Bego Montorio Uribarren
Gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, badira desberdintasunak, eta aberasgarria da hori; zorionez, askotarikoak gara.
Baina, gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, gainditu beharreko desberdintasun latzak daude.
Aho korapiloa eman dezakeen arren, zentzuzko baieztapenak dira aurreko biak; ni, behintzat, biekin bat nentorke, baldin eta desberdintasun hitzari hiztegi zein corpusetan onartzen zaion esanahi zabal-nahasgarria onartzen badiogu.
Izan ere, nik beste modu batera esango nuke lehen pasarteko bigarren esaldian adierazi nahi dena, baina horren moduko ehunka adibide ikusi ditut hiztegi nahiz corpusetan: desberdintasuna esaten zaio bestelakotasunari, eta desberdintasuna esaten zaio (testu berean, hedabide berean, erakunde berean), halaber, parekotasun ezari, berdintasun ezari.
Duela egun gutxi, itzultzen ari nintzela, esaldi hau agertu zitzaidan: «…son posturas filosóficas críticas e complexas que analizan as relacións de poder e a desigualdade». Bada, lehen automatismoak desberdintasun idaztera bultzatu ninduen, baina, hitza tekleatzen amaitu aurretik, ohartua nintzen ez zela hori, desberdintasun horrek ez zidala balio. Diferentzia, pertsona edo gauza baten eta beste baten arteko aldea, haien arteko antzik eza izendatzeko erabiltzen dut nik desberdintasun hitza; beraz, ezin, aldi berean, guztiz bestelakoa den zerbait adierazteko erabili.
Galegozko esaldi horretarako irtenbide posible batzuk banituen, baina hiztegietan eta corpusetan begiratzen hasi nintzen, zentzu biak –différence/diferencia eta inégalité/desigualdad (falta de equidad)– zein puntutaraino bereizten ziren ikustearren, eta, nire harridurarako, oso gutxitan bereizten dira.
Testuinguruak gauza asko argitzen ditu, jakina, baina, testuinguruak testuinguru, ez al da hobe adierazi nahi duguna argi adieraztea? «Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko ikerketa» irakurtzen badugu, zelan jakingo dugu zertaz ari den?; ikertzaileak mediku, antropologo edo soziologoak diren erreparatuta?
Hiztegiek bestela esan arren, nik adiera bakarrerako utzi dut desberdintasun hitza. Ez dakit irtenbide egokiena den, baina bereizketa nahitaez egin beharra dut, itzultzerakoan, idazterakoan eta hitz egiterakoan. Desberdintasuna maite dudala diodanean, denek uler dezaten zer esaten ari naizen.