Nire lehengusina Angela

Asier Larrinaga Larrazabal

Sapir-Whorf hipotesia XX. mendearen lehen erdialdean formulatu zen. Egun, gezurtaturik dago, baina arrastoa utzi du hizkuntza-gaiez interesatzen direnen / garenon «herri-jakintzan», oso ideia sinple gisa: pertsona baten mundu-ikuskera, pertsona horren hizkuntzak baldintzatzen du. Hori egia balitz, elebidunok eskizofrenia moduko batean biziko ginateke.

Nik ez dut gure artean gaitz horren sintomarik igartzen, baina, egiatan, elebidunok modu ezberdinetan esperimenta dezakegu mundua. Piperrek, euskaraz, min ematen digute; gaztelaniaz, azkura, eta ingelesez, beroa.

Susmoa dut, dena dela, halako anekdotetatik harago nekez begira diezaiokegula gauza berari ikuspegi batetik baino gehiagotatik. Zenbakiak datozkit gogora. Euskaldun askok ―Hego Euskal Herrian― gaztelaniaz esaten dituzte zenbakiak, euskal sistema hogeitarra irensten gaitza izango balitzaie bezala. Are gaitzago egiten zaie zenbakiak urteetan edo bestelako modu sinbolikoren batean erabiltzen direnean. Anjel Alkainek eta Iñake Irastortzak parodiatzen dituzten atsuei galdetu beharko genieke, osterantzean, zergatik esaten duten «ETB Uno», eta ez «ETB Bat».

Elebidunok, ikuspegi biren artean aukeratu behar dugunean, hizkuntza minoritarioa irteten da galtzaile. Nik horrela interpretatzen ditut euskarazko ahaide-izenetan igartzen ditudan “anomaliak”.

Ematen du antzina-antzina familiaren ideia nahiko murritza zela, eta famili gunetik kanpokoak izendatzeko oso hitz lausoak erabiltzen zirela, ez sexua, ez ahaidetasun-gradua bereizten ez zutenak: «arbaso», «iloba»… Beharbada, hizkuntza erromantzeen mundu-ikuspegiak ekarri zigun «amona», «koinata», «lehengusu», «birbiloba» eta beste batzuk sortu edo mailegatu beharra. Oraindino ez dira amaitu beharrak: «koinatukide», «izeba txiki»… Labur esanda: egun, euskaraz, erabat sustraiturik dago sexua eta gradua bereiztea ahaidetasun-izenetan.

Nire iritziz, testuinguru horretan zabaldu da mendebaldetik Euskal Herri osora «lehengusina». Ez zait iruditzen «aktoresa», «alkatesa» eta gainerako lanbide-izen sexu-markadunen ildotik joan denik.

Lehengoan, «lehengusina» baturako egoki ote den galdetu zuen Euskadi Irratian entzule batek. Euskaralari batek erantzun zion euskaraz desegoki dela genero-bereizketa egitea. Nik esango nuke desegoki ez, ezinezko dela.

Beste argudio interesgarri batzuk ere erabili zituen euskaralariak: desgrazia bat dela halako inbasioa jasatea euskara batuan, bizkai euskara tradizio eskasekoaren kume marjinal bat baino ez dela… Satan bera hitz bihurtuta!

3 erantzun “Nire lehengusina Angela” bidalketan

  1. Asier, barkatu, ez dut piperrik ulertu.

    a) Genero-bereizketa euskaraz, “erabat sustraiturik dago” ala “desegokia ez, ezinezkoa da”?

    b) “Euskalari” misteriotsu hori, zer da, zure lehengusinaren bat? Koinataren bat akaso? Horregatik ezin duzu bere izenez aipatu?

    Enfin, serioago jarrita, “lehengusina” eta beste hamaika halako niri primerakoak iruditzen zaizkit. Zergatik ez? Zein arau metafisikok debekatzen ditu? Egia da “sukaldarisa” bezalako bat zaila dela irensten (ni ez nengoke alde), baina “lehengusina”? “Koinata”? Mesedez! Milaka eta milaka aldiz entzun ditugu!

    Hegoaldeari dagokionez esango nuke, gainera, euskal irratien bidez hasi zirela mota horretako familia-izenak zabaltzen duela (gutxienez) 30-40 urte, badakizue, urtebetetzeak, ezkontzak, hiletak, urteurrenak, zorion-agurrak eta horrelakoak jasotzen dituzten programatan. Inon euskaldun jatorrik bada, irrati horien (“Arrate”, “Herri Irratia”, “Segura”… gaur egun “Bizkaia irratia”, etab.) entzuleen artean aurkituko ditugu, dudarik gabe, eta zeresanik ez, duela berrogei bat urte. Eta guztiz normalki eta naturalki onartu zituzten eta dituzte (hori da nire ustea, enfin, oker egon naiteke). Alegia, euskararen “garapen naturalaren” kasu biziki esperantzagarria, hedabideek eta “herriak” (“gizartea”/”hizkuntz komunitatea” mota bateko puristentzat) elkar elika dezaketela frogatzen duena, gutxi-gutxitan hain nabarmenki gertatua. Horrelako asko izan bagenu XX. mendean zehar, beste oilar batek egingo luke kukurruku, ziur.

    Azken oharra: Iparraldeko herri irratien artean ere bada era horretako programarik? Mota horretako familia-izenak zabaltzen dituzte? Mila esker.

  2. Pruden, pisuzko datua iruditzen zait ―eta oso polita― euskarazko irratien erabilera. Guztiz bat nator horren harira egin duzun gogoetarekin.
    Zure galderak direla eta:
    a) Terminoak zorrozki erabili nahi izan ditut, generoa eta sexua nahasi barik. Generoa kategoria gramatikal bat da, euskaraz existitzen ez dena. Hori baino ez nuen adierazi nahi.
    b) Euskaralari horren izenak ez dio ezer eransten nire argudioari.

Utzi erantzuna