galtzea … Erabilerarekin batera aldatzen doan ohitura izan daiteke, eta hiztegigileen eginkizuna da hiztegietan hiztunen ohiturak eta ohitura horien eboluzioa islatzea.

Utzi erantzuna