Zientzia, lankidetza eta bazkalosteak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Euskara ez omen da orain dela 15.000 bat urte bereizten hasi zen hizkuntza superfamilia euroasiarraren taldekoa, Mark Pagel biologo ebolutiboak zuzendu duen azterketa baten arabera[1]. «Our research suggest that the Basque language is probably older in its origins than this super-family» idatzi zion Mark Pagelek aurreko egunean Atlantiar Nazioarteko Biltzarreko antolatzaileetako bati. Izan ere, zientzialari horrek kognizio modernorako trantsizioaz hitz egiteko asmoa zuen gaur Irunen, baina, bere azken ikerketa horren emaitzak Oppenheimer doktorearen azterketa genetikoekin  bat datozela uste duenez (It migh link in some way to the genetic evidence that Oppenheimer has), mintzagaia aldatu nahiko lukeela esan die antolatzaileei.

Zeren gaur,  Atlantiar proiektuko II. biltzarrean, hainbat ikuspuntutatik begiratuko zaio hizkuntzari Irungo FICOBAn. Mark Pagelen hitzaldiaz gain, BCBLko Kepa Paz-Alonso doktorea hizkuntza ekoizpenaren neurobiologiaz arituko da, eta eboluzio perspektibak eta euskarazko adibideak agindu dizkigu. Peter Bakker hizkuntzalaria, bestalde, ehiztari-biltzaileen hizkuntzez mintzatuko zaigu, eta Stig Eliassonek, azkenik, Danimarkako idazkun erruniko batzuen berri emanen digu, zeinetan, hark darabilen hipotesiaren arabera, euskararen kontaktuaren aztarnak aurki daitezkeen.

Iñaki Segurolak blog honetan esandakoarekin ados nago erabat, bati erakutsi egiten diote zerk harritu behar duen eta zerk ez. Eta bat nator harekin esaten duenean ez dagoela sekula iristerik hizkuntza baten edo hizkuntza familia baten jatorri absoluturaino. Eta, halere, zeinen interesgarriak iruditzen zaizkidan hizkuntz(ar)en jatorriari, eboluzioari eta bilakaerari buruzko ikerlanak! Gauza ederra da harritzea, bestalde. Harrimenak jakin-mina ernetzen digu, ezin erantzun ditugun galderak loratzen burmuinean, eta motibazio suharra izan daiteke are betiereko erantzun biribila lortzerik –segur aski– ez dagoen aztergaiez ikertzen saiatzeko, hala nola hizkuntzen jatorriaz, eta zergatik ez, euskararen beraren jatorriaz. Atlantiar proiektua bera harrimenaren emaitza dugu hein batean: harrimen eta jakin-minez beteriko euskaldun talde batek abiarazi du, harrimen, jakin-minez eta nor bere arloan jakinduriaz beteriko nazioarteko aditu-talde bat elkartzeko asmoz, Bizkaiko Golkoaren inguruko lurraldeetan mendez mende bizi izan diren Homo sapiensen eta bertoko hizkuntz(ar)en historiaz jardun dezaten.

Biltzarraren antolatzaileek, gure lurraldearen iraganari buruzko jakintza hedatzen saiatzearren, bi lankidetza mota sustatu nahi dituzte: batetik, modu batean edo bestean munduko txoko honekin zerikusia duten ikerlanak burutzen dituzten nazioarteko ikertzaileen artekoa; eta, bestetik, nazioarteko ikerlari horien  eta Euskal Herrikoen artekoa.  Eta lankidetza hori burutzeko, elkarlanerako hiru sare irudikatu dituzte: arlo bereko zientzialarien arteko sarea; diziplina ezberdineko zientzialarien artekoa, eta kanpoko eta bertoko zientzialarien artekoa. Sare hirukoitz horrek ikerketa ildo arras oparoak ireki ditzakeela uste dute.

Iazko biltzarrean, esate baterako, Theo Vennemannek hartu zuen parte. Hizkuntzalari horren hipotesia da Europan protoeuskara zabaldu zela azken izotzaldiaren ondotik. Alemaniako toponimia aztertuz frogatu uste du hori, ibaien izenei begira bereziki. Vennemannen hipotesi hori ongi uztartzen omen da Oppenheimer zientzialariaren azterketa genetikoen ondorioekin. Vennemannen lanen emaitzak kolokan jartzen dituztenek euskaran aditua ez izatea leporatzen diote batez ere. Bada, Atlantiar proiektuaren sustatzaileen nahietako bat izanen litzateke Europako toponimia aztertzeko gogotsu egon litezkeen euskal hizkuntzalariak ikerlari alemaniarrarekin harremanetan jartzea, Vennemannek irekitako lan ildo horri behar bezalako segida emateko. Ekimen honen bitartez sor daitezkeen –sortuko diren– elkarlan  interesgarrien adibide bat besterik ez da hori.

Aurreko igandean hizlariei harrera ofiziala egin zitzaien Irunen. Iazko biltzarrean parte hartu zuten guztiek aho batez aitortu zuten beren ikerketetan aurrerakuntza kualitatibo eta kuantitatibo nabarmanenak egin dituztela iaz Euskal Herrian elkar ezagutu zutenez geroztik. Margaret Jodry  Smithsonian Institution erakundeko zientzialariak are gehiago esan zuen: Euskal Herriko egonaldia oso aberasgarria izan zela egun haietan ikertzaileek biltzarreko testuinguru formalaz haratago egin zituzten harremanei esker, hots, esparru informaletan izan zituzten iritzi truke eta hitz aspertu ugari eta emankorrei esker. Zientzia lankidetzan egiteko euskal bide oparo eta atsegin hori Estatu Batuetara eraman nahiko lukeela ere adierazi zuen. Jakina, pentsatu nuen nik hori adituta, bazkalosteak inportanteak dira oso, baita zientziarako ere, horregatik euskaldunok –Pedro Miguel Etxenike EHUko katedradunak eta DIPCeko lehendakariak parte hartzaileei harrera egin zielarik oroitarazi zigun gisara– hiru galdera nagusi izaten ditugu buruan beti: nondik gatozen, nora goazen eta non bazkalduko dugun.

Gaur, beraz, FICOBAra entzule joanen garen 400 bat lagunok erne izan beharko dugu burmuina, zabal begiak eta adi belarriak, zientzia betekada ez da-eta nolanahikoa izanen. Baina, iaz bezala, makurrena ondoren etorriko da: gure adiskideen begirada aspertuak sumatzen ditugunean, lagunarteko bazkalosteak alaitzeko xeheki bezain nahasiki azaltzen dizkiegunean Irunen gaur kaskora parrastan isuriko dizkiguten datu eta kontu jakingarri –eta, zergatik ez, eztabaidagarri– guztiak.


[1]Pagel M, Atkinson QD, Calude AS, eta Meade A (2013): Ultraconserved words point to deep language ancestry across Eurasia.