Iratxe Goikoetxea Langarika
Batzuetan holaxe ikusten dut bai neure burua bai euskarazko testugintza: anabasan galduta.
Kasurako, San Telmo Museoak erakusketa bat zabaldu du oraintsu “Harrijasotzaile: harriaren indarra” izenpean. Esaldia gorabehera, ez diote erreparatu arauzko forma harri(-)jasotzaile dela. Baina alfabetatuta egon arren, zenbatek ote dakite harri jasotzaile berba bitan idazten dela? Zenbatek jakin min aparte dela eta jakingura batera?
Hitz elkarketako marraren erabilera nasaiaz jardun dute aurrekoetan blogkide batzuek. Baina erabiltzaileontzat are lausoagoak dira berbak lotuta edo bereiz idazteko irizpideak. Ikasi dugu aditzoinez hasten diren hitz elkarteak batera idazten direla (ikuspuntu, jomuga, ikasliburu…), eta bigarren osagaitzat berba jakin batzuk dituztenak ere lotuta idaztera ohitu gara (atzealde, legealdi, dirubide, mahaiburu, plazagizon, berdegune, bizikide, alkateorde, kalekume, ganaduzale, atezain…)[1]. Hortik gora, zer?
Arrainontzi eta baleontzi batera idatzi behar dira, eta arrantza-ontzi banatuta. Berben luze-laburrak ba ote du eraginik lotuta ala bereiz idazteko? Ez nahitaez, antza.
elur-jausi vs elurbildu (kategoria berdinak eta esanahi bera)
esku-argi vs eskuliburu
Hori ikusita, beharbada tradizioa da batera ala banatuta idazteko irizpidea? Ez nahitaez. Berba berri batzuk lotuta idazten dira, eta tradizio luzeagoko beste batzuk, banatuta:
eskubaloi vs esku-pilota[2]
zikloturismo vs ziklo-kros
etxetresna vs etxe-abere
Pentsa liteke pare-pareko hitzak berdin idatzi beharko genituzkeela. Baina ez beti:
etxekoandre vs etxeko jaun
Hitzen adierazia edo mamia ote da batera edo bereiz idazteko giltza? Kafesnea nahasketa homogeneoa delako idazten da lotuta, eta arroz-esnea heterogeneoa delako bereizita? Arrautzesnea ez dator hiztegi batuan; zelan idatzi? Homogeneoa denez lotuta, ala Elhuyarri jaramon egin, eta berba bitan idatzi?
Izan ere, hiztegi batuan dagoen saltsaz gainera, beste arazo bat ere badugu: berba asko jaso barik daude. Arrautzesnea gutxitan da albiste, eta tira. Baina dirulaguntzak egunero aipatzen ditugu. Zelan idatzi? Zehazki-k lotuta dakar; Elhuyar eta Labayru-k, marrarekin.
Hori gutxi ez, eta urteotan elementu gehiago batu zaizkigu anabasa orto(tipo)grafikora: ingeleseko mailegu asko eta horiek deklinatzeko zalantzak (iPhonearekin? iPhone-arekin?), berbak mugagabean-edo azpimarratzeko moda tipografikoa (BERTSO EGUNA Urtarrilaren 26an Donostian…) Ez zarete konturatu? Azken moda da, ba.
[1] Euskaltzaindiaren 25. arauan zehazten den zerrenda baino luzetxoagoa da hau. Oro har, horrela jokatzen da izenokin, baina ez beti: gerra-gizon, euri-bide, barra-aldi, natura-gune (Elhuyar).
[2] Beste hizkuntzen eragina da beharbada eskubaloi eta saskibaloi batera idaztea. Baina askok idazten dute eskupelota edo eskupilota.