Nire lehengusina Angela

Asier Larrinaga Larrazabal

Sapir-Whorf hipotesia XX. mendearen lehen erdialdean formulatu zen. Egun, gezurtaturik dago, baina arrastoa utzi du hizkuntza-gaiez interesatzen direnen / garenon «herri-jakintzan», oso ideia sinple gisa: pertsona baten mundu-ikuskera, pertsona horren hizkuntzak baldintzatzen du. Hori egia balitz, elebidunok eskizofrenia moduko batean biziko ginateke.

Nik ez dut gure artean gaitz horren sintomarik igartzen, baina, egiatan, elebidunok modu ezberdinetan esperimenta dezakegu mundua. Piperrek, euskaraz, min ematen digute; gaztelaniaz, azkura, eta ingelesez, beroa.

Susmoa dut, dena dela, halako anekdotetatik harago nekez begira diezaiokegula gauza berari ikuspegi batetik baino gehiagotatik. Zenbakiak datozkit gogora. Euskaldun askok ―Hego Euskal Herrian― gaztelaniaz esaten dituzte zenbakiak, euskal sistema hogeitarra irensten gaitza izango balitzaie bezala. Are gaitzago egiten zaie zenbakiak urteetan edo bestelako modu sinbolikoren batean erabiltzen direnean. Anjel Alkainek eta Iñake Irastortzak parodiatzen dituzten atsuei galdetu beharko genieke, osterantzean, zergatik esaten duten «ETB Uno», eta ez «ETB Bat».

Elebidunok, ikuspegi biren artean aukeratu behar dugunean, hizkuntza minoritarioa irteten da galtzaile. Nik horrela interpretatzen ditut euskarazko ahaide-izenetan igartzen ditudan “anomaliak”.

Ematen du antzina-antzina familiaren ideia nahiko murritza zela, eta famili gunetik kanpokoak izendatzeko oso hitz lausoak erabiltzen zirela, ez sexua, ez ahaidetasun-gradua bereizten ez zutenak: «arbaso», «iloba»… Beharbada, hizkuntza erromantzeen mundu-ikuspegiak ekarri zigun «amona», «koinata», «lehengusu», «birbiloba» eta beste batzuk sortu edo mailegatu beharra. Oraindino ez dira amaitu beharrak: «koinatukide», «izeba txiki»… Labur esanda: egun, euskaraz, erabat sustraiturik dago sexua eta gradua bereiztea ahaidetasun-izenetan.

Nire iritziz, testuinguru horretan zabaldu da mendebaldetik Euskal Herri osora «lehengusina». Ez zait iruditzen «aktoresa», «alkatesa» eta gainerako lanbide-izen sexu-markadunen ildotik joan denik.

Lehengoan, «lehengusina» baturako egoki ote den galdetu zuen Euskadi Irratian entzule batek. Euskaralari batek erantzun zion euskaraz desegoki dela genero-bereizketa egitea. Nik esango nuke desegoki ez, ezinezko dela.

Beste argudio interesgarri batzuk ere erabili zituen euskaralariak: desgrazia bat dela halako inbasioa jasatea euskara batuan, bizkai euskara tradizio eskasekoaren kume marjinal bat baino ez dela… Satan bera hitz bihurtuta!