Elixabete Perez Gaztelu
Gaurko gaia, berriz ere, hizkuntzaren erabilera batek niregan sortzen duen harridurarekin dago ezkondua.
Kontua da ikasleen lanetan hasia naizela gero eta maizago suertatzen ergatibodun perpaus erlatibo jokatugabeekin (horrela esatea badago). Hauen modukoekin:
Festa antolatutako enpresak dioenez
Antolatu aditz iragankorra bada, hor bezala, lehenago esperoko genuke erlatibizatua[1] objektu funtzioa subjektua baino; demagun, esanahia aldatuta, «Enpresak antolatutako festa arrakastatsua izan da». Eta arestiko perpausaren esanahiari eutsi nahi izanez gero, berriz, aukera arruntena, niretzat behintzat, adizki jokatuko perpausa litzateke: «Festa antolatu duen enpresak dioenez». Edo, kasu honetan behintzat, irtenbide lexikoa. Adib.: «Enpresa antolatzaileak dioenez» («Enpresa festa-antolatzaileak dioenez»?).
OEHko antolatu hiztegi-sarrerako hiru antolatutako erlatibo jokatugabeak horrelakoxeak dira, antolatu aditzaren erabilera iragankorreko objektu zuzenak.
Euskaltzaindiaren 2011ko perpaus jokatugabeen gaineko gramatikak ere, nahiz ergatiboak erabat baztertzen ez dituen, erlatibizatzeko eskalan aukera handiagoa ematen dio kasu absolutiboari ergatiboari baino.
a. Erlatibatzeko eskalari dagokionaz, erran daiteke perpaus erlatibo jokatugabeetan maiztasun eta erraztasun handiagorekin agertzen direla absolutiboan diren izen-sintagma erlatibatuak (3a), nahiz ergatiboan ere izan daitezkeen (3b):
(3)
a. Ez dut gauza onik pentsatzen [gizon haiek egindako] lanaz.
b. Ez dut gauza onik pentsatzen [holako lanak egindako] gizonez.(EGLU-VII: 417)
Cidek ere Sareko Euskal Gramatikan perpaus erlatibo jokatugabeen deskripzio bera ematen du; absolutiboa (dela iragangaitzeko subjektu, dela iragankorreko objektu zuzen gisa) aiseago erlatibiza daiteke ergatiboa baino. Testu idatzien lagin bateko datu hauexek ere ematen ditu Estatistika txiki bat atalean:
-TAKO erlatibatzailearen bidez erlatibaturiko kasuen portzentaje-banaketa: abs. (NOR) %98,76; erg. (NORK) %1,23.
Bada, parte hartu aditz-esapidea tarteko dela irudipena daukat ergatiboa, subjektua ari dela nagusitzen erlatibo jokatugabeetan (erlatibo jokatuaren eta parte hartzaile irtenbide lexikoaren kaltetan). Nire begi-belarriei bitxi samar egiten zaizkien hauen tankerakoetan:
Kontzertuan parte hartutako denei zorionak eman zizkien
Komunikazio ekintzan parte hartutako partaideen arteko komunikazioa nolakoa den aztertu
Pentsatuaz ez dela gure ikasleen jokamolde berezi eta bakarra, ohiko bidea egin dugu: antzeko adibideak beste corpus batzuetan bilatu. OEHko parte hartu hiztegi-sarreran ez dut adibiderik batere topatu aztergai dugun parte hartutakorenik. EPGn parte hartutakok prentsan 14 esaldi ditu, 11 artikulutakoak, eta liburuetan 10 esaldi (hirutan ez beste guztietan ergatibo erlatibizatuarenak) liburu banatakoak (lau itzulpen ere tartean) daude.
ETCko corpusean adibide askotxo daude; guztiak Argia, Berria, Egunkaria eta Goienkaria egunkari-aldizkarietakoak.
Elhuyarren Webcorpusean ere badaude gisa bereko adibideak: ikastetxeetako, udal-, lurralde– eta bestelako erakundeetako, era bateko eta besteko aldizkari–egunkarietako, wikipediako, liburu bateko edo besteko…
Eta Googlen ere bai:
- Prestakuntza-jardueraren batean parte hartutako 25-64 urteko populazioaren ehunekoa autonomia-erkidegoaren arabera
- Atxilotuak gizon bati emandako jipoian parte hartutako bi pertsona
- Ertzaintzako kide guztiek ekainaren 1etik aurrera identifikazio zenbaki bat eramango dutela eta operazioan zuzenean parte hartutako ertzainei espedientea zabaltzeko agindua eman duela
- Pantaila globalean parte hartutako bideo onenen proiekzioa
- Folklore jaialdian parte-hartutako guztiak batu nahi ditu Haritz dantza taldeak
- …
Alegia, orain datuon kopuruak sortu dit harridura, harritzen ninduen erabilera uste baino zabalagoa dela ikusi baitut. Harriduratik abiatuta beste urrats bat egiteko hauxe kanporatzera ausartuko naiz, jakinik ere ez dela ez erabateko ez artesirik gabeko azalpena izango.
Parte hartu subjektu ergatiboduna da, baina ez dirudi aditz iragankorra denik, iragangaitz inergatiboa baizik; alegia, kanpoko argumentua besterik ez duen, subjektu ergatiboa duen, baina objekturik ez duen (*ZER parte hartu) aditz-esapidea. Alde horretatik, aditz iragankorren murriztapen bera izango luke, alegia, eskalan ez luke aukera handirik subjektua erlatibizatzeko[2]?
Baina haiek ez bezala, objekturik ez izatean, iragankorren aukera ohikoena (objektua, absolutiboa) erlatibizatzerik ez dauka. Hortaz, zein aukera dauzka jokatu gabe erlatibizatzeko? Gainera, aditzaren «hurbileko osagarria» ere kontuan hartzen badugu («parte hartu ZERTAN»), ez dirudi alde honetatik ere oso erraza daukanik parte hartuk jokatu gabe erlatibizatzeko.
(45)
a. ?[Hitz egin dizudan] idazleak (izen sintagma erlatibatua instrumentalean izanki)
b. [Aipatu dizkizudan] idazleak
Adibide hauek ikusirik, ez da dudarik bigarrena anitzez argiago eta naturalago dela: aditz trantsitiboa erabiliz (aipatu) objektu zuzena erlatibatzen da (45b); hitz egin aditzarekin, berriz, adizlagun bat erabiltzen da aditzaren hurbileko osagarri ez dena (instrumentala): erlatibakuntza ez da hain erraza eta bortxatua bezala.
Oso garrantzi handia du puntu honek euskaran, erlatibatzeko eskalak askotan aditzen aukeraketa bidera baitezake. (EGLU-V: 193).
Horregatik jo dute hiztunok subjektu ergatiboa erlatibizatzera? Ez dakit.
Azalpen taxuzkoagoren baten eske, Lizardi etorri zait gogora, beti berezi harrapatu izan dudan harako «Leihoak itxitako jauregia / basoak iduri» Antton Valverdek ahoan duela. Baina hori ere beste baterako utzi beharko.
(Barkatu. Beharbada nire asmazioa besterik ez den harridura asti-lapur bihurtu zaizue).
[1] Erlatibizatu formaz baliatuko naiz, Hiztegi Batuaren proposamenari helduta, nahiz gramatiketan ez duten autore guztiek horrela erabiltzen. Sarrerako aipuak lekuko.
[2] Ez dut honenbestez esan nahi aditz-esapide guztiek, ezta «izena + hartu» osaerako guztiek modu bereko jokamoldea dutenik. Esate baterako, Zehazkik accidentado 1 adj (persona) (istripuan) min hartutako, kolpatu(tako) itzultzen du, baina bistan da bi aditz-esapideon ezaugarri tematiko eta semantikoak ez direla gisa berekoak: min hartu duenak ez du min hartzean egile edo eragiletasunik (min hartzearen ‘jasailea’ edo da) eta parte hartzeak, berriz, nolabaiteko egiletasuna eskatzen du. Sarreran gai asko utzi ditugu alde batera, hau ere bai.
Hiztegi Batuan, “nor kasurik gabea” gisa definitutako beste aditz batzuen kasu bera ote? Hala izatera, badira adibide gehiago (bidaiatu, dimititu, migratu, funtzionatu, erreakzionatu, boto eman…):
-Galiziara bidaiatutako suhiltzaileak…
-Prentsaurrekoaren bidez, dimititutako hiru partaideen akusazioak gezurtatu zituen.
-XV mendean Italia hegoaldera migratutako albaniarren ondorengoak dira.
-Leku batean funtzionatutako formulek ez dute oihartzun bera izan bestetan.
-Gogoan hartu xurgatutako kuantu-kopurua eta erreakzionatutako molekula-kopurua neurtuz lor daitekeela…
-Ziur nago NaBairi boto emandakoen artean asko…
Euskaldun peto-peto askok inolako harridurarik gabe esango dute “Aldegin ezak etorritako bidetik”. Atera kontuak, beraz.
Zorionez, hizkuntza hizkuntzalari zenbaitek dioten baino zabalagoa da. Non jasota dago, adibidez, Ataungo bati ipini zioten “tximistak nahieztakoa” bezalako ezizenaren erabilera?
Koldo:
Ez dakit Alfontsori eman diodan erantzunak zuretzat ere balio duen.
Bestetik, nire sarreretan plazaratzen ditudanak Igone Zabalak urtarrilaren lehenean adierazi zuen honetan kokatzen ditut inon baino egokiago.
“Hizkuntzalariok erabilera berriak aztertu eta interpretatzen ditugu, baina ezin ditugu kontrolatu: hizkuntza hiztunena da eta ez hizkuntzalariona”.
Asmatzen dudan, besterik da.
Eskerrik asko erantzuteko lana hartzeagatik.
(Euskaldun peto-peto askok inolako harridurarik gabe esango dute “Aldegin ezak etorritako bidetik”. Atera kontuak, beraz.)
Beharbada ez dut ulertu zer dagoen atzean, baina ez dut uste “Aldegin ezak etorritako bidetik” adibidea sartzen denik Elixabetek gaur aztergai ekarri duen horretan. “aldegin” eta “etorri” aditzen eta “bide” izenaren tasun semantikoek aukera ematen dute horrelako esaldiak egiteko eta arazorik gabe ulertzeko, jakina.
“Ez dakit-ka” erantzuten hasi beharko, Alfontso.
Ez dakit sarreran diodanak inergatibo eta aditz-esapide guztiak eta modu berean harrapatzen dituen. Seguru asko ez.
Era berean, ez dakit eskuztatu ditudan gramatiketatik kanpo NORK subjektua duten aditz inergatiboen erlatibizatzeko aukera, eskala deskribatua dagoen. Ez dut ikusi. Eta hala izatekotan, eta ematen dituzun adibideak ikusita, badirudi erlatibo jokatugabeen deskripzioa, puntu honetan behintzat, osatu eta ñabartu beharko litzatekeela. Horretan egin nahi izan dut nire saiotxoa.
Nolanahi dela ere, sarreran esan dudan bezala, litekeena da ni itsututa ibili izana berez horretarako motiborik ez zegoen lekuan.
Mila esker irakurri eta erantzuteagatik, Alfontso.
Niri J-B Coyos-ek emandako adibide bat etorri zait gogora: haurrak zopa janik dira
que no sé si se puede relativizar: zopa janik diren haurrak (?)
en caso que sí se pueda, tal vez causa menos perplejidad que frases como festa antolatutako enpresak dioenez, al usar el auxiliar intransitivo (seria lo que Coyos llama forma antipasiva)
Nik esango nuke kategoria gramatikaletatik eta are rol tematikoetatik harago (edo, hobe, honago) bilatu behar dela esplikazioa. Nire ustez, ez da inolako debekurik (debeku sintaktikorik) kasuan kasuko aditzaren edozein argumentu erlatibizatzeko. Elisabetek aipatzen duen moduan, graduazio gisako zerbait aplikatzen da gero, lehentasun-eskala moduko bat, erlatibizaturiko argumentua zein den –eta hau da hitz gakoa:– interpretatzeko orduan. Interpretazio hori semantiko-pragmatikoa da, testuinguru testualarekin eta egoerarekin lotua (pertinentziarekin, egoeran espero dugunarekin). Gerta daiteke argumenturen bat ez geratzea garbi; orduan, interpetazioa argitzeko, erresuntibo direlakoetara jotzen da: “Berarekin egon zaren mutil hori”, “Berari buruz ezer gutxi dakigun idazle bat”…
Gauza bertsua gertatzen da genitiboan izenen argumentuekin ere (aukera bat baino gehiago denean): “Aneren erretratua” oso da anbiguoa bere horretan: “Anek atera duena”, “Anek duena”, “Ane ageri dena”…
Hala, bada, interpretazio-lehian leudekeen beste argumentuak perpausak edo testuinguruak ematen badizkigu, falta den eta harira datorren huraxe interpretatzen da. “[Kontzertuan parte hartutako] denei zorionak eman zizkien” esaldian, garbi ikusten da jokoa: “hartu”k falta duen argumentu bakarra interpretatzen da erraz eta natural: NORK (segidako “eman”ek NORK eskatzeak ere laguntzen du hor, ustez, baina ez da hori gakoa).
Bide batez, uste dut “parte hartu” lokuzio horretan “parte” dela, semantikoki bederen, objektuaren lekua betetzen duena. Ergatiboa argumentu bakarra duen aditzen bat aukeratuko nuke nik kontu hori aztertzeko; adibidez: “Gaurdaino iraundako ohiturei begiratuko diegu”.
Nire honek ez ditu inolaz ukatzen Elisabetek bildu dituen argibideak, baina uste dut horrela orokortu daitekeela kontua.
Arrazoi duzu, Juan, azken aldean idatzi duzun zure ustean (Bide batez, uste dut “parte hartu” lokuzio horretan “parte” dela, semantikoki bederen, objektuaren lekua betetzen duena).
Aditz iragankorrekiko konparazioak bultzatuta (erlatibizatzeko eskalan, zer?), ez dut behar bezain garbi adierazi esan nahi nuena. “Parte hartu” aditz-esapideaz ari nintzen eta ez dut zehaztu gisa honetako esapideok objektua beretua dutela eta ez dutela aukerarik, oro har (‘huts egin’), beste bat gauzatzeko.
Egia esan, horrela ere eman zitekeen testukoa:
“‘Parte hartu’ subjektu ergatiboduna da, baina ez dirudi aditz iragankorra denik, iragangaitz inergatiboa baizik. Eta ergatiboduna izateagatik aditz iragankorren murriztapen bera izango luke, alegia, eskalan ez luke aukera handirik subjektua erlatibizatzeko?”.
Besteren begiak norberarenak baino bizkorragoak beti eta presa bidaide gaiztoa ia beti. Eskerrik asko.