«Los aitas», «los aitonas», Sofia eta Letizia

Koro Garmendia Iartza

Erkidego berean bi hizkuntza bizi direnean, eta herritarrek biak erabiltzen dituztenean, ezinbestean gertatzen dira alde bietarako hizkuntza-migrazioak. Eta hartu-eman horrek bitxikeria batzuk sortzen ditu. Besteak beste, hizkuntza batek bestearen hitzak maileguan hartu, eta haren logikaz janzten dituenean. Adibide bat jarriko dizuet, eta erraz ulertuko duzue.

«Vamos a comer a casa de los aitas». Zenbat larunbat-igandetan entzuten ote dugun halako esaldia! Ezer arrarorik antzeman al diozue? Ez, agian; hain da normal eta usua. Bideratuko zaituztet, bada: «los aitas». Aita bat baino gehiago? «Los gatos» katu bat baino gehiago izendatzekoa den bezala? Ez, bada. Aita eta ama dira «los aitas». Ildo berekoa dugu «los aitonas»; aitona bi ez, baizik eta aitona eta amona adierazten dituena.

Beharbada, hain arrunt eta eguneroko bihurtu zaizkigunez, gutxik joko du haien desegokitasunari buruzko gogoetara. Ez dakit zehazki non eta nola sortu ziren aldaerak. «Los padres» eta «los abuelos» saihestuta, halako silogismoren bat egingo zuen baten batek: padre = aita; abuelo = aitona. Lixto! Los padres = los aitas; los abuelos = los aitonas. Ez dirudi hain zaila!

Harridura eragiten dit hautu horrek, euskaraz baditugulako hagitz egokiak diren beste bi ordain: gurasoak eta aiton-amonak. Aitortu beharra dago euskarak zentzuzko bidea hartu zuela binomioaren alde egitean, eta hitz bakarrean senide biak izendatzean. Gerora etorri dira, sexuen arteko berdintasunaren izenean, gaztelaniaz «los padres y las madres», «los abuelos y las abuelas», eta halako formulak erabiltzeko beharrak.

Hori guztia hizkuntzen arteko bizikidetzaren ondorioa da. Eta eragina baterakoa zein besterakoa izan daiteke. Hor ditugu, adibidez, zeresana ematen ari diren borboitarrak aipatzeko erabiltzen diren «Espainiako erregeak», «Asturiasko printzeak», eta gainerakoak, errege-erreginak eta printze-printzesak beharko luketenean. Sofiak eta Letiziak ere lekua nahi baitute monarkia xelebre honetan…