KalkoManiak (I)

Xabier Aristegieta Okiñena

Kezkaturik ikusten ari naiz benetako sorgin-ehiza bihurtuta daukagula kalko-ehiza euskal itzulpengintzan.

Horren adibide nabarmen bat da Juan Garziak bere Kalko okerrak liburuan (2005ean EIMAren estilo-liburuaren proiektuaren barruan argitaratua) «bezala ustela» deitzen duenaz dioena.

Abiapuntu gisa, hona hemen egilearen esaldi batzuk (liburuaren 73. eta 74. orrialdeetatik atereak):

Bezala ustela 

Bezala hitzaren berezko erabilera, bistan da, konparazioetarako da. Sakonean, perpaus bat dago bezala horren baitan:

  • Nola dabilen zuzendaria, hala dabiltza mendekoak.
    –> Zuzendaria (dabilen) bezala dabiltza mendekoak

Baliagarria da, hain zuzen ere, horretaz jabetzea, bezalaren erabilera egokia (konparaziozkoa) mugatzeko: posible izan behar da azpiko perpaus hori esplizitatzea, parafrasi modura.

Eta, horrenbestez, okertzat jotzen ditu antolatzaile bezala da ona esaldiaren modukoak, eta horrelakoetan antolatzaile gisa(ra)/moduan(ra) erabiltzeko proposatzen du. Gaitzesten duen bezalaren erabilerari buruz hauxe dio, dena den:

Azken adibide horren modukoak dira gehien nahasten direnak (nahastearen lehen adibide noizbehinkakoak zaharrak dira eta aski zabalduak dabiltza gaur egun zenbaiten hizkeran).

Bestetik, oin-ohar batean ere ohartarazten du:

Berriro ere garbi utzi behar dugu guk hemen esamolde bati izartxoa (*) ipintzeak ez duela esan nahi, nahitaez, euskaraz inoiz erabili ez denik, proposatzen den ereduarekiko desegokitzat jotzen dugula baizik.

Bada, hain zuzen ere erabilera gaitzetsi horixe hartu nahi dut nik hemen aipagai. Alegia, zuzendari bezala ona da, baina aktore bezala, oso txarraren tankerako esaldiak.

Nahiz eta Garziak bipil adierazten duen horrelako esaldiak bere ustez baztertzekoak direla, kontua da baieztapen huts-hutsetik haragoko inolako argudiorik ez duela ematen, harrigarria bada ere: besterik gabe dioenez, bezalaren «berezko» erabilera, erabilera «egokia», «bistan da», konparazioetarakoa da; beste erabilerari, berriz, zuzen-zuzenean zer eta «ustel» deitzen dio.

Ikuspegi hori ez da inola ere Kalko okerraken egilearena bakarrik, baina ez dut gogoan beste inori irakurri izana Garziak adinako biribiltasunez adierazita.

Horrela, ba, testugileok txintxo-txintxo jardun izan gara bezala «ustelak» saihesten eta/edo ezabatzen eta haien ordez gisa eta modura erabiltzen (bidenabar esanda, ez daukat ezer euskarazko adierazpideen aukera aberasten duten beste hitz horien aurka).

Zein ote du helduleku, baina, «bezala ustel»aren teoria horrek? Gaztelaniazko como, frantsesezko comme, ingelesezko as, alemanezko als eta abarren euskarazko baliokiderik ahoz erabiliena eta entzunena ez al da, alde handiz, bezala, testugileok urte hauetan zehar hori propio saihesteko egin ditugun saio guztiak eginda ere? Esan bezala, Garziak ez du bere iritziaren funtsatzerik eskaintzen.

Arreta pixka bat jartzen duen edonor konturatuko denez, bezalaren erabilera hori ez da inola ere zona erdaldundu bateko euskara pattalezko euskaldunberrien ezaugarria; aitzitik, bezala hori propio alboratzen saiatu ez den ororengan aurki daiteke. EGLUren beraren testuetako azalpenetan bilaketa bat egiteak eskaintzen du, bai, emaitza interesgarririk.

Garziak berak ametitzen du bere gaitzespenak ez duela esan nahi bezalaren erabilera «ustel» hori inoiz egin ez denik, eta jakinarazten du «nahastearen lehen adibide noizbehinkakoak zaharrak» direla eta gaur egun «aski zabalduak» dabiltzala «zenbaiten hizkeran» (letra etzanak nireak dira).

Horregatik, ohar hori irakurri ondoren Orotariko Euskal Hiztegian kontsulta egiten duenak nekez eutsi ahalko dio halako txundimen begi-irekigarri bati. Izan ere, OEHk dio:

Bezala
(…)
2. (Dv), bezela (Lar, Aq 903 (G, AN) A). En calidad de, como. “A fuer de” Lar, Aq y A. Tr. Documentado desde Dechepare, es de uso gral. excepto en la trad. vizcaína. Hasta mediados del s. XIX se emplea precedido de un sintagma nominal en caso absoluto indeterminado, o, con casi igual frecuencia, determinado; a partir de dicha época apenas se encuentran ejs. con determinado.

Eta jarraian, mendeka antolaturik, ustezko erabilera «ustel»aren zerrenda zinez oparoa (hemen ezin kopiatuzkoa, adibide-andanaren luzeagatik; nahi duenak erraz askoa du OEHn kontsulta egitea).

Beraz, Garziak aipagarritzat jo ez duen B. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiaeraino barneratzen da, gure literaturaren historian, erabilera de facto debekatu hau. Hots, argitaraturiko euskarazko lehen libururaino (1545) eta, horrenbestez, euskarazko liburu inprimatu batek eman dezakeen lekukotasunik zaharreneraino. Hain baita zaharra.

Eta, honetara ezkero, ezin jaso gabe utzi liburuko eskaintzan Etxeparek izkiriatuak:

…çuri neure iaun eta iabia beçala igorten darauritzut
heuscarazco copla batzu…

Erabilera zaharra eta, gainera, garai hartatik guganaino bide argia egin duena: Leizarraga, Axular, Etxeberri Sarakoa, Txomin Agirre, Orixe, Lizardi, Txillardegi, … gutxi batzuk aipatzearren. Eta, esan bezala, Euskaltzaindiaren EGLUraino eta harago.

Horregatik, ezinezkoa zait denbora-galtze eta bazter-nahaste sentsazio etsigarri bati itzurtzea, pentsatzen dudanean lekukotasun erraldoi horren kontrakarrean hain luzaroan eta zentzugabeki eduki gaituztela.

Gibelsolasa

2012an argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegiak adiera hau jasotzen du bezala sarrerapean:

Bezala
4
(Izen soilaren eskuinean). Ik. gisa 2. Azken helburu bezala hartuta: azken helburutzat hartuta. Hiruretan Lizardik du agian idazle bezala entzuterik handiena. Guraso bezala duten erantzukizuna. Ehule bezala aritu zen hamar urtean: ehule aritu zen. Euskaldunok maiz hartzen baitugu aditza mintzagai bezala.

Halatan, «ustela» omen zen bezala horri inoiz galdu beharko ez zukeen thornuya itzuli dio.

3 erantzun “KalkoManiak (I)” bidalketan

  1. Sentitzen dut, zinez sentitu ere, baina, material hori, nire izenpea daraman arren, EIMAren estilo-liburuaren parte den aldetik (azpimarra dezadan EIMAren estilo-liburua dela, eta ez katexima bat), ez zait egoki iruditzen neure gisa erantzutea erronka (sic) honi, ez baita material hori guztiz nirea, eta ez baitut nahi gehiago nahasterik modu kolegiatuan plazaratutako material hori eta neure iritziak (are gutxiago, horrela ad hominem hasita). Izan ere, material horren oinarria nik apailatua den arren, gero IAB batzordean landua eta onartua da; gero, ehundik gora adituri banatu zitzaion oharrak egin zitzaten, eta horren arabera moldatu. Euskaltzaindiak ere, Gramatika Batzordearen bitartez, oniritzia eman zion liburukiari, sarreran adierazita datorrenez. Jakina, eta barkaezina noski, Xabier Aristegieta jaun sorgin-ehiztari-ehiztariaren bedeinkazioa falta zuen, eta, batez ere, bagenekiena, eta labur bada ere aipatu genuena, gogoraraz ziezagun, euskara konplexugabearen “jaun eta jabia bezala”. Zoritxarrez, bada, estilo-liburu bat eta gramatika deskribatzaile bat bereizten dakien (edo, jakinda, nahi duen) jendearen oharrak baino ez genituen bildu…

    1. Sorgin-ehiztari-ehiztaria izateak (hala balitz) ez lioke Aristigietari arrazoia ez kenduko ez emango auzi honetan. Ez dut uste euskarak ego-borroka hauek behar dituenik.
      Nire ustez, bestalde, sarrera honetan argi utzi da “ustel” kalifikatzaile hori gehiegizkoa zela kalko hau juzgatzean, euskara jasotik kasu guztietan baztertzeko proposamena bezala.
      Batzuetan baieztapen biribilegiak botatzen dira euskararen inguruan eta, nork botatzen dituen, horrek eragina izaten du gero jende askoren jardunean.
      Beraz, harria bota eta eskua ezkutatzea ez da biderik egokiena kontuok argitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude