Gaitzak ez ote du gaitzegirik?

Iñaki Segurola

Aurreneko abisua beranduegi-rekin etorri zait, oraindik orain. Belarriak halako zera bat egin zidan. Beranduegi etortzen da beti edo holatsuko zerbait zen entzundakoa, eta belarriak ezezka bezala egiten zidan. (Belarria gora eta belarria behera nabil aspalditxotik; ni, F. Nietzsche, P. Perurena eta beste ezjakin jakintsu asko bezala, «hiru belarriduna» naiz.) Oso berandu, izugarri berandu eta nahi dena bai, baina beranduegi hori ez zitzaidan sartzen kontestu horretan. Berandu etortzen da beti nahikoa eta gehiegi zela esaten zidan barruko belarri erne horrek; esanez edo galdetuz bezala: «beranduak ez al du berekin beranduegia?». Ez dut inola ere adierazi nahi beranduegi hori ezin erabil litekeenik –eta erabili edo erabiltzen ez denik– inolako kontestutan, ez hurrik eman ere. Bidenabar: beste hizkuntza batzuetan esango nuke aiseago erabiltzen dutela gehiegia kasu honetan: too late, trop tard…, baina nere jakite apurrak sortutako irudipena izan liteke hori, gehiagoko barik.

Eta, bien bitartean, goizegi oso erraz ateratzen zait, eta ia edozein kontestutan erabiltzeko modukoa iruditzen. Zer dago hor?, zer gertatzen da?, zer ezkutatzen da? Ez dakit nola, baina gogoa moralaren barrutira lerratu zitzaidan, hots, on-gaitzetara. Eta hor garbi sentitu nuen, adibidez, ongiegi lasai esan dezakegula, baina, zenbait kontestutan bederen, gaizkiegi ez. Zer moduz dago? galderari ez diogu erantzuten ahal gaizkiegi esanez inolako moduz, baina ongiegi bai, nahi den intentzio bihurri eta guzti, baina bai. Eta txarregi, gaiztoegi edo itsusiegi ere askoz nekezago onesten dizkit belarriak onegi edo ederregi baino. On-gaitzak, morala edo zer martingala dabil hor?

Irudi luke gaitzak bere baitan duela gehiegia edo gutxiegia, eta onak, aldiz, ez. Baina ez naiz batere lasai gelditzen partizio horrekin; errazegia dirudi, xinpleegia, tontoegia. Baina, halaz guztiz ere, egia balitz? Orduan zer? Onean mugak daude (nahiz-eta lausoak), eta haiek iragan ezkero gehiegia da? Eta gaitzean ez da mugarik aintzat hartzen, zeren gaitza bere baitan den gehiegia?

Eta hori dena hizkuntza kontu hutsa da edo ez da? Eta hizkuntza kontu hutsa ez bada, eta munduarekin zerikusia baldin badu, zer diosku gure munduaren gainean? Eta hauxe datorkit gogora: gaitza ezin jasana izango da guretzat, eta hargatik izango da bere baitan gehiegia; «on-gaitzetatik haratago» esan ohi da, eta «on-gaitzen gainetik» eta abar, baina onarekin ez dakit, baina gaitzetik haratago edo gaitzaren gainean ez dakit egon, jarri edo joan gaitezkeen; nahi dugunik ez dakit egin dezakegun gaitzarekin, bere baitan gehiegia egiten zaigun gaitzarekin. Baina… uste dut urrutitxo airatu naizela, eta gauza horiek oso dudakoak direla beren izatez. Adibidez, gauza bat, ezaugarri bat, ez badago garbi ona den edo gaiztoa, edo on-gaitzekin zerikusirik ez baldin badu? Ba, orduan badirudi ez duela lekurik gaurko nere saltsa edo morokil linguistiko-moral honetan. Haundiegia bezain naturalki diogu txikiegia, eta horiek bai geldituko liratekeela, absolutuki harturik behintzat, on-gaitzetatik kanpora, ezta?

Bo, hortxe uzten ditut galderak dantzan.

Utzi erantzuna