Herraturik ote gabiltza «erratu» aditzarekin?

Alfontso Mujika Etxeberria

Ikus Hiztegi Batua:

erratu, erra, erratzen. du ad. Bizk. ‘huts egin’,

Ikus Euskaltzaindiaren hiztegia, hiztegietan berriena eta, egilea nor den ikusita, baita arauemaileena ere:

erratu, erra, erratzen du ad. Bizk. Huts egin, ez asmatu. Aita Santuak ezin erra dezake. Laster igarri nion erratu nuela. Bidea erratu zuen. Fedean erratu. Erratzen duena zuzentzea.

DU aditza dela esaten digu, eta bizkaierazkoa dela. Bat dator, guztiz, Orotariko Euskal Hiztegiarekin, hau da, tradizioarekin:

erratu.  Tr. Documentado desde Lazarraga, se da sobre todo en autores vizcaínos (…). 1. Fallar, errar, equivocarse; faltar (en algo). Irugarrena korrijietea erratuetan dabena. Bet 14. (…) Fedian erratu daudiela eta apartau diriala Elexiaaren batasunetik. Ur BulaAl 54. (…) baña egingo dabe orregaz erratu. AB AmaE 272. Parkatu Aita, berbaren baten / erratu badot. Ib. 132. Felipak bere ez dau erratu gitxi or. Ib. 249. Baña Arimazain Jauna da gizona, eta erratu leike. Itz Azald 49.

(Con compl. directo). Erratu neben bidea. Lazarraga (B) 1181rb. Bidea erratuta onaxe oraiñ jo dot. AB AmaE 388. Gabaz eta iretargitan / bidea erratu neban. Gand Elorri 97. Eta gaztiak sarri askotan erratzen degu pausua. In Uzt Noiz 53.

Objektu zuzenik gabeko erabilera interesatzen zaigu (objektu zuzena dagoenean, DU aditza da, eta hor ez dago zalantzarik: bidea erratu nuen), eta, tradizioaren arabera, DU aditza da, argi eta garbi: zerbaitetan erratu du. Hona hemen beste erakusgarri bat:

Andres Iturzaeta. Aita Gaspar Asteren icasbide cristinaucorraren Azalduaren laburrac; 1899.

(…) Egia da, baña erratuko baleu, Obispo Jaunak kenduko leuke bere lekutik eta txartzat emongo leuke bere irakatsia; eta alan, Obispo Jaunaren alkartasunean dagoan bitartean, sinistuten dot Arimazainagan Obispo Jaunaren irakatsia.— Baña eta Obispo Jaunak bere ezin erratu leike?— Egia da, baña orduan izango litzake Aita Santuagaitik dongatzat emona.— Eta, ezkenez, ezin erratu leike Aita Santuak? Ez, dalako engañauezingarria, (…).

Tradizioa eta Euskaltzaindiaren ortodoxia bat datoz. Baita gainerako hiztegiak ere:

Elhuyar hiztegi elebiduna:

erratu du ad. B  fallar, equivocarse, errar; faltar (en algo). Laster igarri nion erratu nuela: en seguida me di cuenta que me había equivocado. Bidea erratu zuen: se equivocó de camino.

Ibon Sarasolaren Euskal hiztegia:

erratu, erra, erratzen. du ad. ( 1596) Bizk. Huts egin, ez asmatu. Aita Santuak ezin erra dezake. Laster igarri nion erratu nuela. Bidea erratu zuen. Erratzen duena zuzentzea

Labayru hiztegi elebiduna:

erratu  1 dau : equivocarse, errar. Zeozetan erratzen dauenari zuzentzen lagundu eiozu. Bidea erratu eben eta ordu erdi beranduago heldu ziran. Horretan ez dozu gitxi erratu. Erratu egin dut.
————
equivocar 3 vb., vb. prnl.  Errar o fallar (…) Lo siento, se ha equivocado: Parkatu baina erratu egin dozu.

Hiztegietan, erabateko adostasuna ageri da. Eta benetako erabilera? Azterketan, alde batera utzi ditut forma jokatugabeak (erratuta, erraturik, erratua[k]). Hasteko, idazle eta itzultzaile ustez ereduzkoen jokabidea ikus dezakegu Ereduzko Prosa Gaur eta Pentsamenduaren klasikoak corpusetan.

Lau  idazlek tradizioari jarraitu diote: Ibon Uribarri (Definizio matematikoek ez dute inoiz erratzen), Imanol Unzurrunzaga (edo beti egiaren bila dabilenak hura aurkitu ez arren ez duela erratzen), Iñaki Segurola (eta ez badu jaun medikuak bere hitzean asko erratu) eta Xabier Arregi (Arrazoi ugari eman da argitzeko zergatik erratzen duen naturak).

Gainerakoek, berriz —26 idazle—, DA aditz gisa jokatu dute. Hauek: Alberto Gabikagojeaskoa, Aritz Irurtzun, Edorta Jimenez, Haritz Monreal, Harkaitz Cano, Hasier Etxeberria, Itziar Laka, Jon Alonso, Josu Landa, Josu Naberan, Joxemari Urteaga, Joxerra Garzia, Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio, Julen Kalzada, Koldo Izagirre, Markos Zapiain, Monika Etxebarria, Santiago Iruretagoiena, Unai Elorriaga, Unai Iturriaga, Urtzi Urrutikoetxea, Xabier Amuriza, Xabier Aranburu, Xabier Kintana, Xabier Mendiguren Bereziartu, Xabier Paya. Honelakoak idatzi dituzte: txakurrak maiz erratzen dira / Berriro erratu naiz / Ez hadi erratu, Roberto / Lehen aldian berberek aitortzen dute erratu zirela / Erratu egiten gara / …

Egileak «iragazten» ez dituzten corpusetan ere guztiz nagusia da DA moldea:

Euskaltzaindiaren Lexikoaren behatokia corpusak, erratu forma eskatuta, 55 agerraldi bueltatzen ditu.  Forma jokatugabeak (12) eta objektu zuzena dutenak kenduta (1: tiroa erratu DU) geratzen diren 42 formak erratu DA moldekoak dira guztiak ere.

Elhuyarren Web-corpusen atariko corpus elebakarrak bilaketa-konbinazio ahaltsuak ditu: erratu forma eta, ondoren, izan lema eta kategoriaz aditza izatea eskatuz gero, bien arteko distantzia 3 ezarrita, 115 agerraldi itzultzen ditu, erratu DA moldekoak; erratu DU moldekoak, berriz, 12 dira. Eta corpus elebidunean, gaztelaniazko equivocar lema eta euskarazko erratu lema eskatuta ematen dituen adibide jokatu gabeko guztiak (6) erratu DA moldekoak dira.

EHUren Egungo testuen corpusak ere adibide asko ematen ditu: erratu lema eskatu eta erratuta, erratua, erraturik, erratuak, erratzea formak kontuan hartu gabe, 496 agerraldi daude. Han ere, guztiz nagusi da erratu DA moldea (% 90etik gora), dela Goenkalen, dela Berrian, dela Argian, dela literaturan: Imanol Murua, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Etxaniz, Ur Apalategi, Julen Gabiria, Mikel Antza, Asier Serrano, Txema Ramírez de la Piscina, Joxe Belmonte, Antton Olano, Katixa Agirre, Pako Aristi… Itziar Otegi eta Iñigo Errasti blogkideak barne.

Noizkoa da tradizioaren aurkako gaur egungo erabilera nagusi hori? Aurkitu dudan adibiderik zaharrena 1896koa da: Ni erratuten ezpanaz (Parnasorako bidea, Eusebio Maria Azkue, 1896), baina ez dut besterik aurkitu XIX. mendean, ezta XX. mendearen lehen erdian ere (XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa arakatuta). Zaharrenetakoa da Santi Onaindia bizkaitar idazlearen hau: Baña erratu egin ziran (1987an argitaratua hemen, baina, dirudienez, lehenago idatzia: 1967?). 1980ko hamarkadan jada ugari dira erratu DA moldekoak (eta corpus horretan bertan, guztira, gehiago dira erratu DA moldekoak). Beraz, badira 30 bat urte nagusitu dela molde hori. Eta, gainera, gaur egungo bizkaitar idazleetan ere —bizkaierazkoa baita erratu aditza— nagusi da molde berria.

Zer gertatu da? Zergatik eten da tradizioa? Kalkoa ote da? Gaztelaniazko errar aditza iragangaitza ere badelako (errar en la respuesta) ote? Gaztelaniaz equivocarse aditzaren erabilera pronominala (se equivocó de camino) erabiliagoa delako iragankorra baino (equivocó el camino) iritsi ote da kalkoa (frantsesez ere bada pronominala: se tromper de route)? Haren sinonimotzat har daitezkeen tronpatu eta deskuidatu aditzak DA direlako ote?

Dena dela, garbi dago tradizioa eta gaur egungo erabilera nagusia ez datozela bat.

Nire lankideak gogotik ari dira Elhuyar hiztegi elebidunaren edizio berria prestatzen, aurten argitaratzeko. Orain, une batez, jar zaitez hiztegigile horien larruan:

Zer egin behar dute? Euskaltzaindiaren hiztegia berri-berria da: hiztegia egin zenean, corpusak eta Internet guztion eskura zeuden. Hala ere, Euskaltzaindiak ez du jaso erratu aditzaren erabilera berria. Jakinaren gainean jokatuko zuen hala, ezta? Zer egin behar du Elhuyarko hiztegigileak?

  1. Euskaltzaindiaren ortodoxiara bildu, eta gaur egungo erabilerari bizkarra eman? Esanez bezala: Euskaldun gehienek «erratu da» idazten badute, berek dute errua, erratuta daude eta.
  2. Ala gaurko euskaldunen gehiengoari jaramon egin eta Euskaltzaindiari bizkarra eman, esanez bezala: Ernatu, Euskaltzaindia, XXI. mendean gaude eta!

Oso manikeoa geratu zait aurreko dikotomia, ezta? Zintzo jokatzera, hiztegi batean informazioa eman behar litzateke, eta DU eta, gaur egun, nagusiki DA gisako formulak erabili errealitatea deskribatzeko.

Baina kasu  guztiak ez dira erratu bezain argiak. Hiztegigile gaixoak!

4 erantzun “Herraturik ote gabiltza «erratu» aditzarekin?” bidalketan

  1. Ni apur bat harritu naiz (hitz horren kontuan, ez auzi orokorrean) ikusita zenbat bizkai-idazle dugun Euskal Herri zabalean. Ala bizkaieraren prestigio nabarmenak bizkaitu ditu hainbeste idazle? Bilbotarrekin bezala gertatzen ote da hor ere, nahi duten lekuan jaiotzen direla? Erraturik egon ninteke (horretan ere), baina egingo nuke ez dituela horrexek bultzatu “erratu” aukeratzera beren hizkeran besteak beste “nik huts egin” eta “ni nahasi naiz” aukeran zituztenok.
    Tira, auzoan ere badute arazorik aditz horrekin, kirol-esatariak lekuko: “se ha equivocado” diote, aho batez, “ha errado” jada arkaiko-exotikoaren partez. Hala ere, ez dute noski esaten “equivoca”tu den horrena “equivocación” bat denik, “error” bat baizik…
    Tira, errakuntza txikiak dira noski, eta ez hanka-sartze larriak, naiz zaila den halako hutsegiteetan zehazki neurtzen errorea.

  2. Bai jauna, du/da horrek xelebrekerietarako bide ematen du sarri.

    Gogoan dut artean gazte xamarra nintzela (beraz, urte asko dira) behin batean, euskarazko klase batean, irakasle nafar bat hantxe ari zitzaigula jo-ta-egurra kemen nabarmenez azalatzen “mugimenduzko aditzak intransitiboak direla” (edo horrelako zerbait), adibidez, “joan da, etorri da, ibili da…” eta, juxtu orduantxe jasotzen du eskua giputz batek (beti dago giputzen bat edonon) eta sano-sano galdetu, “hortaz, nola esaten da, korritu dut edo korritu naiz?”, edo halako zerbait. Barre zaratatsuak.

    Geroago irakurri nuen Mitxelenak Olabideren Biblia-itzulpenari buruz egin zuen iruzkin ospetsu hura, alegia, badirela gauza batzuk, agian gramatikalki zuzenak izan arren (jo dezagun), ezin direnak hezur eta haragizko euskaldunen artean esan (adibidez, eta segun non eta norekin zauden, aurreko parentesiko “jo dezagun” hori) (baina Mitxelena Ama Birjinaren haurdunaldiaz ari zen, memoriak ez badit hutsik egiten).

    Eta seriotasun minimo batez bukatu alde, nire belarrian badira sail bereko aditz gehiago, du/da hori aldatu omen dutenak; adibidez, “jardun da” da neuk sarritan entzun izan dudana, eta ez “jardun du”, edo “ukatu zen”, eta ez “uko egin zion”. Eta abar (suposatzen dut saldo bat badela Gipuzkoan ere, eta zer esanik ez, baita urrunago ekialdera). Ez egidazue galdetu forma gramatikalak diren ala ez.

  3. Disculpas una vez más por escribir erderaz.
    El verbo correr que cita Pruden es interesante. En italiano puede llevar los dos auxiliares (ho corso per due ore/sono corso a casa) segun se quiera remarcar la actividad o el resultado de la misma. Como en el primer caso (insistir en la actividad) el euskera tiene una cierta tendencia a “transitivizar” el verbo con las egin-forms, supongo que la única posibilidad de que erratu no acabara siendo reflexivo cuando no lleva Objeto Directo hubiese sido una construcción paralela a hutsegin (erraegin o algo así).
    Ese nuevo diccionario de euskera seguramente debería recoger las dos formas, como hace cualquier diccionario catalán: jo erro/jo m´erro. Muchos “dialectos” italianos también tienen forma reflexiva, a pesar de que el italiano no la posea: genovés o no s´inara mai/italiano lui non erra mai.

  4. beste gauza bat: desde el punto de vista de un no euskaldun, lo que parece un calco (del castellano en este caso) es no tanto que erratu pase a ser reflexivo sinó que la lengua no sea ya capaz de generar más “formas egin”. Los verbos funtzionatu du y compañia vistos desde fuera parecen poco genuinos.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude